pigment

1. Biokim./Biol.
sin. biological pigment

Landareen edo animalien prozesu fisiologiko garrantzitsu batean edo batzuetan parte hartzen duen molekula organiko koloreduna.

Ezkerrean, a klorofilaren egitura; eskuinean, a eta b klorofilen argi-xurgapenaren espektroa
Ezkerrean, a klorofilaren egitura; eskuinean, a eta b klorofilen argi-xurgapenaren espektroa

2. Kim.

Konposatu kimiko koloreduna, argi ikusgaia selektiboki xurga dezakeena (argiaren uhin-luzera espezifikoetan). Pigmentuek duten kolore bereizgarria islatzen duten (edo xurgatzen ez duten) argiaren uhin-luzeretatik dator. Material bati erantsita, kolorea emateko edo opako bihurtzeko erabiltzen dira (esaterako, pintura eta material plastikoetan).


1. Biokim./Biol.
Landareen edo animalien prozesu fisiologiko garrantzitsu batean edo batzuetan parte hartzen duen molekula organiko koloreduna.

Pigmentua Edit

Egilea: Helena Ostolaza

PIGMENTU BIOLOGIKOA

Landare-pigmentu garrantzitsuenak pigmentu fotosintetikoak dira: klorofilak, karotenoideak eta fikobilinak.

Klorofilak porfirina deituriko tetrapirrol heteroziklotik eratortzen diren pigmentu berdeak dira. Goi-mailako landareek bost klorofila-mota izaten dituzte: a, b, c, d eta e klorofilak; horietatik, a klorofila izaten da ugariena, fotosintesi oxigenikoa egiten duten organismo guztietan agertzen baita. Bakterio fotosintetikoek bakterioklorofila pigmentua izaten dute.

grafikoak1

Ezkerrean, a klorofilaren egitura; eskuinean, a eta b klorofilen argi-xurgapenaren espektroa

Klorofila-molekulei esker, argi-energia energia kimiko bihur daiteke. Horretarako, hiru funtzio betetzen dituzte landareen fotosintesi-prozesuan: argi ikusgaia xurgatzen dute, antena modura jokatuz; energia hori klorofila-molekula batetik bestera transferitzen dute erresonantzia bidezko transferentzia deritzon prozesuaren bidez; eta, azkenik, klorofila-molekula batek oxidazio kimikoa jasaten du, elektroi bat askatuz eta ondoko beste molekula bat erreduzituz.

Karotenoide eta fikobilinak fotosintesian klorofilei laguntzen dieten pigmentuak dira. Argi ikusgaiaren espektro osoa erabiltzen laguntzen dute, klorofilek xurgatzen ez dituzten uhin-luzerak xurgatuz. Karotenoide ezagunena -karotenoa da, azenarioan agertzen den pigmentu hori-laranja. Fikobilinak proteinei kobalenteki lotuta egoten diren pigmentu urdin-gorriak dira. Zianobakterioetako fikozianina eta fikoeritrina dira ezagunenak.

grafikoak2

Zenbait karotenoide-molekula

Animalien zenbait organo eta ehunetan (azala, ilea, tegumentua, begiak eta odola, adibidez), pigmentu-mota ezberdinak aurki ditzakegu.

Melanina azal eta ileetako melanozitoek ekoizten duten pigmentu arrea da. Poliazetileno-, polipirol- eta polianilina-molekula organikoek eta haien polimeroek osatzen dituzte zelularen zitoplasman metatzen diren melanina-garauak. Eguzki-argiak bultzatzen du melanina-sintesia. Melaninak, giza azaleko pigmentazioaz gainera, argi ultramorearen aurkako babesa eskaintzen du. Melanina ekoizteko arazoek (tirosinasa entzimaren gabezia genetikoaren ondorio) albinismoa ekar lezakete, baita azaleko minbizia ere.

Ornodunetan O2-aren garraioaz arduratzen diren hemoglobina (odolean) eta mioglobina (muskuluan) proteinek kolore gorriko hemo pigmentua daramate kobalenteki lotuta. Hemo taldea klorofilen talde bereko tetrapirrol ziklikoa da. Hemoak heterozikloaren erdialdean Fe2+ atomo bat darama; klorofilek, berriz, Mg2+ atomo bat. Ornogabeetan (molusku, araknido eta krustazeoetan) hemozianina proteinak betetzen du oxigenoa garraiatzeko funtzio hori. Bi kobre-atomo dituen pigmentua  du proteina horrek, eta kolore urdina hartzen du.

grafikoak3

Ezkerrean, hemo taldedun hemoglobina proteina; eskuinean, plastozianina proteina

Begietako erretinan (bastoi-zeluletan), argiaren xurgapenaz arduratzeko, opsina proteinaz eta horri lotuta dagoen 11-cis-erretinal izeneko aldehido-molekulaz osatutako errodopsina pigmentu gorri-purpura dugu. Zuri-beltzeko ikusmenaz arduratzen da. Argi distiratsupean, bastoi-zelulak gehiegizko kitzikapenetik babesteko, errodopsina apurtu egiten da, eta opsina eta erretinala askatzen dira. Iluntasun-egoerara bueltatzean, opsina eta erretinala lotu eta errodopsina funtzionala eratzen da. Koloretako ikusmena lortzeko, mota bat baino gehiagotako erretinal eta opsina proteinez osatutako konplexuak ditugu kono-zeluletan.

grafikoak4

Diskoaren kanpoko segmentuan dagoen errodopsinaren diagrama eskematikoa