caldera

1. Geol.

1 eta 20 km arteko diametroa duen sakonunea, pareta bertikala edo harmaila-erakoa duena. Lehenagoko krater baten leherketaz edo lurraren hondoratze mailakatuaz sortua da.


2. Teknol.

Ura berotu edo lurruntzeko erabiltzen den ontzi itxia, kanpoko bero-iturria erabiltzen duena (eskuarki, erregai fosilen errekuntzaren beroa baliatzen du).

Ke-hodiko galdara
Ke-hodiko galdara

2. Teknol.
Ura berotu edo lurruntzeko erabiltzen den ontzi itxia, kanpoko bero-iturria erabiltzen duena (eskuarki, erregai fosilen errekuntzaren beroa baliatzen du).

Galdara Edit

Egilea: Elhuyar

GALDARA

Presio atmosferikoa baino handiagoan ura berotu edo lurruntzeko erabiltzen da galdara. Fluido bero-eramailea behar den prozesu anitzetan erabiltzen da. Adibidez, elektrizitatea sortzeko lurrun-turbinaz baliatzen diren zentral termikoetan eta ur beroa darabilten berokuntza-sistemetan. Dena den, ia industriako prozesu guztietan behar da lurruna: prozesu kimiko eta petrokimikoetan, papergintzan, elikagaien industrianeta abarretan.

Galdararen helburua uraren entalpia handitzea da. Urak ezaugarri termodinamiko onak ditu, merkea da, erabiltzen erraza da eta ez da toxikoa. Erregai solido, likido edo gaseosoa errez, uraren tenperatura, entalpia beraz, handitzeko behar den bero-energia lortzen da galdaran. Berreskuratze-galdaretan, bero-energia hori beste prozesu bateko ihes-gasetatik hartzen da.

Entalpia-handitze hori galdararen hiru tokitan gertatzen da:

  • Ekonomizagailua: sarrerako uraren tenperatura ia likido asearen tenperaturaraino igotzen da.

  • Lurrungailua: ura fasez aldatzen da, likido asetik lurrun asera.

  • Gainberogailua: lurrun gainberotua sortzen duten galdaretan soilik. Lurrun asea berotu egiten da, beharren araberako lurrun gainberotua lortzeko.

Galdaren osagai nagusiak hauek dira:

  • Erregailua: erregaia eta erregarria (airea) nahasteko gailua.

  • Sutegia: errekuntza gertatzen den tokia.

  • Hoditeria: ekonomizagailuak, lurrungailuak eta gainberogailuak osatua.

  • Elikatze-uraren ponpak: sarrerako uraren presioa handitzen dute.

  • Kontrol-sistema: galdarako parametroak kontrolatzen ditu: uraren sarrera-tenperatura, lurrunaren irteera-tenperatura, lurrunaren presioa, sortutako lurrun-emaria, keen irteera-tenperatura, keetako O2-aren ehunekoa eta galdarako uraren maila.

  • Segurtasun-sistema: segurtasun-balbulez osatua.

Sailkapena

Galdarak –lurrun-sorgailu ere esaten zaie– hainbat irizpideren arabera sailkatu daitezke: fluidoen banaketa eta zirkulazioa, errekuntza-gasen beroaz baliatzeko modua, bero-transmisiorako mekanismoa, erregai-mota, tiroa, lan-presioa, etab. Aipatu lehen irizpidea da galdaren artean egiten den lehen bereizketaren oinarria: ur-hodiko galdarak eta ke-hodiko galdarak.

Ur-hodiko galdaretan, ura presio handiko hodietan dabil eta haien ingurutik errekuntza-gasek zirkulatzen dute (zentral termiko). Ke-hodiko galdaretan, errekuntza-gasak ur-masaren barnean dauden hodietatik dabiltza. Ur-hodiko galdarak goi-presioko lurruna sortzeko erabili ohi dira, eta ur beroa edo behe-presioko lurruna lortzeko, ostera, ur-hodiko galdarak.

grafikoak1

Ke-hodiko galdara (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

Galdara errekuntza-gasen beroaz zenbateraino baliatzen den kontuan harturik, hiru galdara-mota bereizten dira:

  • Ohiko galdara edo galdara konbentzionala: erabiliena da. Gasek hodietan barrena dabiltzanean soilik ematen diote inguruneari beroa, eta galdaratik irtetean tenperatura handi samarrean daude (200 °C inguru). Erregaiaren beheko berotze-ahalmenarekiko errendimendua % 80-87 bitartekoa izaten da.

  • Errendimendu handiko galdara: erregaiaren berotze-ahalmena hobeto aprobetxatzeko, bi modutan oinarrituta dago: batetik, galdararen beraren erradiazio-beroa errekuntza-airea aurrez berotzeko erabiltzen du; bestetik, ekonomizagailu baten bidez, errekuntza-gasen bero sentikorraren parte bat galdaran sartzen den ura berotzeko erabiltzen du. Erregaiaren beheko berotze-ahalmenarekiko errendimendua % 88-92 bitartekoa izaten da.

grafikoak2

Errendimendu handiko galdara (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

  • Kondentsazio-galdara: galdara osatuena eta, hortaz, garestiena da. Errekuntza-gasen beroaz gehien baliatzen den galdara-mota da. Keen bero sentikorra ez ezik, bertan den uraren bero sorra ere berreskuratzen du, ur-lurruna ekonomizagailuan kondentsatuz. Erregaiaren beheko berotze-ahalmenarekiko errendimendua % 100 baino handiagoa izatea lor daiteke.

grafikoak3

Kondentsazio-galdara (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

Galdaretan era askotako erregaiak erabil daitezke: erregai fosil solido, likido edo gaseosoak (harrikatza, fuel-olioa, gasolioa, gas naturala, butanoa, propanoa), biogasa, biomasa (ahotza, egur-azalak, hondakinak). Galdara batzuetan, beste prozesu bateko ihes-gasen beroa erabiltzen da, erregairik gabe edo erregai batekin konbinatuta.

Badira galdaren bereizgarri diren beste alderdi batzuk ere. Adibidez, bero-transmisioa nola gertatzen den (erradiazioz, konbekzioz eta bietara), uraren zirkulazioa nolakoa den (berezkoa, eragindakoa edo lagundurikoa), tiro-mota (berezkoa, presiopeko sutegia, sutegi orekatua) edo presioa.

Keen beroa berreskuratzea

Galdaratik ateratzen diren keen tenperatura aski handia da. Horregatik, keetan dagoen bero-energia berreskuratzeko, hainbat sistema erabiltzen dira: ekonomizagailuak (galdararen irteeran ezarrita, keen bero sentikorraren zati bat aprobetxatu eta sarrerako ura berotzeko erabiltzen dira); aire-berogailuak (keen bero sentikorra aire erregarria berotzeko aprobetxatzen dute); kondentsazio-galdarak (errendimendu handiagoa dutenez, erregai gutxiago kontsumitzen dute eta ingurumen-eragina txikiagoa da; asko erabiltzen da gas naturala darabilten etxeko berokuntza-sistemetan).

Isolamendua

Galdarek eroapenez, konbekzioz eta erradiazioz galtzen dute beroa hormetatik. Bero-galerak gutxitzeko, galdararen azala isolatzaile termikoz estaltzen da. Bi eratakoak izan daitezke: masa-isolatzaileak (barnean beroa eroapenez transmititzea eragozteko aire-poltsa txikiak dituztenak) eta isolatzaile islatzaileak (jasotzen duten bero-erradiazioa islatzen dutenak).