estratigrafía

1. Geol.

Lurrazala osatzen duten arroka-segiden azterketaz, deskripzioaz eta interpretazioaz arduratzen den zientzia geologikoa.

2. Geol.

Aztarnategi bat osatzen duten geruzak aztertzean datzan ikerketa-metodoa.

1. Geol.
Lurrazala osatzen duten arroka-segiden azterketaz, deskripzioaz eta interpretazioaz arduratzen den zientzia geologikoa.

Estratigrafia Edit

Egilea: Luis Miguel Agirrezabala

ESTRATIGRAFIA

Lurrazala osatzen duten arrokak (eta harritu gabeko sedimentuak) hiru dimentsioko gorputzetan antolaturik daude. Estratigrafiaren lana da, hain zuzen ere, arroka-gorputzak deskribatzea, sailkatzea, beren arteko espazio- eta denbora-erlazioa ezartzea eta interpretatzea, Lurraren historiaren gertakizunen sekuentzia ezartzeko. Estratigrafia zientzia historikoa izanik, geologia historikoaren muintzat hartu izan da, berak ezartzen baitu Lurrak iraganean jazotako gertakari eta prozesuen denboraren araberako ordenamendua. Estratigrafiak arroka-mota guztiak jorratzen ditu, sedimentarioak, igneoak eta metamorfikoak; tradizionalki, hala ere, azterketa estratigrafikoa arroka sedimentarioetan oinarritu ohi da nagusiki.

Lur-zientzien artean estratigrafia da jaio zen lehenengotarikoa. XVII. mendetik XIX. mendearen hasierara, estratigrafia eta geologia sinonimoak ziren. Geologiaren hastapenak Europako erdialdean eta mendebaldean izan ziren, non arroka sedimentarioak (geruzatuak) nagusi diren. Hor, Nicolaus Stenoren (XVII. mendea) geruzen gainjartzearen printzipioaz baliaturik (“gainjarritako geruzetan gainekoa berriagoa da azpikoa baino”), tokiko arroka-gorputzen segidak (adinaren araberakoak) ezarri ziren, eta zutabe estratigrafikoen bitartez adierazi ziren. William Smithek (1769-1839) segida faunistikoaren printzipioa ezarri zuen (“arroka-unitateak beren fosilen bitartez ezagut daitezke, eta fosil berdinak dituztenak adin berekoak dira”), eta printzipio horretaz baliaturik garaikideak ziren arroka-gorputzak korrelazionatzen eta eskala kronoestratigrafiko estandarra eraikitzen hasi ziren. Eskala global horrek lurrazala osatzen duten arroka guztien adinaren araberako ordenamendua ezartzen du zutabe baten gisan, non arroka zaharrenak behean eta gazteenak goian azaltzen diren. Azterketek jarraitzen dutenez eta horiek gero eta zehatzagoak eta bereizmen handiagokoak direnez, eskala kronoestratigrafikoak etengabe osatzen eta doitzen jarraitzen du gaur egun ere.

Estratigrafiaren baitan zenbait arlo bereizi ohi dira, eta horietako bakoitza arroken ezaugarri batez arduratzen da. Litoestratigrafiak arroken litologiaren ezaugarriez dihardu, geruza-segidetan agertzen diren fosilen banaketaz bioestratigrafia arduratzen da, eta kronoestratigrafiaren xedea adinaren araberako arroken ordenamendua ezartzea da. Elkarren urrun dauden arroka-segidak korrelazionatzeko, hots, garaikideak direla frogatzeko, denboraren mendekoak diren arroken zenbait ezaugarri erabili ohi dira; arruntenen artean daude fosilak (bioestratigrafia), ezaugarri magnetikoak (magnetoestratigrafia), ezaugarri geokimikoak (kimioestratigrafia) eta arroken isotopo erradioaktiboak (geokronologia).

Litoestratigrafiaren eginkizuna da arroka-gorputzak (edo unitate litoestratigrafikoak) definitzea eta izendatzea arrokek dituzten ezaugarri litologikoetan (konposizioa, osagaiak, egiturak, ehundura, koloreaeta abar) oinarriturik. Oinarrizko unitate litoestratigrafikoa formazioa da, hau da, kartografiatu daitekeen unitate litoestratigrafiko txikiena. Formazioen ukipenak zorrotzak edo mailakatuak izan daitezke, beren lodierak zenbait metro eta ehunka metro artekoak izan ohi dira, eta zabalerak, ehunka metro eta milaka kilometro artekoak. Formazio baten baitan, tokiko aldaketa litologikoetan oinarriturik, tamaina txikiagoko atalak definitu ahal dira, eta horien baitan, hein berean, geruza eta jario unitate txikienak. Elkarren ondoan dauden zenbait formazio talde batean bildu daitezke, eta zenbait taldek supertaldea osa dezakete.

Bioestratigrafia fosilen banaketaz arduratzen da, bai geruzen arteko korrelazioak egitearren, bai eta fosil-edukian oinarrituriko arroka-gorputzak (unitate bioestratigrafikoak) definitu eta izendatzeko ere. Oinarrizko unitatea biozona (edo zona) da, fosil baten (edo batzuen) taxonaz (edo taxonez) definituriko arroka-gorputza. Azpibiozonak (edo azpizonak) fauna edo floraren aldaketa txikiez definituriko biozona barneko unitateak dira. Biozona batzuk taxon baten lehenengo eta azken agerpenen bidez (taxon-hedadurako biozonak) definitzen dira; beste batzuk bi taxon batera agertzen duten arroken bitartez (baterako biozonak); eta beste biozona-mota da edozein bi biohorizontez (ezaugarri biologikoen aldaketak erregistratzen dituzten gainazalak) mugaturikoa (tarte-biozona).

Kronoestratigrafia arroken adinez eta beren arteko denbora-erlazioez arduratzen den estratigrafiaren arloa da. Arlo horren azken helburua da eskala kronoestratigrafiko estandarra eraikitzea, zeinean garai guztietako arrokak ordenatuta azaltzen diren zaharrenetik (behean) gazteenera (goian). Eskala kronoestratigrafikoa arroken adinaren araberako arroka-gorputzez edo unitate kronoestratigrafikoz osatuta dago. Bertan, zenbait unitate-mota daude era hierarkikoan antolatuta, handienetik txikienera: eontema, eratema, sistema, serie eta estaia; kronozona hierarkikoa ez den unitate-mota bakarra da, baina gehienetan eskala txikienekoa izan ohi da. Unitate kronoestratigrafikoak eratu zireneko denbora-tarteei (urtetan neurtuak) unitate geokronologiko deritze. Beraz, unitate geokronologikoak denborazko unitateak izanik ez dira unitate estratigrafikotzat hartzen, azken horiek arrokaz osatuta baitaude.