server

1. Inform.

Konputagailu-sare batean, beste ordenagailu batzuei hainbat zerbitzu, informazio eta baliabide eskaintzen dizkien ordenagailua. Gainerako ordenagailuek baino ahalmen handigoa izaten du, eta sare berean zerbitzari bat baino gehiago izan daitezke.

1. Inform.
Konputagailu-sare batean, beste ordenagailu batzuei hainbat zerbitzu, informazio eta baliabide eskaintzen dizkien ordenagailua. Gainerako ordenagailuek baino ahalmen handigoa izaten du, eta sare berean zerbitzari bat baino gehiago izan daitezke.

Zerbitzaria Edit

Egilea: Ibai Gurrutxaga, Jesus Maria Perez

ZERBITZARIA

Ordenagailu jakin batean martxan dagoen programa bat besterik ez da, baina, hedaduraz, gaur egun, askotan, ordenagailuari berari ere zerbitzari deitzen zaio. Hala, ordenagailu-denda askotan zerbitzariak eskaintzen dituzte. Ordenagailu horiek daukaten berezitasun bakarra da prozesu anitz era eraginkorrean exekutatzeko ahalmen handiko konputagailuak direla, bai prozesatzeko gaitasunaren aldetik, bai memoria edo diskoaren edukieraren aldetik ere.

Berez, zerbitzari prozesua, besterik gabe, ez da nahikoa; bezero prozesu osagarria behar du. Zerbitzaria etengabe egoten da martxan ordenagailuetan, bere zerbitzua eskaintzen, eta, zerbitzu hori baliatzeko, erabiltzaileek, beren ordenagailuetatik, zerbitzari horri dagokion bezeroa exekutatzen dute, eskaera konkretu bat egin ahal izateko. Biak sarearen bitartez komunikatzen dira zerbitzua emateko; adibidez, zerbitzaritik bezerora fitxategi bat jaisteko.

Beraz, biek, zerbitzariak eta bezeroak, aplikazio bat osatzen dute, aplikazio banatua, hain zuzen ere. Aplikazio bat da ordenagailuetan exekutatzen dena, eta banatua da sarearen bitartez elkarri loturiko bi ordenagailuren artean, gutxienez, gertatzen dena. Konputagailu-sareen bidezko komunikazio guztiak —posta elektronikoa, fitxategien trukaketa, Interneten nabigatzea, txateatzea…— aplikazio banatuen bitartez bideratzen dira.

Aplikazio banatu gehienek bezero-zerbitzari eredua baliatzen duten arren, gaur egun badaude beste eredu batzuk erabiltzen dituzten aplikazioak ere: peer-to-peer (edo P2P) motakoak, adibidez. Rol bera duten osagaiek osatutako aplikazio banatuak izaten dira. Kasu horretan, ez da gertatzen batek bezeroarena eta besteak zerbitzariarena egin behar izatea, ez; denek egiten dute bezeroarena eta zerbitzariarena, hau da, denek jaits ditzakete fitxategiak besteetatik eta, aldi berean, bakoitzak fitxategi batzuk eskaintzen ditu besteek ere jaits ditzaten, adibidez. Interneten musika edo filmak jaisteko erabiltzen diren aplikazioak ditugu horien adibide ezagunenetarikoak.

Bestalde, bezero-zerbitzari ereduari jarraituta ere, aplikazio batzuk ez dira murrizten zerbitzari eta bezero bakarrera. Kasu horretan, ohikoa izaten da zerbitzari batek beste zerbitzari baten beharra izatea bere zerbitzua egin ahal izateko. Horren adibide ezagun bat: posta elektronikoa. Posta elektronikoko mezu bat bidaltzen denean, hura erabiltzaile batetik beste batera helaraztea da helburua. Laburbilduz, erabiltzaile bakoitzak badu bere posta-bezeroa (B1 eta B2), eta hark bere sareko posta-zerbitzariarekin hitz egiten du (Z1 eta Z2, hurrenez hurren). Beraz, azkenean, mezuaren bide osoa B1-Z1-Z2-B2 da.

Haratago joanda, DNS zerbitzua daukagu, Domain Name Server edo domeinu-izenen zerbitzaria, alegia. Gizakiok erabiltzen ditugun ordenagailuen domeinu-izenetatik edo ohiko 'helbideetatik' (www.google.com, adibidez) Internetek makinak identifikatzeko erabiltzen dituen identifikadoreetara (IP helbideetara, hain zuzen) pasatzeko zerbitzua. Zerbitzu hori guztiz gardena da erabiltzailearentzat, baina guztiz funtsezkoa komunikazioak gauzatzeko, kasu gehienetan. Interneteko konputagailu guztien izenak zerbitzari bakarrean kudeatzea ezinezkoa denez, milaka zerbitzariren elkarlana beharrezkoa da.

Aipatzekoa da aplikazio banatu baten definizioan osagarririk garrantzitsuenetako bat aplikazio-protokoloa izaten dela. Horrek arautzen du, aplikazioak definitzen dituen zerbitzu bakoitzeko, osagai bakoitzak zer, nola eta noiz egin behar duen. Horrela, aplikazio-protokoloari esker, bezeroak eta zerbitzariak elkar uler dezakete.

Azkenik, zerbitzari baten barne-funtzionamenduari dagokionez, argi dago zerbitzari bat ezin dela prozesu arrunt bat izan. Etengabe egon behar du edozein eskaeraren zain, eta, arrakastaren arabera, une berean —edo ia-ia— hainbat eskaera jaso eta gauzatzeko prest egon behar du. Horretarako, konkurrentzia-teknikak erabiltzen dira; hala, nolabait, jasotako eskaera bakoitzeko exekuzio-hari bat arduratzen da eskaera hori aurrera eramateaz. Batzuetan, zerbitzari horiek zama handia izaten dute, eta, makina bat izan ordez, hainbat makinatan eskaintzen da zerbitzua, gainzama elkarlanean banatuta. Imajina dezagun Googleren web-zerbitzari arrakastatsuaren hardware-azpiegitura nolakoa izango den mundu mailan dituen eskaera guztiei erantzuteko: makina bat ordenagailu, eta ez edonolakoak, elkarlanean.