silicon
- 1. Kim.
- Zenbaki atomikoa 14 duen elementu kimikoa. Solido ez-metalikoa da.
Silizioa Edit
Egilea: Elhuyar
Ezaugarri fisikoak eta kimikoak
Taula periodikoan 14 taldean dago silizioa, karbonoarekin eta germanioarekin batera. Atomoaren kanpoko orbitalek karbonoaren egitura bera dute, eta, horregatik, zenbait kasutan antzera jokatzen dute bi elementuek. Hala ere, silizioak karbonoak baino ezaugarri metalikoagoak ditu. Elementu gisa nahiko inertea bada ere, karbonoak bezala, lau elektroi lotzaile dituenez, kondizio jakinak daudenean elementu eta konposatu askorekin erreakzionatzeko aukera du. Silizioa erdieroalea da, lau elektroi horiek erraz eman edo partekatzen ditu, eta, horri esker, lotura kimiko mota ezberdin ugari era ditzake.
Silizioak bi forma alotropiko ditu, forma amorfo marroia eta forma kristalino gris iluna. Forma kristalinoan dagoela, distira metalikoa du, eta nahiko sendoa, hauskorra eta koskatzeko erraza da, beira bezala.
Elementu metalikoekin eta ez-metalikoekin konbinatzeko gaitasuna du. Karbonoarekin silizio karburoa eratzen du, oxigenoarekin silizea, oxigenoa eta metalarekin silikatoak eta hidrogenoarekin silanoak. Halogenoekin, sufrearekin eta nitrogenoarekin ere konposatuak eratzen ditu.
Silizioaren zenbait propietate
Ugaritasuna eta produkzioa
Silizea lurrazaleko elementuetan bigarren ugariena da. Oxigenoa da ugariena (% 47), silizea bigarrena (% 28) eta hirugarrena aluminioa da (% 8). Silizea oso hedatuta badago ere, inoiz ez da aurkitzen forma askean, beti dago beste elementu edo konposaturen batekin konbinatuta. Gehienetan, silizio dioxido gisa (silizea) eta silikato gisa aurkitu ohi da.
Forma puruan dagoen silizioa kristal-forma ezberdineko mineraletan aurkitu ohi da: harea, amatista, agata, kuartzoa, harri-kristala, kaltzedonia, silexa, jaspea eta opaloa, besteak beste.
Amatista
Silikatoa ere beste hainbat mineraletan agertzen da, esaterako, asbestoan, feldespatoan, buztinean, hornblendan eta mikan. Mineral horiek, halaber, hainbat arrokaren osagai dira, besteak beste, granitoarena eta hareharriarena.
Aplikazioak
Silizea oso erabilia da aplikazio elektronikoetan. Oso silize purua erabiltzen da, beste hainbat elementurekin konbinatuta, elektronikan eta bestelako aplikazioetan erabiltzen diren transistore, zirkuitu integratu, mikroprozesadore eta erdieroaleetan. Kristal likidozko pantailen eta aplikazio fotovoltaikoen osagai ere bada.
Silizioa oinarrizko osagaia da aplikazio elektronikoetan
Altzairugintzan ere oso erabilia da, metalekin aleazioak eratzen ditu, horien gogortasuna eta korrosioaren aurrean duten erresistentzia areagotzeko.
Horrez gain, silikonaren ekoizpena ere oso garrantzitsua da. Silizioa oxigenoarekin eta karbonoarekin konbinatuz lortzen dira silikonak. Oso konposatu erabiliak dira beira eta konposatu organikoak elkartzeko eta urarekiko iragazgaitzak eta konposatu kimikoekiko erresistenteak diren polimeroak sortzeko.
Silizea beiraren oinarrizko osagaia da. Eraikuntzan ere garrantzitsua da, harea eta igeltsu forman erabiltzen baita zementuan eta adreiluetan, eta porlan zementua egiteko baliatzen da. Zeramikan ere oso erabilia da, eta urratzaile gisa ere erabiltzen da.
Naturan
Oro har, izaki bizidunentzat ezinbesteko elementua den arren, animaliek ez dute kantitate handirik behar. Landareetan, aldiz, garrantzi handiagoa du, horien metabolismoan parte hartzen baitu. Halaber, azido silizikoa da diatomeo izeneko izaki itsastar mikroskopikoen maskorraren osagai nagusia.



