horno

1. Astron.
sin. Fornax, Horno

Hego hemisferioko konstelazio txikia, XVIII. mendean Lacaillek izendatua; Eridanusen mendebaldean kokatzen da, eta izarrik distiratsuena 4 magnitudekoa da.

2. Teknol.

Barnean duen materiala berotzeko, lehortzeko edo beroaren eraginez aldaketa fisiko-kimikoak eragiteko erabiltzen den tresna, barruti edo eraikuntza.

2. Teknol.
Barnean duen materiala berotzeko, lehortzeko edo beroaren eraginez aldaketa fisiko-kimikoak eragiteko erabiltzen den tresna, barruti edo eraikuntza.

Labea Edit

Egilea: Iñaki Azkune

LABEA

Labeak bere barne-hormen ondoan eduki ohi du behar duen bero-iturria. Labea beroz hornitzeko energia-iturria honako hauetakoren bat izan daiteke:

  • Erregaia: gasa, petrolioa, egurra...

  • Elektrizitatea (erresistentzia bidez, mikrouhinen bidez edo indukzio bidez).

  • Eguzki-erradiazioa (eguzki-labearen kasuan).

Beroa labean transmititzeko moduan zenbait faktorek parte hartzen dute: beroa ematen duen osagaiak, berotu beharreko produktuaren ezaugarriek eta behar den berotze-prozesuak. Hortaz, labean hiru atal aztertu behar dira: bero-sorgailua, produktua eta produktuari beroa helarazteko modua (eroapena, konbekzioa edo erradiazioa). Labearen barruan, beroa produktura honela helaraz daiteke: aire-korrontea sorrarazita, konbekzio naturalez, eroapenez (piezak arrabol gainean garraiatuta, zeramikan) edo erradiazioz (mikrouhinak edo izpi infragorriak erabilita).

Zenbait labe-mota

Okintza-labea

Ogia asmatzearekin batera sortuko zen ogia erretzeko labea ere. Lehen okintza-labeen egitura gutxi aldatu zen egurra ez eta beste erregaiak erabiltzen hasi ziren arte. Labe haiek adreiluzko edo terrakotazko barrunbea zuten sua egiteko, eta haren gainean beste barrunbe bat, erre behar zen ogia (edo janaria) ipintzeko. Goiko barrunbeak, batzuetan, ataka izaten zuen.

Suak berotutako hormen bidez transmititzen zen beroa, eta goiko barrunbearen horma inguruan airea zirkulatzeko sistemak labean beroa hobeto banatzeko balio zuen. Adreilu erregogorrak erabilita, labeen energia-errendimendua asko hobetu zen, eta, aldi berean, labe barruko tenperatura hobeto kontrolatu ahal izan zen. Plataforma horizontal birakarizko okintza-labeak ere erabiltzen ziren.

Geroztik, elektrizitatez edo erregai fosilez berotutako labeak maiz erabiltzen dira. Gaur egungo okindegietan, labe jarraituak erabili ohi dira, hau da, zinta garraiatzailea dutenak. Erre behar den ogia alde batetik sartu eta bestetik erreta irteten da.

Sukaldeko labea

Batez ere industria-iraultzaz gero erabiltzen dira labeak etxebizitzetako sukaldeetan, janariak prestatzeko. Garai batean egurrezko ekonomika edo furnegoek zuten labea. Geroztik, ordea, gasezko labeak eta, batez ere, labe elektrikoak erabiltzen dira. Termostatoa izan ohi dute, barruko tenperatura egoki erregulatzeko. Erraz garbitzeko, pirolisiaz (substantzia beroaren bidez deskonposatzeaz) ere baliatzen dira sukaldeko labeak azkenaldian.

Mikrouhin-labea

Janariak prestatu edo berotzeko mikrouhinez baliatzen den etxetresna elektrikoa da. Ateaz ixten da, janaria sartu ondoren. Batzuk grill edo saretaz hornitutakoak dira.

Zeramika-labeak

Besteak ez bezalakoak dira. Erreketa-gasek alderantzizko noranzkoa izaten dute, hau da, ez dira labearen gainaldetik irteten, behetik baizik. Horrela, labearen errendimendua hobea izaten da, eta bero-ahalmen txikiko erregaiekin (egurrarekin, adibidez) tenperatura handiagoak lortzen dira.

Portzelana erretzeko labean 1.250-1.400 °C behar izaten dira. Tenperatura horiek Europako mendebaldean XVII. mendean erdietsi ziren, baina txinatarrek VI. mendearen amaieraz gero lantzen zuten protoportzelana (1.200 °C inguruko tenperatura behar du).

Zeramika-labeetan, barneko atmosfera kontrolatu egin daiteke; batez ere, barnean dagoen oxigenoa, esmalteen itxuran eragina baitu oxigenoak.

Karobia

Kare bizia lortzeko erabiltzen den labe berezia da. Horretarako, kareharria (kaltzio karbonatoa) kiskali egiten da.

Kubilotea

Burdinurtuen bigarren galdaketarako upela-labea da. Forma zilindrikoa izaten du. Kanpoaldea altzairuzkoa da eta barnealdea adreilu erregogorrez estalia du. Goian duen irenspidetik metala, kokea eta urgarriak sartzen zaizkio. Erdialdean, haizea behartuta sartzen zaio haizebidetik, eta azpiko irtenbidetik metal urtua jasotzen da moldeetara isurtzeko.

Labe garaia

Upela-labe handia da, zutikakoa. Irenspidetik burdina-mea, kokea eta urgarriak sartzen zaizkio geruzaka. Erdialdetik haize beroa sartzen zaio, eta behean, arragoan, zepa eta urtutako burdina (arrabioa) bereizi egiten dira. Arrabioa, gero, beste prozesu batzuetan burdinurtua edo altzairua lortzeko erabiltzen da (labe garai).

Erreberberozko labea

Labe honetan sugarra ez da zolan sortzen, gorago baizik. Gero sabaiak zolarantz bideratzen du. Erreberberaziozkoak dira, halaber, sabaitik datorren erradiazioz labe barneko karga berotzen dutenak.

Martin-Siemens labea

Zoladun galdaketa-labea da. Burdinurtua egoera likidoan fintzea du helburua. Zola azidoa edo basikoa izaten du burdinurtuaren finketa egoera likidoan egiteko. Aurreko horman, kargatzeko ataka izaten du, eta atzekoan isurbidea. Saihetsean izaten ditu erregailuak.

Erresistentziazko labea

Erresistentzia elektriko batean zehar korrontea igarotzen denean, Joule efektuz, materialak berotu edo urtu egiten dira. Erresistentziazko labeak bi eratakoak izan ohi dira: arragoa-labe elektrikoak eta erreberberozko labe elektrikoak. Erreberberozko labeek, erresistentzia metalikoa edo grafitozko erresistentzia izaten dute.

Arku elektrikozko labea

Arku elektrikoaren eraginez berotzen da labe-mota hau. Burdinkiak urtzeko erabiltzen dira. Bi eratakoak daude. Batzuk zeharka berotzen dira. Arku elektrikoak elektrodotik elektrodora jauziz berotzen du bainua, metala ukitu gabe. Beste erakoek zuzenean berotzen dute metala. Arku elektrikoa, elektrodotik elektrodora jauzi egin arren, metaletik igarotzen da.