alternador

1. Teknol. Elektr.
Korronte alternoa sortzen duen sorgailu elektrikoa.

Alternadorea Edit

Egilea: Elhuyar

ALTERNADOREA

Gaur egun, elektrizitate-sarera konektatuta dauden energia elektrikoaren sorgailu gehienak alternadore trifasikoak dira. Energia elektrikoaren sareek maiztasun finkoa erabiltzen dutenez (50 edo 60 Hz), alternadoreek ere maiztasun finkoko korrontea sortu behar dute sare berera konektatu ahal izateko. Horregatik, alternadore handi gehienak (zentral elektriko handietan instalatuta daudenak) sorgailu sinkronoak izan ohi dira, abiadura finkokoak alegia.

Dinamoetan ez bezala, alternadoreetan eremu magnetikoa errotorean sortzen da. Burdinazko errotore zilindrikoaren azalean artekak daude, eta han sartzen dira haril magnetizatzaileak, korronte zuzenez elikatuta. Estatorea ere burdinazkoa da, eta haren arteketan sartzen dira harilak. Errotorea biraka hasten denean, estatoreko hariletan tentsioa induzitzen da. Horrela sortutako korronte alternoaren maiztasuna errotorearen abiadurarekiko proportzionala da. Baldin errotorean bi polo badaude, errotorearen bira bakoitzeko uhin sinusoidal oso bat induzituko da estatoreko hariletan. Beraz, 50 Hz-eko (50 ziklo segundoko) maiztasuna lortzeko, errotoreak segundoko 50 birako abiadura finkoan biratu beharko du, hau da, 3.000 bira minutuko. Horrelakoak izaten dira gas- eta lurrun-turbinek higiarazitako alternadoreak. Baina errotorean bi polo ez eta lau jartzen badira, bata bestetik 90-ra, bira bakoitzeko bi uhin sinusoidal oso induzituko dira estatoreko hariletan; beraz, 50 Hz-eko maiztasunari eusteko, errotoreak minutuko 1.500 bira egin beharko ditu. Zenbat eta polo-pare gehiago jarri, hainbat biratze-abiadura txikiagoa beharko da. Adibidez, ur-turbinek oso abiadura txikia dutenez, haiek eragindako alternadoreek polo-pare asko izaten dituzte.