network

1. Inform.

Elkarren artean konektatutako ordenagailu- edota periferiko-multzo batez osatutako sistema.

Sare-topologia nagusiak
Sare-topologia nagusiak

2. Teknol. Elektr.
sin. electric network, grid

Zirkuitu-elementuz eta haien arteko konexioez edo haien arteko berariazko akoplamendu kapazitibo edo induktiboz osatutako zirkuitu elektriko edo zirkuitu elektrikoen multzoa. Sare elektriko bat sare elektriko handiago baten parte izan daiteke.


1. Inform.
Elkarren artean konektatutako ordenagailu- edota periferiko-multzo batez osatutako sistema.

Sarea Edit

Egilea: Ibai Gurrutxaga, Jesus Maria Perez

SAREA

Konputagailu-sare bat elkarri loturik dauden konputagailu-multzo batek osatzen du. Bide fisiko ezberdinak daude konputagailuak lotzeko, baina horien arteko datu-komunikazioa ahalbidetu behar da konputagailu-sare bat osatu ahal izateko. Komunikazio-ahalmen hori da, hain zuzen, sare baten funtsezko ezaugarria.

Komunikazio-ahalmenak ahalbidetzen du aplikazio banatuen funtzionamendua, hau da, hainbat konputagailutan exekutatzen diren programa-multzoak osatutako aplikazioen funtzionamendua. Aplikazio banatuen adibide argiak dira weba, posta elektronikoa, bat-bateko mezularitza...

Konputagailu-sareen sailkapen arruntenetako bat da sareen hedaduran oinarritzen dena. Irizpide horri jarraituz, hiru sare-mota nagusi aurkitu ditzakegu: sare lokalak (Local Area Network, LAN), hiri mailako sareak (Metropolitan Area Network, MAN) eta hedadura zabaleko sareak (Wide Area Network, WAN). LAN sareak toki txikietara mugatzen dira (gela bat edo eraikin bat), MAN sareak hiri oso batera zabal daitezke, eta WAN sareak, aldiz, hainbat hiri edo kontinentetara.

Konputagailu-sareak osatzeko hainbat gailu elektroniko erabil daitezken arren, kontzentragailuak (hubak), kommutagailuak (switchak) eta bideratzaileak (routerrak) dira arruntenak. Sare lokaletan, kontzentragailuak eta kommutagailuak soilik erabiltzen dira; MAN eta WAN sareetan, aldiz, bideratzaileak funtsezko gailuak dira. Gailu horiek guztiak hainbat konputagailuren arteko lotuneak izaten dira, eta haien eginbeharra, labur esateko, loturetako batetik jasotako informazioa dagokion loturatik bidaltzea izaten da.

Sarea osatzen duten gailuen arteko lotura bide fisiko ezberdinak erabiliz egin daiteke. Tradizionalki erabiliena kobrezko haria izan den arren (hainbat konfiguraziotan), zuntz optikoa eta uhin elektromagnetikoak ere oso erabiliak dira gaur egun. Bestalde, lotura egiteko moduaren arabera, forma edo topologia desberdineko sareak osatzen dira: izarrak, busak, eraztunak…

grafikoak1

Sare-topologia nagusiak

Sare baten eginbeharrak burutzea lan erraza ez denez, lan hori hainbat mailatan banatzen da. Maila gorenean, aplikazio mailan, aipatu berri ditugun aplikazioak kokatzen dira. Aplikazio banatu bateko programek trukatzen dituzten mezuak bidali ahal izateko, ezinbestekoa da aplikazio-mailaren azpian dagoen sare-mailaren laguntza. Zehazki esateko, aplikazio-mailak sare-mailak eskainitako zerbitzuak erabiltzen ditu.

Sare-maila da sarearen kudeaketaz eta kontrolaz arduratzen dena. Konputagailuak identifikatzea, mezuak helbideratzea eta mezuek akatsik duten egiaztatzea dira maila horren eginbeharretako batzuk. Azkenik, maila fisikoa sare-mailatik jasotako informazioa sarean jartzeaz arduratzen da. Maila fisikoaren lana da helburu-makinarekin sinkronizatzea eta bide fisikoan zehar seinale egokiak bidaltzea.

Maila horiek guztiek komunikazio-arkitektura bat osatzen dute, eta, adierazi dugun modura, mailen arteko elkarlanean oinarritzen da sare baten funtzionamendua. Maila bakoitzak protokolo bat definitzen du konputagailu ezberdinetako maila bereko entitateekin ulertu ahal izateko, eta, datu-komunikazioa burutu ahal izateko, bere azpiko mailen zerbitzuak erabiltzen ditu. Komunikazio-arkitektura zenbait mailatan banatzeak, egin beharreko lana errazteaz aparte, mailak nahi bezala aldatzeko malgutasuna eskaintzen digu. Modu honetan, sare-teknologia berbera erabil daiteke kobrezko hariak dituen sare batean eta zuntz optikoko hariak dituen beste batean; edozein aplikazio erabilgarri izan daiteke edozein sare-mailaren gainean...

Sare-teknologia eta protokolo ezberdinak erabiltzen dira gaur egun sare mailan. Adibidez, sare lokaletan Ethernet teknologia da erabiliena. Beraz, gaur egun hain ezaguna den Internet sortu arte, sareak irla isolatuak ziren. TCP/IP arkitekturak, ordea, sare isolatu horiek guztiak elkartu eta bateratzea lortu du, Internet gisa ezagutzen dugun sareen sarean. Bateragarritasuna lehen aipatutako komunikazio-arkitekturan bi maila berri gehitzearekin lortu da. Bi maila berri horiek, garraio- eta sarearte-mailak, aplikazio- eta sare-mailen artean kokatzen dira. Sarearte-maila da benetan sare ezberdinen arteko bateragarritasuna ahalbidetzen duena. Garraio-mailak sareartearen kontrola egiten du.

Bukatzeko, aipagarria da konputagailu-sareen funtsa datu-komunikazioa izan arren, komunikazio horiek helburu anitz izan ditzaketela: datu-komunikazioa bera, konputagailu bati kalkulu neketsu bat egin dezan eskatzea, lan bat hainbat konputagailuren artean banatzea, konputagailu baten balizko akatsei aurre egiteko ordezko konputagailu kloniko bat prest izatea eta abar.