nitrogen

1. Kim.

Zenbaki atomikoa 7 duen elementu kimiko ez-metalikoa, 15 taldeko burua. Bi atomoko gas kolorge, usaingabe eta nahiko geldoa da (N2). Airearen osagai nagusia da (% 78 bolumenean). Bizirako funtsezko elementua da, azido nukleikoen eta proteinen osagaia delako. Nitrogenoaren konposatu ez-organiko batzuk oso garrantzitsuak dira (amoniakoa, oxidoak, nitratoak, nitritoak). Aireak parte hartzen duen errekuntza-erreakzioetan, nitrogeno-oxidoak eratzen dira. Hainbat gas-erregairen osagaia da (zenbat eta nitrogeno-eduki handiagoa izan, gas erregaiak hainbat eta berotze-ahalmen txikiagoa du).

Nitrogenoa
Nitrogenoa

1. Kim.
Zenbaki atomikoa 7 duen elementu kimiko ez-metalikoa, 15 taldeko burua. Bi atomoko gas kolorge, usaingabe eta nahiko geldoa da (N2). Airearen osagai nagusia da (% 78 bolumenean). Bizirako funtsezko elementua da, azido nukleikoen eta proteinen osagaia delako. Nitrogenoaren konposatu ez-organiko batzuk oso garrantzitsuak dira (amoniakoa, oxidoak, nitratoak, nitritoak). Aireak parte hartzen duen errekuntza-erreakzioetan, nitrogeno-oxidoak eratzen dira. Hainbat gas-erregairen osagaia da (zenbat eta nitrogeno-eduki handiagoa izan, gas erregaiak hainbat eta berotze-ahalmen txikiagoa du).

Nitrogenoa Edit

Egilea: Aintzane Goñi

NITROGENOA

Propieate fisiko eta kimikoak

Elementua, batez ere atmosferan, N2 moduan aurki daiteke. Gas hau kolorgea, usaingabea eta geldoa da. Dinitrogenoaren erreaktibotasuna energetikoki mugatuta dago, molekularen bi atomoen arteko lotura hirukoitza apurtzeko 942 kJ/mol behar direlako.

Nitrogenoaren zenbait propietate

grafikoak1

Elementu elektronegatibo honek oxidazio-egoera asko ditu: +5, +4, +3, +2, +1, 0, -3.

Ugaritasuna eta produkzioa

N2-a, gutxi gorabehera, atmosferako airearen % 78 da bolumenari dagokionez. Produkzio industrialerako airearen destilazioaren bidez eskuratzen da. Erabilera nagusiak hiru dira: alde batetik, atmosfera geldoa sortzen du konposatu kimikoak eta osagai elektronikoak fabrikatzeko, metalen tratamendurako eta abarretarako; beste alde batetik, egoera likidoan, hoztailea da kriogenian; azkenik, amoniakoa sintetizatzeko eta, hortik abiatuta, beste konposatu deribatuak lortzeko ere erabiltzen da N2-a.

Lurrazaleko alde solidoan nitrogenoa % 0,002 baino ez da. Mineral aipagarrienak KNO3-a (nitroa) eta NaNO3-a (Txileko nitratoa) dira, eta zenbait basamortutako eskualdeetan ageri dira. Beste iturri naturalak animalien eta landareen hondakinak dira, guanoa, adibidez, non urea edo azido uriko moduko nitrogenoaren deribatuak aurki daitezkeen. Nitrogenoa, giza gorputzean, % 3 da, bizitzeko ezinbestekoak diren aminoazidoen eta azido nukleikoen osagaia.

Konposatu nagusiak

Amoniakoa (NH3) konposatu kimiko garrantzitsu askoren aitzindaria da. Haber-Bosch prozesuaren bidez, etekin handiz lortzen da, katalizatzailea erabiliz eta N2-a eta H2-a tenperatura eta presio handipean erreakzionaraziz:

N2 (g) + 3 H2 (g) 2 NH3 (g)

Erreakzioa itzulgarria denez, NH3-a eskuratzeko, gas-nahasturak erreaktoretik kanpora zirkulatu behar du, kondentsadore batetik pasatu behar du amoniakoa likidotzeko, eta erreaktiboak berriz erreaktorera bueltatu behar du.

Amoniakoa etxeko garbitzaile ona da. Basea izanik, OH--ak askatzen ditu, eta horiek koipearekin erreakzionatzen dute; hala, uretan disolbagarriak diren produktuak egiteko balio du. Gainera, bere irakite-puntua baxua denez, errez sikatzen da. NH3-a ongarri askoren iturburua da, hala nola hauena: amonio nitratoa [NH4NO3] —zeina lehergaia ere baden—, amonio sulfatoa [(NH4)2SO4], amonio fosfatoak [NH4H2PO4 eta (NH4)2HPO4] —suaren kontrako substantzia moduan ere erabiltzen dira—, urea [CO(NH2)2] —ongarria izateaz gain, pentsuaren osagarria da, eta zenbait polimero eta pestizida ekoizteko erabiltzen da—.

Halaber, amoniakotik abiatuta, Ostwald prozesuaren bidez azido nitrikoa (HNO3) sortzen da industrian. Likido kolorge hori oso arriskutsua da, azido sendoa ez ezik, oxidatzaile sendoa ere badelako. Azido nitrikoaren ekoizpenaren zatirik handiena ongarriak eta lehergaiak egiteko da.

Nitrogenoak +1 eta +5 arteko oxidazio-egoera guztiak dituzten oxidoak eratzen ditu: N2O, NO, N2O3, NO2, N2O4 eta N2O5. Oxido nitrosoa (N2O), gas barre-eragilea, gas anestesikoa da, batez ere odontologian baliagarria. Ikuspuntu biologikotik, oxido nitrikoa (NO) da garrantzitsuena. Gizakiengan, odol-presioa mantentzen laguntzen du, eta luzarorako oroimen-ahalmena iraunarazten du. NO2-a eta N2O4-a gas pozoitsuak dira. Haien artean oreka termodinamikoa sortzen da; tenperatura baxuetan, kolore gabeko N2O4 espeziea izaten da nagusi; tenperatura altuetan, berriz, NO2 gas marroia. Ibilgailuek askatutako kutsatzaile horiek smogaren eta euri azidoaren eragileak dira.