methane
- 1. Kim.
- Karbono-atomo batez eta lau hidrogeno-atomoz osatutako hidrokarburo asea (CH4).
Metanoa Edit
Egilea: Eneritz Anakabe, Sonia Arrasate
Karbono-atomoa sigma loturaren bidez dago lau hidrogenoei lotuta. Lotura horiek karbonoaren sp3 hibridazioa duen orbitalaren eta hidrogenoaren 1s orbitalaren gainezarpenaren ondorioz eratzen dira. Lau sigma loturak tetraedro erregular baten erpinetara zuzentzen dira. Hala, loturetan dauden elektroien arteko aldarapen minimoak agertzen dira. H−C−H lotura-angelu guztiak berdinak dira, 109,5°-koak.
Metanoa
Metanoa molekula ez-polarra da, beraz, molekulen arteko elkarrekintzak oso ahulak dira, Van der Waals indarrak, hain zuzen ere, eta, ondorioz, irakite- eta urtze-puntu baxuak ditu, –161,6 °C eta –182,5 °C, hurrenez hurren. Gas kolorge eta usaingabea da, sukoia eta airea baino arinagoa. Dentsitatea urarena baino txikiagoa da: 0,717 g/mL da gas-egoeran.
Naturan, metanoa agertzen da bakterioek eragindako materia organikoaren deskonposizioa oxigenorik gabe gertatzen denean (deskonposizioa anaerobioa). Hala, urtegietan, zingiretan edo lakuen lokatzean ager daiteke, eta, horregatik, urtegien gas gisa ezagutzen da. Era berean, zenbait animalien, hala nola behien, digestio aparatuan dauden bakterioek eraginda sortzen da. Hondakindegietan (biogasaren osagaia da) eta hondakin-uren arazketako lohien digestioan ere eratzen da.
Aipatutako iturri natural horiez gain, hidrokarburoen errekuntza-prozesuan eratzen da metanoa, eta berotegi-efektuan eragin zuzena du. Metanoaren kontzentrazio handiak arriskutsuak dira, izan ere, leherketak edo asfixia eragin dezake.
Metanoaren erabilera garrantzitsuena energia-iturri gisa da. Gas naturalaren % 80, gutxi gorabehera, metanoa da. 55,55 MJ/kg inguruko berotze-ahalmena du. Gaur egun, harrikatzaren eta petrolioaren, edo erabilgarri ez diren petrolio-frakzio astunen, gasifikazioaren helburu nagusia metano-eduki handiko gasa, hau da, gas naturalaren antzeko gasa lortzea da. Erregai hori, batez ere, etxeetan eta elektrizitatea ekoizteko erabiltzen da. Horretaz gain, metanoa konposatu kimikoen sintesian erabiltzen da lehengaitzat, ongarriak produzitzeko esaterako.

