Marte
- 1. Astron.
Eguzki-sistemako laugarren planeta, 6.794 km-ko ekuatore-diametroa eta 688,9 eguneko urtea ditu. Bi satelite dauzka: Deimos eta Fobos. Karbono(IV) oxidoz osatutako atmosfera mehea du. Viking zunda estatubatuarrak pausatu dira bertan (1976).
1. Astron.
- 1. Astron.
- Eguzki-sistemako laugarren planeta, 6.794 km-ko ekuatore-diametroa eta 688,9 eguneko urtea ditu. Bi satelite dauzka: Deimos eta Fobos. Karbono(IV) oxidoz osatutako atmosfera mehea du. Viking zunda estatubatuarrak pausatu dira bertan (1976).
Marte Edit
Egilea: Jon Legarreta
Eguzkitik hasita, laugarren planeta da Marte, eta lurtar planeten artean azkena; hau da, Merkurio, Artizar eta Lurraren ondorengoa. Planeta gorri deitzen zaio zeruan agertzen duen kolore gorriagatik, eta bi satelite ditu: Fhobos eta Deimos. Txikiak eta itxura aldetik bitxiak dira biak; nonbait, Marte eta Jupiterren artean dagoen asteroide-gerrikotik bereganatutakoak. Bi satelite horiek, Ilargiak bezala, aurpegi bera erakusten diote beti Marteri. Fhobosen orbita, apurka-apurka, murrizten doa, eta 100 milioi urte barru planetarekin talka egingo du.
Marte, batez beste, Eguzkitik 1,5 UA-ko (unitate astronomiko) distantziara dago; Eguzkiaren eta Lurraren arteko distantzia hartzen da unitate astronomikotzat (1 UA). Planeta gorriaren orbita oso eliptikoa da, eta Eguzkitik hurbilen dagoen puntuaren eta urrunen dagoenaren arteko alde maximoa 42,4 milioi km-koa izan daiteke. Eguzkiarekiko orbita-periodoa 686,98 egunekoa da, eta errotazio-periodoa, berriz, 24,62 ordukoa, Lurrak duenaren antzekoa.
Alde batetik, Martek atmosfera oso xumea dauka, eta, ondorioz, batez besteko presio txikia du (9 mb), Lurrak baino 101 bider txikiagoa. Marteren atmosfera karbono dioxidoz osatua dago gehienbat (% 95); hurrenak nitrogenoa (% 2,7) eta argona (% 1,6) dira; eta kantitate txikiagoetan daude karbono monoxidoa eta ur-lurruna. Lurrak bezala, ozono-geruza bat dauka, baina ozono-kantitate txikiagoa du (Lurrarena baino 1.000 bider txikiagoa); beraz, izpi ultramoreak ezin ditu ekidin. 2004ko martxoan, Mars Express espazio-ontziak metanoaren aztarnak aurkitu zituen, eta oraindik ez da argitu nondik sortzen diren. Lurrean, metanoa beste elementu kimiko batzuekin agertzen da: etanoarekin, jatorri biologikoa badu, eta sufre dioxidoarekin, sumendietatik sortzen bada. Beraz, metanoa nola sortua den jakiteko, behar-beharrezkoa da jakitea metanoa zer elementu kimikorekin batera agertzen den.
Beste alde batetik, haize eta hautsezko ekaitz izugarriak pairatzen ditu, planeta osoa estal dezaketenak denbora askoan (hilabeteak). Gainazaleko burdin oxidozko hauts-partikula horiek dira, nonbait, Martek agertzen duen itxura gorrixkaren errudunak.
Viking 1 espazio-ontziak 1980ko otsailaren 22an lortutako argazkia. Erdian, Valles Marineris ikusten da, eguzki-sistemako arroilarik handiena (iturria: NASA)
Aipagarria da Marteren Ipar eta Hego hemisferioen artean geologiaren ikuspegitik ikusten den dikotomia: Ipar hemisferioan lur behereak eta Hego hemisferioan lur goratuak. Azken ikerketen arabera, orain dela 3.900 milioi urte, asteroide edo kometa handi batek (2.000 km-koa zen) talka egin zuen Marterekin, eta horrek azaltzen du gaur egun duen itxura bitxi hori geologiari dagokionez. Marteren gainazala kraterrez, mendikatez eta kanalez beteta dago. Kraterrak, batez ere, hegoaldean daude. Oro har, Marteren gainazaleko harriak burdin oxidoz osatuta daude, eta material horrek ematen dio planetari, hain zuzen, kolore gorrixka. Marten dago eguzki-sistemako mendirik altuena: Olympus mendia, 27 km-ko altuera duena (Everest 8,8 km altu da). Marteko mendikate nagusia Tharsis da, 2.000 km luzekoa, eta, Olympus mendiaz gain, lau sumendi daude mendikate horretan. Lurrean bezala, arroilak agertzen dira, eta, gainera, eguzki-sistemako arroilarik handiena planeta gorrian dago: Valles Marineris; 4.500 km luze, 700 km zabal eta 11 km sakon da (Colorado arroila baino 7 bider sakonagoa). Marte, halaber, kanalez beteta dago; Percival Lowellek, XIX. mendearen amaieran, plazaratu zuen ustez Marteko biztanleek eginiko kanalak zirela, poloetako ur izoztua planeta osora zabaltzeko asmoarekin eginak. Gaur badakigu ez dela horrela; tenperatura baxuak direla eta, ezinezkoa da ura egoera likidoan egotea. Izatez, Marteren azalean ur izoztua dago, 2008ko uztailaren 31n Phoenix ontziaren beso robotikoak in situ neurtu zuenez. Hala ere, badirudi Marteren sorrerako lehenengo milioika urteetan, meteorito desberdinen talken erruz, planeta gorriaren barneko ura kanporatu zela (eta baita meteoritoena ere). Atmosferara lurrundutako ur hori euri bihurtu zen hurrengo urteetan, eta itsasoak sortu zituen urte batzuez. Beraz, beharbada, Marteren gaztaroko lehenengo milaka edo milioika urteetan itsaso zabalak egongo ziren han, eta, ondorioz, organismo bizidunak sortzeko aukera ere bai.
