altavoz
- 1. Teknol. Elektr.
Korronte elektrikoa soinu-uhin bihurtzen duen aparatua. Soinua erregistratuta dagoen euskarri bat irakurriz eratu den seinale elektrikoak bozgorailuaren mintza bibrarazten du, eta hala sortzen da soinu-uhina. Mikrofonoaren alderantzizko funtzioa betetzen du bozgorailuak: mikrofonoak modulatutako korronte elektrikoak mintz bati eragiten dio, eta mintzak, oszilatzean, airea bibrarazten du. Aireko molekulen bibrazio horiek jasotzen ditu tinpanoak, eta soinu gisa hautematen ditu garunak. Bozgorailuaren osagai nagusia korronte elektrikoa bibrazio mekaniko bihurtzen duen gailua da: iman iraunkor bat edo elektroiman bat da, bere poloen artean mugitzen den haril bat duena. Harila mintz bibratzailean finkatuta dago. Korronte modulatuak harila zeharkatzen duenean, korrontearen gorabeherek aldatu egiten dute imanaren eta harilaren arteko oreka magnetikoa: harila mugitu egiten da behin eta berriro korrontearen arabera, eta mintzari transmititzen dio bibrazioa.