dorsal

1. Anat.

Bizkarraldekoa; bizkarrari edo bizkarraldeari dagokiona (bereziki [pl.] bizkarreko zenbait muskulu).


2. Geol.
sin. dorsal oceánica, dorsal centrooceánica

Ozeanoetako plaken arteko muga dibergenteetan garatzen den egitura topografikoki goratua. Ozeano-gandorrek eremu goratu ia jarraitua osatzen dute, gutxi gorabehera 60.000 km-ko luzerarekin, 1.000 eta 3.000 km bitarteko zabalerarekin eta arro ozeanikoetako lautada abisalarekiko bataz beste 2,5 km-ko garaierarekin. Sarritan, gandor erdi-ozeanikoa deritzo, baina ozeano guztietan hedatzen den egitura denez, benetan arro ozeanikoaren erdian aurkitzen den bakarra Atlantikoko ozeano-gandorra da.

Ozeano-gandorren kokapena
Ozeano-gandorren kokapena

3. Meteorol.
sin. dorsal de alta presión

Ingurukoarekin alderatuz presio altua duen atmosferako eremua. Mapa sinoptikotan ia paralelo diren isobaren bidez adierazten da, U-forma hartzen du eta oinarria antizikloira begira izan ohi du.


2. Geol.
Ozeanoetako plaken arteko muga dibergenteetan garatzen den egitura topografikoki goratua. Ozeano-gandorrek eremu goratu ia jarraitua osatzen dute, gutxi gorabehera 60.000 km-ko luzerarekin, 1.000 eta 3.000 km bitarteko zabalerarekin eta arro ozeanikoetako lautada abisalarekiko bataz beste 2,5 km-ko garaierarekin. Sarritan, gandor erdi-ozeanikoa deritzo, baina ozeano guztietan hedatzen den egitura denez, benetan arro ozeanikoaren erdian aurkitzen den bakarra Atlantikoko ozeano-gandorra da.

Ozeano-gandorra Edit

Egilea: Arturo Apraiz

OZEANO-GANDORRA

Lurraren azaleko mendikaterik luzeena eta jarduera bolkanikoa duen eremurik aktiboena da. 60.000 km-tik gorako luzera du, zatirik handiena ur azpian dago eta egitura jarraitua sortzen du ozeano guztietan zehar. Gune horretan dago prozesu magmatikoen bidez lurrazal ozeanikoa sortzen duen plaken arteko muga dibergentea, eta, beraz, ozeano-zabalkuntzaren eragile nagusia da.

grafikoak1

Ozeano-gandorren kokapena (iturria: Arturo Apraiz, Plaka-tektonika, UEU 2005)

Morfologia

Ozeano-gandorrak lurralde goratuak dira topografikoki, 1.000 eta 3.000 km bitarteko zabalera dute, eta 2,5 km-ko garaiera, batez beste, arro ozeanikoetako lautada abisalekiko. Sarritan, ozeano erdiko gandor deitzen zaie; baina, ozeano guztietan zehar hedatzen den egitura izan arren, benetan arro ozeanikoaren erdian dagoen bakarra Atlantikoko ozeano-gandorra da. Ozeano Atlantikoan, gandorra ozeanoaren erdian dago, ertzetan orain arte ez delako subdukzio-eremurik garatu; aldiz, beste ozeanoetan —subdukzio-eremuak badituztenetan, alegia—, ozeano-gandorraren jatorrizko kokapena aldatu egin da subdukzioaren eraginez.

Ozeano-gandorretako egitura nagusiak faila normalak dira; gandorraren gailurrean,  ardatzean, graben baten egitura duen eremu hondoratu estu bat garatzen dute (ikus hurrengo irudia). Faila normalak bat datoz estentsio-indarrekin, hau da, gandorren ardatzarekiko perpendikular dauden eta plaken mugimendu erlatiboarekiko paraleloak diren indarrekin. Eremu horretako sismizitatea faila horiekin lotuta dago, eta sakonera gutxiko eta, normalean, indar txikiko lurrikarak sortzen dituzte.

grafikoak2

Muga dibergentea

Ozeanoen zabalkuntza-eremua

Ozeano-gandorren azpian, astenosfera ohi baino gertuago dago azaletik; horrek esan nahi du sakonera jakin batean tenperatura ohikoa baino handiagoa dela. Astenosfera igotzearen ondorioz, peridotitek deskonpresioa jasaten dute, eta fusio partziala gertatzen da. Peridotiten fusio partzialaren bidez sortzen diren magma basaltikoak ozeano-gandorren gailurretik isurtzen dira, alde batera eta bestera, eta lurrazal ozeaniko berria eratzen dute. Hori dela eta, lurrazal ozeanikoa zenbat eta urrunago egon gandorretik, orduan eta zaharragoa izango da.

Egindako neurketen arabera, urtean zehar, batez beste, 20 erupzio bolkaniko berri gertatzen dira ozeano-gandorretan. Horietan, 2,5 km2-ko zabalerako lurrazal ozeaniko berria sortzen da, hau da, urtero 4 km3 lurrazal ozeaniko berri.

Ozeanoen zabalkuntza-prozesua gidatzen duten indarrak gandorretako bultzada-indarrak (ridge-push) eta ezpalen tiratze-indarrak (slab-pull) dira. Gandorretako bultzada-indarra gandorren inguruko tenperatura-aldaketa horizontalen ondorio da, eta litosfera ozeanikoak adinarekin jasaten duen hozte- eta loditze-prozesuek azaltzen dute plaken ozeano-gandorretatik urruntzeko joera. Ezpalen tiratze-indarra, aldiz, subdukzio-eremuetan hondoratutako litosfera ozeanikoak atzetik duen plaka-zatiaren gain eragiten duen indarra da. Iraganean, ordea, oso hedatuta egon zen ozeano-gandorren azpian mantuko konbekzio-korronte gorakorrak kokatzen zirela eta haiek plaken banaketa eragiten zutela adierazten zuen eredua. Gaur egun, eredua alboratuta dago, ezin izan baita aurkitu konbekzio-korronte gorakorren frogarik.

Sailkapena

Ozeano-gandorrak hiru multzotan sailkatzen dira zabalkuntza-abiaduraren arabera. Zabalkuntza-abiadura moteleko gandorrak (1-5 cm/u) Ozeano Atlantikoan eta Indiako ozeanoan daude; zabalkuntza-abiadura ertainekoak (5-9 cm/u), Ozeano Barearen hegoaldean eta ekialdean; eta zabalkuntza-abiadura azkarrekoak (9-18 cm/u), Ozeano Bareko plakaren ekialdeko mugan. Multzo bakoitzeko gandorren artean, ezberdintasun nabarmenak daude topografian, arroken banaketan zein egituran. Era berean, anomalia grabimetrikoen eta magnetismoaren eredu propioak dituzte, bai eta egitura sismiko eta bero-fluxuaren banaketa bereziak ere.