stomach

1. Anat.

Ugaztunen digestio-hodiko zati zabala, hestegorriaren eta duodenoaren artekoa. Digestioan parte hartzen duten urinak jariatzen dituen organo muskulutsua da.

Urdailaren atalak
Urdailaren atalak

1. Anat.
Ugaztunen digestio-hodiko zati zabala, hestegorriaren eta duodenoaren artekoa. Digestioan parte hartzen duten urinak jariatzen dituen organo muskulutsua da.

Urdaila Edit

Egilea: Angel Bidaurrazaga

URDAILA

Urdaila digestio-aparatuaren lehen zatia da abdomenaren barrunbean; betiere hestegorri abdominalaren azken zatia kontuan hartu gabe. Elikadura-boloaren aldi bateko gordeleku-funtzioa egiten du, urdailean nahasketak egin ondoren, elikagaia hesteetara joateko. Hestegorria baino zabalagoa da eta hor elikadura-boloa kimo deitzen den papila bihurtzen da.

Urdailaren anatomia

Itxura eta erlazioak

Urdaila abdomenaren goialdean kokatua dago, normalean: ezker hipogastrioaren eta epigastrioaren artean. Kardia (hestegorriaren bukaera edo urdailaren hasierako zatia) T11 mailan eta piloroa (urdailaren bukaera eta duodenoaren hasiera) L1 mailan dago, nahiz eta aldaketa ugari egon daitekeen.

Kardiaren ondoren, diafragmaren azpian dago urdailaren fundusa edo hondoa, ondoren urdailaren gorputzarekin jarraituko duena. Gorputzak abdomenean beherantz lehenengo, eta gero eskuin alderantz egiten du, eskuin alde horretan atal piloriko deitzen zaiona osatzeko. Honek badu hasierako zati bat, antro pilorikoa, zabalagoa dena; estutzen denean hodi piloriko deitzen da eta esfinter bat du, duodenotik bereizteko. Gune horretan, muskulu-zuntzen ondorioz, pareta asko loditzen da.

Urdailaren itxura zapalduak bi aurpegi edukitzea dakar berekin: aurrekoa eta atzekoa. Bi ertz nagusi ere baditu: behekoa edo kurbadura handia, beherantz eta ezkerrerantz begira dagoena, eta goikoa edo kurbadura txikia, gorantz eta eskuinerantz begira dagoena. Enbrioi-aldian egindako biraketen ondorioz, kurbadura handiaren ondoren omentu (epiploi) nagusia dator eta kurbadura txikiaren ondoren omentu (epiploi) txikia.

Pareta gastrikoak kanpoko geruza bat du, serosa deitzen dena. Honek bere baitan hiru motatako zuntzak dituen geruza muskularra estaltzen du. Hauexek dira hiru zuntz-motak: luzeranzkoa, zirkularra eta zeharra. Barrutik submukosa geruza dago, mukosa lotzen duena, eta azken honek mukia, digestio-entzimak eta azido klorhidrikoa jariatzen duten zelulak ditu. Mukosak luzeranzko tolespen batzuk ditu, horien itxura dela medio “urdailaren kaleak” deitu izan direnak.

grafikoak1

Urdailaren atalak

Irrigazioa

Irrigazioa aorta-arteriaren adarretatik datorkio. Enbor zeliakotik irteten da ezkerreko arteria gastrikoa, kurbadura txikitik joan eta eskumako arteria gastrikoarekin anastomosatzeko. Eskumako arteria gastrikoa arteria hepatikoaren adarra da. Arteria hepatikoak ere enbor zeliakoan du abiapuntua. Arteria hepatikotik arteria gastroduodenala irteten da, eta arteria horretatik eskumako arteria gastroepiploikoa sortzen da. Azken arteria honek kurbadura handitik barrena ezkerreko arteria gastroepiploikoarekin bat egiten du; azken hau arteria esplenikotik (hau ere enbor zeliakoaren adarra) irteten da. Urdailaren irrigazioa arteria gastriko txikiekin osatzen da. Arteria txiki hauek, arteria esplenikotik datozenak, fundusa edo hondoa irrigatzen dute.

Zain-itzulera

Zain-itzulera irrigazio arterialaren paraleloa da; baina, kasu honetan, zainak porta sisteman amaitzen dira, bai zuzenean (eskuineko eta ezkerreko zain gastrikoak bezala) edo zeharka (ezkerreko zain gastroepiploikoa zain esplenikora eta eskumako zain gastroepiploikoa goiko zain mesenterikora). Zain gastriko txikien bidez, porta zainaren (esplenikoaren bidez) eta beheko kaba zainaren (zain esofagikoaren bidez) sistemen artean anastomosi-zubi bat eratzen da. Portako hipertensioa gertatzen denean, hestegorriko zainak handitu daitezke eta, horren ondorioz, barizeak eratu daitezke. Oso arriskutsuak dira, apurtzen badira hilgarriak izan daitezkeelako.

Urdailaren zirkulazio linfatikoa

Hamabost gongoil-talde daude, kurbadura handitik eta txikitik hedatzen direnak. Gongoil hauek kendu beharrekoak dira urdailaren minbizian.

Urdailaren inerbazioa

Urdailaren inerbazioa nerbio bagoak (parasinpatikoak), eta arterietatik datozen zuntz sinpatikoek osatzen dute. Ezkerreko nerbio bagoa urdailaren aurreko aurpegian dago, eta eskumako nerbio bagoa atzeko aurpegian dago.

Urdailaren fisiologia

Urdaila nerbio-sistema autonomoak kontrolatuta dago, nerbio bagoa izanik nerbio-sistema autonomoaren osagai nagusia. Urdailaren azidotasuna hiru molekulek kontrolatzen dute: azetilkolinak, histaminak eta gastrinak.

Elikadura-boloa, hestegorri osoa iragan ondoren, kardia zeharkatu eta urdailean metatzen da. Urdaila digestio-aparatuaren erreserba-tokia da, elikagai-kantitate handia eta jatorduak banatzea ahalbidetzen duena.

Horrez gain, urdailak beste funtzio garrantzitsu batzuk ere baditu: digestio-aparatuko jariatzailea, funtzio mekanikoa edo motorra, hormonala eta immunologikoa, adibidez.

Urdailak bere jarduera jariatzailea urdail-urinaren bidez egiten du, urin honek azido klorhidrikoa eta pepsina baititu elikagaietako proteinei erasotzeko. Urdail-urinak faktore intrintsekoa du (Castleren faktorea), B12 bitamina edo faktore estrintsekoa (kobalamina) xurgatzeaz arduratzen dena; faktore estrintsekoa egokia da anemia gaiztoa saihesteko. Funtzio mekaniko edo motorra, oso garrantzitsua da urdaila husten denerako. Funtzio hau elikadura-boloaren eraldaketaren eta piloro esfinterraren jarduera motorraren mende dago.

Urdail-urina urdail-mukosa osatzen duten hainbat zelularen jariaketen nahastea da. Urin honek ura, elektrolitoak, muzina eta proteinak ditu. Urinaren konposizioa konplexua da. Zelula ekoizleen jariakinen nagusitasunaren arabera, zelula horiek honela banatzen dira:

  • Parietalak edo oxintikoak, azido klorhidrikoaren jariatzaileak.

  • Printzipalak edo peptikoak, pepsinogenoaren eta progastrinaren jariatzaileak.

  • Mukosoak, mukositatea edo jariapen alkalinoa eragiten dutenak.

Gaixotasunak

Urdaileko gaixotasun garrantzitsuenak: gastritisa (mukosa gastrikoaren hantura), ultzera (mukosako zauria), minbizi gastrikoa.