vaccine

1. Med.

Indargabeturiko mikroorganismoak erabiliz egindako prestakina, gaixotasun jakin baten aurrean immunitatea bultzatzen duena.

Txertoaren bilakaerako une gogoangarriak
Txertoaren bilakaerako une gogoangarriak

1. Med.
Indargabeturiko mikroorganismoak erabiliz egindako prestakina, gaixotasun jakin baten aurrean immunitatea bultzatzen duena.

Txertoa Edit

Egilea: Juan Jose Iglesias

Txertoa bizirik, estuturik edo hilik dauden mikroorganismoen esekidura izaten da. Txertoan dauden mikroorganismo osoak edo horien zatiak antigeno bihurtzen dira, eta organismoan antigorputzak osatzea eragiten dute; horretara, txertoa immunitatea sortzeko gai da eta gaixotasun infekziosoei aurre egiteko aukera eskaintzen du.

Txertoen osagaiak hauek dira:

  • Estuturik edo hilik dauden mikroorganismoak edo horien zatiak.

  • Esekidura likidoa: ur esterila edo serum salinoa, hazkuntza-ingurunean geratzen diren elementu batzuk edota proteinak, kantitate txikian (serumaren proteinak, arrautzen proteinak...).

  • Kontserbagarriak, egonkortzaileak eta antibiotikoak.

  • Lagungarriak: erantzun immunea bizkortzeko.

  • Estuturik dauden mikroorganismoak edo horien zatiak dituzten txertoetan, arrunki, aluminio-gatza erabiltzen da.

Txertoa esku-hartze garrantzitsuenetariko bat da gaixo infekziosoen kontrolean, baina ez bakarra, neurri higienikoak eta bizimoduaren hobekuntza ere txertoa bezain garrantzitsuak baitira.

Saneamendu egokia, hondakin-uren kontrola, oinarrizko arau higienikoak, moduzko elikadura eta populazio osoak oinarrizko premiak aseak izatea txertoa bezain eraginkorra direlakoan gaude gaixo infekziosoen kontrako borrokan.

Jatorria

1796an, E. Jenner konturatu zen behi-baztangaz kutsatuta zeuden esneketariek ez zutela baztangarik pairatzen. Baztangaren lesioetatik hartutako likidoa sartu zien azalean pertsona zaurgarriei, eta baztangatik babestu zituen. Horrela hasi zen, hain zuzen, txertaketaren aroa.

Gaur egun, baztanga da mundutik erauzi den gaixotasun infekzioso bakarra.

1796az geroztik, txerto asko agertu dira. Garai batean "txertoaz" zegoen ideia asko aldatu da, esanahi zabaldu egin da, eta gaur egun txertoak minbiziari aurre egiteko ere erabiltzen dira.

Beti kontuan hartu behar dugu, alabaina, txertoa estrategia zabal baten zati dela, eta ez estrategia bakarra.

Txertoaren bilakaerako une gogoangarriak

grafikoak1

Txerto-mota klasikoak

  • Geldirik daudenak: gorputzean sartzen diren mikroorganismoak hilik daude. Produktu kimikoen edo beroaren bidez hiltzen dira. Horrela lortutako txertoek eragin mugatuak dituzte, eta aldizkako txertaketak egin behar dira. Gripearen kontrako txertoa, kasu.

  • Motelduak: gorputzean sartzen diren mikroorganismoak bizirik daude, baina espresuki kondizio jakin batzuetan hazi dira beren ahalmen kaltegarria galtzeko. Erantzun immunologikoa iraunkorragoa da. Elgorriaren kontrako txertoa, kasu.

  • Toxoideak: toxina bakteriano aldatuak ez-toxiko bihur daitezen sartzen dira gorputzean. Nahiz eta ez-toxikoak izan, antitoxinak berpizteko ahalmena duten toxinak sartzen dira. Tetanosaren kontrako txertoa, kasu.

  • Zatituak: mikroorganismo-pusketak sartzen dira gorputzean. Pusketa horiek erantzun immunologiko egokia berpizteko ahalmena dute. B hepatitis birusaren kontrako txertoa, kasu.

Modu berriko txertoak

  • Konjugatuak: mikroorganismoaren kanpoko geruzaren material disolbagarriarekin eta proteina-garraiatzailearekin osatzen dira txerto-mota hauek, Haemophilus influenzae bakterioaren kontrako txertoa, kasu.

  • Bektore errekonbinantea: mikroorganismo baten gorputza beste baten DNArekin nahasten da.

  • DNA-txertoa: eragile infekzioso baten DNA sartzen da giza zeluletan edo animalia-zeluletan. Horrek proteina bitxiak sortzen ditu, zeintzuek antigeno bihurtzen diren sistema immunologikorako eta erantzun immunologikoa emanarazten duten. Saiakuntza-fasean daude gaur egun.

Erantzun immumitarioa

Sistema immunitarioak kanpoko gisa antzematen ditu txerto-antigenoak; antzeman, suntsitu eta, garrantzitsuena dena, haietaz gogoratu egiten da. Mikroorganismo basatiarekin topo egiten duenerako jadanik edukiko du aurre egiteko erantzun immunitarioa.

Gaur egun, hauen kontrako txertoak ditugu: kukutxeztula, tetanosa, difteria, karbunkoa, pneuniokokoa, elgorria, hazizurria, errubeola, entzefalitis japoniarra, Lyme gaixotasuna, gripea, poliomielitisa, amorrua, tuberkulosia, sukar horia, A hepatitisa, B hepatitisa, baztanga, barizela, meningitisa, Haemophilus influenzae bakterioa, tifoidea, errotabirusa, izurritea eta giza papilomaren birusa.

Gaurko txertoak seguruak eta eraginkorrak dira, baina batek ere ez du erabateko eraginkortasuna (% 100ekoa). Ondorio kaltegarriak badituzte, gehienak arinak, baina noizean behin larriak izan daitezke.

Talde berezi batzuetako kideei, GIBaz kutsatuta daudenei edo haurdun daudenei, adibidez, ezin zaie mikroorganismo biziez osatutako txertorik eman; aitzitik, mikroorganismo hilak edo beren zatiak dituztenak eman behar zaizkie.

Txertoa, txertaketa eta txertatu hitzak paradigmatiko bihurtu ditugu, esan daiteke magikoak direla edozein gaixotasuni aurre egiteko, baina ez dugu ahaztu behar estrategia baten zati baino ez direla.

Gizakiok merkantzia bihurtzen garenean, batez ere herrialde txiro deritzenetan, bizimodua eta bizi-baldintzak aldatzea baino merkeagoa da txertatzea. Hala, herri txiroetan dauden gaixotasun batzuetarako ikerkuntza ez da bultzatzen (txertoak kasu), ez baita errentagarria.

grafikoak2

Umeen txertaketa-egutegia (iturria: Eusko Jaurlaritza)