zoology

1. Biol.

Animaliak aztertzen dituen biologiaren atala.

1. Biol.
Animaliak aztertzen dituen biologiaren atala.

Zoologia Edit

Egilea: Juan Carlos Iturrondobeitia

ZOOLOGIA

Etimologikoki, zoon "animalia" eta logos "ikasketa" hitz grekoetatik dator zoologia. Hori dela eta bideratzen eta ulertzen da zoologia terminoa animalia eta ikasketa hitzen ikuspegitik.

Wittakerren arabera, animalia honela definituko litzateke: plastidio edo pigmentu fotosintetizatzaile eta zelula-horma gabeko zelula eukariotoz osaturiko organismo zelulaniztuna. Horrez gain, elikadura heterotrofoa du, ahoratzearen bidez egiten duena, eta barneko ganbera batean egiten du digestioa; aktiboki mugitzeko gaitasuna du, eta sexualki ugaltzen da. Definizio sinple horrek ez ditu animalia guztiak hartzen; adibidez, zelula bakarra duten organismoak, protozooak esaterako, edo ezaugarri eraldatuak dituzten animaliak, ernalketa asexuala dutenak edo mugigaitzak direnak ere, esate baterako, kanpoan gelditzen dira.

Gaur arte, milioi eta erdi espezie baino gehiago deskribatu dira. Kopuru horretatik, intsektuak bakarrik milioia dira. Espezie bakoitzak eboluzioan zehar lortutako inguru-moldaketak ditu. Gaur egun bizi direnak ez ezik, iraganean bizi ziren beste animalia-mota asko deskribatu dira; paleontologia da gaur arte heldu ez diren animaliak aztertzen dituen adarra.

Animalia bizidunen azterketa oso zaharra da; batzuen ustez, gizakia existitzen denetik; horregatik ez da harritzekoa animaliei buruz daukagun ezagutza eta haiek ikusteko moduak garaiari lotuta agertzea. Gaur egun ditugun animaliak ikuspuntu desberdinetatik ikasten dira, eta dakiguna denboran zehar pilatu diren ezaguera handien ondorio da. Zoologia modernoak zenbait adar garatu ditu, gutxi gorabehera independenteak direnak, eta biologiaren zein ikuspegi ikasten duen edota zein animalia-talde aztertzen duen aintzat hartuta, doktrina jakin bat dagokie.

Adiera hertsian, zoologia modernoak alderdi hauek jorratzen ditu: animalia helduen eta enbrioien egituren anatomia konparatua eta, haien funtzionamenduarekin batera, morfologia; sailkapenak egiten ditu sistematika eta taxonomia erabiliz; ernalketaren mekanismoak, bizi-zikloak, filogenia (gaur egungo espezieen eta desagertu direnen arteko harremanak) eta eboluzioa (espezie berrien sortze-prozesuak) aztertzen ditu. Hori guztia egiteko, gaurko zoologiak beste zoologia-zientzietatik elikatu behar du; adibidez, genetika, fisiologia edo ekologiatik.

Egun, animaliei buruzko informazioa ugaria da, eta urtez urte datu berriak agertzen dira, zoologoek egiten dituzten landa-azterketa eta laborategiko azterketei esker. Iraganean ez bezala, gaur zoologoek osotasunaren zati txiki baten ezagutza baino ez dute.

Horregatik, gaur egungo zoologia hain zabala izanda, zoologo gehienek diziplinaren esparru mugatu batean espezializatu behar izan dute, hau da, zoologiaren atalen batean. Adibidez, funtzioa eta garapena ikasten dituzten zientzia zoologikoak fisiologia eta enbriologia dira, hurrenez hurren. Zelulen egitura, konposizioa, funtzioa eta osagaiak zitologiak aztertzen ditu. Ehunen egitura, funtzioa eta konposizioaz histologia arduratzen da. Genetika saiatzen da belaunaldi batetik bestera herentzia-ezaugarriak transmititzeko mekanismoak ulertzen, eta eboluzioarekin harreman handia du. Ekologiak ikertzen ditu ingurunearen eta animalien artean dauden harremanak; faktore fisikoek edo bestelakoek dute garrantzi gehien harreman horietan, elikagaiak direlako, estalpea edo babesa ematen dietelako, lehiakideak direlako edo harrapakinak direlako. Badira besteen gainean edo barruan bizi diren animaliak ere; kalteak sorrarazten dituzte, baina ez dute animalia hiltzen. Animalia horietaz parasitologia arduratzen da.

Zientzia zoologiko horietako bakoitza, noizbait azpizientzia edo subsidiario deitu izan dena, zein animalia-talde motaz arduratzen den kontuan hartuta, aldi berean, beste zenbait arlotan banatu daiteke. Adibidez, ornodunen edo artropodoen edo intsektuen fisiologia azter edo iker daiteke edota fisiologia konparatua egin daiteke.

Beste alde batetik, zoologo batzuen espezialitatea animalia-talde jakin bat aztertzea da. Adibidez, mastozoologoek ugaztunak ikasten dituzte, ornitologoek, hegaztiak, herpetologoek, anfibioak eta narrastiak, iktiologoek, arrainak, entomologoek, intsektuak edo, oro har, artropodoak, malakologoek, moluskuak eta helmitologoek, zizare lauak eta segmentatuak.

Zoologiaren historia

Gizakiaren animalienganako interesa eta harremana zaharra da, gauza jakina da hori. Gizakiak antzinatik galdetu dio bere buruari zeintzuk diren arrisku handiko animaliak, edo zeintzuk diren jatekoak, edo zein animaliak ematen dion babesteko arropa. Historiaurreko kobetako marrazkiek adierazten digute zein zaharra den harreman edo interes horren jatorria.

Jateko harrapatzeaz gain, gizakiak ikasi zuen animaliak etxekotu zitzakeela, lehen egiptoarrek egin zuten bezalaxe. Gizakiak ardiak, txerriak edo oiloak etxekotu zituenean sortu zen abeltzaintza, eta, horrekin batera, animalienganako interesa eta ezagutza handituz joan zen. K.a. VI. eta V. mendeko filosofo greziarrek egin zituzten lehen aldiz Lurrean animaliak sortu izanari buruzko teoriak. Aristotelesek (K.a. 384-322) Historia Animalium idatzi zuen, eta Greziako eta Asiako animalia batzuen deskripzioak bildu zituen bertan. Natura-irizpideak erabiliz sailkatu zituen organismoak: gauza sinpleetatik konplexuetara.

Pliniok (23-79) eta beste batzuek azterketa asko egin zituzten, eta baita liburu eta entziklopediak idatzi ere. Galeno (131-201) sendagile greziarrak animaliekin esperimentuak egin zituen, garunaren eta nerbioen egitura eta funtzioa ezagutzeko. Erdi Arora arte, animalien ezagutzan ez zen eman aurrerapauso handirik; idazlan guztiei bestiario deitzen zieten, eta Aristoteles, Galeno eta Plinioren espiritua zuten.

Zientziaren sorrera Bacon (1214-1294) eta Alberto Magnorekin (1206-1280) hasi zen. Margolari, ingeniari eta asmatzaile famatua izan zen Leonardo da Vinci (1452-1519) ere gizakiaren anatomiaz eta fisiologiaz aritu zen, eta adierazi zuen garai hartako zoologia oraindik ez zegoela definiturik eta ez zuela muga argirik. Vesaliok (1514-1564) giza gorputzaren anatomiaren behaketa zenbait argitaratu zituen, irudiak Galenok egin zituen eta, aldi berean, haietako batzuk zuzendu zituen. Harveyk (1578-1657) gauza berbera egin zuen fisiologian. Odolaren zirkulazioa aztertu zuen, bihotzaren funtzionamendua aurkitu zuen, eta lan oso garrantzitsua —Exercitario anatomica de motu cordis et sanguinis in animalibus (Bihotzaren eta odolaren mugimenduen azterketa anatomikoak animalietan)— eman zuen argitara. Harveyk egin zituen oilo-garapenaren azterketak ere; ugaztunen eta hegaztien garapena arrautzatik egiten zela frogatzeko balio izan zuen.

Janssenek, 1590ean, eta Galileok, 1610ean, bultzada handia eman zioten zoologiari, arazoak aztertzeko eta ezagutza handitzeko mikroskopio konposatua erabili zutelako. Hooke (1635-1703), Malpighi (1628-1694), Leeuwenhoek (1632-1723) eta Swammerdam (1637-1723) izan ziren lehenetariko mikroskopio-erabiltzaile ospetsuak, eta ehunen egitura mikroskopikoa aztertu zuten.

Ray (1626-1705) eta Lineo (1707-1778) animaliak eta landareak sailkatzen saiatu ziren; animalia- eta landare-mota bakoitza zientifikoki identifikatzeko, sistema binomial bat sortu zuten (lehen izena generoa adierazteko, eta bigarrena espeziea adierazteko). Lineoren (1758) Systema naturae lana erreferente historikotzat hartzen da sistematikan.

Fabricio, Harvey, Malpighi eta Wolffek (1759) animalien garapenari buruzko azterketa sakon asko egin zituzten. Wolffen ekarpena berezia izan zen, epigenesiaren gaineko teoriaren proposamena egin baitzuen; teoria horren arabera, ia egiturarik ez duen arrautza batetik edozein egitura ezberdintzen da garapenean zehar. Baeri (1792-1876) zor diogu geruza germinalaren teoria.

Harveyren ostean, fisiologiaren garapena etorri zen Descartes (1596-1650), Bell (177-1842) eta Magendierekin (1783-1855). Mullerek (1801-1858) fisiologiari buruzko liburu bat argitaratu zuen, eta nerbio-sistemaren arloko ikerkuntza bultzatu zuen. Bernardek (1813-1878) gibela, bihotza, garuna eta plazenta ikertu zituen, eta haien funtzioak ulertarazten lagundu zuen. Bowditchek (1840-1911) bihotzeko muskuluen dena ala ezerezaren legea asmatu zuen. Starlingek (1866-1927) zirkulazioaren fisiologia eta linfaren jatorriari buruz hainbat ekarpen egin zituen. Baylissek (1866-1924) pankrearen urinen jariatzeen kontrol hormonala argitu zuen.

Hunter (1728-1793) eta Cuvier (1769-1832) anatomia konparatuaren aitzindariak izan ziren. Owenek (1804-1892) homologia eta analogiaren kontzeptuak garatu zituen. Cuvier paleontologiaren fundatzailetzat hartzen da, fosilen egituraren lehenetariko ikertzaile baita, eta, Lamarckekin solasaldiak izan ondoren, espezie aldagaitzen izaeran sinetsi zuen. Lamarckek, 1809an, herentzian hartutako ezaugarrien ideian oinarritzen den teoria ebolutiboa proposatu zuen.

Teoria zelularraren fundatzaileak Schleiden eta Schwann (1838) dira. Teoria horren arabera, "hazkuntza zera da: lege jakin batzuei jarraituz gertatzen den zelula indibidualen bolumen-handitzearen eta zelula berriak gehitzearen ondorioa". Brown (1831) izan zen lehen aldiz zelula barruko nukleoaren presentzia aurkitu zuena.

Zoologiak hogeigarren mendean izugarrizko hazkuntza izan zuen, zitologiak, enbriologiak, genetikak, eboluzioak, biokimikak, biofisikak, endokrinologiak eta ekologiaren ezagutzak aurrera nabarmen egin dutelako. Fisika eta kimikaren teknika berrien garapenak eta aplikazioak zoologiaren ikuspegi eta erronka berriak ahalbidetu dituzte. Pertsona askok parte hartu dute mende horretako zoologiaren aurrerakuntzan; aipatzekoak dira Mendel, De Vries, Morgan, Bridges eta Miiller genetikan; Darwin, Dobzhansky, Wright eta Goldschmidt eboluzioan; Harrison eta Spemann enbriologian; eta Crick, Watson, Kornberg eta Nirenberg biologia molekularrean.

XXI. mendean, zoologiak aurrera jarraitzen du, besteak beste, biologia molekularrari esker, geneek daukaten entzimen eta proteinen sintesiaren kontrola edo zelulen prozesu erregulatzaileak hobeto ezagutzen laguntzen baitu. Eboluzioaren oinarri molekularrak ere ari dira argitzen biologia molekularrari esker: entzimak, hormonak, zitokromoak eta hemoglobina; bestetik, DNAren azterketa konparatiboa egiten ari da.

Zoologiaren aplikazioak

Alderdi askotatik hartuta, zoologiaren ezagutza oinarrizkoa da medikuntzan edo albaitaritzan, adibidez anatomiari edo fisiologiari dagokionez. Gizakietan aplikatzen diren prozedura asko aurretik ikasiak eta animalietan frogatuak izan dira, “laborategi txiki” gisa hartzen direlako (zientziaren esperimentaziorako animaliak).

Zoologiaren beste aplikazio argi bat arrantzan edo ehizan ikus dezakegu. Gizakia elikatzeko erabiltzen den fauna baliabide natural mugatua den heinean, faunaren ezaugarri zoologiko gehienak ezagutu behar dira, hau da, haren potentzial osoa, jasangarria eta baliabide berriztagarria izatea nahi badugu. Esateko handia du zoologia aplikatuak abeltzaintzan edo akuikulturan, esate baterako, okela edo arraina ekoizteko prozesuan.

Azkenik, aipatu beharra dago fauna ingurumenaren baldintzen eta ekosistemen osasunaren adierazle gisa erabil daitekeela. Gauza jakina da inpaktu baten ondorioz azkar erantzuten duen fauna gizakiarentzat kaltegarri izan daitekeela. Azken bolada honetan, kutsadura, gainpopulazioa, ekosistemen gehiegizko erabilera edo klima-aldaketa dela eta, gizakia gero eta kontzientziatuago dago ingurunea, flora eta fauna barnean hartuta, zaintzeko beharraz. Biodibertsitatea ezagutzea ezinbestekoa da, ingurunea kontserbatu nahi bada. Ezagutza horretan, zientzia zoologikoek zeregin eta zeresan handia dute.