equinodermo

1. Zool.

Zenbait animalia zelomatu itsastarrez esaten da. Larba-aldian aldebiko simetria dute eta heldu-aldian erradiala. Karekizko endoeskeletoa eta elikadura, arnasketa eta lokomoziorako balio duen ur-sistema baskularra dute Itsas izarrak, holoturiak eta abar biltzen dituen Echinodermata filuma osatzen dute.

1. Zool.
Zenbait animalia zelomatu itsastarrez esaten da. Larba-aldian aldebiko simetria dute eta heldu-aldian erradiala. Karekizko endoeskeletoa eta elikadura, arnasketa eta lokomoziorako balio duen ur-sistema baskularra dute Itsas izarrak, holoturiak eta abar biltzen dituen Echinodermata filuma osatzen dute.

Ekinodermatua Edit

Egilea: Egoitz Salsamendi

EKINODERMATUA

Egun, ekinodermatuen filumaren barruan bost klase bereizten dira.

  • Krinoidea klasea (itsas liliak): kopa- edo kaliz-itxurako animaliak izaten dira, substratuari pedunkulu baten bidez loturik daudenak. Ahoa gorantz begira dago eta beso ugariz inguratua egoten da. 600 espezietik gora ezagutzen dira.  

  • Asteroidea klasea (itsas izarrak): izar-itxurako animaliak izaten dira eta disko zentraletik ateratzen diren bost beso edo gehiago izan ditzakete. Substratuaren gainean aske mugi daitezke. Ahoa bentralki kokatzen da, substratuan dauden elikagaiak irensteko. 1.500 espezie inguru ezagutzen dira.

  • Ofiuroidea klasea (ofiurak): talde honetako animaliek ere izar-itxura dute, baina kasu honetan besoak are nabarmenagoak eta mugikortasun handiagokoak izaten dira. Ahoa bentralki kokatzen da, eta ez dute uzkirik (zaku-ereduko digestio-aparatua dute). 2.000 espezie inguru ezagutzen dira.  

  • Ekinoidea klasea (itsas trikuak): animalia hauek gorputz globularra izaten dute eta substratuaren gainean aske mugi daitezke. Eskuarki, gorputza karekizko arantza  ugari eta sendoz estalia izaten dute. 1.000 espezie inguru ezagutzen dira.

  • Holoturioidea klasea (itsas luzokerrak): gorpuzkera luze eta mamitsuko animaliak dira, eta eskeleto endodermikoa oso murriztua dute. Substratuaren gainean herrestan ibiltzen dira. 1.200 espezie inguru ezagutzen dira.   

Ekinodermatuek ez dute gorputz-segmenturik, eta animalia enterozelomatuak dira, hau da, arkenteronetik eratorritako endomesodermoa dute. Zelomak gorputz-barrunbearen gehiengoa hartzen du eta zabala eta konplexua izaten da. Bertatik aparteko sistema hidrauliko bat eratortzen da, sistema anbulakrala, poro baten bidez (madreporitoa) itsas urarekin komunikatzen dena. Honek arnasketan, sentimen-harreran, garraioan eta higiduran parte hartzen du. Sistema anbulakrala oinetan zehar luzatzen da kanal batzuen bidez (kanal anbulakralak). Kanal anbulakralek, animaliaren endoeskeletoan zeharreko poroetatik luzatzen diren hodiak dituzte, eta hauek, sistema anbulakralean dagoen fluidoaren mugimenduari esker, luzatu edo uzkurtu egiten dira. Krinoideoetan, oin anbulakral hauen mugimenduek harrapaturiko elikagai-partikulak ahoraino bultzatzen dituzte. Gainerako taldeetan, berriz, oin hauen mugimenduak animalia substratuaren gainean mugiarazten dute.

Ekinodermatuek, mesodermotik eratorritako eta plakez osatutako karekizko endoeskeleto bat dute, taldeen arabera gehiago edo gutxiago garatua egongo dena. Egitura honen funtzioa animaliaren gorputzari eustearena da. Endoeskeletoa osatzen duten plaka hauek ez daude elkar josiak, eta ehunen bidez lotzen dira elkarren artean. Horregatik, animalia hiltzen denean eta ehunak desagertzean, plaka hauek banandu egiten dira. Hori dela eta, oso zaila izaten da erregistro fosilean animalia oso bat topatzea.

Kasu gehienetan, hodi-itxurako digestio-aparatu bat izaten dute, ofiuroideoetan izan ezik, hauetan ez baitago ez uzkirik ez eta hesterik ere. Ekinodermatuek elikatzeko estrategia anitz erabiltzen dituzte. Krinoideoak, eskuarki, esekiduran dagoen elikagaia harrapatuz bazkatzen dira; itsas izar eta ofiura gehienak harrapari oportunistak dira; itsas trikuak orokorrean herbiboroak izaten dira.

Nerbio-sistema barreiatua eta zentralizatu gabea da, eta digestio-hodiaren inguruan kokaturik dauden hiru nerbio-eraztunez dago osatua, eta hauetatik nerbio periferiko erradialak sortzen dira.

Sexuak orokorrean bereiziak daude. Hainbat ekinodermatuk irekigune anitz izaten dituzte gorputzean zehar, eta hauetatik arrautzak eta esperma itsasora askatzen direla, ugalketa kanpoan ematen da. Itsas izar batzuek asexualki ugaltzeko gaitasuna dute, eta oraindik gazteak diren bitartean, beren gorputza bitan zatitu eta zati bakoitzetik animalia oso bat garatzen dute. Honetaz gain, ekinodermatu batzuek galdutako gorputz-zatiak birsortzeko aparteko gaitasuna erakusten dute.

Ekinodermatuek alde biko simetria zuten animalia-talde batetik eboluzionatu zuten. Ekinodermatuen larbek oraindik ere alde biko simetria dute. Garapenak aurrera jarraitzen duen moduan, larbaren gorputzaren ezkerreko zatia hazten doa eredu pentarradial bat jarraituz, eta eskuineko zatia, aldiz, absorbatu egiten da. Azkenik, animaliaren gorputza bost zatitan berrantolatzen da, ardatz zentral baten inguruan. Holoturiek alde biko simetria sekundarioki garatu dute.

Ekinodermatuak globalki banatuak daude sakonera, latitude eta ingurumen orotan. Koral-arrezifeetan erakusten dute dibertsitaterik handiena, baina poloetan ere aurki ditzakegu, bai eta itsasoaren sakonera handienetan ere.