mass

1. Fis.

Gorputz baten materia-kantitatearen neurria den magnitudea, bere abiadura aldatzeari jartzen dion eragozpenaren edo inertziaren bidez (inertzia-masa) edo interakzio grabitatorioan sorrarazten duen grabitazio-indarraren bidez (grabitazio-masa) adieraz daitekeena. SI sistemako unitatea kilogramoa da.

1. Fis.
Gorputz baten materia-kantitatearen neurria den magnitudea, bere abiadura aldatzeari jartzen dion eragozpenaren edo inertziaren bidez (inertzia-masa) edo interakzio grabitatorioan sorrarazten duen grabitazio-indarraren bidez (grabitazio-masa) adieraz daitekeena. SI sistemako unitatea kilogramoa da.

Masa Edit

Egilea: Idoia G. Gurtubay

MASA

Masa oinarrizko magnitude bat da fisikan. Modu intuitiboan, gorputz batek duen materia-kantitate gisa uler daiteke. SI sistemako unitatea kilogramoa da.

Kontzeptualki, bi masa-mota bereizten dira: inertzia-masa eta grabitazio-masa.

Inertzia-masa

Gorputz baten inertzia-masa da, gorputz horren gainean indar batek eragitean, gorputzak berak bere higidura aldatzeari jartzen dion erresistentzia. Hortaz, inertzia-masa txikiagoa duten gorputzek arinago aldatuko dute euren higidura-egoera.

Inertzia-masa (mi) Newtonen bigarren legeak (F = mia) definitzen du. F indar ezagun batek gorputz baten gainean eragiten duenean, gorputz hori azeleratu egingo du; a azelerazioa inertzia-masarekiko alderantziz proportzionala da. Beraz, inertzia-masa neurtzeko, indar ezagunaren (F-ren) eta neurtutako azelerazioaren (a-ren) arteko zatidura baino ez da egin behar (mi = F / a).

Grabitazio-masa

Grabitazio-eremu baten eraginpean dagoen gorputz baten grabitazio-masa gorputzaren eta grabitazio-eremuaren arteko elkarrekintzaren neurria da. Grabitazio-eremu berdinaren eraginpean, grabitazio-masa txikiagoa duen gorputzak indar txikiagoa pairatuko du grabitazio-masa handiagoa duen gorputzak baino.

Grabitazio-masaren kontzeptua Newtonen grabitazio unibertsalaren legean oinarritzen da, hots, F = mg g. Grabitazio-eremuaren posizio jakin batean dagoen erreferentzia-masa baten azelerazioa g bada, orduan mg grabitazio-masak F indarra pairatuko du posizio horretan.

Horixe da, izan ere, bainugela-balantza batek neurtzen duen benetako magnitudea: balantzak F grabitazio-indarra edo pisua neurtzen du, eta g-ren balioaz kalibratuta (Lurraren gainazalean g = 9,81 m/s2 hartzen da), mg grabitazio-masa erakusten du.

Eguneroko bizitzan, masa adierazteko, pisu hitza erabiltzen omen da, pisua grabitazio-masaren proportzionala delako, baina fisikan eta ingeniaritzan oso garrantzitsua da bi termino horien arteko bereizketa egitea: gorputz baten pisuak grabitazio-eremuaren indarra adierazten du, eta eremuaren (g-ren) araberakoa da. Adibidez, gorputz baten pisua Ilargian eta Lurrean ez dira berdinak, Ilargiaren eta Lurraren grabitazio-eremuak desberdinak direlako. Masa, aldiz, gorputzaren propietate intrintsekoa da.

Inertzia-masa eta grabitazio-masa bi kontzeptu diren arren, euren arteko diferentzia ezin izan da inoiz esperimentalki frogatu. Baliokidetasuna enpiriko hori Galileoren baliokidetasun-printzipio gisa ezagutzen da.