fuente de energía

1. Teknol.

Zuzenean edo bihurtze-prozesu baten ondoren energia erabilgarria lortzeko aukera ematen duen edozer, energia nahiz gaia. Adibidez, petrolioa, harrikatza, gas naturala, biomasa, material fisionagarriak, eguzki-erradiazioa, haizearen indarra, uraren indarra, mareak, uhinak, lurpeko berotasuna eta abar.

1. Teknol.
Zuzenean edo bihurtze-prozesu baten ondoren energia erabilgarria lortzeko aukera ematen duen edozer, energia nahiz gaia. Adibidez, petrolioa, harrikatza, gas naturala, biomasa, material fisionagarriak, eguzki-erradiazioa, haizearen indarra, uraren indarra, mareak, uhinak, lurpeko berotasuna eta abar.

Energia-iturriak Edit

Egilea: Elhuyar

ENERGIA-ITURRIAK

Berez, energia-iturri terminoak naturatik energia lortzeko erabiltzen den edozein baliabide adieraziko luke; hartara, gure organismoak erabiltzen dituen energia-iturriak ere sartuko lirateke terminoaren ohiko adieran (esaterako, elikagaietan metatuta dagoen energia kimikoa, larruazaletik jasotzen dugun eguzki-erradiazioaeta abar). Hala ere, eskuarki aplikazio teknologikoetarako behar den energia lortzeko baliabideez ari gara energia-iturriak terminoa aipatzen dugunean.

Horiek horrela, gizateriak naturako energia-iturriez baliatzeko, eta energia-mota bat beste batean transformatzeko garaian-garaian garatu dituen teknologiak deskribatuz konta liteke gizateriaren historiaren bertsio bat.

Gizakiak historian zehar erabili dituen naturako energia-iturriak dibertsifikatuz joan dira. Historikoki, bere gorputzaren eta abereen energia mekanikoaz landa, erregaien bero-energia izan zen gizakiak aprobetxatzen ikasi zuen lehen energia-mota, sua aurkitu zuenean, eta, geroago, itsasontziak bela bidez higiarazten ikasi zuenean. Gerora, haizearen eta ur-lasterraren energia mekanikoaz baliatzeko teknologia garatu zen (belaontziak, haize- eta ur-errotak…).

Energia-iturriez baliatzeko aldaketa nabarmena gertatu zen iraultza zientifikoaren eta horren eskutik etorri zen industria-iraultzaren ondorioz, XIX. mendean. Lurrun-makina da mugarri nagusietakoa (gainera, asmakuntza horrek garrantzi handia izan zuen zientzian bertan, termodinamikaren sorreran hain zuzen ere). Garraioa (trena, lurrun-propultsioko itsasontzia) eta industriako makineria izan ziren. Ondoren, mende haren amaieran, teknologia elektrikoa ekoizten hasi zen: lurrun-makinaren bidezko sorgailua eta zentral hidroelektrikoa.

Ordura arte, erregai nagusiak egurra eta ikatza ziren. Petrolioa, haren deribatuak (gasolina, gasolioa…) eta harrikatzetik lortutako gasak hasi ziren orduan erabiltzen, batik bat garraioan (automobila), argiztapenean eta energia elektrikoaren ekoizpenean (harrikatzarekin batera, zentral termikoetan).

Hurrengo mugarri nabarmena XX. mendeko 40-50eko hamarkadetan etorri zen, fisika nuklearrean egindako ikerkuntzari esker fisio-erreakzioak modu kontrolatuan gertaraztea lortu zenean. Zentral elektriko nuklearra eta propultsio nuklearra izan ziren garapen horren emaitzak.

XX. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik, erregai fosilen mugatasuna, teknologia nuklearraren arazo konpondu gabeak eta arriskuak, eta energia-ekoizpenaren eta kontsumoaren ingurumen-inpaktua hasi ziren nabarmentzen. Ondorioz, energia-iturri berriztagarriez baliatzeko teknologiak (haize-energia, eguzki-energia…) eta, oro har, teknologia garbiak eta eraginkortasun handiagokoak garatzeko ahaleginak gero eta sendagoak dira. Horrekin lotuta, energiaren kontsumo-eredua aldatzea ere aipatu ohi energia-estrategien artean.

Energia-iturri motak

Naturan dauden baliabideak bitara sailka daitezke energia ekoizteko iturritzat erabiltzen direnean: a) naturan dagoen energia-formaren edo -motaren arabera, eta b) energia-iturria berriztatzen den abiaduraren arabera.

Naturako energia-formaren arabera

  • Energia mekanikoa (zinetikoa): haize-energia, energia hidraulikoa (energia potentzial gisa metatua, eta zinetiko bihurtzean erabilgarria) eta mareen energia.

  • Bero-energia: energia geotermikoa, itsasoko bero-energia…

  • Erradiazio elektromagnetikoa: eguzki-energia (bero bihurtzean edo, efektu fotovoltaikoaren bidez, elektrizitate bihurtzean erabilgarria).

  • Energia kimikoa (erregaiak): erregai fosilak, biomasa

  • Energia nuklearra: energia zinetikoa eta gero energia termiko bihurtzean erabilgarria.

Energia berriztaezinak eta berriztagarriak

Energia-iturriak sailkatzeko modu bat gure erabiltze-denboraren eskalan zenbateraino diren agorrezinak kontuan hartzea da.

Naturan etengabe berritzen den eta agortzen ez den energia-iturriari edo, giza erabileraren ikuspegitik, agorrezintzat jo daitekeenari energia berriztagarria esaten zaio. Aldiz, energia berriztaezina deritzo naturan etengabe berritzen ez den eta agor daitekeen energia-iturriari edo, giza erabileraren ikuspegitik, ustiatzen den abiaduran berritzen ez delako agortzeko arriskua duenari.

Energia-iturri berriztagarrien artean, biomasa, energia geotermikoa, energia hidraulikoa, eguzki-energia, haize-energia eta itsas energia daude. Berez, jatorria eguzki-erradiazioan duten energia-iturriek eguzkiak dirauen bitartean iraungo lukete. Egia da, izar orok bezala, Eguzkiak ere bere bizi-zikloa duela eta erregai nuklearra erabat agortzen duenean "itzali’" egingo dela. Hori gertatzeko falta den denbora, ordea, izugarri handia da gure denbora-eskalan eta eguzki-energia, beraz, agorrezintzat jo daiteke (dena den, Eguzkia bera agortu baino lehen amaituko da bizia Lurrean, delako zikloan erraldoi gorri bihurtzen denean Lurra kiskali egingo duelako). Orobat energia hidraulikoa, uraren zikloa eteten ez den bitartean urak lurruntzen eta kondentsatzen jarraituko baitu etengabe. Gauza bera haize-energia, marea-energia, uhinen energia, itsasoko energia termikoa eta energia geotermikoaz, horiekin lotutako naturako fenomenoak gertatzea ala ez gizakiak iturri horiek gehiago ala gutxiago ustiatzearen baitan ez dagoelako. Geotermikoaren kasuan, hala ere, ustiatzen dena lurpeko ur-poltsak diren kasuan, ustiapena eskala handian eginez gero ur-poltsa horiek hutsarazteko arriskua dago. Biomasa-energia ere, hau da, landareetako konposatu kimikoetan metatuta dagoen energia kimikoa, etengabe berritzen da, Lurrean bizia den artean behintzat (aitzitik, bada biomasa agor daitekeela eta, horrenbestez, hein batean ez dela berriztagarria esaten duenik; izan ere, jasotako uzta erregai gisa erabiltzeko helburua duen laborantza oso intentsiboa izaten da, eta horrek, ongi kudeatu ezean, epe luzera eragin kaltegarriak izan ditzake ingurumenean eta lurra honda dezake; bestalde, basoen ustiapena modu egokian ez kontrolatzeak ere biomasa berriztagarria ez izatea ekar dezake).

Energia-iturri berriztaezinen artean, erregai fosilak (harrikatza, petrolioa, gas naturala) eta fisiozko erreaktore nuklearretan erabiltzen diren erregai nuklearrak. Erregai fosilei gagozkiola, harrikatza, petrolioa eta gas naturala eratu eta metatu ahal izateko milioika urte behar izan dira, baina gaur egungo ustiapen eta kontsumoak askoz ere abiadura handiagoan xahutzen ditu. Lurpean diren erregai fosilen hobiak agortzeko arriskua ez da balizkoa, egiazkoa baizik, eta, gaur egun erreserba frogatuetarako ematen diren datuak ontzat joz gero, onartuta dago oso urrun ez dagoen egun batean agortu egingo direla, batik bat petrolioa, harrikatz eta gas naturalaren erreserbak handiagoak direlako eta, oraingoz behintzat, petrolioa delako erregai gehienen, bereziki garraiorako erregaien, iturri nagusia. Energia nuklearra ere ez da berez agorrezina, Lurrean ez baita erregai nukleartzat erabil daitekeen uranioaren moduko elementu fisionagarririk sortzen. Gaur egungo zentral nuklearretan gehien erabiltzen den erregai nuklearraren osagai fisionagarria uranio-235 isotopoa da, naturako uranioan portzentaje txikian dagoena (% 0,7). Agortzeko arriskuari aurre egiteko, erregai nuklearra birsortzeko teknologiak garatu dira.