organic chemistry

1. Kim.

Karbonoaren konposatuak, eta zehatzago karbono-karbono lotura dutenak, aztertzen dituen kimikaren atala.

Urearen sintesia
Urearen sintesia

1. Kim.
Karbonoaren konposatuak, eta zehatzago karbono-karbono lotura dutenak, aztertzen dituen kimikaren atala.

Kimika organikoa Edit

Egilea: Eneritz Anakabe, Sonia Arrasate

KIMIKA ORGANIKOA

Konposatu organikoak antzinatik ezagutzen dira. Izan ere, egiptoarrek eta greziarrek zenbait koloratzaile natural erabiltzen zituzten, adibidez, landareetatik indigoa lortzen zuten eta moluskuetatik purpura-kolorea. Horrez gain, landareetatik ateratako zenbait alkaloide erabiltzen zuten sendagarri gisa; adibidez, zumearen azaletik ateratako estraktutik azido azetilsalizilikoa lortzen zuten. Gainera, garai haietan, zenbait erreakzio organiko ezagunak ziren; esate baterako, Itun Zaharrean aipatzen zen ardoaren (etanolaren) eta ozpinaren (azido azetikoaren) ekoizpen-prozesuak mahatsaren azukrearen hartziduratik lortzen direla. Animalien koipeetatik lortzen den xaboiaren prestaketa da beste adibide aipagarrietako bat.

Kimika hitza, khumos (“landareen zukua”) greziar hitzetik dator. Ondoren, arabiarrek al-khimia hitza erabili zuten; Erdi Aroan, alkimia agertu zen, eta, XVIII. mendean, kimika hitza. XIX. mendearen hasieran, konposatu organikoak izaki bizidunetatik eratorritako konposatu kimikoak zirela uste zuten. Jacob Berzelius (1779-1848) suediar kimikariak honako definizio hau eman zuen: “konposatu organikoak izaki bizidunetatik datozen konposatuak dira, eta elementu gutxi batzuez osatuta daude.” Baina, bitalismo-teoria hori baztertzeko lehen urratsa Friedrich Wöhler (1800-1882) alemaniar kimikariak eman zuen. Wöhlerrek, 1828. urtean, urea konposatu organikoa sintetizatu zuen, amoniako, ur eta berun zianatotik abiatuz (konposatu ez-organikoak).

grafikoak1

Urearen sintesia

Behaketa esperimental hori bitalismoaren teoriaren kontrakoa zen, konposatu organikoak izaki bizidunek parte hartu gabe, laborategian, presta zitezkeela erakutsi baitzuen. Emaitza hori kontuan izanik, gaur egun, honela definitzen ditugu konposatu organikoak: “konposatu organikoak karbonoz osaturiko konposatuak dira”. Definizio hori egokia izan arren, karbonoz osatutako zenbait konposatu ez dira organikoak: CO2, CO eta karbonatoak, besteak beste.

Karbonoak oso lotura kobalente egonkorrak era ditzake beste karbono batekin. Ondorioz, konposatu asko eta asko era daitezke, eta horixe da, hain zuzen, kimika organikoaren oinarria. Izan ere, ezagutzen diren konposatu guztien artean, % 95 konposatu organikoak dira. Gaur egun, 16 milioi konposatu organiko ezagutzen dira, eta konposatuen egiturak askotarikoak izan daitezke. Egitura-aniztasun horrek beste ondorio hau dakar: iturri naturaletatik eskuratutako eta laborategian prestaturiko konposatu organiko ugari daude aktibitate biologikoa dutenak. Hala, izaki bizidunak osatzen dituzten konposatu kimiko gehienak konposatu organikoak dira; hala nola azukreak, proteinak, lipidoak, azido nukleikoak eta abar. Orobat, bizitza sortzen duten prozesu kimikoak erreakzio organikoak dira.

grafikoak2

Zenbait konposatu organiko natural

Halaber, eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun konposatu asko organikoak dira, adibidez, sendagarri gehienak, lurrinak, hormonak, drogak, garbigarriak, petroliotik eratorritako plastikoak (PVCa, poliestirenoa, polietilenoa, teflona), oihalak (nylona, poliamida) eta abar.

grafikoak3

Eguneroko bizitzan erabiltzen diren zenbait konposatu organiko