compostaje

1. Teknol.

Hondakin organikoak ingurune aerobioan eta modu kontrolatuan konpost bihurtzeko prozesua.

Aireztatutako metakako konpostajea
Aireztatutako metakako konpostajea

1. Teknol.
Hondakin organikoak ingurune aerobioan eta modu kontrolatuan konpost bihurtzeko prozesua.

Konpostajea Edit

Egilea: Maider Etxaide

KONPOSTAJEA

Konpostajea hiri-hondakin solidoen zatiki organikoa era kontrolatuan konpost izeneko material humiko egonkor bihurtzea da. Prozesu hau mikroorganismo aerobioek (bakterio, onddo eta aktinomizetoek) materia organikoa hartzituz egiten dute. Hartzidura-prozesuaren azken xedeak dira produktu higienikoa eskuratzea, bere C/N erlazioa 20 ingururaino txikitzea eta materiala homogeneizatzea. Prozesua errazteko eta konpostaren azken kalitatea hobetzeko, birrinketa eta baheketaren gisako lan mekanikoak ere gehitzen zaizkio hondakinen tratamendu-sistema honi. Konpostak lurzoruaren propietate fisiko-kimikoak hobetzen ditu, eta bere jarduera biologikoa areagotzen du. Hori dela eta, lurzoruaren egitura hobetzen eta erosioa murrizten laguntzen duen lurzoruaren elikagai ezin hobea dela esan daiteke.

Konpostaje-prozesua

Prozesuan gertatzen den tenperaturaren eboluzioari begiratzen bazaio, lau fasetan bana daiteke:

  • Hasierakoa edo mesolitikoa: materialak giro-tenperaturan daude, eta mikroorganismo mesofilikoak ugaritzen dira. Haien jarduera metabolikoaren ondorioz, tenperatura bat-batean handitzen da (25 °C-tik 50 °C-raino igo daiteke egun bakar batean), eta pH-a jaisten duten azido organikoak sortzen dira. 2-5 egun irauten du.

  • Termofiliko edo abiadura handikoa : prozesuaren tenperaturarik altuenera (55 °C eta 70 °C bitartekoa) iristen den fasea dugu hau. 40 °C-ko tenperatura erdiesten denean, mikroorganismo termofilek nitrogenoa amoniako bihurtzen dute, eta, horren ondorioz, pH-a alkalino bihurtzen da. Tenperatura 60 °C-ra iristen denean, onddo termofiloak desagertzen dira, eta bakterio esporigenoak zein aktinomizetoak agertzen dira. Bakterio horiek argizariak, zelulosak eta proteinak deskonposatzen dituzte. Fase honetan gertatzen da C/N erlazioaren txikitzea, oso azkar degradatzen den materia organikoa kontsumitzen baita. Halaber, hondakinen higienizazioa gertatzen da, eta horretarako materialen tenperaturak ez du 65 °C-tik behera jaitsi behar 5-7 egunean.

  • Hozketa-fasea: tenperatura 60 °C-tik behera jaisten denean, onddo termofiloak berragertzen dira, eta zelulosa areago deskonposatzen dute. 40 °C-tik behera, mesofiloek ere berrekiten diote lanari, eta, ondorioz, inguruaren pH-a apur bat jaisten da.

  • Umotze-fasea: zenbait hilabetez giro-tenperaturan egotea eskatzen du fase honek. Denboraldi honetan, humusaren bigarren mailako kondentsazio- eta polimerizazio-erreakzioak gertatzen dira.

Konpostaje-prozesua baldintzatzen duten faktoreak

Mikroorganismoek deskonposatze-jarduera egoki gauzatu dezaten, beharrezko dira tenperatura-, hezetasun- eta oxigenazio-baldintza optimoak.

Konpostajean parte hartzen duten faktoreak anitz eta konplexuak dira. Inguruak eta hondakinek dituzten ezaugarriek, batetik, eta hautatzen den konpostaje-teknikak, bestetik, baldintzatzen ditu. Faktore nagusiak hauek dira:

  • Tenperatura: 35-55 °C bitarteko tenperaturak optimotzat jo ohi dira, patogeno, parasito eta belar txarren haziak deuseztatu ahal izateko. Tenperatura handiegia denean, interesgarriak diren mikroorganismo asko hil egiten dira.

  • Hezetasuna: % 40-60-koa da konpostak ondo egiteko behar duen hezetasun-maila optimoa. Hortik gora, urak poro guztiak beteko ditu, prozesua anaerobiko bihurtuko da, eta materia organikoa usteldu egingo da. Hezetasuna txikiegia bada, berriz, mikroorganismoen jarduera mantsotzen da, eta, ondorioz, prozesua ere bai.

  • Ph-a: mikroorganismoen biziraupenean du eragina. Oro har, onddoentzako 5-8 bitarteko pH-a egokia da, baina bakterioek jasankortasun txikiagoa dute, 6-7,5 bitartekoa, alegia.

  • Oxigenoa: konpostajea prozesu aerobikoa da, eta, beraz, oxigenoaren presentzia ezinbestekoa da. Oxigenoaren kontzentrazioa material-motaren, egituraren, hezetasunaren, iraulketa-maiztasunaren eta aireztapen behartuaren erabileraren araberakoa da.

  • C/N erlazio orekatua: teorikoki, 25-35eko erlazioa egokia da, baina aldatu egingo da konpostaren lehengaien arabera. C/N erlazioa altua baldin bada, jarduera biologikoa mantsotu egiten da. Alderantzizkoak ez dio konpostaje-prozesuari eragiten, eta nitrogeno-soberakina amoniako moduan galtzen da. Konpost orekatua lortzeko, garrantzitsua da hondakin desberdinen hasieratiko nahasketa egokia egitea, C/N erlazio desberdina duten materialak erabiliz. Lastoa, hostoak, adarrak, zohikatza eta zerrautsa karbonotan aberats eta nitrogenotan txiroak dira, eta, ostera, landare gazteak, animalien gorotzak eta hiltegiko hondakinak karbonotan txiro eta nitrogenotan aberatsak dira.

Konpostaje-metodoak

Sailkapen baten arabera, bi konpostaje-mota daude: agitaziozkoa eta estatikoa. Lehenengoan, materialak noizean behin mugitu egiten dira produktu uniformeagoa lortzeko. Metodo estatikoan, hartzituko den materiala geldirik edukitzen da, eta airea pasarazten da materialean zehar.

Beste sailkapen-mota bat prozesuaren aldagaien kontrol-mailaren arabera egiten da. Bi mota leudeke: irekia eta itxia. Itxi deitzen zaie erreaktore baten barnean egiten diren sistema komertzial guztiei. Kostu handiagoa dute, baina azalera txikiagoa behar dute, eta epe laburragoan ekoizten dute konposta. Hiri-hondakinen kasuan, konpostaren balio komertzial eskasa dela eta, eskuarki sistema irekiak erabili ohi dira, baina prozesuan sortzen diren usain txarrak saihesteko inbertsio berriak egin behar izaten dituzte. Sistema irekietan ezagunenak hauek dira:

  • Ilarakako konpostajea: metodorik zaharrena da, materialak meta edo pilotan jarriz egiten dena. Materia organikoa 2,5-3 m-ko altuera eta oinarrian 7-9 m-ko zabalera duten lerrotan kokatzen da. Aireztapena eta materialen nahasketa materiala astean 1-3 bider irauliz egiten da.

  • Aireztatutako metakako konpostajea: konpostatu nahi den materiala aireztapen-hodien sistema baten gainean kokatzen da. Piloen altuera 2-2,5 metrokoa da. Usainak kontrolatzearren, eratu berri den metaren gainean bahetutako konpost-geruza bat ipintzen da maiz.

Gaur egun, metodo mistoak gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira. Metodo horien arabera, ilarak maiztasun batez iraultzeaz gain, tratamenduaren lehen fasean airea ziztatzen zaie, hartzidura-prozesua arintzeko.

grafikoak1

Aireztatutako metakako konpostajea

Konpostaje itxietan ezagunena hau da:

  • Fluxu bertikaleko erreaktorea: bertikalki konpartimentutan bereizita dauden silo moduko erreaktoreak dira. Solidoak gainaldetik sartzen dira, barneko gelak zeharkatzen dituzte, eta behealdetik irteten dira. Elikatzea jarraitua edo aldizkakoa izan daiteke, eta aireztapena paraleloan edo korrontearen aurkakoa izan daiteke.

grafikoak2

Fluxu bertikaleko erreaktorea