ground

1. Biol./Geol.
sin. soil

Arroka amaren gaineko material kontsolidatu gabea, klimak, aktibitate biologikoak, denborak eta erliebeak baldintzatutako jatorrizko materialen alterazioaren ondorioz sortzen dena eta materia organikoan aberatsa dena. Lurzorua horizonte deritzen hainbat mailaz osatua dago.

Lurzoru-profila. CidamÛn (Errioxa). Lurzoruaren sailkapena: Calcixerepts petrocalcic (Soil taxonomy 2006. 6. edizioa)
Lurzoru-profila. CidamÛn (Errioxa). Lurzoruaren sailkapena: Calcixerepts petrocalcic (Soil taxonomy 2006. 6. edizioa)

2. Fis.
sin. earth

Lurraren masa eroalea. Objektu bati karga elektrikoa kentzeko, lurrarekin kontaktuan jarri behar da eroale on baten bidez. Karga negatiboa duen objektu bat horrela lurrarekin konektatzean, elektroiak objektutik lurrera higitzen dira, lurra bera ere eroalea baita, eta objektua neutralizatu egiten da. Berez, lurrarekin konektatzean, lurrarekin banatzen du bere karga objektuak, baina planeta hain handia denez, objektuan gelditzen den hondar-karga detektaezina da. Hau da, Lur planeta, hitzarmenez, objektu elektrikoki neutroa da; zero potentziala du, eta zero potentzialeko erreferentzia nagusia da.


3. Teknol. Elektr.
sin. chassis ground

Ekipo edo instalazio baten metalezko egitura, zeinaren potentzial elektrikoa erreferentziatzat hartzen baita. Ahal den guztietan, zirkuituaren masa lurrera konektatzen da, lurra bera masa eroalea baita eta, hitzarmenez, zero potentziala du, hau da, zero potentzialeko erreferentzia nagusia da.


1. Biol./Geol.
Arroka amaren gaineko material kontsolidatu gabea, klimak, aktibitate biologikoak, denborak eta erliebeak baldintzatutako jatorrizko materialen alterazioaren ondorioz sortzen dena eta materia organikoan aberatsa dena. Lurzorua horizonte deritzen hainbat mailaz osatua dago.

Lurzorua Edit

Egilea: Maria Jose Imaz, Iñigo Virto

LURZORUA

Lurzoruaren ezagutza gizakia aspalditik kezkatu duen arloa da. Lurzoruaren erabilera, gizakiaren aldetik, nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin hasten da. Geroztik, edozein giza jarduerak lurzorua okupatzen du, eta jarduera gutxi batzuen bidez gizakiak lurra maneiatzen du. Lurzoruaren zientzia berria da, beste zientzia batzuekin konparatuz gero, eta beste oinarrizko zientzia batzuk garatuz joan diren heinean, garatu da idazgai dugun hau ere. Lurzorua baliabide natural bizia da, eta prozesu konplexu asko gertatzen dira bertan. Lurzoruaren zientzien hastapenean, haren ezaugarri morfologikoak eta mineralogia izan ziren aztergai; lurzoruaren sailkapena eta erabilerak izan ziren jarraian aztertutakoak; ondoren, lurzoru-landare erlazioak ulertzea eta ezaugarri kimikoak eta fisikoak aztertzea izango ziren ikertzaileen helburuak; azken hamarkadetan, lurzoruaren ekologia eta kalitatea edo osasun-maila eta degradazioa dira jorratzen ari diren arloak lurzoruaren zientziaren inguruan.

Edafologia: lurzoruaren zientzia

Edafologia lurzoruaren zientzia da, eta 1883an kokatzen da haren sorrera, Vasily Vasilievitx Dokutxaieven Chernosem Errusiarra izeneko doktoretza-tesian, hain zuzen ere, lan horretan aurkeztu baitzen gaur egungo lurzoruaren zientzian jarraitzen den lan-metodologia. Ondoren, mundu zabalera zabaldu zen zientzia eta herrialde bakoitzean garapen ezberdina izan du.

Definizioa

Lurrazala osatzen duten harrien meteorizazioaren eta higaduraren ondorioz sortutako material-geruza da; lurraren gainazalean dago kokatua, eta atmosferaren eta litosferaren arteko faseartea da. Haren sakonera zentimetro gutxi batzuetakoa edo zenbait metrotakoa izan daiteke.

Lurzorua sortu, garatu eta degradatu egiten den baliabide naturala da. Ez da berriztagarria gizakiaren denbora-eskalan. Tokian tokiko ezaugarri bat da; lurzoru-mota leku jakin bateko klima-motari eta material geologikoari lotuta dago, eta espazioan eta denboran aldakorra da.

Lurzoruaren azterketa

Lurzoruaren azterketa lurzorua dagoen lekuan bertan hasten da ekosistema baten parte delako, eta, haren azterketa eta sailkapena egiteko, lurzoruko informazioa jasotzeaz gain, lurzorua dagoen tokiko edo lekuko informazio guztia ere hartu behar da kontuan. Paisaiak eta erliebeak lurzoruaren eraketa-prozesuen informazioa ematen dute. Paisaiaren azterketan oinarritzen da lursail baten laginketa-puntuen aukeraketa.

Lurzoruaren antolaketa

Lurzoruaren profila lurzoruaren gainazalaren eta jatorrizko materialaren artean dagoen ebaki bertikala da, eta, lurzoruaren azterketa eta sailkapena egiteko, ezinbestekoa da profila edo ebaki bertikala irekitzea.

grafikoak1

Lurzoru-profila. Cidamón (Errioxa). Lurzoruaren sailkapena: Calcixerepts petrocalcic (Soil taxonomy 2006. 6. edizioa) (iturria: Lya Arpón)

Lurzoruaren profila aztertzean, gainazalarekiko paraleloak diren geruzak bereizi ohi dira, lurzoruaren horizonteak, hain zuzen ere. Geruza edo horizonteek propietate zenbait izaten dituzte, nahiz eta lurzoruaren beraren parte izan. Horizonteak banaka aztertzen dira. Lurzoruaren eraketan parte hartu duten prozesuen arabera, geruza edo horizonte ezberdinak garatuko dira. Horizonte ezberdinak izatea ez da nahitaezko ezaugarria lurzorua izateko.

Horizonteen azterketa egitea lurzorua sailkatzeko egin beharreko lehenengo urratsa da.

grafikoak2

Lurzoruaren horizonteak

Lurzoruaren osagaiak: lurzorua, hiru faseko sistema

Lurzorua hiru fasez osatutako sistema da: fase solidoa, likidoa eta gaseosoa. Lurzorua partikula solidoz osatua dago, eta partikulen artean poro-sistema bat dago, urez edo/eta gasez okupatua. Lurzoruko gasa lurzoruko atmosfera da.

Fase solidoan, frakzio ez-organikoa edo minerala eta frakzio organikoa daude. Bi horien arteko proportzioa, % 45 frakzio minerala eta % 5 frakzio organikoa izan ohi da. Uraren eta airearen arteko proportzioa aldakorra da; lurzorua heze dagoenean, ur-proportzioa altuagoa da, eta, lehortuz doan heinean, aireak betetzen du poro-sistema.

Osagai organikoa edo lurzoruko materia organikoa osatzen dute deskonposizio-maila ezberdinean dauden landare- eta animalia-hondarrek. Nahiz eta materia organikoaren proportzioa osagai mineralena baino txikiagoa izan, haren garrantzia handia da lurzoruko propietate fisiko, kimiko eta biologikoetan eragina duelako.

Osagai ez-organikoak jatorrizko materialetik datoz. Lurzoruaren eraketa harrien zikloaren barne dago. Lurzoruko frakzio organikoan, silizioa eta oxigenoa dira nagusi; hori dela eta, lurzoruko mineralen artean silikatoak dira gailen. Silikatoen taldea mineral-espezieetan aberatsena da, eta guztietan errepikatzen da silizio-atomo bat lau oxigeno-atomorekin koordinatzen den egitura kristalinoa (SiO4 tetraedroa). Eskualde epeletako lurzoruetan, silikatoak nagusi dira; aridoetan, berriz, osagai ez-organiko nagusiak kaltzio karbonatoa edo igeltsua izan daitezke.

Partikula ez-organikoak tamainaren arabera sailkatzen dira; tamaina handiena duenetik txikienera, harea, limoa eta buztina dira. Tamaina handiko partikulek lurzoruaren eskeletoa osatzen dute, eta tamaina txikieneko partikulak, buztinak, lurzoruko osagai mineralen frakzio aktiboena dira tamainak ematen dizkien ezaugarriak direla eta. Partikula horien arteko diferentzia bakarra ez da tamaina, osagai mineralen konposizioan ere desberdintzen dira; buztin-partikuletan dauden osagai mineralak buztin mineral izena hartzen dute, eta filosilikatoak dira (silizio-tetraedroz eta aluminio-oktaedroz osatuak). Buztin-partikulek azalera espezifiko handia dute, eta katioiak trukatzeko ahalmena; beraz, lurzoruaren propietate fisiko eta kimikoetan eragin handia dute.

Lurzoru batean dagoen harea, limo eta buztinen ehunekoak lurzoruaren testura definitzen du.

Materialen antolaketa hierarkikoa

Materia organikoak eta osagai ez-organikoek lurzoruko agregatuak osatzen dituzte. Hasiera batean, osagai organikoak eta ez-organikoak batu egiten dira, eta tamaina txikiko agregatuak osatzen dituzte; ondoren, agregatuak elkartzean, agregatu handiagoak osatzen dituzte. Aldi berean, hutsune edo poro-sistema bat osatuz doa, eta, poro- edo hutsune-sistema horretan, lurzoruko ura eta airea egoten dira. Agregatuen sorrera eta egonkortasuna lurzoruko materia organikoaren eta beste elementu ez-organiko batzuen mende dago (Ca2+ katioiaren mende, esate baterako).

Faktore eratzaileak

Lurzoruaren faktore eratzaileak bost dira: klima, geomorfologia, arroka ama, organismo bizidunak eta denbora.

Arroka ama lurzoru mineralen jatorrizko materiala da. Harriaren meteorizazio- eta higadura-prozesuen ondorioz, zati txikitan banatuz doa, eta lurzoruko frakzio ez-organikoa osatzen du.

Lurzoruak jatorrizko materialaren ezaugarriak izango ditu hasiera batean, eta, denborarekin, zenbait prozesu eratzaileren ondorioz, ezaugarri horiek gal ditzake.

Geomorfologiak lurraren gainazalaren aldaketak aztertzen ditu. Gainazala aldatzeak lurzorua aldatzea dakar. Paisaia-lurzorua erlazioaren azterketak lurzoru-unitate ezberdinak ezagutzen laguntzen du.

Klima da lurzoruaren sorrera eta prozesu eratzaile nagusiak mugatzen dituen faktorea; prezipitazio-kantitateak eta -intentsitateak eta tenperaturak jatorrizko materialaren degradazioa eta materia organikoaren deskonposizioa baldintzatuko dituzte. Munduan zehar dagoen klima-banaketa eta lurzoru-motaren banaketa bat datoz.

Organismo bizidunak materia organikoaren iturri dira, baina beste funtzio batzuk ere betetzen dituzte lurzoruaren eraketan. Sustraiek, esaterako, akzio mekanikoa eragiten dute, eta isurtzen dituzten substantziek eragina dute lurzoruko agregatuen egonkortze-prozesuan. Lurzorua bizileku duten mikrofaunak, mesofaunak eta makrofaunak ere funtzio garrantzitsua betetzen dute. Ezaguna da lurzoruko zizareek agregatuen eraketan eta egonkortasunean duten eragina.

Hasieran aipatu den moduan, lurzorua eratzeko, denbora behar da, baina denbora ez da berdina egoera guztietan; klima aktiboa dagoen zonetan, sortze-, garatze- eta degradazio-prozesuak azkarrago gertatzen dira. Edafologian, klima aktiboak dira prezipitazio handiak eta bortitzak eta batez besteko tenperatura altua dituztenak, ezaugarri horiek dituzten klimetan gertatuko direlako prozesu gehienak.

Munduko hainbat tokitan aurkitu daitezke lurzoru-mota berak, betiere klimak eta jatorrizko materialek ezaugarri berdinak badituzte.

grafikoak3

Erriberrin (Nafarroa), kontserbazio-nekazaritzako entsegu batean bildutako Scherotheca gigas zizarea (iturria: Iñigo Virto)

Prozesu eratzaileak

Lurzoruaren eraketan, jatorrizko materiala transformatzen duten prozesu-multzo batek parte hartzen du. Edafogenesia lurzoruaren sorreraren prozesua da, eta, hastapenean, harrien deskonposizioa sortuko duten prozesu fisiko eta kimikoek osatuko dute.

Denbora aurrera doan heinean, eta faktore eratzaileek eraginda, lurzoruan eragina duten prozesuak gertatuko dira. Prozesu horiek hainbat motatakoak izango dira: material-irabaziak, material-galerak (garbiketa, lixibiazioa, elubiazioa, higadura), transformazio-prozesuak (materia organikoaren transformazioa, mineralen transformazioa, beste mineral batzuen sorrera), osagaien translokazioa (argilubiazioa, podzolizazioa...) eta zona tropikaletan gertatzen diren prozesuak (laterizazioa, ferralitizazioa, latosolizazioa).

Prozesu horien ondorioz, lurzorua jatorrizko materialetik bereizten da.

Lurzoruen sailkapena

Lurzoruen sailkapenaren helburua da lurzoru-moten identifikazioa eta deskripzioa. Gaur egun, bi dira erabiltzen diren sailkapen-sistemak, FAO eta Soil Taxonomy. Lehenengoa, FAOk egindako lurzoru-sailkapena da, eta, bigarrena, Estatu Batuetako Soil Survey Staffek egindakoa. Badira beste sailkapen batzuk ere, eta zenbait herrialdek beren sailkapen-sistema dute. Aurreko biak nahiko berriak dira, XX. mendeko bigarren erdian eginak.

FAO sistema munduko lurzoru-mapa egiteko egitasmoarekin hasi zen garatzen. Lurzoruen izenak bertako terminoetan oinarrituta daude, eta sistemak ez ditu ezaugarri klimatikoak kontuan hartzen.

Soil Taxonomyko terminologia autoesplikatiboa da, eta aintzat hartzen du informazio klimatikoa.

Oro har, FAO sistema eskala handiko lurzoru-mapak egiteko erabili izan da, eta informazio klimatikoa eskuragarri ez dagoen lekuetan erabiltzen da. Soil Taxonomy, berriz, eskala txikiko mapetan eta informazio klimatikoa eskuragarriago dagoen kasuetan erabili izan da.

Lurzoruaren funtzioak

Lurzoruak zenbait funtzio betetzen ditu; besteak beste, landare eta animalien euskarri eta elikagai-iturri izatea, ur-fluxuak erregulatzea, ura iragaztea, atmosferaren eta litosferaren arteko faseartea izatea eta giza jardueraren euskarria izatea (eraikuntzak, nekazaritza, azpiegiturak, industria…).

Lurzoruaren kalitatea eta osasuna

Lurzoruaren kalitatea eta osasuna XX. mendeko azken hamarkadatik gaur egunera arte garatuz joan diren terminoak dira. Batzuek sinonimotzat hartzen dituzte; beste batzuek, berriz, bereizi egiten dituzte termino biak.

Karlenek (1997) honela definitu zuen lurzoruaren kalitatea: lurzoruak bere funtzioak betetzeko duen ahalmena.

Lurzoruaren kalitatea propietate intrintsekoek definitzen dute; faktore eratzaileetatik jasotako propietateak dira, eta epe motzean aldatzen ez direnak. Lurzoruaren osasuna, aldiz, propietate dinamikoek definitzen dute, eta epe motzean aldakorrak dira.

Lurzoruaren kalitatea lurzoruan gertatzen diren aldaketak neurtzeko edo aztertzeko lan-tresna bilakatu da; ikusmolde holistikoa ahalbidetzen du, lurzoruko propietate fisiko, kimiko eta biologikoak kontuan hartzen dituelako.

Lurzoruaren degradazio-prozesuak

Lurzorua degradatu egiten da; lehenago esan bezala, lurzorua sortzen, garatzen eta degradatzen den baliabidea da. Baina degradazio-prozesuak azkartu edo areagotu egin daitezke, gizakiaren jardueraren ondorioz.

Lurzoruaren degradazioak bere funtzioak betetzeko ahalmena galtzea dakar eta, beraz, kalitate- edo osasun-galera. Zenbait degradazio-mota daude: kimikoa, fisikoa eta biologikoa.

Higadura, materia organikoaren galera, trinkotzea, artifilizazioa eta kutsadura degradazio-prozesuak dira.

Lurzoruak betetzen dituen funtzio guztiak kontuan izanda, haren propietateak eta haren antolaketa ondo ezagutzea ezinbestekoa da kontserbatu ahal izateko. Ezagutzen ez dena zaindu ezin daitekeenez, lurzorua zaintzeko lehenengo urratsa lurzoruaren beraren ezagutza zabaltzea da.