inertia
- 1. Fis.
Materiaren propietate orokorra, gorputz batek bere abiadura berez aldatu ezin izatean datzana. Gorputzak bere higidura aldatzeari jartzen dion erresistentzia gisa agertzen da, eta ezin da kuantifikatu. Kanpo-indar baten eraginik izan ezean, geldirik dagoen gorputza ez da higituko, edo higitzen ari dena betiere abiadura konstantean higituko da.
- 1. Fis.
- Materiaren propietate orokorra, gorputz batek bere abiadura berez aldatu ezin izatean datzana. Gorputzak bere higidura aldatzeari jartzen dion erresistentzia gisa agertzen da, eta ezin da kuantifikatu. Kanpo-indar baten eraginik izan ezean, geldirik dagoen gorputza ez da higituko, edo higitzen ari dena betiere abiadura konstantean higituko da.
Inertzia Edit
Egilea: Idoia G. Gurtubay
Inertziaren propietateaz jabetu zen lehenengoa Galileo izan zen, eta geroago Newtonek higiduraren lehenengo legean (inertziaren printzipioan) adierazi zuen. Inertziaren printzipioa fisika klasikoaren oinarrizko lege bat da, eta materiaren higidura eta indarrek haren gainean dituzten ondorioak deskribatzeko erabiltzen da. Newtonen higiduraren bigarren legearen arabera, gorputz baten higidura aldatzeko behar den indarra proportzionala da gorputzari sortutako azelerazioarekiko. Proportzionaltasun konstante hori gorputzaren inertzia-masa da. Horixe da, hain zuzen ere, inertziaren zenbakizko balioa. Eragindako indarra konstantea izanik, zenbat eta handiagoa izan gorputz baten inertzia, orduan eta azelerazio gutxiago izango du.
Inertzia-momentua
Inertzia-momentua da biratzen ari den gorputz batek bere biraketa-abiadura aldatzeko jartzen duen erresistentzia. Batzuetan, biraketa-inertzia ere esaten zaio. Gorputzek biratzen dutenean, inertzia-momentuak higidura zuzeneko masaren (inertziaren) eginkizuna betetzen du. Adibidez, bi gurpilen gainean indar-pare bera aplikatzen bada, inertzia-momentu txikiagoa duenaren biraketa-abiadura gehiago handituko da.
Objektu batek duen itxuraren eta masak biraketa-ardatzarekiko duen banaketaren araberakoa da inertzia-momentua, masak biraketa-ardatzeraino duen distantziaren araberakoa, hain zuzen ere. Horrenbestez, masa-kontzentrazioa zenbat eta urrunago egon ardatzetik, orduan eta inertzia-momentu handiagoa izango du. Gorputz baten inertzia-momentua ez da kantitate zehatz eta bakarra. Objektuak beste ardatz baten inguruan biratzen badu, oro har, inertzia-momentu desberdina izango du, masa desberdin banatuta baitago beste ardatz horren inguruan.