acero

1. Metal.

Burdina eta karbonoa (% 2,1 baino gutxiago) dituen aleazioa, tratamendu termiko eta mekanikoen bidez oso ezaugarri desberdinak hartzeko gai dena.

Beroan ijeztutako altzairuzko bobina
Beroan ijeztutako altzairuzko bobina

1. Metal.
Burdina eta karbonoa (% 2,1 baino gutxiago) dituen aleazioa, tratamendu termiko eta mekanikoen bidez oso ezaugarri desberdinak hartzeko gai dena.

Altzairua Edit

Egilea: Jose Maria Rodriguez Ibabe

ALTZAIRUA

Altzairuek, burdin aleazioak direnez, burdina dute elementu nagusia, eta propietate mekanikoen tarte zabala eskain dezakete, konposizio eta prozesaketaren arabera. Altzairuak erresistentzia, zailtasuna, konformatze ona, soldagarritasuna eta prezio lehiakorrak behar diren aplikazioetan erabiltzen dira nagusiki.

Garai batean, altzairua burdin eta karbono-elementuetan oinarritutako aleaziotzat hartzen zen, non karbono-eduki maximoa austenitari zegokion disolbagarritasuna, hau da, % 2,1, baitzen. Hala ere, gaur egun, altzairu modernoak kontuan hartzeko, aurreko definizioa desegokia da; izan ere, altzairu modernoen propietateak osagai anitz eta mikroegitura konplexuei esker lortzen dira, eta karbono-edukia oso maila baxuan mantentzen da askotan.

Ingeniaritzako materialen erabilera pisuan neurtzen denean, hormigoia da lehenengoa eta ondoren dator altzairua. Hormigoia nagusiki eraikuntzan erabiltzen dela kontuan hartuz gero, ekoizpenaren arlo gehienetan erabiltzen den material nagusia altzairua dela baieztatzen da. Horren ondorioz, altzairuaren produkzioa igotzen ari da urtez urte. 2002. urtean, munduko ekoizpen osoak 1.000 milioiko muga gainditu zuen lehenengoz, eta ez dirudi joera hori aldatuko denik, Asiako herrien oinarrizko garapen-betebeharrak ase arte behinik behin.

Altzairuaren ezaugarri bereizgarri bat erraz birziklatzeko ahalmena da. Izan ere, txatarrean oinarritzen da altzairuaren munduko produkzio osoaren % 37-40. Horretarako, kontuan hartu behar da labe elektrikoaren teknologia erabiliz egiten dela ekoizpen osoaren herena.

grafikoak1

Beroan ijeztutako altzairuzko bobina

Altzairua lortzeko bi bide nagusi daude, burdingintza integrala eta labe elektrikozko altzairugintza. Burdingintza integralaren kasuan, labe garaia da tresna nagusia, eta lehengaia burdin minerala da. Labe garaian, minerala erreduzitu eta arrabioa lortzen da (labe garai). Arrabio hori findu egin behar da altzairua lortzeko, eta, horretarako, oxigeno-bihurgailu basikoa erabiltzen da. Labe elektrikozko altzairugintzan, kasu gehienetan, lehengaia txatarra da. Txatarra hori labean urtzen da, eta, ondoren, fintze-prozesu baten bidez, likidoaren konposizio kimikoa egokitzen da behar den altzairua lortu arte. Kalitate handiko altzairua behar denean, txatarraren ordez ala txatarrarekin batera, burdin arroa edo aurreerredukzioaren bidez burdin mineraletik lortutako produktu solidoa ere erabiltzen dira labe elektrikoan. Prozedura horri esker, lehen burdingintza integralaren bidez bakarrik lor zitezkeen altzairu-motak orain labe elektrikoan ekoizten dira.

grafikoak2

Altzairu likidoa isuri ondoren zalian gelditu den zepa hustea

Altzairu-mota asko dago, baina orokorrean bi talde nagusitan bana daitezke: karbono eta aleazio urriko altzairuak eta altzairu herdoilgaitzak. Bigarren talde horrek ekoizpen osoaren % 5 osatzen du. Lehenengo taldean, hiru familia hauek bereiz daitezke: karbono urriko altzairuak, egiturazko C-Mn altzairuak eta erresistentzia handiko ingeniaritzarako altzairuak. Altzairu herdoilgaitzen artean, altzairu austenitikoak eta altzairu ferritikoak daude.