fruto

1. Bot.

Hazi helduak dituen obulutegi garatua, batzuetan lorearen edo kimuaren beste zati batzuei lotuta egoten dena.

Drupa
Drupa

1. Bot.
Hazi helduak dituen obulutegi garatua, batzuetan lorearen edo kimuaren beste zati batzuei lotuta egoten dena.

Fruitua Edit

Egilea: Idoia Biurrun

FRUITUA

Landare angiospermoetan hazia babesten duen obulutegi garatua da, adiera hertsian, fruitua. Landare horietan, hazi-hasikinak karpeloek osatutako barrunbean gordeta daude, hots, obulutegian, eta, ondorioz, ernalketaren ondoren hazi-hasikina hazi bilakatzen den modura, obulutegia fruitu bilakatzen da, karpeloak perikarpoa osatzeko loditzen baitira. Adiera zabalean, bilakaera-prozesu baten ondorioz haziak bere baitan gordetzen dituen edozein landare-organori deritzo fruitu; organo hori obulutegia ez denean, sasifruituak garatzen dira, eta gimnospermoetan agertzen dira.

Fruituak haziak bere baitan gordetzen ditu horiek heldutasunera iritsi arte, eta, ondoren, hazien sakabanaketan hartzen du parte.

Fruitu-motak

Fruitua lorearen —zehazki, lorearen zati eme edo ginezeoaren— araberakoa izango da, bai eta perikarpo edo fruitu-paretaren araberakoa eta fruituak heldutasunean duen irekitzeko moduaren araberakoa. Fruitua ulertzeko, ezinbestekoa da, beraz, ginezeoa nolakoa den jakitea: monokarpelarra ala plurikarpelarra, apokarpikoa ala zenokarpikoa.

Fruitu-pareta edo perikarpoa hiru geruzatan bereizten da heldutasunean: kanpo-epidermisa (exokarpoa), barne-epidermisa (endokarpoa, hazia estaltzen duena) eta horien arteko mesokarpoa. Azken hori hainbat zelula-geruzaz dago osatua; exokarpoa eta endokarpoa, aldiz, finak eta geruza bakarrekoak dira. Gerezi batean, adibidez, azala exokarpoari dagokio, mamia mesokarpoari, eta hazia gordetzen duen hezurra, endokarpoari. Perikarpoko geruza horien garapen-mailaren eta zukutsutasunaren arabera, fruitu lehorrak eta fruitu mamitsuak bereizten dira.

Azkenik, fruitu dehiszenteak edo zabalkorrak dira heldutasunean haziak askatzeko irekitzen direnak, eta indehiszenteak edo zabalgaitzak, aldiz, irekitzen ez direnak.

Fruitu bakunak

Ginezeoak soilik hartzen du parte garapenean.

Fruitu lehorrak

Zabalkorrak

  • Folikulua. Dehiszentzia-ildo bakarreko fruitu karpelobakarra. Ildoa karpeloaren josturari dagokio. Kasu gehienetan, folikuluak ginezeo apokarpikoetan garatzen dira, eta, ondorioz, polifolikuluak osatzen dituzte. Folikulua du, adibidez, otsababak (Helleborus).

  • Leka. Bi dehiszentzia-ildotako fruitu karpelobakarra. Ildoak karpeloaren josturari eta erdi-nerbioari dagozkie. Lekadunen familiako fruitu tipikoa da. Leka da, adibidez, babarruna (Phaseolus).

  • Kapsula. Dehiszentzia aldakorreko fruitu zenokarpikoa. Kuskuduna (bioleta, Viola), poroduna (mitxoleta, Papaver), horzduna (krabelina, Dianthus), pixidioa (pasmo-belarra, Anagallis) eta brasikazeoen silikua eta silikula (baratxuri-belarra, Alliaria petiolata, eta artzain-zakua, Capsella bursa-pastoris, hurrenez hurren) izan daiteke.

Zabalgaitzak

  • Akenioa. Hazi bakarreko fruitu karpelobakarra da, gehienetan ginezeo apokarpikoetan garatua, eta, beraz, poliakenioa. Akenioa du, adibidez, urrebotoiak (Ranunculus).

  • Nukula. Hazi bakarreko fruitu zenokarpikoa, esaterako, hurra (Corylus avellana). Haritzen glandea edo ezkurra nukula karloduna da (Quercus), eta gramineoen alea, kariopsidea, haziaren testa perikarpoari lotuta duen nukula-mota berezia (garia, Triticum, artoa, Zea, etab.). Urkiaren, zumarraren eta lizarraren samarak nukula hegaldunak dira, eta asterazeoen zipsela, aldiz, behe-ginezeotik eratorritakoa, maiz bilano edo kardilauduna (Taraxacum, Cirsium eta abar).

  • Fruitu zatikorrak. Fruitu lehor zabalgaitz hauek zenbait hazi gordetzen dute, eta, horiek sakabanatzeko, zati monospermotan banantzen dira heldutasunean. Eskizokarpoan zati bakoitza karpelo bati dagokio, eta merikarpo deritzo, adibidez, apiazeoen dieskizokarpoan (azenarioa, Daucus carota). Lomentoan, zati bakoitza karpelo-zati bati dagokio. Esate baterako, zenbait brasikazeoen silikua lomento bilakatu da (errefauak, Raphanus), bai eta zenbait fabazeoen leka ere (alamina, Coronilla).

Fruitu mamitsuak

  • Baia. Perikarpoa erabat zukutsua duen fruitu bakuna, hau da, hazia du zati gogor bakarra. Monospermoa (adibidez, datila, Phoenix dactylifera) ala plurispermoa (kasurako, mahatsa, Vitis vinifera) izan daiteke. Baiaren kasu bereziak dira zitrikoen hesperidioa (laranjak eta limoiak, Citrus generoa) eta kukurbitazeoen peponidea (kuia, Cucurbita).

  • Drupa. Perikarpoak zurezko endokarpoa du (hazia gordetzen duen “hezurra”). Horren adibide dira gerezia (Prunus avium), oliba (Olea europaea) eta intxaurra (Juglans regia). Polidrupa ginezeo apokarpiko batetik eratorria da, non karpelo bakoitzak drupa txiki bat garatzen baituen. Horren adibide dira masustak (Rubus ulmifolius).

grafikoak1

Drupa

grafikoak2

Fruitu bakunak

Fruitu konplexuak

Ginezeoaz gain, lorearen beste zatiek ere hartzen dute parte fruituan; errosazeoetan, ohikoa da errezeptakulu edo lore-ardatz loditu eta mamitsuak parte hartzea, hala nola marrubiaren eterioan (Fragaria), arkakaratsen zinorrodonan (Rosa) eta pomoideoen pomoan (adibidez, sagarra, Malus).

Infruteszentziak

Infloreszentzia oso batetik, ez lore bakarretik, eratorritako diasporak.

  • Sorosia. Morus generoan (marugatzeak), infloreszentziako lore bakoitzak nukula bat ematen du, kaliza loditu eta mamitsua duena.

  • Sikonoa. Pikondoan (Ficus carica) ere lore bakoitzak nukula bat ematen du, baina, kasu honetan, infloreszentziaren errezeptakuluak barrunbe bat osatzen du, heldutasunean mamitsua egiten dena, eta horrek osatzen du sikono edo pikua.

  • Pagoaren eta gaztainondoaren karloak bi edo hiru nukulaz osatutako infruteszentzia babesten du, pagotxa pagoan (Fagus sylvatica) eta gaztaina gaztainondoan (Castanea sativa).

Sasifruituak

Gimnospermoek ez dute obulutegirik, eta, ondorioz, ez dute benetako fruiturik garatzen, hazi biluziak baitituzte. Dena den, hauen haziek badute nolabaiteko babesa, hainbat egituraren barnean gordeta baitaude. Konifero eta kupresazeo askok zurezko egituratan gordetzen dituzte haziak, estrobiloko brakteen garapenaz sortuak: pinaburuak (pinua, Pinus, izeia, Abies, etab.) eta artzestidak (nekosta, Cupressus), hurrenez hurren. Kupresazeoen familiako epuru eta miterrek (Juniperus) galbulu izeneko sasifruitu mamitsuak garatu dituzte, non, aurrekoetan bezala, estrobilo guztia bilakatzen baita sasifruitu. Beste batzuetan, hazi-hasikinaren tegumentuak garatutako arilo izeneko egitura mamitsuak estaltzen du hazia. Haginaren kasuan (Taxus baccata), arilo gorria da toxikoa ez den landarearen zati bakarra. Ginkgo bilobak ere sasifruitu mamitsua du; sarkotestari kiratsa dario, eta, hori dela eta, parkeetan ale arrak landatu ohi dira.

Sakabanaketa

Arestian aipatu bezala, fruituak, hazia babesteaz gain, hazia sakabanatzen ere hartzen du parte. Hazi biluzia duten landareetan (gimnospermoak) eta fruitu zabalkorra dutenetan, diaspora hazia izan ohi da; fruitu zabalgaitzetan, ordea, fruitua bera. Zenbait kasutan, landare guztiak jokatzen du paper hori.

Fruitu eta haziak kanpo-eragileen laguntzaz sakabanatu ohi dira (animaliak, haizea, ura); landare autokoroek, ordea, aktiboki sakabanatzeko mekanismoak garatu dituzte.

Zookoria

Animalien bidezko sakabanaketa da hedatuena eta, segur aski, baita primitiboena ere. Bi eratara egin daiteke sakabanaketa:

Endozookoria

Animaliaren eta landarearen arteko erlazio mutualista batean oinarritua dago: landareak sari bat eskaini ohi dio sakabanatzaileari, harentzat deigarri bilakatzen da, eta hazia babesteko egiturak garatzen ditu. Ornodunek hartzen dute parte batik bat, batez ere hegaztiek (ornitokoria, kolore deigarriko diasporak baliatuz: gerezia, Prunus avium, ahabia, Vaccninium myrtillus, etab.) eta ugaztunek (mamalikoria, batez ere tropikoetan, non usainak garrantzi handiagoa duen: datila, Phoenix dacylifera, kakaoa, Theobroma cacao, ahuakatea, Persea indica, zitrikoak, Citrus, etab.). Ornogabeen artean, inurrien taldeak du soilik nolabaiteko garrantzia (mirmekokoria, batez ere lurralde tropikaletan). Landare mirmekokoroen diasporak txikiak izan ohi dira, eta eleosoma izeneko zati oliotsu bat garatzen dute inurriek jan dezaten. Hortaz, inurriek, diaspora garraiatu ondoren, eleosoma hori jaten dute; hortaz, haziak ez dira kaltetzen. Adibidez, mimosa, Acacia dealbata.

Epizookoria

Animaliak dira ere sakabanatzaileak, baina landareak ez ditu janaria eskainiz erakartzen, diasporak berak mekanismoak garatu baititu animaliaren gainazalari atxikitzeko. Mekanismo horiek dira, besteak beste, egitura gakodunak (fruituan bertan: ziabelar latza, Galium aparine; estiloan: San Benito belarra, Geum urbanum; edo infloreszentziaren brakteatan, lapa-belarra, Arctium minus) eta gurinak edo ile gurintsu itsaskorrak (sobea, Salvia). Landare urtar askoren diaspora txikiak hegazti urtarren oinetara atxikitzen dira lohiarekin batera. Esaterako, ihiak (Juncus).

Antropokoria

Historian zehar gizakiak eragin handia izan du landare askoren sakabanaketan, eta antropokoria da sakabanaketa-modurik azkarrena. Antropokoroak dira gizakiak, nahita (landatuz) edo nahi gabe (belar txarrak), lurralde berrietara eramandako espezieak, eta leku berriko flora arrotza osatzen dute, bertaratuz gero. Gisa horretako zenbait espezie gai dira hainbat habitat inbaditzeko, eta arazo larria bilakatzen ari dira ingurune naturalarentzat. Esate baterako, Ipar Amerikako sasiakazia (Robinia pseudoacacia), Fallopia japonica, erreka bazterretan, Baccharis halimifolia, paduretan, eta hain deigarria den panpa-lezka (Cortaderia selloana), lur harrotu eta areketan.

Anemokoria

Landare askok haizearen energia erabiltzen dute hazi eta fruituak sakabanatzeko, batez ere ingurune irekietan bizi direnek. Mekanismo azkarra eta distantzia luzekoa da. Diasporek hego-moduko egiturak garatu ohi dituzte, kasurako, pinaziak eta astigarraren, lizarraren eta zumarraren samarak. Arruntak dira ere ile-sortak edo bestelako egitura lumakarak, bai hazietan (kotoi-landarea, Gossypium, makala, Populus nigra), bai eta fruituetan ere (asterazeoen bilano edo kardilauna, jausgailu-modukoa). Orkidazeoek eta beste zenbait talde espezializatuk (epifitoek, saprofitoek eta bizkarroiek) hautsaren moduko hazi-kopuru handiak ekoizten dituzte.

Hidrokoria

Landare urtar askok dute sakabanaketa-modu hau, bai haziarentzat (nenufarra, Nympahea alba), baita fruituarentzat ere. Fruitu hidrokoroen adibiderik nabarmenena kokoa dugu. Kokondoa (Cocos nucifera) itsasbazter tropikaletan bizi da, eta bere drupa handiak —zuntzezko mesokarpo harroa dutenak— denbora luzea pasa dezakete itsasoko uretan flotatzen, erneketa-ahalmena galdu gabe.

Autokoria

Landare autokoroek sakabanaketa-mekanismo aktiboak dituzte: kapsula edo peponide lehergarriak (luzokoermina, Ecballium elaterium), leka higroskopikoak (isatsak, Cytisus), kakahuetearen (Arachis hypogaea) autoereintza eta abar.