construcción

1. Eraik.
sin. edificio

Oro har, eraikitako obra, eraikitzearen ondorioa; bereziki, material erresistenteekin egindako eraikuntza-obra, batez ere etxebizitza eta antzeko beste erabilera batzuetarako izaten dena, hala nola jauregi, antzoki, lantegi eta abarretarako.


2. Eraik.
sin. edificación

Eraikitzeko artea eta teknika. Arkitekturaren barnean materialen konbinazioaz eta erabileraz arduratzen den alorra da.

Joniar ordenako harrizko koloma
Joniar ordenako harrizko koloma

3. Mat.

Konpasa eta erregela erabiliz, eta eragiketa-kopuru finitu bat eginez, irudi geometriko bat zentzu klasikoan zehazki egitea.


2. Eraik.
Eraikitzeko artea eta teknika. Arkitekturaren barnean materialen konbinazioaz eta erabileraz arduratzen den alorra da.

Eraikuntza Edit

Egilea: Unai Fernandez de Betoño

ERAIKUNTZA

Eraikinak egikaritzean mahaigaineratzen diren arazoen aurrean ebazpen tekniko egokienak bilatzen ditu eraikuntzak, zientzia askoren ezaupideak erabiliz, hala nola matematika, fisika edota kimikarenak. Arkitekturako planoetako marra bakoitzaren atzean errealitatean hezurmamitu behar den eraikuntzako elementu bat dago, material jakin batez osatua, eta sistema konplexuago baten osagai dena. Era bertsuan, eraikinaren eraikuntza-sistema guztiak elkarrekin erlazionatuak daude, eta osotasun gisa hartu behar dira elkarren menpekotasuna kontuan hartuz, arkitekturaren kontzeptu integrala ebatzi aldera. Halaber, eraikuntza arkitekturaren euskarri gorpuzduna izaki, mundu fisikoarekin harreman zuzenean dago, eta, sendotasuna lortuko badu, ezinbestekoa du diziplinaren berezko arau eta teknikak jarraitzea

Materialak

Eraikinak eta objektuak sortzeko gizakiak erabil dezakeen substantzia edo materia fisikoa dugu materiala, eraikuntzaren testuinguruan behinik behin. Giza historiarekin hain estuki lotuta dago, non garai batzuen izenak orduan erabilitako materialaren araberakoak baitira, Harri Aroa,  Brontze Aroa eta Burdin Aroa, kasu.

Egungo eraikitze-prozesuak material guztien manipulazio fisikoren bat eskatzen badu ere, arkitekturan erabiltzen diren materialak jatorriaren araberako bi familia nagusitan sailka daitezke, hots, naturalak eta artifizialak. Alde batetik, naturan eskuratu bezala erabiltzen dira material naturalak, behar diren gutxieneko moldaketekin. Haien artean, harri naturala, buztina, zura, eta itsasgarri, zuntz eta pigmentu jakin batzuk kontuan har ditzakegu. Bestalde, material artifizialak lehengaien lantze- eta eraldatze-prozesu industrialen bitartez lortutakoak dira. Haien artean, harri artifizialak, metalak, polimeroak, ehunak edota betun eraldatuak ditugu erabilienak. Oinarrizko materialen ohiko sailkapenek harri naturalak jorratzen dituzte lehenik; ondoren, zeramikak eta konglomeratuak, artifizialak alegia; azkenik, metalak eta zurak.

Harri naturalak

Harriak material garrantzitsuak dira arkitekturan. Harrobietatik erauzten dira, gero moztu, landu eta leuntzeko. Esanguratsuenak granitoak, kareharriak, marmolak, hareharriak eta arbelak ditugu. Historian zehar eraikinen egituretan oso erabiliak izan badira ere —harlangaitz zein harlandu moduan—, gaur egun itxituretan akabera gisa egokitzen dira eskuarki. Alabaina, harea edo legar gisa ere baliatzen dituzte hormigoi eta morteroak ekoizteko; agregatu deritze orduan.

grafikoak1

Joniar ordenako harrizko koloma

Harri artifizialak

Bi multzo handik osatzen dute harri artifizialen familia, hau da, errekuntza zuzenaren emaitzaz lortutakoak —material zeramikoak—, eta konglomeratuak, elaborazioan konglomeratzaile baten beharra dutenak, alegia.

Material zeramikoak

Buztina zenbait tenperaturatan berotuz sortzen dira zeramikak. Geometria, trinkotasun eta bestelako ezaugarrien arabera, zeramika-mota anitz dago. Pikor lodia eta opakua dutenak zeramika porotsuak dira; ezagunenak adreiluak, teilak eta baldosa eta bloke zeramikoak dira. Pikor mehea eta iragazgaiztasun txikia dutenak zeramika erditrinkoak dira; ohikoena gresa da. Iragazgaiztezinak eta zeharrargiak, zeramika trinkoak, toska eta portzelana kasu. Azkenik, zeramika erabat gardena, gogorra eta hauskorra dago: beira.

grafikoak2

Adreiluzko horma Erromako Domus Augustanan

Konglomeratuak

Hotzean lortutako harri artifizialak dira konglomeratuak, produktu birrinduei ura gehituz kohesionatzen direnak. Horretarako, material konglomeratzaile bat behar dute —zementua, igeltsua eta karea dira arruntenak—, itsasgarri gisa funtzionatzen duena. Horrenbestez, konglomeratua ekoizteko, agregatuak, ura eta konglomeratzailea premiazkoak dira. Egunerokoenak eraikuntzan pastak, morteroak eta hormigoiak ditugu, eraikuntza-elementu ugarien funtsezko osagaiak, esaterako, habe, habexka, lauza edota kutxatilenak.

grafikoak3

Ageriko hormigoizko horma

Metalak

Eraikinen egiturak gauzatzeko baliatzen diren metalak siderurgikoak deiturikoak dira gehienbat, hau da, burdina osagai nagusi dutenak. Behinola burdina hutsa egitura gisa erabiltzen zen arren, gutxitan erabiltzen da gaur egungo eraikuntzan, burdinerietan, hesietan edo apaingarri gisa ez bada, biguna eta hauskorra delako. Altzairua usatzen da haren ordez.

Altzairua

Burdina eta karbonoaren aleazioak, dela konpresioz dela trakzioz, etekin ona du. Industrializazioak ijezketaz ekoizten diren altzairuzko elementuen nagusitasuna sustatu du, hala nola egitura-profil, alanbre, burdin haga edota xaflena. Kanpoaldean altzairu herdoilezinak sarri ezartzen dira, korrosioaren aurrean portaera hobea dute eta.

grafikoak4

Altzairuzko egitura

Bestelako metalak

Siderurgikoak ez diren metalen artean aluminioa, kobrea eta zinka ditugu erabilienak eraikuntzan; hurrenez hurren, arotzerian, hoditerian eta estalkietan ezarri ohi dira. Beruna instalatzeko ohitura galdu da, toxikotasun-arazoak zirela eta.

Zurak

Gizakiak arkitekturaren hastapenetatik erabili izan ditu zurak, zuhaitzak lehengaien hurbileko iturri eskuragarri izaki. Zuraren ezaugarriak asko aldatzen dira zuhaitz-mota batetik bestera. Haren erresistentzia zuntzen norabidearen arabera ere bestelakoa da: trakzio- eta konpresio-indarrei askoz hobeto eusten die zuntzen norabide paraleloan. Egurraren hiru produktu nagusi bereiz daitezke, hots, zur zerratua, oholak eta zur laminatua. Zerratua edo trinkoa —zur natural ere baderitzo— zuhaitzen enborretatik ateratako piezek osatzen dute; urritasun- eta iraunkortasun-kontuengatik, gero eta bakanagoa da eraikuntzan. Zurezko oholak, arrunki luzeak eta zabalak, enbor bakarretik edota anitzetatik eskuratutako egurraz sortuak dira. Azkenik, laminatua zurezko xafla luzeak kolatuz eta prentsatuz lortzen da, zuntzak norabide berean ezarriz. Egiturak egiteko baino ez da erabiltzen, eta hezetasuna ondo jasaten du; ondorioz, kanpoaldean ere ezar daiteke.

grafikoak5

Eliza errumaniar bateko zurezko itxitura mihiztatua (iturria: Bogdan Ilieş)

Bestelako materialak

Usadiozko sailkapen horretatik at geratzen da material garrantzitsu asko, besteak beste, polimeroak —plastomeroak eta elastomeroak—, margoak eta betunak. Lehenik, molekula organikoak kimikoki eraldatuz sortzen dira polimeroak; azken urteotan gorakada handia jasan duten material artifizialak dira. Margoak eraikuntza-elementuen estaldura gisa baliatzen dira, akabera koloreduna emateko, baita babesgarria eskaintzeko ere. Azkenik, material bituminosoak asfalto, betun, brea edo alkaternak dituzten produktuak dira, oso erabiliak iragazgaizteko batik bat.

Elementuak

Eraikuntza-sistema baten barneko zati bereizgarriari esaten zaio eraikuntzako elementua. Material bakarraz ala anitzez osatua egon daiteke; pieza batez ala batzuez. Adibidez, zapata zimendatze-sistemaren barneko elementu ohikoena dugu. Halaber, ondoz ondoko bi elementuen arteko zatiari juntura deritzo; hutsa ala betea egon daiteke. Eraikuntza-elementuak elkarrekin konbinatuz lotzen dira, material bakoitzak eskatzen dituen ezaugarri teknikoei jarraiki, kontuan izanik mihiztaduraren emaitzak solidario eta iraunkorra izan beharra daukala, alegia, jarraitutasun fisiko eta mekanikoa lortu behar duela. Eraikuntzako elementu orok xede jakin bat du sistema edo azpisistema baten barnean, eta haren arabera zehaztuko dira elementuaren materiala, forma eta erresistentzia.

Sistemak

Eraikuntza-elementuen multzotzat ulertzen dira eraikuntzako sistemak. Ondo uztartuak eta koordinatuak, eraikinen betebeharrak ebazten laguntzen dute. Eraikinaren oinarri arkitektonikoa zatiezina bada ere —eraikuntzaren kontzeptu integrala—, funtsezko eraikuntza-sistemen azterketa banatua baliozkoa da eraikuntzaren osotasuna ulertze aldera.

Egitura

Eraikinaren egonkortasuna eta erabiltzaileen segurtasuna helburu duten eraikuntza-elementuen multzoa da egitura. Funtzionaltasuna, erresistentzia eta ekonomia dira, beraz, egituraren diseinuan nagusi diren ezaugarri baldintzatzaileak. Behinola senean eta enpirismoan oinarritzen bazen ere, Pizkundeaz gero, zientzia –estatika, gehienbat— du funts nagusi egituren kalkuluak. Horrenbestez, egituren diseinua eta portaera kanpoko eta barneko akzio guztiek mugatzen dute —direla ekintza grabitatorio, termiko, erreologiko eta sismikoak, direla haizearen eta lurzoruaren ekintzek—, baita haien osagaien deformazio eta indar-eskaerek ere. Ezaugarriok kontuan izanik, lur azpiko zein lur gaineko egiturak eraikinaren oreka eta egonkortasuna bermatzen du, zama guztiak lurzorura bideratuz.

grafikoak6

Egitura-sistemaren araberako zamen jaitsiera

Lur azpiko egitura

Eraikinaren euskarri gisa balio du lurrazalaren mailaren azpiko egiturak, zimenduek, alegia; eskuarki, hormigoizkoa izaten da. Eraikuntzek lurzoruaren jatorrizko egoera aldatzen dute, zimendatzearen xedea egoera berriaren berroreka lortzean baita. Ikerketa geoteknikoen laguntzaz, lur azpiko egitura lurzoruaren kondizioetara moldatzen da, haren tentsio onargarria gaindituko ez duen azaleko zimenduek —zapatak edo zimendu-lauzak—  edo sakonerakoa —zimendu-putzuak, piloteak edo mikropiloteak— proiektatuz eta gauzatuz.

Lur gaineko egitura

Lurgaineko egiturak karga guztiak zimenduei igorri behar dizkie, karga hilak (berezko pisua gehi karga iraunkorrak) zein gainkargak (karga aldakorrak). Zamen jaitsiera egokiak egitura-elementuen jarraitutasuna beharrezkoa du, indarren igorpena konpresioz, trakzioz ala flexioz izan. Prozesuok bi atal nagusitan banatzen dira, hots, lehen mailako egituran eta bigarren mailakoan. Azkenak erabilera-gainkargak eta kanpoko bultzadak lehen mailako egiturari transmititzen dizkio, hark zimenduei transmiti diezazkien. Bigarren mailako egiturari solairu-armazoi edo forjatu ere esaten zaio, eta bere eginkizunak ganoraz betetzeko, behar-beharrezkoak ditu erresistentzia, zurruntasuna eta monolitismoa. Bestalde, lehen mailako egitura nola osatua den, portikoduna (habez eta zutabez osatua) edo trinkoa (gangaz eta hormaz osatua) izan daiteke.

Itxitura

Espazio bizigarrien estaldura inguratzailea osatzen du itxiturak, haien geometria kanpotik zein barnetik zedarrituz. Itxituraren oinarrizko azpisistemak fatxadak eta estalkiak dira. Biek ala biek kanpoko eragileen aurrean —naturalak zein gizakiak berak eragindakoak izan— babestu eta isolatzeko gaitasuna eskaini behar dute, barneko espazioak zuzenki egokitzeko.

Fatxadak

Fatxadek eraikinen itxitura bertikala osatzen dute. Itxituraz gain, masan oinarritzen diren eusteko hormak ere izatea gerta daiteke, hau da, solairu-armazoiek haietan bermea ebaztea; orduan egitura-sistemaren azpisistematzat ere jo daitezke. Haatik, eraikuntzan altzairua eta hormigoia XX. mendearen hasieran indarrean ezarri zirenetik, ohikoagoa da fatxada itxi baino egiten ez duen geruza anitzeko orri arina izatea. Eraikuntza-soluzioa gorabehera, fatxadek hiru atal nagusi dituzte, hau da, oinarria edo zokaloa (giza eragileen oldar zuzenenak jasotzen dituena), erdiko zona (leiho-multzoak eta elementu irtenak —balkoiak, terrazak eta abar— jasotzen dituena) eta gailurra (erlaitzaren bitartez eraikinaren profila definitzen duena). Eraikinen lehen irudia da fatxada; ondorioz, haren konposizio formala eta bolumetrikoa garrantzi handikoa da.

Estalkiak

Goiko itxitura horizontala da estalkia, bereziki euritik eta eguzkitik babesteko diseinatzen dena. Horrez gain, estalkipeko zein estalki gaineko erabilerek ere baldintzatzen dute teilatuaren geometria. Estalki-tipoak bi familia nagusitan sailka daitezke, hots, estalki maldadunak eta lauak. Lehenek ura kanpora bideratzen dute aterkien moduan, eta erabiliagoak dira eremu euritsu eta elurtsuetan. Bigarrenek, berriz, ura edontzi baten antzera jaso eta hustubideetara zuzentzen dute; haien erabilera asko hedatu da azken hamarkadetan, material iragazgaitzen garapen eta hobekuntzarekin batera.

grafikoak7

Zurezko egitura duen estalki maldadun baten eraikuntza

Barneko banaketa

Eraikinaren osotasuna zenbait gelatan banatzen da arkitektura-proiektuak ezartzen duen beharren egitarauaren arabera. Horren ondoriozko espazioek, komunikatuak egoteaz gain, elkarrengandik babestuak ere egon behar dute. Hortaz, eraikinak horizontalki zatitzen dira, eta bertikalki geruzatu, jabe beraren espazioak konpartimentutan banatuz, edo jabe desberdinenak tarteko horma bidez elkarrengandik aldenduz.

Zatiketa-elementuak

Arkitektura-banaketa elementu bereizleen bitartez gauzatzen da, trenkada bidez kasu. Zatiketa-elementuok arinak baina gogorrak izan beharra daukate, iraunkorrak (tokian eraikitako igeltsero-lan hezea) zein berreskuragarriak (aurrefabrikatutako muntatze-lan lehorra) izan. Bi tokiren arteko pasagunea atearen eta haren arotziaren bidez ebazten da.

Komunikazio bertikala

Komunikazio bertikala, bai obrako elementu finkoek —eskailera eta arrapalek—, bai elementu mekaniko eta mugikorrek —igogailu eta eskailera automatikoek— ahalbidetzen dute. Eraikinen diseinu eta eraikuntzak bermatu behar du maila-aldaketa modu eroso, seguru eta azkarrean gainditu ahal izatea.

Akaberak

Barneko espazioetako zoladura, sabai eta pareten azken itxura ematen duen geruzari esaten zaio akabera; barne-banaketaren behin betiko testura eta kolorea ematen duen eraikuntza-azpisistema da. Ikusizko kalitatean eta erosotasunean eragin handikoak dira, eta erabiltzaileek eragindako ekintza mekaniko bizia jasaten dute, zola eta hormek, bederen.

Instalazioak

Eraikinen barne-giroaren konforta egokitzen eta bermatzen duen sistema da instalazioena, itxitura-, banaketa- eta akabera-sistemekin batera. Alabaina, azken horiek ez bezala, instalazioek beren betebeharrak modu aktiboan egiten dute,eta gero eta eragin handiagoa dute eraikuntzaren aurrekontuan. Orobat, geroago eta zailago gertatzen da pertsona bakar batek instalazio guztien berezitasun teknikoak menderatzea, eta ezinbesteko bihurtu da arkitektoen eta arloan arloko profesionalen arteko talde-lana, instalazioei dagokionez behinik behin.

Egokitzapen-instalazioak

Espazioak atontzeaz arduratzen dira egokitzapen-instalazioak, eta erosotasun termikoa, barne-giro osasuntsua eta argi-erosotasuna hornitzeko xedea dute. Haien artean garrantzitsuenak klimatizazioa —ohiko berokuntza zein aire girotua—, aireztapena —dela naturala, dela behartua— eta elektrizitatea —bai argiztapenerako, bai indarrerako— dira.

Instalazio hidraulikoak

Espazio bakoitzaren ur-hornidura eta ur zikinak jasotzeko eta husteko hodi eta aparatuen multzoa osatzen dute instalazio hidraulikoek. Ur-horniduraz iturgintza arduratzen da; ur-ebakuazioaz, aldiz, saneamendu-sarea.

Telekomunikazio-instalazioak

Barneko eta kanpoko komunikazioak ahalbidetzen dituzten hari eta aparatuen multzoa osatzen dute telekomunikazio-instalazioek. Telefonia eta informatikaren bitartez, gainera, instalazioek eraikin batzuen kontrol orokorra zuzendu dezakete, eraikin adimendunetan suertatzen den moduan.

Sutearen aurkako instalazioak

Suteen aurrean eraikinen segurtasuna egiaztatzen dute larrialdi horien aurkako instalazioek. Bi azpisistema nagusitan banatzen dira, alegia, detekzio- eta itzaltze-sistemetan. Lehenek alarma jotzen dute; bigarrenek, berriz, ura toki guztietara helarazten dute, modu automatikoan, ihinztagailuen bidez, zein eskuzkoan, tutu malgu edota su-itzalgailuen bitartez.

Teknikak

Eraikuntza-tekniken helburu nagusia eraikinen elementu eta sistema guztien arteko portaera solidarioa lortzea da, material bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanik. Arkitektura gauzatzeko erabiltzen diren teknikak materialen  hautaketaren araberakoak dira, hau da, materialen barne-logikari egokitzen zaizkio. Halaber, materialak nolabait manipulatu beharra dago eraikitze-prozesua aurrera eraman ahal izateko. Eraldatze hori da eraikuntza-tekniken funtsa. Material asko forma zehatzik gabe ailegatzen da obrara, likido, hauts edota pastak kasu; amorfoak diren materialok konformazio-tekniken bidez eraldatzen ditu eraikuntza-prozesuak. Beste material anitz forma definituaz iristen dira, eta eransketa- eta finkatze-tekniken bitartez ezartzen dira eraikuntza-elementu eta sistemak osatzeko.

Konformazioa

Material amorfoei forma ematen dien teknikari deritzo konformazioa. Eraikuntzan konformatu gabeko material ohikoenak zementua, hondarra, karea, igeltsua edota margoak dira, besteak beste. Materialok moldekatu, zabaldu edo jaurti egiten dira arkitekturaren eraikuntza osatzeko.

Moldekatzea

Molde edo enkofratu baten bidez material amorfo eta oretsuak konformatzeko teknika bolumetrikoa da moldekatzea. Milaka urteko eraikuntza-teknika da, buztinez egindako antigoaleko hormek edota erromatarren zementu-lanek baieztatzen diguten legez. Haatik, indarrean dirau gaur egun; horren lekukotasuna ematen dute hormigoizko egitura guztiek.

Zabaltzea eta jaurtitzea

Material amorfoak gainazal bati itsatsiz konformatzeko, aplikazio-teknikak erabiltzen dira, hau da, zabaltzea eta jaurtitzea. Horretarako, materiala —mortero, igeltsu edota margoa, kasu—, tresna baten bitartez, zanpatu egiten da euskarri baten kontra. Zabaltze-lanetan betidanik aritu izan diren igeltserotza- eta estukaritza-ogibideak tradizio handikoak badira ere, azken urteotan hormigoia eta poliuretanoa presioz jaurtitzeko teknika berriak ere hedatzen ari dira.

Eransketa

Material konformatuak modu erabat solidarioan pilatzeko teknikari esaten zaio eransketa edo adizioa. Eransten diren piezek indibidualtasuna galtzen dute eraikuntza-multzoaren mesedetan. Eransteko prozesuan, uraren erabileraren araberako bi multzo nagusi bereiz daitezke. Alde batetik, piezak eransteko ura darabilten teknikak ditugu tradizio handikoenak, igeltsero-lana ezagunena izaki; aglomeratzaile hidraulikoen bidez pieza txikiak erantsi ohi dira, adreiluak, blokeak, plaketak eta lauzak, batez ere. Bestalde, eransteko tekniken garapenak ekarri ditu urik gabeko aglomeratzaileak ere, eta haiek ezartzeko teknikak, hots, kolatzea —erretxina berezien bidez, batez ere— eta soldadura.

Finkatzea

Material konformatuak ukipen-puntu batzuen bidez eusteko teknikari deritzo finkatzea. Horretarako, torlojuak, iltzeak, takoak eta abar erabili ohi dira. Finkatzen diren piezek ez dute indibidualtasuna galtzen, eta berreskuragarriak dira. Geroz eta gehiago erabiltzen den teknika dugu finkatzearena, industrializazioak ekarritako panel aurrefabrikatuen garapena dela eta.