clima

1. Meteorol.

Epe luzean leku jakin bateko atmosferak izan duen batez besteko egoera eta garapenaren ezaugarri diren fenomeno meteorologikoen multzoa (tenperatura, presioa, haizeak, prezipitazioa, intsolazioa eta abar).

Koppenen munduko klimen mapa
Koppenen munduko klimen mapa

1. Meteorol.
Epe luzean leku jakin bateko atmosferak izan duen batez besteko egoera eta garapenaren ezaugarri diren fenomeno meteorologikoen multzoa (tenperatura, presioa, haizeak, prezipitazioa, intsolazioa eta abar).

Klima Edit

Egilea: Orbange Ormaetxea

KLIMA

Klima hitzaren jatorria grekoa da, eta "eguzki-izpien inklinazioa" esan nahi du; lehen sailkapen klimatikoak horren arabera egin ziren. Gaur egun, Lurraren edozein puntutako atmosferaren batez besteko egoera karakterizatzen duten fenomeno meteorologikoen multzo gisa ulertzen dugu klima. Egoera hori adierazteko epe luzeko ikerketa eta ikuspuntu sintetikoa behar dira. Horretarako, lehenik, aldagaien (presioa, tenperatura, hezetasuna…) batez besteko balioak erabiltzen dira; urteko eta hileko prezipitazioen batezbestekoa, eta eguneko eta urteko tenperaturen maximoak eta minimoak dira arruntenak. Baina oso esanguratsua da, orobat, horien aldakortasuna, magnitudeak zenbat aldentzen diren eta zenbat alden daitezkeen batezbestekotik eta zer maiztasunekin. Gainera, aldagai guztien konbinazioek egun eta toki bakoitzeko eguraldiaren berri ematen dute; eguraldi-mota horiek ere klima dira. Eta ez dira ahaztu behar gertakizun meteorologiko bereziak (haizeteak, ekaitzak, galernak, tornadoak…).

Lurraren atmosfera sistema fisiko ireki bat dela kontsideratzen da, hau da, hidrosfera, kriosfera, litosfera eta biosfera eremuek ere parte hartzen duten sistema baten espresio hautemana. Horren funtzionamendua erlazio energetikoetan oinarrituta dago. Horietatik garrantzitsuena erradiatutako energiaren jarduera da, Lurrera heltzean bero sentikor, bero sor, energia potentzial eta energia zinetiko bihurtzen dena. Energia-fluxu eta -bihurketa horrek determinatzen ditu atmosferaren egoerak eta ezaugarriak, zenbat eta nola igortzen edo hedatzen den atmosferara, atmosferatik eta atmosferan.

Klimaren osagaiak eta eragileak

Atmosferaren egoera neur daitezkeen magnitude fisiko batzuen bidez adierazten da: tenperatura, prezipitazioa, hezetasuna…; bai eta beha eta deskriba daitezkeen ezaugarri berezien bidez ere, hala nola hodeitza, lainotza edo haizearen noranzkoa. Oro har, guztiei aldagai atmosferiko deritze, eta toki batean denbora jarraitu batean izandako kondizio meteorologikoak adierazten dituzte, baita muturrekoak ere. Aldagai horien balio estatistikoen bidez azaltzen da klima, alegia, maiztasunaren, joeraren (batezbestekoa, mediana, moda) eta sakabanatzearen bidez (desbideratze estandarra, bariantza, aldakuntza-koefizientea).

Klima-jarduera aldi berean gertatzen diren zenbait eragileren ondorioa da. Jarraian azalduko ditugu.

Astronomikoak

Latitudearen eta Lurraren higiduren ondoriozkoak dira. Latitudearen araberakoak dira, esaterako, eguzki-izpien inklinazioa eta egunaren eta gauaren iraupenaren arteko aldea. Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen translazio-higidurak eta Eguzkitiko distantziak erabakitzen dituzte urtaroen arteko aldaketak. Translazio-higidura horretan, errotazio-ardatzaren inklinazioak ere aldeak sortzen ditu bi hemisferioetako urtaroen artean. Faktore horien arabera izandako erradiazioaren aldeak tenperaturak ere desberdinak izatea dakar berekin; tenperatura da, hain zuzen, klima-ezaugarrietan gehien erabiltzen den aldagaia.

Geografikoak

Erliebearen konfigurazioak eta eremua itsastarra edo kontinentala izateak aurreko eragileen ondorioak aldatzen dituzte. Erliebearen garaierak energia-transferentziei eta airearen higidura bertikalei lotutako gradiente bertikala eragiten du, eta, hala, aldeak gertatzen dira tenperaturari, hezetasunari eta prezipitazioei dagokienez. Baina mendia bera ere oztopo da airearen zirkulazioarentzat, eta hori ere klimen hedaduran eragina duen faktore bat da. Gainera, orientazio- eta topografia-aniztasunak tokiko aldaketak eragiten ditu: isurialde hezeak eta lehorrak (adibidez, Mendi Harritsuak), goi-lautadetako hotza eta lehortasuna (Boliviako goi-ordokia edo Tibet).

Ez da gauza bera eremu bat itsastarra, kontinentala edo bien artekoa izatea, ezaugarri horrek aldeak eragiten baititu latitude-geruza bereko balio klimatikoetan, eta, ondorioz, bertako klimetan. Bero-ahalmena kontuan izanda, uraren bero espezifikoa (1 cal/gr °C) lurzoruena edo harriena baino handiagoa da (harearena, 0,2 cal/ °C), eta, itsas higidurei esker, barneranzko garraioa errazagoa da. Gainera, lurrunketaren bidez atmosferara bero sorra igortzen denez (hau da, tenperatura igo gabe), aldaketa termikoak leunagoak dira, eta nabariak dira eremu itsastarrek kontinenteekin konparatuta dituzten aldeak hezetasunean eta hodeitzan. Kontinenteetan, berriz, aldaketa termikoak askoz ere bortitzagoak dira; izan ere, bero espezifikoa txikiagoa da, beroaren barneranzko garraiorako opakoa, eta bero sentikorra da, beraz, bero-energiaren igorle nagusia. Baina, bestetik, bero hori gauez errazago askatzen da espaziorantz. Itsasoaren hurbiltasunak muturreko tenperaturak leuntzen ditu, eta, urak epelak izanik, itsasoko haizeek hezetasun handiagoa ekartzen dute.

Itsaslaster hotzak ere oso garrantzitsuak dira. Oso klima idorra eragiten dute zona intertropikaleko toki batzuetan, esaterako, Afrikako eta Amerikako mendebaldeko kostaldeetan, iparraldean zein hegoaldean. Kaliforniako eta Kanarietako itsaslaster hotzak —Ipar Hemisferioan— eta Perukoa eta Bengalakoa —Hego Hemisferioan— ez dira, ordea, latitude polarretan sortzen. Zona intertropikalen mendebaldean sakonera handian zegoen ura azaleratzean sortzen da hotz hori; ezaugarri horrek egonkortasun atmosferikoa eta laino-ugaritasuna dakar, baina ez prezipitazioak ugaritzea. Beste itsaslaster batzuen eragina alderantzizkoa da: Golkoko itsaslasterrak eta Kuro Siwokoak —Ipar Hemisferioan— edo Brasildarrak eta Australiako ekialdekoak —Hego Hemisferioan— latitude horietan espero izatekoak diren tenperaturak baino altuagoak eragiten dituzte, batez ere, neguan.

Atmosferikoak

Atmosferaren ezaugarri kimiko eta fisikoak ere kontuan hartu behar dira. Osagaien kontzentrazio ezberdinak, higiduren eragileak, haizeak eta altuerako korronteak, aire-masak, fronte eta ekintzaguneen eragina ere hautematen dira toki bakoitzeko kliman.

Klimen sailkapena

Klimaren osagaien batuketa sistematikoa zenbait parametroren bitartez egin daiteke. Baina zaila da ezartzea zein izan behar duten irizpide orokorrak klimaren osagai esanguratsuak aukeratzeko eta nola konbinatu zehazteko. Sailkapen asko dago, baina enpirikoen artean ezagunena Koppenen sailkapena da. Lurreko klimen eskema adierazteko oso esanguratsua da, betiere kontuan izanik tokian tokiko berezitasunak daudela. Urteko eta hileko tenperatura- eta prezipitazio-balioen bitartez, bost klima-multzo zehazten dira, bakoitza bere azpisailkapenarekin:

  • A: klima intertropikal euritsuak. Hil guztietako batez besteko tenperatura 18 °C baino altuagoa da, ez dago negurik eta euriak ugariak dira.

    • Af. Oihan ekuatoriala: hil guztietako prezipitazioa > 60 mm.

    • Aw. Tropikala: urtaro lehor bat du, negua, eta hil lehorreneko prezipitazioa 100-R/25 baino gutxiago da (R: urteko batez besteko euri-kantitatea).

    • Am. Montzonikoa: hil lehorreneko prezipitazioa 60 mm baino gutxiago da, baina 100-R/25ren baliokidea edo gehiago.

  • B: klima lehorrak. Lurrunketa handiagoa da prezipitazioa baino, eta ez dago ur-soberakinik. Ur-beharra (e = 20*urteko batez besteko tenperatura + 490 – 7*neguko prezipitazioaren ehunekoa) > Urteko prezipitazioa (R)

    • BS. Estepa, klima erdiaridoa: e > R

    • BW. Basamortua, klima aridoa: e > 2R

      • k: urteko batez besteko tenperatura < 18 °C

      • h : urteko batez besteko tenperatura > 18 °C

  • C: klima epel eta hezeak. Urteko hil hotzeneko tenperatura 18 °C eta –3 °C artean dago, eta hil epeleneko batez besteko tenperatura 10 °C baino altuagoa da.

  • D: negu hotzeko klima epelak. Hil hotzeneko batez besteko tenperatura –3 °C baino baxuagoa da, eta hil epelenekoa, 10 °C baino altuagoa.

  • C/D:

    • f: neguko —U/A/A/U/O/M— prezipitazioen ehunekoa (NPE) % 30-70

    • w: NPE < % 30

    • s: NPE > % 70

    • a: hil beroena > 22 °C

    • b: 10-22 °C, 4 hilabetetan behintzat > 10 °C

    • c: 10-22 °C, 4 hilabetetan baino gutxiagotan > 10 °C

    • d: hil hotzena < –36 °C

    Csa/Csb: urtaro lehorreko klima subtropikalak, Cfa/Cwa: kontinenteen ekialdeko aurrealdeetakoak, Cfb/Cfc: ozeanikoak, Dfa/Dfb/Dwa/Dwb: kontinental hezeak , Dfc/Dfd/Dwc/Dwd: subartikoak.

  • E: klima polarrak. Ez dute urtaro epelik, eta batez besteko tenperaturak 10 °C baino baxuagoak dira.

    • ET: tundra. Hilen batean > 0 °C

    • EF: glaziala. ez dago > 0 °C tenperatura duen hilik

  • H: menditar klimak. Mendi-eskualde bakoitzeko klima latitude hartako eragileen araberakoa izaten da, gehienbat erradiazio-zikloari, erritmo termikoei eta, neurri handi batean, prezipitazioen erregimenari dagokienez.

grafikoak1

Koppenen munduko klimen mapa

Klima-motak

Lurraren mailan, multzo klimatikoek latitude-geruzari lotutako banaketa orokor zonal bat dute: geruza intertropikala, geruza epela eta geruza polarra. Baina horietako bakoitzean, ezaugarri geografikoak eta meteorologikoak direla eta, zenbait eskualde klimatiko bereizten dira.

Klima intertropikalak

Bi tropikoen artean behe-latitudeetako energia-balantzea positiboa denez, tenperatura altuak eta denboran homogeneoak dituzte.

Klima ekuatorialak (Af)

Ekuatoretik Ipar eta Hego hemisferioetarantz 10-15° luzatzen den ekuatore-askaren geruzarekin daude elkartuak. Tenperatura-uniformetasun handiko klimak dira: hileko batez bestekoak zein urtekoak 25 °C inguru izaten dira. Urtaroan zehar eta egunean zehar oso aldaketa txikiak gertatzen dira, besteak beste arrazoi hauengatik: gauak eta egunak ia iraupen bera dute, aire-masa polar hotzak ez dira inoiz iristen, airearen hezetasun handiak aldaketa termikoak murrizten ditu, hodeitza ugariak zeruko 5-6 okta betetzen ditu batez beste hilero. Haizeen konbergentziak eta konbekzioak eraginda, prezipitazioa beti ugaria da; urteko prezipitazio-kantitatea 2.000 mm-tik gorakoa izan daiteke, eta gehienak oso bortitzak izaten dira, kumuloninbo ahaltsuek sortutako ekaitzen eraginez.

  • Adibidez: Uaupés (Brasil); Mbandaka (Zaire); Singapur (Singapur); Tamatave (Madagaskar); Pukapuka (Hego Pazifikoa).

Klima lehor-heze tropikalak, sabanako klima (Aw)

Ekuatoreko klima euritsuen eta klima subtropikal lehorren artean, klima tropikal sorta zabala dago; guztietan, urtaro lehor bat eta beste heze bat daude. Horren zergatia alisio haizeen jolasean datza. Euri-garaia udan izaten da, eta ekuatore-aska poloetarantz bideratzen denean eta itsasoko aire-masa ezegonkorrak arrastean eramaten dituenean gertatzen da. Garai lehorra, berriz, neguan izaten da, alisioak kontinentalak direnean, eta antizikloi subtropikalak behe-latitudetarantz hurbiltzen direlako. Baina horren alderantzizko erregimenak ere gertatzen dira, zirkulazio ertaineko prozesuengatik, orientazioagatik eta antzeko eragile geografikoengatik. Adibidez, uharteetan eta kontinenteetako kostaldeetan, ezaugarri horiek aldatu egiten dira, ezegonkorrak dira, eta euria urte osoan egiten du, itsasoko haizeei esker.

Tenperaturak epelak izaten dira hilero, eta urtean bi maximoko eta bi minimoko ziklo bat izaten da; minimo nagusia Eguzkiaren intzidentzia-inklinazioaren balio baxuenarekin batera gertatzen da, eta, bigarrengoa, euri-urtaroan hodeitza eta hezetasuna nagusi direnean. Baina urteko tenperatura-bitartea txikia da, 10 °C baino gutxiagokoa. Itsas alisioak ekartzen duen ezegonkortasuna gutxitu egiten da mendebaldetik ekialdera, eta, ekialdeko erdialdeko eskualdean kokatutako ozeanoetako antizikloi subtropikaletara hurbilduz gero, lehorragoa bihurtzen da klima, beste kostaldekoaren alderantzizkoa. Antizikloiak eragiten duen beheranzko prozesuak ehunka metro batzuetako inbertsio termikoa sortzen du; fenomeno horri alisioen inbertsio deritzo, eta oztopo da higidura bertikalentzat eta euriarentzat. Inbertsio-geruza horren beste eragin bat da mendi tropikal batzuen prezipitazio-banaketa aldatzen dela, adibidez Kanariar Uharteetan.

  • Adibidez: Calcutta (India); Ibadan (Nigeria); Cuiabá (Brasil); Saigon (Vietnam); Normanton (Australia).

Montzoi-klima (Am)

  • Urtaroko alisioen norabide-aldaketa eta sasoi euritsuaren eta lehorraren txandaketa ditu ezaugarri. Montzoiaren mekanismoak prozesu termikoak eta dinamikoak elkartzen ditu, eta zerikusia dute itsas azaleraren eta azalera kontinentalen banaketak, orografiak eta latitude tropikaletako eta epeletako zirkulazio atmosferikoek. Udan, haizeak itsasotik kontinenterantz jotzen duenean, garai euritsua izaten da eta, neguan, aldiz, haize kontinentalek lehortasuna ekartzen dute. Dinamika aldakor hori tenperaturaren eragina da batez ere; izan ere, neguan kontinenteak oso hotzak daudenez, antizikloi termikoa sortzen dute; eta, alderantziz, udako behe-presioek itsasoko haize heze ezegonkorrak erakartzen dituzte.

  • Adibidez: Mangalore (India); Cairns (Australia); Monrovia (Liberia).

Klima lehorrak (BW/BS)

Ezaugarria idortasun izugarria da; izan ere, prezipitazio urriak eta lurruntze handia direla medio, ur-balantzea defizitarioa izaten da urte osoan edo urtearen zati batetan. Euri-eskasia horrek hainbat arrazoi ditu: antizikloi dinamiko handien eraginez sortutako beheranzko prozesu atmosferikoak, itsaslaster hotzekin kontaktuan egoteak dakarren airearen egonkortasuna, kontinentaltasunaren eragina eta aire-masa hezeetako fluxuen babes-efektuaren ondoriozko aire-masen beheratze orografikoa.

Klima tropikal lehorrak (BWh) eta estepak (BSh)

Hauen ezaugarriek lotura estua dute goi-presio subtropikaletan gertatzen diren egonkortasunarekin eta beheranzko aire-mugimenduekin. Intsolazio-balio altuak, airearen muturreko lehortasuna, tenperatura epelak, eguneko tenperatura-bitarte altuak eta prezipitazio ahulak dira Sahara, Arabia, Iran, Thar, Kalahari eta Australiako eremu zabaleko basamortuetako bereizgarriak. Estepa-paisaia da nagusi Mexikoko iparraldean, Amerikako Estatu Batuetako hego-mendebaldean, Mediterraneoko arroaren zati batean, Afrikako hegoaldean eta gorago aipatutako basamortuen kanpoko ingurabidean.

  • Adibidez: BWh: Asuan, Egipto; Greenland Ranch (Kalifornia, Amerikako Estatu Batuak). BSh: Niamey (Nigeria); Monterrey (Mexiko).

Kontinenteetako mendebaldeko kostako basamortuak

Hauen lehortasuna antizikloi ozeanikoen ekialdeko ertzean gertatzen diren beheranzko aire-mugimenduei eta itsaslaster hotzekin kontaktuan dagoen airearen egonkortasunari zor zaie. Humboldten itsaslasterra Atacamako basamortuarekin dago erlazionatua, Namibiakoa Bengalako itsaslasterrarekin, Kaliforniakoa izen bereko itsaslasterrarekin eta Marokoko kostaldekoa Kanarietakoarekin. Nahiz eta latitude subtropikaletan egon, inguru horiek nahiko freskoak dira, hezetasun erlatibo altua izaten dute, eta, askotan, laino eta hodei estratiforme trinkoak eta baxuak, oso prezipitazio urriak ematen dituztenak.

  • Adibidez: Durban (Hegoafrika); Los Angeles (Amerikako Estatu Batuak)m; Agadir (Maroko); Iquique (Peru).

Basamortu hotzak (BWk-BSk)

Erdialdeko latitudeetan daude, mendebaldeko haizeetatik urruti beti. Basamortu hotzen sorburuak dira eskualde batzuetako antizikloi subtropikalen egonkortasun atmosferikoa, mendikate-harresiak emandako babesa eta kontinentaltasunaren efektuak. Kontinenteetan zenbat eta barnerago, orduan eta ahulagoak dira perturbazioak, eta hezetasun txikiagokoak. Eragile horiek sortutako basamortuek Iranetik Mantxuriaraino hedatzen den eskualde zabal bat osatzen dute, eta, Amerikan, meridiano baten norabidean luzatzen diren Mendi Harritsuen, Ur-jauzien mendikatearen eta Andeen babesean agertzen diren basamortuak dira. Euriak ahulak eta irregularrak izaten dira, atmosferaren lehortasunak erregimen termiko kontinentalak larriagotzen ditu, eta neguak oso hotzak eta udak guztiz beroak izaten dira. Hori dela eta, urteko tenperatura-bitarte handienak 90 °C-ra iristen dira.

  • Adibidez: BWk Ashgabat (Turkmenistan); Lovelock (Nevada, Amerikako Estatu Batuak). BSk Medicine Hat (Alberta, Kanada); Semipalatinsk (Kazakhstan).

Klima epelak

40° eta 70° paraleloen arteko tarte zabal bat betetzen dute. Izatez, eremu horretan, eragile geografikoak eta meteorologikoak direla medio, aniztasun klimatiko handia dago. Horien artean, zikloi eta antizikloi higikorrek sortzen duten aire-masa tropikalen eta polarren dinamiken arteko gatazka eta fronte polarra dira, besteak beste, eragilerik garrantzitsuenak. Horiek direla kausa, eguraldia etengabe aldatzen da.

Urtaro lehorrak edo urtaro lehorreko klima subtropikalak (Csa/Csb)

Kontinenteen mendebaldean kokatzen dira, 30° eta 45° paraleloen artean eta horiek barne. Mediterraneoko arroan eremu handi batean zabaltzen denez, klima mediterraneo ere esaten zaio askotan, baina aipamen orokorra egitea egokiago da, kasu bakoitzean tokiko prozesuak ezberdinak izaten direlako. Klima-mota hau Kalifornian, Txile erdialdean, Lurmutur Hiriaren eskualdean eta Australiako hego-mendebaldean izaten da. Euri gutxi, urtean 400-800 mm euri besterik ez, eta tenperatura epelak izaten dira. Zona honetako eragileak antizikloi subtropikalaren beheratzea eta mendebaldeko zirkulazio orokorraren urtaroko txandaketa dira. Klima honen bereizgarri nabariena udako lehortasuna da, beste inon ez baita halakorik gertatzen. Klima honetan ere, aniztasun geografikoaren, latitudeen eta kontinentaltasunaren ondorioz, zenbait azpimota daude. Mediterraneoko arroan murgilduz gero, behatokietan neurtzen diren prezipitazioen sorburuak Mediterraneoan bertan sortutako perturbazioak edo Atlantikotik etorri eta itsasoko ur epelekin kontaktuan jartzean indarberritutakoak dira. Uda oso beroek itsasoaren ezaugarri termikoak ahultzen ez dituztenez, urteko tenperatura-bitartea 14-16 °C-koa izaten da. Erliebearen ezaugarriek eta haize hezeetara begira dauden isurialdeek izugarrizko kontrasteak eragiten dituzte.

  • Adibidez: Csa: Sacramento (Kalifornia); Izmir, (Turkia); Atenas (Grezia); Adelaida (Australia); Csb: San Francisco (Kalifornia).

Klima ozeanikoa (Cfb)

Kontinenteen mendebaldeko lurraldeetan izaten dute klima ozeanikoa, mendebaldeko zirkulazioak, itsasoko aire-masak eta fronte polarren depresioak hedatzen diren lurraldeetan. Neguak epelak eta udak freskoak direnez, tenperatura-bitartea 10 °C ingurukoa izaten da. Urtaro guztietan, aireak hezetasun handia izaten du, eta prezipitazioak ugariak izaten dira neguan gehienbat. Askotan, zenbait egun irauten duten haizeak indartsuak izaten dira, eta eguraldia etengabe aldatzen da. Klima hau Ipar Amerikako mendebaldean, Txilen eta Zeelanda Berriko mendebaldeko zerrenda estu batzuetan gertatzen da. Hedadura handiena Europako mendebaldean hartzen du, erliebe lauak baititu lagun. Kostaldetik lehorrerantz joan ahala, klima hau berezko ezaugarriak galdu eta klima kontinental bihurtzen da, trantsizio lasai batean.

  • Adibidez: Valentia Uhartea (Irlanda); Invercargill (Zeelanda Berria); Londres (Ingalaterra).

Kontinenteetako ekialdeko aurrealdeetako klimak (Cfa/Cwa)

25°-40° latitudeko barne-erregimen termikoa guztiz bestelakoa da. Mendebaldeko zirkulazio orokor horretan, kontinenteetako barneko kondizioak kostalderaino luzatzen dira. Neguan, aire-masa polarrak eta artikoak txandakatu egiten dira, eta, udan, itsasoko aire-masa tropikalak nagusitzen dira. Horrela, urteko tenperatura-bitartea klima ozeanikoetan baino bortitzagoa da. Prezipitazioak ugariak dira, ozeanoak ekarritako hezetasunak sarritan eragiten baititu euriteak. Udan, konbekzioari esker, bolumen handiagokoak izaten dira, eta, neguan, perturbazio ziklonikoak sortuta, elur-prezipitazioak. Neurketen arabera, 750-2.500 mm euri egiten du urtean. Cfa-n ez dago urtaro lehorrik, eta Cwa-n, aldiz, neguan izaten da sasoi lehorra. Amerikako Estatu Batuetako hego-ekialdean, Uruguayn, Argentinako zati batzuetan, Txinako ekialdean, Japoniako hegoaldean eta Australiako ekialdeko kostaldean izaten dira klima-mota horiek.

  • Adibidez: Kanton (Txina); St Louis (Missouri, Amerikako Estatu Batuak); Montevideo (Uruguay).

Klima kontinentalak (Df, Df, Df, Dw, Dw —a, b, c, d—)

Alde handiko tenperatura-erregimena dute, eta neguak oso hotzak izaten dira. Urtaro horretan, Siberian eta Kanadaren barnealdean, goi-presio termiko iraunkorrak izaten dira nagusi, bai eta aire oso hotzak eta behe-mailako inbertsio indartsuak ere. Kondizio horietan, zirkulazio orokorra oztopatu egiten da, eta ekialderantz bideratzen diren fronteak okluitu. Udan, behe-presio termikoak eta zirkulazio atmosferiko zonalak lagungarriak dira mendebaldeko depresioak hurbildu eta prozesu termokonbektiboak izan daitezen. Sortzen diren fronteak ahulak izaten dira, eta prezipitazioak neurrizkoak. Uztaila eta abuztua dira hilik epelenak, eta batez besteko tenperaturak latitude bereko behatokietan baino altuagoak dira.

Klima kontinental hezea (Dfa, Dfb)

Ipar hemisferioan besterik ez da agertzen, 40°-50° paraleloen artean, horiek barne. Ipar Amerikaren eta Eurasiaren erdialdean eta ekialdean izaten da klima kontinental hezea. Urteko tenperatura-bitartea zabala da, prezipitazio gehienak udan gertatzen dira, eta izaera konbektiboa izaten dute gehienetan; neguko prezipitazioa, berriz, elurra izaten da.

  • Adibidez: (Dfa) Chicago (Illinois, Amerikako Estatu Batuak); (Dfb) Mosku (Errusia).

Klima subartikoak (Dfc, Dfd, Dwc, Dwd)

Taigako klima izenaz ere ezagutzen dira. Neguak luzeak eta hotzak izaten dira, eta tenperaturak, muturrekoak. Udak, laburrak izan arren, epel samarrak izaten dira; horregatik, urteko tenperatura-bitartea zabala izaten da. Siberian Ipar Amerikan baino alde handiagoak izaten dira. Prezipitazioak urriak, 500 mm baino gutxiago, eta elurra izaten da gehiena. Neguan, hotzak eraginda, luze irauten dute.

  • Adibidez:(Dfc) Churchill (Manitoba, Kanada) (Dwd) Yakutsk (Errusia); Dawson (Yukon, Kanada)

Klima polarrak (E)

Goi-latitudeetako klimak dira. Erradiazio-balantze negatiboa dela eta, udarik eza eta hotz handia dituzte ezaugarri nagusitzat. Nahiz eta eguzkia 24 orduz zeruertzean izan, erradiazioren intentsitatea oso txikia da, izpiak guztiz makurtuak agertzen baitira, eta atmosferatik bide luzea egin behar baitute. Gainera, izotza eta elurra agertzen direnez, albedoaren balioa altua da, eta bero-energia lortzeko gaitasuna, oso ahula. Lurralde polarrak eskualde lehorrak dira, bai aire hotzak eragiten dituen beheranzko mugimenduengatik eta baita lurrunketagatik eta airearen gaitasun higrometriko urriagatik ere.

Tundrako klima (ET)

Ozeanoaren eraginak eta mendebaldeko depresioen igarotze sarriak sortzen dute klima hau, eta Artikoko eta Antartikako kostaldeak hartzen ditu. Itsasoaren eraginez, muturreko tenperaturak samurtu egiten dira egiten dira, eta urteko tenperatura-bitarteak 10 °C baino gutxiagokoak izan daitezke. Hil batzuetako tenperatura positiboek azaleko urtzea eragiten dutenez, permafrostaren klima ere esaten zaio.

  • Adibidez: Coppermine (Kanada); Angmagssalik (Groenlandia); Orcadas (Atlantikoa).

Klima glaziala (EF)

Beti izoztuta dagoen Ozeano Artikoaren bankisan, Groenlandia barnean eta Antartikan izaten da. Hotzaren intentsitateak tenperatura-inbertsio bortitzak eta behe-mailako presio altuak eragiten ditu. Kondizio horietan, oro har, haizeak indartsuak izaten direnez, askotan katabatikoki (erliebearen eraginez) izugarrizko haize-lasterrak sortzen dira izotz-tapakietako barneetatik ertzetarantz. Prezipitazioak urriak dira; adibidez, Antartikako barnealdean urteko prezipitazioak 50 mm-koak dira, eta kostaldean 380 mm.

  • Adibidez: Eismitte (Groenlandia); Vostok (Antartika).

Mendiko klimak (H)

Eskualde bakoitzeko latitudeetako eragileen mende egoten dira, batez ere, erradiazio-zikloaren, erritmo termikoen eta, neurri handi batetan, prezipitazioen erregimenaren mende. Tropiko barneko eskualdeetan, eguzki-izpien garaierak tenperaturak aski homogeneoak izatea dakar berekin, baina altuera-gradienteak estai klimatikoen banaketa eragiten du. Prezipitazio-kantitateak ere nabarmen aldatzen dira leku batetik bestera, eta kantitate handienak tropiko hezeetan neurtzen dira. Cherrapunjin, Kolonbian edo Hawaiin, urteko batez besteko prezipitazioak 10.000 mm-tik gorakoak izaten dira. Baina prezipitazioen maila handienetik gora, prezipitazioak gutxitu eta idortasun-kondizioak gerta daitezke inguru tropikal eta ekuatorial askotan. Horren adibide dira Boliviako eta Peruko plataformak, 500 mm baino gutxiagoko prezipitazioekin, eta Kilimanjaro mendia, 200 mm-ko prezipitazioekin 4.000 metroko garaieran.

Erdi- eta goi-latitudeetan, alderantziz gertatzen da: neguaren eta udaren arteko intsolazio-diferentziek tenperatura-aldaketa nabariak ekartzen dituzte, eta nabarmenagoak izaten dira kontinenteen barnealdean. Beste ezaugarri batzuk aipatzearren, 2.000-3.000 m-ko garaieraraino prezipitazioak ugaritu eta elur-prezipitazioak agertzen dira. Mendikate gehienetan, isurialde heze bat eta lehor bat izaten dira; isurialde hezea, perturbazio frontalek eragindako eurien eraginez, eta, lehorra, Foehn efektuari, gradienteari eta airearen lehortasunari zor zaie.

  • Adibidez: (ET) Cerro de Pasco (Peru) (EF) Jungfraujoch (Suitza).

Tokiko klimak

Eskualdeko klima bakoitzean, tokiko kondizio bereziak direla eta, mikroeskalako klimak sortzen daitezke. Erliebe-motaren ondorioz, ezberdinak izaten dira erradiazio-balantzea eta beroa, eta, beraz, atmosferaren egoerak ere bai. Landaretzarik gabeko lurretan, bero sentikorraren eragina oso handia da, eta tenperatura-aldaketak ere nabarmenak. Alderantziz, ur-masaren gainean, bero sorra eta adbekzioa izaten dira nagusi, eta tenperatura-aldaketak, txikiagoak. Hirietan ere, tokiko aldaketek energiaren garraioa aldarazten dute, eta mikroklima bereziak sortzen dituzte.