homínido

1. Antr.
Giza leinuaren ahaidetasun-arbola edo filogenia
Giza leinuaren ahaidetasun-arbola edo filogenia

1. Antr.
Hominidae familiako kidea.

Hominidoak Edit

Egilea: Mikel Iriondo, Carmen Manzano Basabe

HOMINIDOAK

Taxonomia klasikoari jarraituz, familia hori egungo gizakiaren eta txinpantzeen aitzindariarengandik banandu ondoren gure lerro ebolutiboa jarraitu duten arbaso bipedoez osatuta dago. Eskola taxonomiko horren arabera, Hominoidea superfamiliaren barruan, hiru familia bereizten dira: Hylobatidae (Hylobates generoa edo giboiak), Pongidae (Pongo edo orangutana, Pan edo txinpantzea eta Gorilla) eta Hominidae. Baina, zenbait ezaugarri morfologikoren berrirakurketak eta azken urteotan egindako azterketa molekularrek adierazten dutenez, gizakia eta txinpantzea ebolutiboki oso hurbil daude, eta bi horiek eta gorilek aitzindari bera izango lukete; orangutanek, aldiz, ez. Sailkapen-ereduen helburua talde baten filogenia —ahaidetasun-zuhaitza— islatzea denez, kladistek sailkapen berria proposatzen dute Hominoidea superfamilian:

Superfamilia: Hominoidea (hominoideoak)

Familia: Hylobatidae (hilobatidoak)

Generoa: Hylobates

Familia: Hominidae (hominidoak)

Subfamilia: Ponginae

Generoa: Pongo

Subfamilia: Gorillinae

Generoa: Gorilla

Subfamilia: Homininae

Tribua: Panini

Generoa: Pan

Tribua: Hominini (homininoak)

Generoa: Sahelanthropus; espezieak: S. tchadensis

Generoa: Orrorin; espezieak: O. tugenensis

Generoa: Ardipithecus; espezieak: Ar. kadabba, Ar. ramidus

Generoa: Australopithecus; espezieak: Au. anamensis, Au. afarensis, Au. bahrelghazali, Au. africanus, Au. gahri

Generoa: Kenyanthropus; espezieak: K. platyops

Generoa: Paranthropus; espezieak: P. aethiopicus, P. boisei, P. robustus

Generoa: Homo; espezieak: H. habilis, H. rudolfensis, H. ergaster, H. erectus, H.georgicus, H. floresiensis, H. antecessor, H. heidelbergensis, H. neanderthalensis, H. sapiens

Kladismoaren arabera, beraz, hominido baino egokiagoa litzateke hominino izena gizakia eta gure lerro ebolutiboko kideak izendatzeko.

Giza leinuaren eboluzioa

Hominido zein hominino izendatu, talde horretan bizirik dirauen espezie bakarra gurea da: Homo sapiens. Alabaina, egoera zeharo desberdina zen iraganean; izan ere, zenbait unetan, espezie bat baino gehiago bizi izan zen aldi berean. Antropologiaren erronka da giza leinua osatzen duten espezieen arbola genealogikoa berreraikitzea.

Zein da giza leinuaren antzinatasuna? Galdera horrek ez du erantzun errazik, gizakia nola definitzen dugun, horren araberakoa izango baita erantzuna. Egungo gizakiaren antzeko anatomia duten gizakiez ari bagara, 150.000 urte gutxi gorabehera litzateke erantzuna. Aldiz, definizioan zerebro handia —1.200 cm3 -tik gorakoa— duten gizaki fosil guztiak sartzen baditugu, kranioaren itxura gurearena ez bezalakoa dutenak barne, erantzuna 500.000 urtetik hurbil legoke. Bestalde, giza leinuaren definizioa Homo generoaren partaide diren espezie-multzoa balitz —hots, entzefaloaren tamaina txinpantzeena baino handiagoa duten eta harrizko tresneriaren mende egon diren gizakiak—, giza leinua 2 milioi urte (Ma) baino zertxobait zaharragoa dela erantzungo genuke. Azkenik, definizioak bizi izan diren hominino bipedo guztiak barne hartzen baditu, erantzuna 6-7 Ma litzateke.

Giza leinuaren historia ebolutiboa analizatzerakoan ikasten dugun kontzepturik garrantzitsuena hau da: entzefaloaren tamaina handitzen hasi baino askoz ere lehenago eboluzionatu zuten lokomozio tentearekin edo bipedalismoarekin lotutako aldaketa anatomikoek, hots, zulo okzipitalaren behe-kokapena kranioan, bizkarrezurraren itxuraren aldaketa, pelbis zabal eta laburrak eta txinpantzeenak baino egonkorragoak diren oinak. Bigarren ideia garrantzitsua, lehenarekin lotuta dago: homininoen eboluzioaren jatorria, Afrikan, orain dela 8 Ma, gertatutako klima-aldaketarekin lotuta legoke.

Orain dela 8 Ma, Afrikaren gehiengoa oihan hezez estalita zegoen, eta ibai eta lakuak zeuden han eta hemen. Orduko primate gehienak arborikolak ziren. Orain dela 8-5 Ma bitartean, eta batez ere Ipar hemisferioko glaziazio-prozesuen ondorioz, klima aldatzeko joera hasi zen —eta luzaro iraungo zuen—, hau da, lehorragoa eta hotzagoa bilakatu zen klima. Orduan hasi zen Afrikan homininoen eta txinpantzeen eta gorilen leinuen arteko dibergentzia. Lehortze- eta hozte-prozesu horren ondorioz, baso irekiek oihan trinkoak ordezkatu zituzten, zelaietan, zuhaitz-multzoak tartekatu ziren, eta ingurune berria sortu zen, sabana.

Fauna-azterketek eta analisi kimikoek iradokitzen dutenez, lehen homininoenak izan daitezkeen ebidentzia fosilak dituzten aztarnategiak mosaiko-habitatak ziren, hau da, basoak, zelaiak, lakuak eta ibai ertzeko oihan-galeriak; ez da ustezko hasierako hominino fosilik aurkitu oihan trinkoen paleoinguruneekin lotuta. Lehen homininoak, beraz, zuhaitzetan eta lurrean bizitzera moldatuta leudeke. Egungo gizakiaren eta txinpantzearen arbasoa, segur aski, oihan trinkoetan bizi zen, baina litekeena da, Afrikako baso irekietan eta zelaietan, ekologikoki txinpantzearen antzekoa zen primate-leinu berri baten eboluzioa hasi izana. Primate-leinu horrek moldaerak garatu zituen ingurune ireki berrira egokitzeko, hala nola bipedalismoa, (gutxi gorabehera, orain dela 7 Ma), eta, beranduago, orain dela 4 Ma, landare gogorrak murtxikatzeko egokiak ziren letagin txikiak eta hagin handiak, esmalte-geruza lodiz estaliak.

Ustezko lehen homininoak

Antropologoek hiru genero proposatu dituzte lehen homininoaren postua betetzeko, denak ere 5-7 Ma inguruan datatuak: Orrorin, Sahelanthropus eta Ardipithecus.

  • Sahelanthropus tchadensis (6,8-7,2 Ma): Michel Brunet eta bere taldeak aurkitu zuten 2001ean. Oso garrantzitsua da Txaden agertu delako, Afrikaren erdian, Rift haranetik 3.000 km mendebaldera. Homininoa dela baieztatzen bada, gure lehen arbasoek uste baino eskualde askoz zabalagoa bete zuten. Entzefaloaren tamaina eta letaginen itxura txinpantzearenen antzekoak dira, baina teknika birtualen bitartez egindako kranioaren berreraiketak adierazten duenez, primate hau bipedoa zen.

  • Orrorin tugenensis (6 Ma): Kenyako Tugen Hills izeneko aztarnategian, femur ia oso bat, humero-zati bat eta falange eta hortz gutxi batzuk aurkitu zituzten. Aztarnen ikerketak adierazi duenez, izaki honek, gainerako ustezko lehen homininoak bezala, txinpantzearen eta giza leinuaren arteko ezaugarrien nahasketak ditu. Humeroa, letagina eta aurreko haginak txinpantzearenen antzekoak dira, baina esmalte-geruza, aldiz, lodia da, giza leinuko espezieetan gertatzen den bezala. Baina ebidentzia nagusia femurra litzateke. Aurkitzaileen iritziz, femurraren itxurak adieraziko luke Orrorin gai zela bi hanken gainean ibiltzeko eta, beraz, homininoa zela. Hala ere, zenbait ikertzaile ez datoz bat homininoa delako iritziarekin.

  • Ardipithecus: genero honen barruan bi espezie sartu dira. Fosil-talde zaharrena (5,7-5,2 Ma) Etiopiako Middle Awashen aurkitu, eta Ardipithecus kadabba izendatu zuten. Aztarna-bilduma baraila, hortzak eta eskeletoaren zatiak dira. Ezaugarri gehienak txinpantzearenen antzekoak dira, eta homininoa dela esateko datuak ez dira sendoak. Bigarren fosil-multzoa Etiopiako Middle Awashen eta Gonan agertu dira, duela 4,5-4 Ma-ko datazioarekin. Zenbait hortzek, baraila-zatik, esku eta oineko hezurrek eta kranio baten behealdeak osatzen dute aztarna-bilduma. Ardipithecus ramidus beste espezie bat da, bere letaginak ez baitira txinpantzearenen hain antzekoak, Ar. kadabbaren kasuan gertatzen den bezala. Homininoa dela esateko dagoen ebidentziarik sendoena zulo okzipitalaren kokapena litzateke, aurreratua baitago, gainerako hominino bipedoetan gertatzen den bezala.

Fosil horiek hasierako homininoak ziren edo ez erabakitzeko dugun arazo nagusia da aurkitu ditugun aztarnen eskasia. Oraindik ez dakigu, ziurtasun osoz, izaki horiek bipedoak ziren, eta eztabaidan dago izaki horietako baten bat hasierako antropomorfoa ez ote den izango edo txinpantze- eta giza leinuen arbaso komuna. Espezie horien hortzeriaren ezaugarri primitiboak ikusita, gizakiaren eta Afrikako antropomorfoen leinu ebolutiboen arteko bereizketa ez zen askoz ere lehenago gertatu, duela 7 Ma inguru, segur aski. Leinu ebolutiboa banandu zeneko data hori bat dator antropologo molekularrek egungo primate-espezieen arteko genomen konparazioaren bitartez lortutakoarekin.

Hominino arkaikoak

Atal honetan aipatuko ditugun espezie guztiak homininoak dira ia ziurtasun osoz. Ezaugarri morfologiko gehiago partekatzen dituzte egungo gizakiarekin txinpantzearekin baino. Dena den, euren hortzen eta barailen tamaina eta gorputzaren eta kranioaren morfologia ez da oraindik Homo generoan sartzen ditugun espezieen parekoa.

Hominino hauek Australopithecus, Paranthropus eta Kenyanthropus generoetan sailkatuko ditugu. Afrikan bizi izan ziren duela 4,2-1,2 Ma. Aztarnategiak Afrikaren hegoaldean, ekialdean eta erdialdean aurkitu dira. Izaki bipedoak ziren, eta 400-500 cm3-ko edukiera kraniala (txinpantzearena baino zertxobait handiagoa), letagin txikiak eta esmalte-geruza lodiz estalitako aurreko eta atzeko haginak zituzten. Genero horietako espezie batzuk garaikideak ziren, eta lurralde berean bizi ziren. Beraz, ziurrenik, hominino-espezieen artean lehiatu ziren.

Australopithecus taldearen espezie zaharrena, Au. anamensis, Turkana lakuaren ondoan bizi izan zen orain dela 4 Ma. Hominino honen aztarnek adierazten dute tente ibiltzen zela, eta hortzerian islatzen da jada gertatutako ingurune ekologikoaren aldaketa; izan ere, espezie honen dietan, fruitu, hosto, zurtoin eta kimu bigunez gain, produktu begetal gogorrak sartzen dira, hala nola, hazi gogorrak, fruitu oskoldunak, tuberkuluak eta sustraiak. Lehen begetal-taldea oihan hezean aurki daiteke; bigarrena, aldiz, ingurune irekiago eta sikuagoetan. Baliteke espezie hau izatea aurreko eta geroko homininoen arteko lotura.

Hurrengo denbora-tartean (3,9-2,8 Ma), beste espezie bat aurkituko dugu Afrikako ekialdean, Au. afarensis, alegia. Hadarren (Etiopia), indibiduo beraren eskeletoaren zati handi bat aurkitu zuten, egun Lucy izenarekin ezagutzen duguna. Indibiduo horren taldekoak 1-1,5 m-ko altuera zuten, eta pisua, berriz, 29 kg, txikienak, eta, 45 kg inguru, handienak. Espezie honen kranioa primitiboa da tamainari eta itxurari dagokienez, hots, txinpantzearenaren antzekoa, baina espezie honen aldakaren eta femurraren itxuraren arabera, bipedoa zen. Hala ere, hanka, esku, eskumutur eta sorbaldaren ezaugarri anatomiko batzuen arabera, arborikolak ziren neurri batean. Bahr-el Ghazal izeneko Txadeko aztarnategian, 3,5 Ma-n datatutako hominino fosila aurkitu zuten 1995an, eta Au. bahrelghazali izena jarri zioten. Hala ere, zenbait antropologok ez dute espezie hau onartzen, eta, euren iritziz, homininoa Au. afarensisen mendebaldeko forma litzateke.

Aipatuko dugun laugarren homininoa, duela 2,5 Ma datatutako Au. gahri, Etiopiako Middle Awashen aurkitu zuten, eta ezaugarrien konbinazio berezia zuen: gorputz-adarren hezurren arabera, bipedoa zen, baina hortzak gainerako ekialdeko Australopithecusek baino askoz ere handiagoak eta sendoagoak zituen.

2001ean, Meave Leakey eta lankideek fosil-multzo bat aurkitu zuten Kenyan, 3,3-3,4 Ma-ko geruzetan. Aztarna onena kranio bat da, eta, aurkitzaileen iritziz, fosil horien ezaugarriak ez dira garaikidea zen Au. afarensisen parekoak, beraz, genero berri bat proposatu zuten: Kenyanthropus platyops. Dena den, fosilaren distortsio-maila oso handia denez, aztarna gehiago aurkitu arte ez da batere argi egongo fosil horien garrantzi ebolutiboa.

Orain arte aipatutako hominino guztiak Afrikako ekialdean edo Txaden aurkitu dira, baina Au. africanus izeneko espeziea Afrikako hegoaldean hedatu zen duela 3-2 Ma, eta bere fosilak kobazuloetan aurkitu dira. Hala ere, ez zen kobazuloetan bizi, harrapariek utzi zituzten espezie horren hezurrak kobazuloetan. Bere morfologia Au. afarensisen antzekoa zen, baina hortz handiagoak eta kranio lirainagoa zituen. Eskeletoaren arabera, bipedoa litzateke, baina zuhaitzetara igotzeko ahalmena ere bazuen.

Duela 2,8 Ma, dibertsifikazio arin baten ondorioz, bi moldaera-lerro sortu ziren giza leinuaren eboluzioan. Lerro horietako bat “Australopithecus sendo” delakoa edo, Paranthropus generoa litzateke. Hiru parantropo-espezie deskribatu dira: ekialdeko P. aethiopicus, zaharrena, P. robustus, hegoaldeko forma, eta P. boisei, ekialdeko espeziea. Au. afarensis litzateke horien guztien arbasoa. Talde horretako homininoen murtxikatze-aparatuak oso sendoak ziren, eta kranioaren goialdean gandor sagitalak aurkitzen dira, non muskulu tenporal sendoak intsertatzen diren, goriletan bezala. Ebakortzak eta letaginak txikiak ziren, eta aurreko eta atzeko haginak, aldiz, oso handiak —gaur egungo gizakienak baino lau aldiz handiagoak— eta esmalte-geruza lodiz estaliak. Ezaugarri horiek elikagai begetal gogorrak eta urratzaileak prozesatzeko moldaera dira segur aski. Kalkuluen arabera, edukiera kraniala 475-530 cm3 litzateke, eta gorputzaren dimorfismo sexuala, nabarmena. Paranthropus generoko homininoak suntsitu egin ziren duela milioi bat urte, eta ez dira gure arbaso zuzenak, gure leinuko ahaide hurbilak baizik.

Bigarren moldaera-lerroko homininoek beste bide bat jarraitu zuten. Ikasitako jokaerekiko menpekotasuna areagotuz joan zen, entzefaloaren tamaina handitu egin zen, eta harrizko tresneria lantzen hasi ziren. Afrikan, duela 2,5 Ma-ko aztarnategi batzuetan aurkitu ditugun Homo generoko lehen fosil hauen aitzindaria Australopithecus generoko espezie bat izan daiteke, Au. africanus, Au. gahri edo oraindik aurkitu ez dugun espezieren bat. Gure genero berean sailkatu diren fosil zaharrenek (H. habilis eta H. rudolfensis) Australopithecusen antzeko itxura dute, kranioari eta eskeletoari dagokienez, baina entzefaloaren tamaina Australopithecusena baino handiagoa da —600 cm3 inguru—, hortzeria lirainagoa, dieta zabalagoa (sarraskijale modura lortutako haragia barne) eta are garrantzitsuagoa den zerbait: arkeologoek 1 Modua izendatu duten harrizko tresneriarekin batera aurkitu zituzten. Baliteke parantropoak eta lehen Homoak duela 2,8 Ma Afrikan gertatutako klima-aldaketaren ondorio izatea. Tenperatura eta hezetasuna jaitsi zirenez, ekosistema irekiak areagotu ziren, eta horietan aurkitu ditugu lehendabizikoz baso irekietakoak ez diren lehen homininoak.

Homo generoa

Duela 2 Ma, zenbait hominino-espezie bizi ziren Afrikan. Paranthropus generoko espezieez gain, Homo generoko hiru espezie aurkitu dira, gutxienez, garai horretako aztarnategietan: H. habilis, H. rudolfensis eta H. erectus (azken espezie horren Afrikako formak H. ergaster izenarekin ere ezagutzen dira).

H. ergaster edo Afrikako H. erectus espezieak aurreko homininoekin edo euren garaikideak diren parantropoekin konparatzen baditugu, argiro dira desberdinak. Euren entzefaloa handiagoa zen —aurreko hominioena baino 200 cm3 handiagoa—, eta modu desberdinean antolatuta legoke. Horrez gain, aurpegiaren itxura modernoagoa zuten, liraina eta altuagoa, eta maxilarra eta hortzeria txikiagoak; gainera, gizaki horien altuera eta gorputzaren proportzioak gurearen parekoak ziren. Turkana lakuan (Kenya), ume baten eskeleto ia osoa aurkitu zuten: KNM-WT 15000 izeneko umearena. Aztarna horrek adierazten duenez, bederatzi urte inguruko ume hori heldua izatean, 1,8 metroko altuera izatera iritsiko litzateke. Hominino horiek gai ziren ondo landutako harrizko tresneria asmatzeko —2 Modua deritzona—, eta hori ahalmen kognitibo nabariaren isla da. Garai honetan aurkituko ditugu lehendabizikoz Afrikatik kanpo giza leinuaren aztarnak (izan ere, frogarik ez izateak ez du esan nahi existitzen ez denik). Hominino hauek Eurasiako zenbait eskualdetan bizitzeko moldaerak garatu zituzten. H. erectus litzateke, hain zuzen ere, ehizan sistematikoki aritu zen lehen homininoa, eta energia-iturri gisa sua lehendabizikoz erabili zuena. Bestalde, tresna berri bat asmatu zuen: esku-aizkora, funtzio bat baino gehiago bete ditzakeena. Ondo datatutako aztarnategi zaharrenak duela 1,7 Ma-koak dira, eta Georgian (Kaukason) daude (batzuen iritziz, aztarnategi horretan agertu diren fosilak Homo georgicus espezieari dagozkie). Edonola ere, Asiako ekialdeko eta hego-ekialdeko aztarnategi batzuetan, 1,8-1,6 Ma izan ditzaketen H. erectus espeziearen zenbait populazio azaldu dira. Hain zuzen, H.ergaster eta H.erectus espezieak dira gero agertuko diren homininoen aitzindariak.

2004an, hominino-espezie berri bat izan daitekeenaren aztarnak aurkitu zituzten Indonesiako Flores uhartean, eta Homo floresiensis izena jarri zioten. Aztarnen arabera, metro inguruko altuera eta 417 cm3-ko entzefaloa zituen gizaki horrek, eta duela 18.000 urteko datazioa luke. Eztabaida sutsua sortu da Floresko gizaki horren inguruan; izan ere, batzuen ustez, H. habilis, H. georgicus edo H. erectus espezieen ondorengoa litzateke, beste batzuen iritziz, aldiz, mikrozefalia edo beste gaixotasunen bat duen gizaki modernoa. Demagun espezie berri bat dela; hain zerebro txikia izanik, zelan eduki ditzake harrizko tresnak lantzeko eta erabiltzeko beharrezkoak diren gaitasun kognitiboak? Aztarna gehiago aurkitzen ez den bitartean, hezur horiekin egiten ari diren DNA-ikerketek ebatziko dute agian auzia.

Homo floresiensisen salbuespena aparte utzita, entzefaloaren tamaina oso arin handitu zen duela 700.000 urte inguru, eta orain dela 500.000 egungoaren parekoa zen, hau da, 1.300 cm3-koa gutxi gorabehera. Hala ere, gizaki horiek aurpegi handiagoa zuten, betzuloen gaineko aldea sendoa zen, eta kranioa ez zen gurea bezain altua. Gizaki "arkaiko“ horiek tresneria lantzeko metodo berria aurkitu zuten, “prestatutako nukleoarena”, hain zuzen ere (3 Modua). Teknika berri horrek tresnak mota gehiagotakoak eta eraginkorragoak egin zituen. Azken arkaikoak, neandertalak, Europan eta Ekialde Hurbilean zabaldu ziren duela 150.000-28.000 urte, eta hildakoen lehen lurperatzeak aurki daitezke euren kulturan.

Antropologoen arteko eztabaidak bere horretan jarraitzen du, gizaki “arkaiko” horren izendapen taxonomikoari eta esanahi ebolutiboari dagokionez: zenbait espezieren —H. antecessor, H. heidelbergensis, H. neanderthalensis— aztarnak al dira edo gure espeziearen —H. sapiens sapiens— hasierako formak? Ez dago batere argi hominino horien eta Afrikan duela 150.000 urte inguru agertu ziren gizaki “anatomikoki modernoen” arteko lotura zehatza. Gizaki “moderno” horiek kranio oso altu eta biribila dute, bekoki bertikala, aurpegi txikia eta kokotsa, orduraino ezagutzen ez zen egiturakoa. Ebidentzia ugari dago anatomia berri hori duela 150.000 urte inguru Afrikan sortu zela esateko. Duela 75.000 urte inguru, Afrikan agertutako kultura berri baten haziera gertatu zen: tresnak orri-itxuran lantzeko metodologia berria asmatu zuten (4 Modua), hezurrez egiten zituzten lanabesak eta jokabide berriak zituzten, hala nola arte-adierazpena edo lurperatze-errito landuak. Anatomia- eta kultura-aldetik modernoak ziren giza populazio horiek lurralde berrietan hedatu ziren; hala, Australiara iritsi ziren duela 60.000 urte eta, Amerikara, orain dela 20.000 urte inguru.

Modernoen jatorriari buruzko eztabaidak bizirik dirau. Antropologoen artean adostasuna dago “moderno” zaharrenen jatorri geografikoari dagokionez: ezagutzen dugun erregistro fosilaren informazioaren arabera, badirudi egungo morfologia zuten gizakiak, hots, “anatomikoki modernoak” ziren gizakiak, Afrikan sortu zirela orain dela 200.000-150.000 urte inguru, eta azken 100.000 urteetan Afrikatik atera eta Eurasiarantz joan zirela, agian aldi batean baino gehiagotan. Baina eztabaida hau da: afrikar jatorriko modernoak eta garai hartan Eurasian bizi ziren talde arkaikoak gurutzatu al ziren? Edo, hobeto esanda, egungo gizakien genoman ba al dago Eurasian bizi ziren H. erectusen eta Neanderthalen aztarnarik? Eta aztarnarik badago, zer proportziotan? Eva afrikarraren edo ordezkapenaren hipotesia onartzen duten ikerlarien iritziz, Afrikatik migratu zuten modernoek gainerako eskualdeetan bizi ziren aldez aurretiko populazio arkaiko guztiak ordezkatu zituzten. Beste ikerlari batzuk, aldiz, nahasketaren hipotesiaren alde daude, eta horrek azalduko lituzke Europako lehen modernoek Neanderthalenak omen diren ezaugarri morfologiko batzuk izatea edota Asiako lehen modernoek bertako H. erectusenak omen diren ezaugarriak izatea. Hipotesi bi horiek datu genetiko eta morfologikoekin alderatu dira, eta antropologo asko ados daude honetan: egungo Homo sapiens sapiensen jatorria Afrikan dago batez ere, baina ez soil-soilik. Afrikatik iritsitako modernoen eta populazio “arkaiko” batzuen artean nolabaiteko nahasketa gertatu zen, baina gurutzaketa horiek ez dute eragin handirik izan egungo gizateriaren osaketa genetikoan.

Ez da hori, dena den, ebatzi gabe dagoen arazo bakarra, badaude beste gai batzuk ere. Esaterako, zein da homininoen lehen arbasoa, Sahelanthropus, Orrorin, Ardipithecus, hirurak edo beste generoren bat? Zer espezietakoa da lehen Homoen arbasoa? Hasierako H. habilis, H. rudolfensis eta H. erectusek aitzindari bera dute? Edo entzefaloaren eta kulturaren garapena lerro ebolutibo independenteetan gertatu zen? Galdera horiei erantzuna ematea da, besteak beste, antropologiak hurrengo urteetan izango duen erronka nagusietakoa.

grafikoak1

Giza leinuaren ahaidetasun-arbola edo filogenia