programming language

1. Inform.

Lengoaia artifiziala, ordenagailuetan exekutatzen diren programak eta horiei dagozkien algoritmoak idazteko erabiltzen dena. Adibidez: C, C++, COBOL, FORTRAN, Java, JavaScript, Pascal, Perl, Python, Visual Basic eta abar.

1. Inform.
Lengoaia artifiziala, ordenagailuetan exekutatzen diren programak eta horiei dagozkien algoritmoak idazteko erabiltzen dena. Adibidez: C, C++, COBOL, FORTRAN, Java, JavaScript, Pascal, Perl, Python, Visual Basic eta abar.

Programazio-lengoaia Edit

Egilea: Nerea Ezeiza

PROGRAMAZIO-LENGOAIA

Programazio-lengoaia konputagailuari aginduak emateko erabiltzen den notazio edo lengoaia artifiziala da, hau da, programak idazteko hitzarmen eta arau sintaktiko eta semantikoen multzoa. Lengoaia horien bitartez, konputagailuak burutu beharreko atazak zehazki deskriba daitezke.

Lehenengo konputagailuak 40. hamarkadan sortu ziren, eta makina-lengoaia erabilita programatzen ziren. Makinari burutu beharreko eragiketak eta eragiketen ordena zehazteko, 0en eta 1en sekuentziak idazten ziren. Eragiketak oso behe-mailakoak ziren: informazioa kokapen batetik bestera mugitu, bi erregistroren edukia batu, bi balio konparatu, etab. Esan gabe doa, programazio-mota hori oso motela eta zaila zela, eta erroreak egitea erraza zela. Gainera, behin idatzita, oso zaila zen programak ulertzea eta aldatzea.

Zailtasun horiek gainditzeko eta ulertzen errazagoak ziren programak idatzi ahal izateko lehenengo ahalegina mihiztadura-lengoaia garatzea izan zen, 50. hamarkadaren hasieran. Mihiztadura-lengoaietan izen mnemoteknikoak erabiltzeko aukera ematen zen, eta, horri esker, aginduen adierazpena ulerterrazagoa bihurtu zen. Hurrengo urrats batean, aginduen makroak edo laburdurak definitu ziren, maiz errepikatzen ziren agindu-sekuentziak parametrizatu ahal izateko eta kodea ez errepikatzeko.

Jauzi kualitatibo handiena 50. hamarkadaren amaieran gertatu zen, Fortran, COBOL eta Lisp programazio-lengoaiak garatu zirenean. Lengoaia horiek helburu zehatzak zituzten: Fortranek (FORmula TRANslation) konputazio zientifikoa, COBOLek (COmmon Business Oriented Language) negozioetako datuen prozesaketa eta Lispek (LISt Processing) konputazio sinbolikoa. Lengoaia horien atzean zegoen filosofia zen helburu horietarako maila handiagoko notazioak sortzea. Helburua ondo bete zutela esan daiteke, garai hartan oso arrakastatsuak izan zirelako eta oraindik orain erabiltzen direlako. Ondorengo hamarkadetan, programazio-lengoaia gehiago sortuz joan ziren, programazio-lana errazagoa, naturalagoa eta sendoagoa izan zedin.

Gaur egun, milaka lengoaia daude. Sailkapen bat baino gehiago egin daiteke. Hemen, bakar batean zentratuko gara. Bi lengoaia-multzo bereizten dira: agintzaileak eta erazagutzaileak. Lehenengo multzokoetan, programak makinari konputazioa nola burutu zehazten dio; bigarren multzokoetan, berriz, zer egin behar duen. Adibide gisa, C, C++, C# edo Java lengoaia agintzaileak dira. Horrelakoetan, programaren nozioa egoeren bidez eta egoera horiek aldatzeko aginduen bidez uler daiteke. Bestalde, ML eta Haskell lengoaia funtzionalak, eta murriztapen logikoetan oinarritutako lengoaiak, Prolog kasu, lengoaia erazagutzailetzat hartzen dira. Horrelakoetan, programak funtzio edo erregela logiko multzo bat deskribatzen du, eta problemaren ebazpena horien aplikazio gisa ikusten da. Horrelakoetan, aplikazio-ordena erabakiko duen motor bat egoten da.

Lengoaiak programatzeko estiloari erreparatuta, beste zenbait multzotan banatu daitezke. Horien artean, aipatu nahi dira objektuei zuzendutako lengoaiak. Programazio-estilo horretan, objektuek eta beren arteko elkarrekintzak definitzen dute programa. Adibide gisa C++, C#, Java edo Ruby aipa daitezke.

Azkenik, script lengoaiak aipatu nahi dira. Konputazioak edo programak elkarrekin "itsasteko" maila altuko eragiketak erabiltzen dituzte. Horien adierazle dira, besteak beste, Awk, Perl, PHP, Python eta Tcl lengoaiak.