hardware

1. Inform.
sin. soporte físico

Sistema informatiko baten atal fisikoa, gailu mekaniko, elektriko, elektroniko, magnetiko eta optikoez osatua (software kontzeptuari kontrajartzen zaio).

Intel Pentium mikroprozesadore bat
Intel Pentium mikroprozesadore bat

1. Inform.
Sistema informatiko baten atal fisikoa, gailu mekaniko, elektriko, elektroniko, magnetiko eta optikoez osatua (software kontzeptuari kontrajartzen zaio).

Hardwarea Edit

Egilea: Natxo Martin, Txelo Ruiz, Iratxe Soraluze

HARDWAREA

Ordenagailu baten osagai fisikoek osatzen dute hardwarea, hala nola pantailak, teklatuak, saguak, oinarri-txartelak, mikroprozesadoreak, disko gogorrak eta sare-txartelak. Laburrean, uki daitezkeen osagaiak dira hardwarea; aitzitik, softwarea ukitu ezin direnak dira: programak, informazioa, datuak eta abar. Baina biak ala biak guztiz beharrezkoak dira ordenagailuak modu egokian funtziona dezan.

Sistema informatiko gehienek honako hardware-osagai hauek dauzkate: CPUa edo prozesatzeko unitate zentrala, memoria eta periferikoak. Horiek guztiak elkarren artean konektatzeko, busak erabiltzen dira, komunikazio-kanalak, alegia.

Elementu horiek guztiak, eskuarki, hardware berezi batean txertatzen dira: ordenagailuaren txartel nagusian (ingelesez, motherboard, “ama-txartela”), hain zuzen. Zirkuitu inprimatuko txartel bat da; bertan, osagai batzuk daude soldatuta, eta haien artean konektatzen dira metalezko pisten bidez. Horrez gain, hainbat zirrikitu (ingelesez, slot) daude beste txartel batzuk txertatu ahal izateko. Eskuarki, ordenagailuaren euskarri fisikoa da txartel nagusia.

grafikoak1

Ordenagailu baten txartel nagusia (iturria: Via Gallery)

Prozesadorea edo CPU-a

Ordenagailu baten osagairik behinena prozesadorea edo CPUa da (prozesatzeko unitate zentrala). Eginkizun nagusia programak exekutatzea da, eta baita beste osagaien funtzionamendua kontrolatzea ere, funtzionamendu zuzena lortzeko. Baina CPUak, gaur egun, ez daude ordenagailuetan bakarrik; aitzitik, “adimen elektroniko” pixka bat duten gailu guztietan daude, hala nola telebistetan, autoetan, hegazkinetan, argazki-kameratan, telefono mugikorretan eta abar, sistema txertatu izenez ezagutzen diren gailuetan, hain zuzen.

grafikoak2

Intel Pentium mikroprozesadore bat

Memoria

Memoria funtsezko osagaia da sistema informatikoetan. Ordenagailuetan, hainbat memoria-mota daude, besteak beste, memoria nagusia, bideo-memoria eta BIOSa (Basic Input Output System). Memoria nagusia modulutan konektatzen da txartel nagusiko zirrikituetan (DIMM moduluak, esaterako), eta DDR SDRAM (Double Data Rate Synchronous DRAM) teknologiakoa izan ohi da. BIOSa, berriz, ROM motakoa izan ohi da, eta sistemaren oinarrizko softwarea dauka. Bideo-memoria grafikoak kontrolatzeko hardware berezian egon ohi da.

grafikoak3

PC bateko memoria nagusiko moduluak eta BIOSa duen ROM memoria

Busak

Busak ordenagailua osatzen duten osagai guztien arteko “bideak” dira, informazioa osagai batetik bestera eramaten dutenak. Eskuarki, busen lerroak hiru multzotan banatzen dira: helbide-busa, non informazioaren kokagunea adierazten den; datu-busa, non informazioa bera garraiatzen den; eta kontrol-busa, non osagaiak kontrolatzeko beharrezko seinaleak transmititzen diren. Busetan, informazioa seriean (bitez bit) zein paraleloan (bit batzuk aldi berean) transmiti daiteke. Gaur egungo ordenagailuetan, busak modu hierarkikoan antolatzen dira, bus bakoitzean konektaturiko osagaien abiadurari hobekien egokitzeko asmoz. Bus-mota asko daude: PCI, AGP, SCSI, IDE, SATA, FireWire, USB… Azken horrek (USB, Universal Serial Bus) izugarrizko garapena nozitu du azken boladan ordenagailuetan kanpoko osagaiak konektatzeko.

grafikoak4

USB busaren zenbait konektore-mota eta ikonoa

Periferikoak

Periferikoak ordenagailua kanpoko munduarekin konektatzen duten osagaiak dira. Periferikoak konektatzeko, eskuarki, txartel nagusiko zirrikituak erabiltzen dira, eta, batzuetan, zabaltze-txartel bereziak. Lau periferiko-mota nagusi daude:

  • Sarrerako periferikoak. Informazioa ordenagailura sartzeko balio dute: teklatua, sagua, web-kamerak, eskanerra, mikrofonoa…

  • Irteerako periferikoak. Informazioa erabiltzaileari aurkezteko balio dute: pantaila, inprimagailua, bozgorailuak, faxa…

  • Informazioa metatzeko periferikoak, hala nola disko gogorra, disketeak, CD eta DVDetako irakurgailu/grabagailuak, zinta magnetikoak, flash memoriak…

  • Komunikaziorako periferikoak. Ordenagailua beste ordenagailuekin konektatzea ahalbidetzen dute, hala nola modema, sare-txartela, wireless txartela (kablerik gabeko konexioak ahalbidetzen dituena), Bluetooth txartela, portu edo ataken kontroladoreak (seriea, paraleloa, infragorria…), USB huba…

grafikoak5

Ordenagailu baten zenbait periferiko

Grafikoak kontrolatzeko hardwarea

Gaur egun, multimedia-sistemak gero eta gehiago erabiltzen dira, eta horien grafikoak dira ezaugarri garrantzitsuenetarikoak. Hau da, ordenagailuaren pantailan aurkezten den informazioa gehienetan modu grafikoan aurkezten da (GUI, graphical user interface), eta, hori dela eta, grafikoak kudeatzeko hardware berezia guztiz beharrezkoa da abiadura eta kalitate egokiak erdiesteko. Hala, grafikoak maneiatzeko bereziki diseinatutako prozesadore berezia duen txartel grafikoa erabiltzen da, txartel nagusian bus baten bidez konektatzen dena: PCI, AGP edo PCI-Express. Horrez gain, bideo-memoria berezia ere egon ohi da.

grafikoak6

Txartel grafikoa