nursing

1. Med.

Egungo nahiz etorkizuneko osasun-arazoen aurrean pertsonak duen erantzunaren diagnostikoa eta tratamendua (American Nurses Association elkartearen arabera).

Donostiako Erizaintza Eskola, UPV-EHU
Donostiako Erizaintza Eskola, UPV-EHU

1. Med.
Egungo nahiz etorkizuneko osasun-arazoen aurrean pertsonak duen erantzunaren diagnostikoa eta tratamendua (American Nurses Association elkartearen arabera).

Erizaintza Edit

Egilea: Xabier Huizi

ERIZAINTZA

Osasun-zientzien artean hainbat jakintzagai daude, hala nola fisiologia, biokimika, epidemiologia, medikuntza, farmazia, erizaintza, zientzia psikosozialak eta abar. Horien guztien helburua da gizakia hobeto ezagutzea, eta, osasunaren alorrean, giza populazioaren ongizatea areagotzea.

Aipaturiko jakintzagaien artean dago erizaintza, eta pertsonei, taldeei eta komunitateei zainketak emateaz arduratzen da. Zainketa horien helburuak hauek dira:

  • Osasuna sustatzea, mantentzea nahiz berreskuratzea eta, gaixotasun terminalen kasuan, heriotza lasaia lortzea.

  • Pertsonei, taldeei eta komunitateei osasun-zainketetan arduradun izaten laguntzea.

  • Kalitatezko zainketak ematea, eta kostu efektiboan.

  • Osasun-zainketen bidez, ongizatea hobetzeko moduak bilatzea.

BILAKAERA HISTORIKOA

Erizaintza-zainketen sorburua gizarte primitiboetan koka daiteke. Emakumezkoen zeregina zen, elikagaiak prestatzearekin, haurrak zaintzearekin, sua mantentzearekin eta abarrekin batera.

Lehen zibilizazioetan ikusten denez (Kristo aurreko XX. mendetik aurrera), zainketak batez ere emakumeen eta esklaboen esku zeuden, eta etxe barruan nahiz tenpluetan egiten ziren, metodologia jakin bati jarraitu gabe.

Kristautasunarekin batera (K.o. III. mendetik aurrera), zainketak instituzionalizatu egin ziren. Kristau-erlijioak zainketaren alorra monopolizatu zuen, eta zaintzeari karitate- zein bokazio-ikuspegi bat eman zion: gaixoak eta pertsona txiroak zaindu egin behar ziren, eta hala eginez gero, zaintzaileari zerurako bidea irekitzen zitzaion. Kristautasunak bultzatutako ikuspegi horrek prestigioa eman zion zaintzeari, eta zaintzaileak eta zainketa-lekuak (ospitaleak) ugaritu zituen, baina ez zion mesederik egiten zainketen profesionalizazioari: erizaintza ez zen garatu diziplina edo jakintza gisa.

Erreforma protestantea gertatu zen herrialdeetan (K.o. XVI. mendea), zainketek zuten karitate-ikuspegia baztertu egin zen, eta, horrek hasiera batean erizaintza-zainketak okerragotzea ekarri bazuen ere, zainketen garapena, sistematizazioa eta diziplina-egituraketa bultzatu zituen gerora.

Erizaintzaren profesionalizatzea XIX. mendean gertatu zen, eta herrialde protestanteak izan ziren aitzindariak. Garai hartan sortu ziren lehen erizaintza-eskolak; horren adibideetako bat da Florence Nightingalek (1820-1910) 1840. urtean Londresen sorturikoa. Nightingale erizaintza modernoaren ikurretako bat da. Gerora, 1909. urtean, unibertsitatean parte hartu zuen lehen erizaintza-eskola bihurtu zen Minnesotako Unibertsitateko Erizaintza Eskola.

Espainian, gauzak astiroago joan ziren. Lehen erizaintza-eskola 1896. urtean sortu zen Madrilen, Federico Rubio y Galíren eskutik. 1915. urtean argitaratu zen erizaintza-ikasketak arautzen zituen errege-agindua eta 1978. urtean sartu ziren erizaintza-eskolak unibertsitateko egituran.

Egun, Hego Euskal Herriari dagokionean, bost dira erizaintza-eskolak. Horietako hiru Euskal Autonomia Erkidegoan daude: Euskal Herriko Unibertsitatean (Donostiako Erizaintza Eskola eta Leioako Erizaintza Eskola) zein Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren baitan (Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskola). Beste bi eskolak Nafarroako autonomia-erkidegoan daude: Nafarroako Unibertsitate Publikoan (Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola) eta Nafarroako Unibertsitatean (Iruñeko Erizaintza Eskola). Guztira, urtean 500 bat ikasle diplomatzen dira, 300 inguru Euskadin eta 200 inguru Nafarroan.

Lan-munduari dagokionean, egun, osasun-sistemako maila guztietan daude erizainak, eta talde profesional ugarienetakoa dira, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoan (Osakidetzan). 2003. urtean ziharduten 22.404 langileetatik 6.452 (% 28,8) erizainak ziren.

grafikoak1

Donostiako Erizaintza Eskola, UPV-EHU

ERIZAINTZAREN METAPARADIGMA

Metaparadigma diziplina baten ikuspegirik orokorrena da, marko teoriko nagusia. Erizaintzaren inguruko adituek, 1980ko hamarkadan, erizaintzaren oinarrizko fenomenoak lau direla ondorioztatu zuten. Lau fenomeno horiek osatzen dute erizaintzaren metaparadigma. Hauek dira:

  • Pazientea: zainketak jasotzen dituena da. Izaki global gisa hartzen da (ikuspegi holistikoa), behar eta ezaugarri indibidualak dituena, aldaketak jasaten dituena, inguruarekin eta beste pertsonekin elkarreraginak dituena. Modu indibidualean nahiz talde baten partaide gisa (familia, komunitatea) uler daiteke.

  • Ingurua: pazientearen testuinguruari eta zainketak egiten diren lekuari egiten dio erreferentzia. Pazientearen jokabidean eragiten duten baldintzak, xehetasunak eta eragileak biltzen ditu. Bere baitan, barne-ingurua (eragile pertsonalak) eta kanpo-ingurua bereizten dira.

  • Osasuna: erizaintza-zainketen helburua da. Gaixotasunik eza baino zerbait gehiago dela onartzen da: egoera bat, gizabanakoena zein komunitateena, eta bizi-kalitatearekin, ongizatearekin, gogobetetasunarekin zein gaitasunarekin zerikusia duena.

  • Rol profesionala: pazienteei ematen zaien laguntza edo zerbitzu gisa ulertzen da, eta erizain/paziente harremanean oinarritzen da.

ERIZAINTZA-EREDUAK ZEIN -TEORIAK

Erizaintza-eredu batek arestian aipaturiko lau fenomenoen arteko harremana zein den azaltzen du. Teoria diziplina batentzat garrantzitsuak diren galderekin harremana duten baieztapen-multzo baten antolaketa koherentea da.

Erizaintza-eredu eta -teoriak Ameriketako Estatu Batuetako zein Kanadako erizainek proposaturikoak dira. Hiru eskolatan bil daitezke: Beharren Eskola, Elkarrekintzen Eskola eta Helburuen Eskola. Sailkapen horren arabera, eskola bakoitzean dauden eredu zein teoria nagusiak hurrengo irudian ikus daitezke.

Espainian, eragin gehien izan duten bi ereduak Virginia Hendersonena eta Dorotea E. Oremena izan dira. Euskal Herrian, Virginia Hendersonena.

Eskola bakoitzean dauden erizaintza-eredu zein -teoria nagusiak. Parentesi artean agertzen da ereduaren zein teoriaren plazaratze-data

grafikoak2

VIRGINIA HENDERSONEN ERIZAINTZA-EREDUA

Gizaki guztiek 14 oinarrizko behar dituztela defendatzen du Virginia Hendersonek. Behar horiek ase egin behar dira, osasuna mantentzeko, nahiz areagotzeko, nahiz osatzeko. Behar bat betekizun bat da, ez gabezia bat. Beraz, beharra modu positiboan azaltzen du: ez da pertsonari falta zaion zer edo zer, pertsonak lortu behar duen zer edo zer baizik.

Virginia Hendersonek proposatzen dituen 14 beharrak hauek dira:

  • Arnasa hartu.

  • Jan eta edan.

  • Iraitzi.

  • Mugitu eta ezarrera egokia mantendu.

  • Lo egin eta atseden hartu.

  • Jantzi eta erantzi.

  • Gorputz-tenperatura egokia mantendu.

  • Higiene egokia egin eta larruazala egoki mantendu.

  • Arriskuak eragotzi.

  • Komunikatu.

  • Norberaren sinesmenen eta balioen arabera bizi.

  • Lanaren bidez burutzapena lortu.

  • Jolastu.

  • Ikasi.

Eredu horren arabera:

  • Pertsona oro independentziazalea da, eta hori lortzeko ahalegina egiten du.

  • Pertsona oro osotasun konplexu bat da, eta 14 oinarrizko beharrez osatzen da.

  • Pertsona orotan behar bat aseta ez dagoenean, pertsona ez da independentea, ez dago osorik.

  • Erizainak pazienteari independentzia lehenbailehen lortzen lagunduko dio. Beraz, erizainaren berezko funtzioa paziente osasuntsuari nahiz gaixoari laguntza ematea da, osasuna hobetzeko, lortzeko edo heriotza on bat izateko.

ERIZAINTZA-PROZESUA

Erizaintzaren lan-metodoa erizaintza-prozesua edo erizaintza-metodoa deitzen dena da. Lana egiteko metodologia bat da, eguneroko lana antolatzeko eta hobeto egiteko baliagarria. Erizaintzaren praktika klinikorako diseinatua izan zen, zainketa indibidualizatuak, eraginkorrak eta efizienteak emateko. Bost atal sekuentzial ditu:

  • Balioespena: pazienteari buruzko informazioa bildu eta aztertzen da. Beharrezkoak diren datu guztiak lortzen dira.

  • Diagnostikoa: egindako balioespena oinarritzat hartuta, pazienteak dituen erizaintza-diagnostikoak eta diagnostiko interdependenteak formulatzen dira.
    Erizaintza-diagnostikoei dagokienean, oro har, NANDA (North American Nursing Diagnosis Association) izeneko elkarte baten aholkuak jarraituz formulatzen dira. NANDAren arabera, erizaintza-diagnostikoa egungo nahiz etorkizuneko osasun-arazo edo bizi-prozesu baten aurrean indibiduoak, familiak nahiz komunitateak ematen duen erantzunari buruzko judizio klinikoa da. Erizainaren rol autonomoaren edo rol independentearen berri ematen dute, eta erizainak modu independentean landu ditzake.
    Diagnostiko interdependenteei dagokienean, gainerako osasun-profesionalekin (gehienetan medikuarekin) elkarlanean landu beharrekoak dira, eta erizainaren rol interdependentearen berri ematen dute. Horiek tratatzeko, erizaina taldeko beste partaide bat izango da, eta ez du izango kontrol, autonomia eta erantzukizun osoa.

  • Plangintza: formulatu diren erizaintza-diagnostikoei aurre egiteko eta osasuna sustatzeko, zein erizaintza-jarduera egin nahi den zehazten da. Plangintzari zainketa-plana ere deitzen zaio.

  • Egitea: zainketa-plana abian ipintzen da, eta lehen erantzuna behatzen da.

  • Ebaluazioa: plangintza eraginkorra izan den eta helburuak lortu diren ala ez erabakitzen da, eta aldaketarik egin behar den ala ez.

grafikoak3

North American Nursing Diagnosis Associationek (NANDA) argitaratutako Erizaintza-diagnostikoak: Definizioak eta Sailkapena 2007-2008 (Nursing Diagnoses: Definitions and Classification 2007-2008)