Júpiter

1. Astron.

Eguzki-sistemako bosgarren planeta, guztietan handiena.

Jupiterren atmosferan, banda-zonaren egitura oso nabarmena da. Bortizeak ere oso ugariak dira. Irudian, begi gorri baten itxura duen zurrunbiloa Orban Gorri Handia da, eguzki-sistemako bortizerik handiena eta zaharrena
Jupiterren atmosferan, banda-zonaren egitura oso nabarmena da. Bortizeak ere oso ugariak dira. Irudian, begi gorri baten itxura duen zurrunbiloa Orban Gorri Handia da, eguzki-sistemako bortizerik ...

1. Astron.
Eguzki-sistemako bosgarren planeta, guztietan handiena.

Jupiter Edit

Egilea: Jon Legarreta

JUPITER

Eguzki-sistemako planetarik handiena da Jupiter, ezagutzen den eguzki-sistemaren masaren % 71 baitu (Eguzkia kontuan hartu gabe). 143.000 km inguruko diametro ekuatoriala du (Lurrak baino 11 bider handiagoa), eta masa gure planetarena baino 300 bider handiagoa. Jupiterrek 11,9 urte behar ditu Eguzkiari bira emateko, 5,2 astronomia-unitateko distantziara batez beste, eta errotazio-periodoa (ardatzaren inguruan bira bat emateko behar duen denbora) 10 ordu ingurukoa da. Gaur arte 63 satelite ezagutzen zaizkio, eta milioi bat km-ra eraztun ahul bat dauka, Lurretik ikusezina dena.

grafikoak1

Jupiterren atmosferan, banda-zonaren egitura oso nabarmena da. Bortizeak ere oso ugariak dira. Irudian, begi gorri baten itxura duen zurrunbiloa Orban Gorri Handia da, eguzki-sistemako bortizerik handiena eta zaharrena (iturria: NASA)

Jupiterren itxurak, eguzki-sistemako beste planetekin alderatuta, banda-zona egitura paralelo bat aurkezten du. Bandak behe-albedoko egitura hodeitsuak dira; ostera, zonak haien arteko eremu argiak dira. Banda eta zona horiek Jupiterren haize zonalen egiturarekin lotuta daude, eta jet-korronte (haize-korronte) horietako batzuek 540 km/h-ko abiadura lor dezakete. Jupiter teleskopioz behatu zuen lehenengo pertsona Galileo Galilei izan zen, 1610eko urtarrilean. Haren teleskopioak ez zeukan behar beste potentzia planetaren diskoan ezer identifikatzeko, baina bai planetaren lau satelite nagusiak ikusteko. Aurkikuntza horrek balio izan zion konturatzeko Lurra ez zegoela unibertso osoko mugimenduen erdian. Urte batzuk geroago, 1695eko uztailean, Giovanni Dominico Cassinik planetaren diskoan Orban Gorri Handia (GRS —Great Red Spot—) aurkitu zuen, berak orduan orban iraunkorra izena eman ziona. Orban Gorri Handia eguzki-sisteman ezagutzen den bortizerik handiena da (Lurraren tamainaren bikoitza!), eta Lurreko urakanek baino 3 bider abiadura handiagoa duen fenomeno atmosferikoa da (orduko 360 km-ko abiadura). Esan bezala, Jupiterren atmosferan fenomeno meteorologiko ugari beha daitezke: bortizeak (GRS, obalo zuriak…), uhinak, ekaitz konbektiboak, turbulentzia ziklonikoa, festoiak edo eremu beroak (hot spot) eta abar (ikus irudia).

Jupiterren egitura kimikoa Eguzkiaren antzekoa da; horrek esan nahi du elementu kimiko ugarienak hidrogenoa eta helioa direla, Eguzkiaren kantitate berdintsuetan. Onartutako hipotesia da Jupiterren barnean dauden elementuen proportzioak eguzki-sistema sortu zuen nebulosa planetarioaren bera izan behar duela. Jupiterren dentsitate baxuak (1,33 g/cm3) hidrogenoan eta helioan oinarritutako egitura kimikoaren ideia indartzen du. Planetaren masak ezin du horren dentsitate baxurik izan, pisu handiko elementurik baldin badago. Adibidez, Lurraren kasuan, 5,52 g/cm3-ko dentsitateak adierazten du elementu astunak dituela: esaterako, burdina eta nikela metalak agertzen dira, besteak beste. Jupiter aipatutako bi elementu arin horien nahastura batez osatua izateak esan nahi du planeta fluido bat dela, hidrogenoz osatutako izugarrizko itsaso zabal bat. Beraz, Lurrak ez bezala, ez dauka gainazal solidorik, eta onartzen da propietate hori dela hodei mailan ikusten den dinamika atmosferikoaren konplexutasunaren arrazoia.

Metanoa (CH4) eta amoniakoa (NH3) izan ziren Jupiterren detektatu ziren lehenengo substantzia kimikoak, Lurreko behatoki astronomikoetatik egindako teknika espektroskopikoen bidez. Jupiterren atmosferak islatutako eguzki-espektroak bi molekula horiek sortutako absortzio-bandak ezagutarazi zituen. Hidrogenoa geroago detektatu zen, metanoarekin, amoniakoarekin, urarekin eta hidrogeno sulfuroarekin (H2S) batera. Izatez, substantzia kondentsagarri horiek hiru hodei-mota eratzen dituzte Jupiterren atmosferan. Lehenengoa troposferaren goialdean (0,6-0,7 bar-eko presioan) kokatzen den hodei-maila, teleskopioz begiratuta Jupiterri banda-zona itxura ematen diona; amoniakoz osatua dago. Horren azpian, 2,5 bar-eko presiopean, amonio hidrosulfurozko hodeiak agertzen dira; eta, azkenik, 4-6 bar-eko presio-tartean ur izoztuzko kristalez osatutako hodeiak kondentsatzen dira.

Jupiterren barneko egitura ez da oso ezaguna, baina ikusten diren mugimendu atmosferikoetan garrantzi handia izan behar du. Barne-egiturako ereduei jarraituz, planetaren barrura sartzen garen heinean, goiko geruzek beren masarekin behekoak zapaltzen dituzte; presioa handitzen da, eta, horren ondorioz, tenperatura. Ikerketa berriek frogatzen dute hidrogeno molekularra fluido-likido bihurtzen dela 1 Mbar-eko presiora arte, eta 6.000 Kelvineko tenperatura hartzen duela. Balio horietatik aurrera, presioak hidrogeno-molekula apurtzen du, protoiak eta elektroiak banantzen ditu eta, horren ondorioz, plasma-eroale elektriko (H+) bat sortzen du. Egoera hori Jupiterren erradioaren 0,8ko distantziara gertatzen da. Hidrogeno molekularraren eta metalikoaren arteko muga atmosferaren oinarri gisa onartzen da. Hidrogeno metalikoaren geruzan eremu magnetikoa sortzen da, eta horrek planetaren errotazioa finkatzen du. Barrurantz barneratuz, litekeena da Jupiterrek metalez eta harkaitzez osatutako “izotz” estalki batez egindako nukleo bereizi bat izatea, nahiz eta oraindik nukleo horren neurketa esperimentalik ez egon.