gland

1. Anat.

Organismoaren funtzionamendurako beharrezko diren zenbait substantzia jariatzen dituen organoa; odolera (barne-jariokoak edo endokrinoak) edo gorputzetik kanpora (kanpo-jariokoak edo exokrinoak) jariatzen ditu substantzia horiek.


1. Anat.
Organismoaren funtzionamendurako beharrezko diren zenbait substantzia jariatzen dituen organoa; odolera (barne-jariokoak edo endokrinoak) edo gorputzetik kanpora (kanpo-jariokoak edo exokrinoak) jariatzen ditu substantzia horiek.

Guruinak Edit

Egilea: Jon Irazusta

GURUINAK

Guruin endokrinoak

Beren substantzia zuzenean odolera jariatzen dutenak dira. Guruin-talde honek sistema endokrinoa osatzen du. Gizakien guruin endokrino nagusiak eta hauexek jariatzen dituzten hormonak, hurrengo zerrendan azaltzen dira.

Zerrenda honetan ikus daitekeen bezala, organo askok guruin-funtzioa izan dezake; gero eta substantzia gehiago hartzen dira hormonatzat. Horregatik, hemen egiten dugun sailkapenak ez du zeharo zehatza izan nahi. Ikerketa berriek etengabe aurkitzen dituzte hormona izan daitezkeen substantzia gehiago, eta hauen jariapenaren arduradun den organo-kopurua ere gora doa.

  • Hipotalamoa. Burmuinaren azpialdean dagoen egitura da. Batez ere hipofisian eragina duten hormonak sintetizatzen ditu, eta bi egituren artean dagoen porta zain-sistemara honako hormonak jariatzen ditu: Tirotropinaren hormona askatzailea, gonadotropinaren hormona askatzailea, hazkuntza-hormonaren hormona askatzailea, kortikotropinaren hormona askatzailea, somatostatinaren eta prolaktinaren hormona askatzaileak eta inhibitzaileak. Bestalde, bi egitura lotzen dituzten neuronen bidez, hipotalamoan sintetizatutako basopresina eta oxitozina hormonak hipofisira doaz.

  • Guruin pineala. Burmuinaren gainean dago. Haren jariakin ezagunena melatonina hormona da.

  • Hipofisia. Burmuinaren azpian dago. Gorputzeko beste guruin askoren funtzioa erregulatzen du; besteak beste, tiroidearena, ugatzena, sexu-organoena eta guruin adrenalena. Hipofisiak hiru atal ditu:

    • Aurreko hipofisia. Hormona hauek jariatzen ditu: hazkuntzaren hormona, prolaktina, hormona adrenokortikotrofikoa, lipotropina, tiroidearen hormona estimulatzailea, folikuluaren hormona estimulatzailea eta hormona luteinizatzailea.

    • Atzeko hipofisia. Oxitozina eta basopresinaren jariapenaz arduratzen da.

    • Erdiko hipofisia. Melanozitoen hormona estimulatzailearen jariapenaren erantzulea da.

  • Tiroidea. Trakearen ondoan, eztarri aldean dagoen guruina da. Haren jariakin nagusiak: triiodotironina, tiroxina eta kaltzitonina dira.

  • Paratiroideak. Eztarrian dagoen guruin-taldea da (lau guruinek osatua, edo batzuetan gehiagok); kaltzioaren metabolismoaz arduratzen den paratormona hormonaren jariatzaileak dira.

  • Pankrea. Urdailaren azpian eta atzeko aldean dagoen organoa da. Bi zati ditu: exokrinoa eta endokrinoa. Azken honek intsulina, glukagoia eta somatostatina jariatzen ditu.

  • Testikuluak. Gizonezkoen sexu-organoak dira. Androgenoak nagusiki, estradiola eta inhibina jariatzen dituzte.

  • Obulutegia. Emakumezkoen sexu-organoak dira. Progesterona, estrogenoak eta inhibina jariatzen dituzte.

  • Bihotza. Odola ponpatzeaz gain, gorputzeko likidoen orekan parte hartzen duten hormonak jariatzen ditu: aurikulako peptido natriuretikoa eta garuneko peptido natriuretikoa.

  • Muskulu eskeletikoa. Mugimenduaz arduratzeaz gain, tronbopoietina jariatzen du.

  • Larruazala. Kaltzidiola, D bitaminaren aitzindaria,  jariatzen du.

  • Gantz-ehuna. Gosearen erregulazioan parte hartzen duen leptina eta estrogenoak (estrona, batez ere) jariatzen ditu.

  • Urdaila. Digestioaren zati baten ardura hartzeaz gain, gastrina, ghrelina, Y neuropeptidoa, sekretina, somatostatina, histamina eta endotelina jariatzen ditu.

  • Duodenoa. Heste meharraren lehen zati honek koleozistokinina jariatzen du.

  • Gibela. Intsulina-motako hazkuntza-faktorea, angiotentsinogenoa eta angiotentsina, eta tronbopoietina jariatzen ditu.

  • Giltzurrunak. Gorputzeko iraitz-organoak izateaz gain, errenina, eritropoietina, kaltzitriola eta tronbopoietina jariatzen dituzte.

  • Guruin adrenalak. Giltzurrunaren gainean daude eta bi zati dituzte: azala, glukokortikoideak, mineralokortikoideak eta androgenoak jariatzen dituena; eta muina, adrenalina, noradrenalina, dopamina eta entzefalinaren jariapenaren erantzule dena.

  • Plazenta. Haurdunaldian eratzen den organo honek, besteak beste, progesterona, estrogenoak, gonadotropina korionikoa, plazentako laktogenoa eta inhibina jariatzen ditu. Hormonen jariapenari dagokionez, plazenta organo pluripotenteena dela esaten da

  • Umetokia. Prolaktina eta errelaxina jariatzen ditu.

Guruin exokrinoak

Beren substantzia hodi batera isurtzen dutenak dira. Hiru taldetan bana daitezke:

  • Guruin apokrinoak. Jariapenean gorputz zelularraren zati bat galtzen da. Guruin-mota hauen artean daude ugatzetan esnea jariatzen dutenak, eta izerdiari usaina ematen dion zati oliotsuaz arduratzen direnak.

  • Guruin holokrinoak. Zelula osoa apurtzen da, substantzia jariatzeko. Honen adibide dira sebo-guruinak.

  • Guruin ekrinoak. Substantziak exozitosi izeneko prozesu bidez jariatzen dira. Muki-guruinak eta izerdi-guruin batzuk (izerdi urtsua jariatzen dutenak) ere talde honetan sartzen dira.

Guruin exokrinoak, jariatzen duten substantziaren arabera, hiru taldetan bana daitezke:

  • Guruin serosoak. Askotan, proteinetan aberatsa den likido urtsua jariatzen dute.

  • Muki-guruinak. Substantzia likatsua jariatzen dute, karbohidratotan aberatsa dena.

  • Sebo-guruinak. Lipidoak jariatzen dituzte.

Taula honetan, guruin exokrino nagusien izenak eta haien kokapena agertzen dira:

grafikoak1