primate

1. Zool.

Euterioen infraklaseko zenbait ugaztunez esaten da. Aurrez aurre jar daitezkeen hatzak eta aurpegi-planoan kokatutako begiak (eta, ondorioz, ikusmen estereoskopikoa) dauzkate. Entzefaloa, zerebroa batez ere, handia da, eta oso garatuta dago. Aldiko, heldura iristeko garapen- eta hazkunde-aldi luzea igaro behar duen ume bakarraz erditzen dira. Bere barnean tximinoak eta gizakia biltzen dituen Primates ordena osatzen dute.

Mundu Zaharreko tximinoen kide den babuinoa. Babuinoak, taldetan bizi diren tximino koadrupedo lurtarrak dira
Mundu Zaharreko tximinoen kide den babuinoa. Babuinoak, taldetan bizi diren tximino koadrupedo lurtarrak dira

1. Zool.
Euterioen infraklaseko zenbait ugaztunez esaten da. Aurrez aurre jar daitezkeen hatzak eta aurpegi-planoan kokatutako begiak (eta, ondorioz, ikusmen estereoskopikoa) dauzkate. Entzefaloa, zerebroa batez ere, handia da, eta oso garatuta dago. Aldiko, heldura iristeko garapen- eta hazkunde-aldi luzea igaro behar duen ume bakarraz erditzen dira. Bere barnean tximinoak eta gizakia biltzen dituen Primates ordena osatzen dute.

Primateak Edit

Egilea: Neskuts Izagirre

PRIMATEAK

Primates ugaztun plazentalioen barnean sailkatzen den ordenetariko bat da. Primates taldean, berrehun eta berrogeita hamar bat tximino-espezie daude, besteak beste, gure espeziea (Homo sapiens). Oro har, Erdialdeko Amerikako, Hego Amerikako, Afrikako eta Asiaren ekialde eta hegoaldeko ohian tropikaletan bizi dira.

Primateok eta ugaztunok hainbat ezaugarri komun ditugu: gorputzean ilea, haurdunaldi luzeak, jaioberri erneak, ugatzak, zenbait hortz-mota, kapazitate kranial emendatua, ikasteko ahalmena eta jokabide malgua, beste batzuen artean. Baina primateak gainontzeko ugaztunengandik bereizteko ezaugarriak hauek dira:

  • Lokomozioa eta gorputz-adarrak: primate guztiok, neurriren batean, jarrera tenterako joera daukagu. Jarrera tenteari dagokionez, gizakiak erdietsi du mailarik gorena (lokomozio bipedoa); beste kasu batzuetan, jarrera tentea eserita egoteko gaitasunean baino ez da nabaritzen. Primateak, oro har, zuhaitzetako animaliak dira, eta, bizimodu horretara moldatzeko, atzazalez estaliriko bost atzamarreko esku eta oin atzitzaileak garatu dituzte. Horri esker, objektu txikiak manipula ditzakete eta zuhaitzen adarretatik eskegita trebetasunez mugi daitezke.

  • Dieta eta hortzeria: primateek ez dute espezializazio berezirik dietan, orojaleak dira. Hortzeria orokortuan islatu da hori, hots, hortzek ez dute moldapen berezirik elikagai-mota bakoitza ustiatzeko.

  • Zentzumenak eta zerebroa: primateak, oro har, egunekoak dira. Hori dela eta, primateen bizimoduan, ikusmenak usaimenak baino garrantzi handiagoa du. Horrekin erlazionatuta, koloretan ikusteko ahalmena eta ikusmen estereoskopikoa (objektuak hiru dimentsiotan ikusteko gaitasuna) eta binokularra (begi bien ikusmen-eremuak hein handi batean gainezarri egiten dira) garatu dituzte. Primateen kasuan, zerebroaren tamainaren eta konplexutasunaren emendioa mailarik gorenera heldu da. Ikusmenarekin erlazionatuta dauden zerebroko neokortexaren eskualdeetan gertatu da bereziki zerebroaren handitzea.

  • Heltzea, ikastea eta jokabidea: primateek kume bakarreko haurdunaldi luzeak izaten dituzte, eta gainontzeko ugaztunek baino bizitza luzeagoak. Primateen kume jaioberrien heltzea atzeratuta dago; izan ere, jaio ondoren, amarenganako menpekotasun-aldi luzea izaten dute. Denboraldi hori oso garrantzitsua da gizarte-taldeetan bizi ahal izateko behar dituzten trebezia eta jokabide konplexuak ikasteko.

Ohiko sailkapenetan (ikus taula), Primates ordena bi superfamiliatan banatzen da: Prosimii eta Anthropoidea. Baina sailkapen kladistaren arabera, Primates ordena bi azpiordenatan banatzen da: Strepsirrhini eta Haplorrhini. Bi sailkapen-mota horien arteko desberdintasun nagusia tartsiformeen kokapen filogenetikoa da. Sailkapen kladistaren arabera, tartsiformeak Prosimii taldetik atera dira, eta Haplorrhini taldean, antropoideoekin batera, sailkatuta daude. Strepsirrhinoak duela 63 milioi urte banandu ziren sudur hezeko karraskari antzeko intsektujale primitiboen lerrotik. Azken horien barnean, lemurrak, loriak, aie-aieak, galagoak eta potoak daude. Oro har, gautarrak dira, eta, gainontzeko primateekin konparatuz, ezaugarri primitibo gehiago dituzte, hala nola hortz-orrazia, baraila fusionatu gabea, kopeta-hezur banatua; bestalde, usaimenak ikusmenak baino garratzi handiagoa du oraindik haien bizimoduan.

Haplorrhini azpiordenak sudur lehorreko primateak biltzen ditu, eta hiru taldez osatuta dago: duela 58 Ma sortu ziren Tarsiformes infraordena eta Platyrrhini eta Catarrhini infraordenak, Mundu Berriko eta Zaharreko tximinoak alegia. Mundu Berriko tximinoak (Platyrrhini infraordena) Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako ohian tropikaletan bizi dira, zuhaitzetako animalia koadrupedoak dira, sudur zabalak dituzte, eta sudurzuloak alboetarantz irekitzen zaizkie. Mundu Zaharreko tximinoak (Catarrhini infraordena), ordea, Afrikako eta Asiako ohian tropikaletan bizi dira, besteak baino handiagoak dira, eta sudurzuloak beherantz irekitzen zaizkie, guri bezala.

grafikoak1

Mundu Zaharreko tximinoen kide den babuinoa. Babuinoak taldetan bizi diren tximino koadrupedo lurtarrak dira

Azkenik, antropomorfoek primateen artean zerebrorik handiena moldatu duten taldea osatzen dute (gure espeziea talde horren barnean sailkatzen da), gorputz-eite are tenteagoa dute, gorputz-tamaina handiagoa eta jokabide-antolamendu konplexuagoa. Afrika eta Asiako oihanetan baino ez ditugu aurkituko; gizakiok gara salbuespen bakarra: izan ere, kulturari esker, planetako kokapen geografiko eta ekosistema anitz betetzeraino moldatu gara.

grafikoak2

Antropomorfoen taldeko kide den txinpantzea. Txinpantzea gizakiaren ahaide hurbilena den primatea dugu

Gaur egungo primateen sailkapen taxonomikoa, kladismoaren arabera

grafikoak3