genetic engineering

1. Genet.

Gene bakar bat edo gene-talde bat kanporatuz, txertatuz edo eraldatuz, zelulen eta bizidunen osaera genetikoa aldatzea ahalbidetzen duen tekniken multzoa.

1. Genet.
Gene bakar bat edo gene-talde bat kanporatuz, txertatuz edo eraldatuz, zelulen eta bizidunen osaera genetikoa aldatzea ahalbidetzen duen tekniken multzoa.

Ingeniaritza genetikoa Edit

Egilea: Asier Fullaondo

INGENIARITZA GENETIKOA

Ingeniaritza genetikoak material genetikoa aldatzen du modu zuzen eta zuzenduan. Aldaketen helburua da jadanik existitzen den organismo bati bestelako ezaugarri batzuk edota substantzia berriak ekoizteko ahalmena ematea.

Ingeniaritza genetikoak hainbat teknologia biltzen ditu, betiere helburua material genetikoaren aldaketa eragitea izanik, hau da, DNAren edo RNAren manipulazioa.

Historia

Ingeniaritza genetikoaren hasiera DNAren egitura aurkitzearekin hasi zen. Harrezkero, etengabe eman dira aurrerapausoak, lehenik DNA-molekula ulertu eta ezagutzeko, eta, ondoren, DNA-molekulak aldatzeko eta, beraz, molekulak daraman informazio genetikoa eraldatzeko. Izakien eraldatze genetikoa prozesu zuzendu bat izan da ezaugarri jakin batzuk lortu nahi zirelako, gure nekazariek ezaugarri jakineko landare eta animalia zehatzak gurutzatuz saiatzen ziren edo konposatu mutagenikoak erabiliz ezaugarri berridun izakiak lortzeko, baina beti ere zorizko modu batean, hots, emaitza ez zegoen ziurtatzerik.

1960ko hamarkadaren bukaeran, W. Arberrek murrizketa-entzimak aurkitu zituen. Entzima horiek ezaugarri oso berezi bat dute: DNA mozteko ahalmena dute. Murrizketa-entzimek modu jakin batean mozten dituzte DNA-molekulak, 4-8 nukleotidoko sekuentzia ezagutuz eta moztuz, eta ezaugarri horrek DNA-molekula espezifikoak sortzea ahalbidetzen du; adibidez, gene bat barneratzen duen DNA-zati bat.

DNA-molekula berri bat sortzeko, bigarren urrats bat behar zen: jatorri ezberdineko DNA-molekula bi elkartzea molekula bakarra lortzeko. Horretarako, beste entzima-mota bat behar da, DNA ligasa izena duen entzima. Entzima horrek bi DNA-molekula elkar ditzake molekula berri bat lortzeko. Prozesu hori Mertzek eta Davisek egin zuten 1972an. Modu horretan, lehen DNA-molekula birkonbinatua sortu zuten. Molekula horretan, jatorri ezberdineko bi DNA-molekula nahastu zituzten, eta hirugarren DNA-molekula berri bat sortu.

DNA-molekula hibridoak edo birkonbinatuak ez du inolako gaitasunik, baldin eta izaki bizidun baten barruan ez badago. 1973an, Escherichia coli bakterioari salmonella bakterioaren gene bat sartu zioten, eta E. coli bakterioak espresatu egin zuen DNA-molekula birkonbinatuan zegoen informazio genetikoa, hots, arrotz zitzaion Salmonella espeziearen gene bat espresatu zuen. Une hartan lortu zen ingeniaritza genetikoaren bidezko lehenengo organismo transgenikoa.

Beraz, posible zen DNA-molekula hibridoak sortzea, beste organismo batzuetan sartzea eta genetikoki eraldatutako organismoak sortzea. Teknologia berri hark zeukan ahalmena ikusita, Asilomar izenez ezagutzen den biltzarra egin zuen ikertzaile-talde batek 1975ean. Biltzar hartan, honelako teknologia erabiltzeko zer babes-neurri eta kontrol behar ziren finkatu zuten. Helburua zen genetikoki eraldatutako organismo haiek naturara ez irtetea, eta, hori lortzeko, zer neurri hartu behar ziren finkatu zuten, eta organismoaren arriskuaren araberako kontrol-neurriak jarri behar zirela adostu zuten.

Lehen urrats haien ondoren, beste hainbat garapen teknologiko egin dira, eta guztiek erraztu egin dute DNArekin lan egitea. Aurrerapen teknologiko haiek laborategi gutxi batzuen esku zeuden hasieran, baina gaur egun guztiz teknologia arrunta bilakatu da, eta edozein herrialderen esku dago. Ingeniaritza genetikoaren emaria izugarria da, eta oso iritzi kontrajarriak daude tresna horien erabileraren inguruan.

Aurrerapen tekniko haiek guztiek aukera eman zuten enpresa teknologiko berriak martxan jartzeko.

1978an, intsulina ekoizten zuen genetikoki eraldatutako E.coli bakterioa aurkeztu zuen Genentech konpainiak. Urrats hark beste hainbeste ekarri zituen. Genetikoki eraldatutako organismoak (GEO) ikerketarako sortzen ziren nagusiki, edo biorreaktore gisa erabiltzeko, hau da, sintetizatzeko zailak ziren konposatuak eta molekulak sortzeko (adibidez, hepatitis B-aren kontrako txertoa eta beste hainbat molekula). Ingeniaritza genetikoaren bidez lortutako GEOek geneen funtzioak hobeto ulertzea ahalbidetu dute, bestela lortu ezingo litzatekeen eran. Orain arte aipatutako ingeniaritza genetikoaren erabilerek ez zuten gizartean kezka sortu, onuren eta arriskuen arteko balantza onuren aldean baitzegoen.

1986an, ingeniaritza genetikoa erabiliz genetikoki eraldatutako bakterio bat sortu zuen Advanced Genetic Sciences konpainiak. GEO hark izozteetatik babes zitzakeen landareak. Urte berean, Monsanto konpainiak beste bakterio bat sortu zuen, landareen patogenoen kontra babesteko erabil zitekeena. Bi urrats haiek ordura arteko muga gainditzen zuten: genetikoki eraldatutako organismoak naturara barreiatzea eta, are gehiago, GEOak gizakiaren elikadura katean sartzea.

Hain zuzen, gertaera hark jarri zituen martxan hainbat gizarte-eragile GEOen kontra. Bi kezka-iturri nagusi zeuden: alde batetik, gizakien osasunean GEOek eragin zitzaketen kalteen inguruko ikerketarik ez zegoela, eta, bestetik, ez zela ikertu GEOek naturan izan zezaketen eragina.  

1990eko hamarkadan GEOen inguruko eztabaida gori-gorian zegoen arren, konpainien presioen ondorioz, hainbat herrialdetan GEOak erein ziren: soja, artoa eta kotoia izan ziren eraldatutako GEO garrantzitsuenak. Ekonomikoki emaitza onak lortu zituzten, eta ez zirudien giza osasunean eraginik zutenik; beraz, gero eta lursail gehiago erein ziren GEOekin. Gaur egun, landare transgenikoak oso zabalduta daude. Ez dirudi giza osasunean eraginik dutenik oraingoz, baina horrek ez du esan nahi luzera arazorik izango ez dutenik.

Genetikoki eraldatutako landareak alde batera utziz, animalia transgenikoen garapenean ere urratsak egin ziren. Laborategian geratzen ziren animalia transgenikoen inguruko kezka ez zen gehiegizkoa, haien erabilera mugatua zelako. Baina, landareekin gertatu bezala, konpainia batzuek proposatu zuten animalia transgenikoak (izokin transgenikoak) giza elikadurarako erabiltzea, eta horrek auzia berpiztu zuen.

Landare zein animalia transgenikoekin eta naturan duten eraginarekin lotuta, beste kezka-iturri batzuk badira: aniztasun genetikoa murriztearen ingurukoa, natura organismo transgenikoen eraginetik babestekoa...

GEOen inguruko zalantzak ez dira guztiz argitu, baina gizakien elikadurarako GEOak ez erabiltzearen edo mugatzearen ideia nagusitzen ari da, eta, gutxienez, gure elikagaietan, GEOz egindako jakiak diren ala ez etiketan adierazi beharra dago.