nebula

1. Astron.

Izarren arteko gas eta hautsezko masa, fenomeno desberdinek agerraraz dezaketena.

Boomerang islapen-nebulosa
Boomerang islapen-nebulosa

1. Astron.
Izarren arteko gas eta hautsezko masa, fenomeno desberdinek agerraraz dezaketena.

Nebulosa Edit

Egilea: Jesus Arregi

NEBULOSA

Nebulosa terminoak esangura aldatu du astronomiaren historian zehar. Teleskopioa erabiltzen hasi aurretik eta haren erabileraren lehenengo garaietan, itxura lausoa zuten objektu ez-puntualak, hots, izar-itxura ez zuten objektu guztiak hartzen zituen barne. Teleskopioen bereizmenaren hobekuntzak, hala ere, objektu lauso guzti haiek izaera berekoak ez zirela erakutsi zuen.

Hasiera batean, egiaztatu zen objektu lauso haietako batzuk izar-kumulu irekiak zirela, hau da, eite irregularra duten izar-multzoak. Gerora, espektroskopiak eta argazkigintzak lagunduta, argi ezarri ahal izan zen nebulosa deitzen ziren haiek bi taldetan sailkatu zitezkeela: bata, itxura lausoa agertzen zuten objektuena eta, bestea, izarrez osatutakoena. Azken horretan, lehenago aipatutako izar-kumulu irekiez gain, izar-kumulu globularrak (hots, eite esferikoa duten izar-multzoak) eta galaxia batzuk ere biltzen dira. Nabarmena denez, denak ere izaera ezberdinekoak dira, eta, gaur egun, nebulosa izena lehenengo multzokoendako baino ez da erabiltzen.

Hortaz, bada, nebulosak izarrarteko espazioan ikus daitezkeen gas eta hautsez osatutako hodei meheak ala haien zatiak dira. Beste modu batez esanda, nebulosak argi ikusgaiaren bitartez detekta daitezkeen izarrarteko materia-multzoak dira. Beraz, salbuespenak salbuespen, nebulosen konposizioa izarrarteko materiarena da: masaren % 99 gasa da (% 90 hidrogenoa eta ia beste guztia helioa; oxigeno, karbono, neon, nitrogeno eta beste elementu batzuen proportzioa mila atomotik bikoa baino ez da) eta gainerakoa, hautsa.

Hala ere, itxurari dagokionez, oso ezberdinak izan daitezke, behatzen dugun hodeiaren tenperatura eta dentsitatearengatik zein behatzailearekiko kokapenagatik. Itxura-ezberdintasun horiek direla eta, nebulosak hiru taldetan sailkatu izan dira: igorpen-nebulosak, islapen-nebulosak eta nebulosa ilunak.

Igorpen-nebulosak

Nebulosa hauetan gasa ionizatuta dago, inguruan diren izar edo bestelako objektuen erradiazio bortitzaren eraginez. Espektroan, igorpen-marrak agertzen dituzte. Arruntenak H II eskualdeak dira, baina, horiekin batera, beste batzuk ere aipatuko ditugu aurrerago.

Islapen-nebulosak

Kasu honetan, izarrak ez dira nahikoa beroak izarrarteko hodeiaren gasa ionizatzeko, eta ikusten duguna hautsak eragindako izarraren argiaren islapenaren eta sakabanaketaren ondorioa da. Kolore zuri edo urdinxka izaten dute, eta espektroa jarraitua izaten da.

grafikoak1

Boomerang islapen-nebulosa (iturria: NASA)

Nebulosa ilunak

Nebulosa ilunak izarretatik erlatiboki urrun dauden hodei molekularrak sortzen dituzte. Hodei horiek, bada, ez dute nahikoa energiarik jasotzen igorpen- edo islapen-nebulosak eratzeko, baina nabarmenak egiten dira atzean dituzten hondoko izarren edo nebulosa distiratsuen argia xurgatu egiten dutelako eta ilungune bat eratzen dutelako. Hori dela eta, xurgapen-nebulosa ere deitzen zaie. Zeruan, Esne Bideari begiratzen diogunean ikusten diren ilungune guztiak xurgapen-nebulosa segida bat dira.

Aurreko sailkapenak garbi erakusten du nebulosak beti izarren inguruan azaltzen direla, haiek egiten dituztelako ikusgai modu batera ala bestera, baina ez du nebulosen izaeraz informazio handirik ematen. Sailkapen modernoago batek nebulosak bi taldetan biltzen ditu, nebulosak elkartuta dauden izarren adina kontuan hartuz. Taldeok hauek dira: bata, izar gazteei ala eratzen ari diren izarrei lotutako nebulosen taldea; bestea, izar zaharrei edo oso eboluzionatuei lotutakoena. Lehenengo taldean, nebulosa lausoak eta Herbig-Haro objektuak leudeke; bigarrenean, berriz, nebulosa planetarioak, supernoben hondarrak eta Wolf-Rayet nebulosak.

Izar gazteen inguruko nebulosak

Nebulosa lausoak

Nebulosa lausoak izarrarteko hodei molekular tipikoen zatiak dira. Oro har, hodei hauek oso handiak dira, parsec askotako zabalerakoak, profil mugagabea dute eta itxura lauso eta mehea.

Izarrak hodei molekularretan eratzen dira, haiek uzkurtzen direnean kanpo-eragileren batek sortutako ezegonkortasunaren ondorioz. Hodeiak hain handiak izanik, ehunka edo milaka izarrez osatutako izar-kumuluak sor ditzakete. Sortutako izar gazteen artean beroenek, O edo B mota espektralekoek, erradiazio oso bortitza igortzen dute, eta inguruko hidrogeno atomikoa (H I ikurrarekin adierazia) ionizatzen dute; hala, H II eskualde deritzenak sortzen dira. Eskualde horiek kolore gorrixkakoak ikusten dira elektroiek protoiekin birkonbinatzerakoan igortzen duten erradiazioaren ondorioz, beraz, igorpen-nebulosak dira. Orion nebulosa (M42) dugu ezagunenetakoa mota honetako igorpen-nebulosen artean, baina Arranoarena (M16), Aintzirarena (M8) edo Rosetta (NGC 2237) ere aipa daitezke.

grafikoak2

Izarrarteko hidrogeno molekularrezko eta hautsezko zutabeak. Horrelakoetan sortzen dira izar berriak. Arranoa nebulosaren (M16ren) zatiak dira (iturria: NASA)

Izarrak horren masatsu eta beroak ez badira, haien erradiazioak ez du inguruko hidrogeno- eta hauts-hodeia ionizatuko. Kasu horretan, ikusiko duguna hautsak islatutako argia izango da, beraz, islapen-nebulosak izango dira. Pleiadeen izar-kumulu irekiko Merope izarraren ingurukoa (M45) edo M78 dira adierazgarrienak.

H II eskualdeek hautsa ere badutenez, gehienetan igorpen- eta islapen-nebulosak elkartuta azaltzen dira. Horren adibide ikusgarrienetakoa Trifida nebulosa (M20) dugu.

Batzuetan, nebulosa lausoen inguruan nebulosa ilunak ere azaltzen dira, adibide eder eta oso ezaguna dugu Oriongo Zaldiaren Burua.

Herbig-Haro nebulosak

Nebulosa hauek eratze-prozesuan dauden izarrek egotzitako materia gaseosozko zorrotadek sortuak dira. Oso distiratsuak dira, eta dentsitate handiko izarrarteko hodeietan daude.

Izar zaharren inguruko nebulosak

Nebulosa planetarioak

Supernoba gisa lehertzeko nahikoa handiak ez diren izarrek, gure Eguzkia kasu, nukleoko hidrogeno guztia erre ondoren, hedapen handia jasaten dute, eta erraldoi gorri egoerara eboluzionatzen dute. Fase horretan, nukleoko helio guztia erre ondoren, gas horren erreketak nukleoaren gaineko geruzan segitzen du. Horrek kanpoaldeko geruzak oszilarazten ditu, Mira motako periodo luzeko izar aldakor gisa. Prozesua gero eta ezegonkorragoa egiten da, eta bukaeran izarrak bere masaren zati handi bat egozten du; hala, segundoko hamarka kilometro batzuetako abiadura erradialarekin hedatuko den estaldura sortzen du.

Nano zuri bihurtuko den erdiguneko izar-zatiak barrualdeko geruza beroenak ditu bistan, eta horiek igorritako erradiazio bortitzak hedatuz doan estaldura ionizatzen eta distirarazten du. Estaldura distiratsu hori da, hain zuzen ere, nebulosa planetario deitzen dena, igorpen-nebulosen taldeko kidea.

Argi dago, bada, nebulosa planetarioen izenak ez duela haien izaerarekin zerikusirik. Agian haien forma, beste nebulosena ez bezala, oso erregularra delako, W. Herschelek aurkitu zituenek gogora ekarri zioten Uranoren itxura (hori ere berak aurkitua) eta nebulosa planetario izendatu zituen egin zuen nebulosen sailkapenean.

Nebulosa planetario ezagunenen artean Lyra konstelazioko Eraztuna izeneko nebulosa (M57) dugu. Oso ezagunak dira, halaber, Pisuaren nebulosa (M27), ingelesezko Dumbbell izenaz ezagunagoa, Helizearen nebulosa (NGC 7293) edo Saturno (NGC7009) nebulosa. 2003an, Hubble teleskopioaren bitartez, Centaurus konstelazioan, Lurretik 5.000 argi-urtera aurkitu zen Boomerang nebulosa planetarioa unibertsoan ezagutzen den tokirik hotzena da. Bere tenperatura 1 K (-272 ºC) baino ez da.

Eguzkia, segur aski, eboluzio-egoera horretatik pasatuko da sei bat mila milioi urte barru.

grafikoak3

Lyra konstelazioko Eraztuna izeneko nebulosa planetarioa (M57) (iturria: NASA)

Supernoben hondarrak

Masa handieneko izarrak bizitzaren azkenera iristen direnean, supernoba izeneko leherketa eragiten dute, eta hondar gisa, neutroi-izarra edo zulo beltza eta segundoko ehunka edo milaka kilometroko abiaduran hedatzen den gas-hodeia uzten dute. Orobat, lagunarengandik materia jasotzen duten nano zuriek ere antzeko amaiera izaten dute, baina hondar bakarra hedatzen den hodeia izaten da. Nolanahi ere, bi kasuetan, igorpen-nebulosa bat sortzen da. Bigarren kasuan, gasa distirarazten duen energia leherketa gertatzean eskuratutakoa da; lehenengo kasuan, erdigunean geratzen den objektutik ere jaso dezake.

Supernoba-hondarra gaztea bada, hots, milaka urte batzuk baino gehiago ez baditu, nebulosa osatzen duen gasa leherketak egotzitakoa dela jo daiteke. Hondar zaharragoen kasuan, berriz, leherketak egotzitako gasak izarrartekoa aurrean eramaten du, eta berotu, ionizatu eta distirarazi egiten du.

Zalantzarik gabe, mota honetako nebulosa ezagunena Karramarroaren (M1) nebulosa da, 1054an lehertutako supernobaren hondarra, eta historian zehar gure galaxian behatutako bakarretako bat.

Orain arte esandakoen ondorio da nebulosa guztiak, eta igorpen-nebulosak bereziki, aldaketa azkarrak jasaten dituztela eta iraupen laburrekoak direla, izarren bizi-denborarekin alderatuz. Nebulosa planetarioak eta supernoben hondarrak milaka urte batzuk baino ez dituzte behar izaten izarrarteko materiarekin nahastu eta itzaliz joateko. H II eskualdeak ehunka mila urtez edo milioi gutxi batzuez distiratu dezakete.

grafikoak4

Menagerie izenez ezagutzen den N63A supernobaren hondarra (iturria: NASA)

Wolf-Rayet nebulosak

Izena nebulosek berek sorrarazten dituzten izarrenenetik hartzen dute. Izar horiek masa handikoak eta oso beroak dira, oro har eboluzio-fase nahiko aurreratuan daude, eta masa-kantitate handiak egozten dituzte espaziora, sortzen duten izar-haize bortitzak eraginda.

Izarrak berak ionizatzen eta distirarazten du egotzitako materiala eta hori dugu, hain zuzen ere, Wolf-Rayet nebulosa.