mycology
- 1. Mikol.
- Onddoez diharduen biologiaren atala.
Mikologia Edit
Egilea: Esti Sarrionandia
Ikuspuntu historikoa
Mikologia (grekoz, mykes, "perretxikoa"; grekoz, logos, "diskurtsoa"). Mikologia biologiaren adar bat da, eta onddoak aztertzen dituen zientzia. Tradizioz, botanikak aztertu izan ditu onddoak, harik eta Persoonek (1761-1836) mikologia izena plazaratu eta diziplina berriaren abiapuntua ezarri zuen arte. Gaur egun, oraindik, botanikak aztertzen dituen ataletariko bat da mikologia, fikologia , briologia edo pteridologia diren bezala. Hitza bera nahikoa berria den arren, historian zehar mikologiak izan duen garrantzia botanikak berak izan duenaren parekotzat har daiteke. Onddoen azterketa oso aspaldiko diziplina da, izan ere, gizakiak aspalditik baitaki onddoetatik lortutako onuren eta erabileren berri. Horren adierazle dira, adibidez, onddoei erreferentzia egiten dieten margo eta eskultura ugariak. Horrez gain, erromatarrek eta egiptoarrek legamiak erabiltzen zituzten ardoa, garagardoa edo ogia egiteko, prozesu horien eragileak onddoak zirela jakin gabe ere. Perretxikoak, onddoen karpoforoak, elikagai-iturri izan dira kultura askotan, eta erromatarrek, adibidez, Amanita caesarea kuletoa edo Boletus edulis udazkeneko onddozuria gutiziatzat hartzen zituzten. Txinan, bestalde, perretxikoak lortzeko onddoen hazkuntza edo landaketa K.a. 600. urtea baino lehenagotik egiten zuten. Europan, ordea, askoz beranduago hasi ziren teknika horiek lantzen, 1650. urtearen bueltan. Onddoen propietate sendagarrien ezagutza ere aspalditik du gizakiak. Tirolen aurkitu zuten gizon izoztuak, besteak beste, bi onddo-espezie zeramatzan, poltsa banatan gordeta; bata sendagai gisa erabiliko zuela pentsatzen da, eta, bestea, Fomes fomentarius supizteko ardagaia, erregai modura. Aipatzekoa da ere onddoak, dituzten osagai haluzinogenoak direla eta, oso erabiliak izan direla hainbat kulturatako errituetan. Onddoek kalteak eragiten dituztela aski ezaguna da, izan ere, mikologiaren inguruko lehen idatziek ez diete zuzenean onddoei erreferentzia egiten, baizik eta horiek eragindako kalteei.
Mikologia zientzia eta bere garrantzia
Mikologia zientziaren bilakaera, ordea, oso lotuta egon da tresna eta teknika berrien asmakuntzekin, eta XVII. mende arte mikologia ez zen benetako zientzia bilakatu. Izan ere, XVI. mende arte, pentsatzen zen onddoak berez agertzen zirela materia organikotik. Mikroskopioaren asmakizunak (1660 aldera) garai berri baten hasiera ezarri zuen zientzia askorentzat. Lan taxonomikoak ugaritu egin ziren, eta genero kontzeptua zehaztu egin zen onddoentzat. Morfologian eta organografian oinarritutako sailkapenetatik ezaugarri mikroskopikoetan oinarritutako sailkapen berrietara igaro zen, eta horrek hasiera eman zion mikologiaren aro berri bati. Teknika berrien erabilerari esker, onddoen ezaugarri histologiko, biokimiko eta molekularrak landu ahal izan dira, eta horrek bultzada berria eman dio zientzia honi. Ezagumendua areagotzeak konplexutasuna ekarri du, eta, horren ondorioz, ikasketa-lerroak bereizi eta espezializatu egin dira.
Tradizioz, zientzialari gehienek mikologia sistematikoa landu izan dute gehienbat, hau da, taxonen deskribapena eta beren arteko erlazioak aztertu dituzte. Horrez gain, onddoen biologia, biogeografia eta ekologia izan dira zientzia honen bestelako lan-lerroak. Baina mikologiaren lan-esparruak oso zabalak dira, eta, gaur egun, mikologia oso arlo desberdinetan erabiltzen da. Medikuntzan , adibidez, gizakiari kalte egiten dioten onddoak aztertzen dituzte. Bioteknologian, bestalde, onddoen erabilerak izaten dira aztergai, besteak beste, papergintza-prozesuan onddoek eragiten dituzten eraldaketak, edo metal astunez kutsatutako inguruen garbiketan bizidun horiek duten garrantzia. Ezin da ahaztu farmakologian mikologiak duen garrantzia, onddoei esker ezagutzen baititugu, adibidez, penizilina, estreptomizina , tetraziklina eta beste zenbait antibiotiko . Gero eta onddo gehiagotan aurkitzen ari dira gaixotasunak tratatzeko printzipio aktiboak. Elikagai- eta edari-industriaren bilakaeran ere, mikologiak berebiziko garrantzia dauka. Ezin ahaztu onddoek landareei kalteak eragiten dizkietela, horrek mikologiaren beste lerro bat, patologia , finkatzen baitu. Mikologiaren besoak, beraz, ugariak eta oso desberdinak dira, eta horietako bakoitzean erabilitako metodologia espezifikoa da.