kidney

1. Anat.

Abdomenaren atzealdean dauden organo bikoitietako bakoitza, odola hondakinez garbitzeko eta gernua jariatzeko funtzioa duena.

Nefronaren egitura
Nefronaren egitura

1. Anat.
Abdomenaren atzealdean dauden organo bikoitietako bakoitza, odola hondakinez garbitzeko eta gernua jariatzeko funtzioa duena.

Giltzurruna Edit

Egilea: Angel Bidaurrazaga

GILTZURRUNA

Giltzurrunak babarrun-formakoak dira, eta sabelalde-barrunbearen atzeko aldean daude. Kolore gorrizta kafe-kolorearen antzekoa dute eta trinkoak dira. Luzetarako ardatzaren inguruan zertxobait aurrerantz jiraturik daude. Gizonezkoarenak 140 g inguru pisatu ohi ditu, eta emakumezkoarenak, berriz, 125 g. Neurri hauek izan ohi ditu: 12 × 6 × 3 cm. Gernu-ekoizpenaz gain, beste funtzio hauek ere betetzen ditu: azido-base oreka eta presio arteriala mantentzea, oreka ionikoa mantentzea, katabolito toxikoak gernutik iraiztea, farmakoak iraiztea. Baditu funtzio endokrinoak ere: eritropoietina, errenina eta D bitamina jariatzea.

Ehun konjuntibozko faszia batek inguratzen du, kapsula nefrotiko deritzonak, eta hor gantzez beteriko konpartimentu bat du: giltzurrunaren kapsula adiposoa, babesle funtzioa duena. Fasziak giltzurrunak bere lekuan mantentzen ditu.

Giltzurrunaren ertz medialean muxarradura bat dago, giltzurrunaren hiloa, non giltzurrun-arteriak eta -zainak dauden, eta bertotik irteten da gernua eramaten duen hodia edo ureterra. Giltzurrunaren azalak itxura gorrizta eta pikortsua du, muina inguratzen du eta zutabeen artean luzatzen da. Gingila, muin-piramide baten papilara gernua jariatzen duen parenkima-zatia da. Gingiltxoa, berriz, kortex-piramide batera jariatzen duena. Bost segmentu ditu giltzurrunak: apikala, goikoa, erdikoa, atzekoa eta basala.

grafikoak1

Nefronaren egitura

Nefrona da giltzurrunaren unitate histologiko eta funtzionala (milioi bat nefrona inguru daude giltzurrun bakoitzean). Nefronek odoleko gaien kontzentrazioa mantentzen laguntzen dute, ura eta hondakin-gaiak (urea, azido urikoa eta abar) kanporatuz. Era berean, odolaren presioa erregulatzen duten gaiak ditu, eta barne-jarioko guruin gisa ere jokatzen du. 1.300 litro odol igarotzen da egunero giltzurrunetatik. Hauek dira nefronaren osagaiak:

  • Arteriola aferentea edo ekarlea.

  • Glomerulua.

  • Arteriola eferentea edo eramailea.

  • Bowmanen kapsula.

  • Hurbileko hodixka bihurgunetsua.

  • Henleren lakioa.

  • Urruneko hodixka bihurgunetsua.

  • Hodixka biltzailea.

Arteriola aferentea adartu egiten da, haril kapilarra sortuz. Haril hau glomerulua dugu, eta hor odola iraizten da. Arteriola eramilearen diametroa aferentearena baino txikiagoa da.

Bowmanen kapsulak glomerulua inguratzen du kopa antzera. Kapilarretan iragazitako likidoa jasotzen du. Hurbileko eta urruneko hodixka bihurgunetsuek bi atal dituzte: kurbatua aurrenik, zuzena ondoren. Urrunekoaren zelula batzuek makula dentsoa eratzen dute. Henleren lakioa muineraino sartzen den hodixka estu eta tolestua da. Hodixka biltzaileak nefrona batzuetako gernua bildu eta papiletara isurtzen du.

Funtzioa: odol-presioak, arteriola aferentetik datorren odola iragazten du harilean. Likido iragazia, beraz, kapilarretatik irten eta kapsulara pasatzen da jarraian (iragazi ez den odolak aurrera egiten du arteriola eferentetik). Likido horri gernu primario deritzo. Hodixka bihurgunetsuetatik eta lakiotik pasatzean, gernu horren bolumena txikiagotu egiten da, eta osagaiak aldarazi egiten dira (batzuk birxurgatuak, beste batzuk jariatuak), gernu sekundario bilakatuz. Gernua, besterik gabe, gernubideetara pasatzen da.

Luzetarako ebakidura batean, hiloan irtengune batzuk ikusten dira: papilak. Papilen artean beste egitura batzuk daude: Bertiniren zutabeak. Giltzurrun-kalizek papiletara egokitu eta bertara iristen den gernua biltzen dute.

grafikoak2

Giltzurruna plano sagitalean ebakita: azala eta muina, kaliza txikiak, nagusia eta pelbisa

  • Kanpoaldean kortexa dago. Hor glomeruluak, kapsulak eta hodixka bihurgunetsuak daude.

  • Barrualdean giltzurrun-muina dugu, eta hor lakioak eta hodixka biltzaileak daude. Parenkima piramidetan banatzen da:

    • Muin-piramideak: hodixka biltzaileak jaso ondoren papilan amaitzen dira (erpinak kalizetan sartzen dira).

    • Kortex-piramideak: aurrekoak baino txikiagoak dira. Piramideen barruan glomeruluak daude, eta piramideen artean nefronen hodixkek eratzen duten labirintoa.

grafikoak3

Nefronaren osagaien kokapena giltzurrunaren azalean eta muinean

Aparatu justaglomerularra

Hiru osagai ditu:

  • Zelula epitelioideak, arteriola eferentearen pareta barruan.

  • Makula dentsoa, urruneko hodixka bihurgunetsuaren paretan.

  • Goormaghtighen zelulak, harilaren eta urruneko hodixka bihurgunetsuaren artean kokatuak.

Makula dentsoaren zelulek hodixka bihurgunetsutik pasatzen den gernuaren kalitateari buruzko informazioa jasotzen dute. Informazio hau Goormaghtighen zelulei pasatzen diete eta hauek zelula epitelioideei. Zelula epitelioideen barruan, baso-uzkurdura eragiten duen errenina dago, pikorretan gorderik. Gernuaren kalitatea ezegokia izanez gero, errenina odolera pasatzen da, baso-uzkurduraren bitartez kalitate hori gobernatuz.

Giltzurrunen irrigazioa

Giltzurrun-arteriak, hilora iristean, bost arteria segmentario sortzen ditu, segmentu bana irrigatzen dutenak, hain zuzen ere. Arteria segmentarioak adartu egiten dira arteria interlobularrak sortuz. Interlobularretatik, muinaren eta kortexaren artetik abiatzen diren arku-antzeko arteriak irteten dira.

  • Kortexean:

    • Arku-antzekoek azalerantz doazen gingiltxo arteko arteriak sortzen dituzte. Azken hauetatik arteriola aferenteak irteten dira bidean zehar, jarraian glomerulua eta arteriola eferenteak dituztenak.

    • Arteriola eferenteek sare kapilarrak eratzen dituzte, eta horietatik zain-sareak irteten dira. Berdin egiten dute arteriola-kapilarrek. Zain-sareak benuletan biltzen dira. Benuletatik, arteriekin paralelo dauden arku-antzeko zainak eratzen dira (kortexaren eta muinaren artean).

  • Muinean. Glomerulurik ez dagoenez gero, sare kapilar zuzenak eratzen dituzte arteria eta zain guztiek. Sareak benuletara biltzen dira lehenik, eta benulek gero, arku-antzeko benetara isurtzen dute odola.

Inerbazioa

Plexu solarretik irteten diren zuntzek burutzen dute. Sinpatikoak, arteriekin batera heldu eta kortexetik muinerako norabidea duen baso-uzkurpena eragiten du. Iskemian, beraz, odolik gabe geratzen diren lehenengo egiturak glomeruluak dira, gernu-ekoizpenak behera eginez.

Giltzurrunetako gaixotasunak

Gaixotasun garrantzitsuenak: giltzurrun-gutxiegitasuna, pielonefritisak, minbizia eta litiasiak.