inflación

1. Astron.
sin. inflación cósmica

Unibertsoak Big Bangetik oso denbora laburrera izan zuen hedapen esponentziala, abiadura superluminikoan gertatutakoa. 10-36 segundura hasi zen, eta 10-33 eta 10-32 segundu bitarteko uneren batean amaitu. Hortik aurrera, Unibertsoa Big Bangaren ohiko ereduaren arabera hedatzen jarraitu zuen. Tarte labur horretan, unibertsoaren tamaina 1020-1030 aldiz handitu zen. Hedapen horren ondorioz, unibertsoa superhozte-egoeran sartu zen; tenperatura-jaitsieraren estimazioak ereduaren arabera aldatzen dira (eskuarki, 1027 K-tik 1022 K-ra). Inflazioaren hipotesia Alan Guthek eta Andrei Lindek landu zuten 1980ko hamarkadan, eta Big Bangaren orduko ereduaren arazo batzuen esplikazioa eskaintzen zuen: a) horizontearen arazoa; b) unibertsoaren eskala handiko egituraren arazoa; c) lautasunaren arazoa. Inflazioaren amaieran, unibertsoa geometria laua zuen, homogeneoa zen eskala handian baina ez-uniformetasun lokal batzuk zituen, gerora izarren eta galaxien sorrera ekarriko zutenak. Inflazioa kosmikoaren lehen ebidentzia esperimentalak badira; zehazki, inflazioaren ondoriozko grabitazio-uhinek hondoko mikrouhin-erradiazioan eragindako efektua neurtzean lortu dira (B molduko polarizazioa). Inflazioaren mekanismoa esplikatzeko proposamen teoriko batzuk badaude ere, ez da oraingoz ahobatezko onarpena duen azalpenik.