trauma

1. Med.
sin. traumatism

Agente mekaniko, fisiko zein kimikoek sortutako lesioa. Traumatismo mekanikoak hezur, muskulu eta tendoietako lesioak dira; fisikoak, beroak eragindako erredurak, hotzak eragindako izozketak, eztanden ondoriozko lesioak, elektrokuzioak, etab.; kimikoak, substantzia erregarriak sortutako erredurak.

1. Med.
Agente mekaniko, fisiko zein kimikoek sortutako lesioa. Traumatismo mekanikoak hezur, muskulu eta tendoietako lesioak dira; fisikoak, beroak eragindako erredurak, hotzak eragindako izozketak, eztanden ondoriozko lesioak, elektrokuzioak, etab.; kimikoak, substantzia erregarriak sortutako erredurak.

Traumatismoak Edit

Egilea: Edurne Ugarte

TRAUMATISMOAK

Traumatismoak gerta daitezke bizidunaren gorputzak eta mugitzen ari den objektu batek talka egiten dutenean, gorputzak mugitzen ari ez den zerbait indarrez jotzen duenean edo leherketa baten ondorioz gorputza kolpatzen denean. Eragile solidoek sorrarazitako traumatismoak aztertuko ditugu.

Eragile mekanikoa solidoa denean, solido hori ehunei igortzen dien indarra, bere masa eta bere abiaduraren karratua (F = m x v2) zuzenki proportzionalak dira. Formula horrek azaltzen du abiadura handiko objektu txikiek (adibidez, balak) horren kalte handiak eragiteko duten ahalmena.

Hiru traumatismo-mota bereizten dira: kommozioa, kontusioa eta zauria. Kommozioan ez da kalte anatomiko nabaririk hautematen, baina funtzio zelularrak asaldatzen dira. Adibiderik arruntena garuneko kommozioa da. Garuneko kommozioan, enbor entzefalikoan batez ere gertatzen diren trakzio-indarrengatik goranzko sare-sistemaren disfuntzioa suertatzen da; horrek azaltzen du konorte-galera. Konorte-galera hori minutu batzuetako baino ez da izaten gehienetan, baina kasu larrietan luzeagoa izan daiteke, eta errekuperazioa normalean erabatekoa izaten bada ere, batzuetan, ulermenaren, oroimenaren eta bestelako funtzio kognitiboen alterazioek jota gera daitezke gaixoak.

Kontusioak traumatismo itxiak dira, larruazaleko edo mukosetako etenik gabeko traumatismoak, alegia. Objektu kamutsek eragin ohi dituzte gorputzeko gune zabal kontra jotzean; halakoetan, objektu horren energia mekanikoa gainazal handi horretan barreiatu eta indargetzen da, larruazala edo mukosa apurtu gabe. Kontusioetan, hasiera batean behintzat, ez da minik nabaritzen, nerbio-bukaerak kaltetu baitira. Handik ordu batzuetara ehunetan sortutako hipoxiaren eta iskemiaren ondorioz agertzen diren bitartekari kimiko batzuek mina, hanturazko erreakzioa eta edema eragingo dituzte. Hiru gradutako kontusio mota bereizten dira: lehen mailako kontusioak (ekimosi edo ubeldu more-gorrixkak izaten dira), bigarren mailako kontusioak (odol- edo linfa-hodi asko apurtzen direnez hematomak edo linfa-metaketa handiak gertatzen dira, eta sortutako mina eta edema lehen mailakoetan baino handiagoa izaten da) eta hirugarren mailako kontusioak (larruazalaren geruza guztien nekrosiagatik kolorea zurixka izatetik beltza izatera pasatzen da eta nerbio-bukaeren nekrosiagatik normalean ez da minik izaten). Hirugarren mailako kontusioetan, nekrosatutako eskara, denborarekin, bigundu egiten da zeharo askatu arte, erraz infekta daitekeen etendura agertuz larruazalean.

Zaurietan eten bat gertatzen da larruazalean edo mukosetan. Zaurietan ertzak aldentzeaz gain, mina eta odoljarioa egon ohi dira. Zauririk mingarrienak aho, perineo eta hatz-mamietakoak dira. Odol jarioa biziagoa izan ohi da apurtutako odol-hodiak arteriak baldin badira. Zaurien konplikazio larria shock hipobolemikoa izan daiteke, odol-galtzeak bolemia nabarmen gutxiagotzen badu. Mota askotako zauriak daude eta irizpide asko erabili izan dira sailkatzeko: ebakiduraren norabidearen arabera zauriak longitudinalak, zeharkakoak, zeiharrak edo espiral-itxurakoak izan daitezke, mekanismoaren arabera ziztatze-zauriak, ebakitze-zauriak, kontusio-zauriak, urratze-zauriak edo hozkagatiko zauriak, itxuraren arabera linealak, arku-itxurakoak, ertz askokoak, izar-itxurakoak, puntu-itxurakoak, irregularrak edo pedikulatuak, eta eragilearen arabera arma zuriagatiko zauriak, su-armagatikoak, metrailagatikoak edo zezen-adarragatiko zauriak deskribatu dira.

Eragile mekaniko solidoek sortutako asalduen artean aipamen berezia merezi du zanpaketa-sindrome delakoak (Crush Syndrome, alegia). Sindrome hau lurrikaretan eta eraikinak eraisten diren edozein katastrofe motatan gertatu ohi da, gorputz-adarrak hondakinen artean harrapatuta egoteagatik edo torniketeak luzaroegi edukitzeagatik. Konplikaziorik larrienak muskuluen deskonpresiotik eratortzen dira, muskuluen zirkulazioa bere onera itzultzean presio arteriala jaisten delako eta zanpatutako muskuluetatik giltzurrunak kalte ditzaketen toxikoak askatzen direlako.