engranaje
- 1. Teknol. Mek.
- 1. Teknol. Mek.
- Gurpil horzdunez osatutako mekanismoa, higidura ardatz batetik beste ardatz batera transmititzeko balio duena. Gurpil baten hortzak beste gurpilaren hortzen arteko hutsuneetan sartzen dira; lehenengo gurpilak, biratzean, bigarren gurpila arrastatu eta birarazi egiten du.
Engranajea Edit
Egilea: Elhuyar
Engranajerik arruntenak zilindrikoak dira, eta ardatzak paraleloak dira. Halakoetan, gurpilen higidura bata bestearen kontra jarritako hortzik gabeko bi gurpilen higidura bezalakoa da: gurpil batek, marruskaduraz, beste gurpila birarazten du. Horrelako gurpilen ukitze-gainazala engranajeko gurpil horzdunen batezbesteko altuerari dagokio, eta hari dagokion zirkunferentziari jatorrizko zirkunferentzia deritzo. Engranajeko bi gurpilen bira-kopurua jatorrizko diametroaren araberakoa da, eta hortz-kopuruarekiko alderantziz proportzionala da. Adibidez, lehenengo gurpilak bigarrenak baino lau aldiz hortz gutxiago baditu, hark baino lau aldiz azkarrago biratuko da. Engranajeko bi gurpilen artean tamaina-diferentzia handia dagoenean, gurpil txikiari piñoi deritzo.
Engranaje zilindrikoetan hortzak ardatzarekiko paraleloak dira. Zaratatsuak dira, hortzen arteko ukipena hortzaren oinarritik gailurrera pasatzen baita, eta bibrazioak sortzen dira. Hortz zuzenen ordez hortz helikoidalak eginez gero, luzatu egiten da hortzen arteko ukipena, eta zarata nabarmen murrizten da.
Ardatzak paraleloak ez eta konbergenteak direnean, engranaje konikoak erabiltzen dira; haien hortzek ardatzak elkartuko liratekeen puntutik pasatzen diren sortzaileen norabidea dute.
Engranaje arruntak burdinurtuzkoak edo altzairuzkoak izaten dira, eta hortzak fresatzeko makina automatiko bereziekin taillatzen dira. Engranaje isilak behar direnean, beste material batzuk erabiltzen dira, hala nola nylona, zuntzak eta abar.