espora

1. Bot.

Gehienetan haploidea eta zelulabakarra den landareen ugaltze-gorputza, garatzen denean landarea emateko gai dena.

Barrengorriaren (<span style="font-style:italic">Agaricus bisporus</span>) esporen argazkia, ekorketazko mikroskopiko elektronikoz egina. Esporak eta basidioak espora bi kimatzen ageri dira
Barrengorriaren (Agaricus bisporus) esporen argazkia, ekorketazko mikroskopiko elektronikoz egina. Esporak eta basidioak espora bi kimatzen ageri dira

2. Mikrob.

Zenbait mikroorganismoren bizirik irauteko forma, garai desegokietan egoera sorrean egon daitekeena eta garai egokia iristean aktiba daitekeena.


1. Bot.
Gehienetan haploidea eta zelulabakarra den landareen ugaltze-gorputza, garatzen denean landarea emateko gai dena.

Espora Edit

Egilea: Isabel Salcedo

ESPORA

Jatorri asexuala zein sexuala izan dezakeen sakabanatze-unitatea edo diaspora da, hozituz gero indibiduo berri bat garatuko duena. Orokorki, zelula bakarrekoa izaten da, eta, batzuetan, jarkikorra; hala, bere bideragarritasuna areagotzen du. Esporak askotarikoak dira formaz eta tamainaz, eta, oro har, talde baten ñabarduratzat hartzen dira.

grafikoak1

Barrengorriaren (Agaricus bisporus) esporen argazkia, ekorketazko mikroskopiko elektronikoz egina. Esporak eta basidioak espora bi kimatzen ageri dira (iturria: Dartmouth Electron Microscope Facility, Dartmouth College)

Esporen berezitasun zelularra eta fisiologikoa honela labur daiteke: edozein zelularen modura, organulu guztiak izaten dituzte, bakuoloak izan ezik, eta, oro har, erreserba ugari izaten dute metatuta. Bestalde, ur-eduki txikikoak dira, horrela, ez-aktibo edo ia sor mantentzen baitira baldintza faboragarriak topatu arte, eta une horretan hozitzen dira.

Esporaren funtzio garrantzitsuena eremu berriak kolonizatzea da, hau da, dispertsiorako unitatea izatea; alabaina, horrez gain, espeziea bizirik iraunaraztea ere bada esporaren funtzioa.

Espora-motak

Bi espora-mota daude, jatorriaren arabera: bata mitospora da, mitosiaren ostekoa, eta, beraz, amaren ondare genetiko bera eta amarekiko aldaketa gutxi izaten ditu. Hori dela eta, landareen eta onddoen munduan mitospora haploide, diploide edo dikariotikoak topa daitezke; bigarren espora-mota meiospora da; beti meiosiaren ostean garatzen denez, bere dotazioa haploidea izaten da, eta populazioan aldaketak eragin ditzake.

Landare eta onddo primitiboek, jatorriz ingurune urtarrekoak izan ohi direnez, espora higikorrak izaten dituzte, hots, zoosporak. Flagelo-kopuru eta kokapen bera izaten dute talde barnean, baina aldatu egiten da talde batetik bestera. Flageloari, zelularen aurreko aldean dagoenean, akrokonto deritzo, atzean dagoenean, opistokonto, eta alde batean dagoenean, pleurokonto. Flagelo bat baino gehiago dagoenean, eta euren izaera kontuan harturik, isokontoak (berdinak) edo heterokontoak (bi motatakoak) izan daitezke. Hala ere, bizidunek lehorra kolonizatu zuten heinean, euren esporak mugiezin bihurtu ziren. Espora horiei aplanospora deritze, eta gaur egun ekosistema lehortarretan bizi diren bizidunen espora hedatuenak dira. Espora pareta lodi batez hornituta egoten da maiz.

Esporen garapena eta dispertsioa

Esporak ekoizten dituen egiturari esporangio deritzo. Gehienetan, egitura horren edukitik, konpartimentuetan zatitu ondoren, sortzen dira esporak, hau da, endogenoki garatzen dira, eta, esporangioaren pareta zabaldu edo kenduz gero, esporak aske geratzen dira. Onddo batzuetan, berriz, esporak gemazio jarraituez garatzen dira, hau da, exogenoki, eta ekoizten diren esporei konidio deritze.

grafikoak2

Iratze baten esporangioak sorotan antolatuta (iturria: Umberto Salvagnin)

Zoosporak barreiatzeko ura bera bektorea den bezala, bizidun lurtarretan, espora askok haizea erabiltzen dute hedatzeko. Kasu horietan, esporak kopuru handietan ekoizten dira. Dena den, zenbait espezietan, mekanismoak askoz ere espezializatuagoak bilakatu dira. Horrela, espezie batzuek berezko propultsio-mekanismoak garatu dituzte, Pilobolus generoko onddo koprofiloek, adibidez. Landareen bizkarroi diren zenbait onddo-espezietan, berriz, artropodoek egiten dute bitartekari-lana, hala nola zumarraren heriotza eragiten duen Ophiostoma ulmi espeziean. Onddo saprofito lignikola batzuek liztorren errunaldiak aprobetxatzen dituzte esporak barreiatzeko. Honela, Amylostereum areolatum basidiomikotoa Sirex noctilio liztorraz baliatzen da. Azken horiek mekanismo oso bereziak dira, eta bi bizidunen koeboluzio estua adierazten dute.

Esporak onddo, alga, goroldio eta iratzeen sakabanatze-elementu eraginkorrak diren modura, hazidun landareetan hazia eta, batzuetan, fruitua bera izango da diasporaren funtzioa beteko duena.