fossil fuel

1. Teknol.

Presioak eta tenperaturak lur azpian metatutako materia organikoan eragindako aldaketa fisiko eta kimikoen emaitza den gai organikoa edo horien nahastea (adibidez, harrikatza, gas naturala, petrolioa eta abar). Erregai fosilak zuzenean erabil daitezke erregaitzat edo, osagaiak bereiziz edo bihurtuz, beste erregai eta produktu batzuk lor daitezke (gasolina, fuel-olioa, harrikatz-gasa, olio lubrifikatzaileak...). Gaur egun, erregai fosilak eta haien deribatuak dira ibilgailuen energia mekanikoa lortzeko, berokuntzarako eta, energia hidroelektriko eta nuklearrarekin batera, elektrizitatea lortzeko iturri nagusia. Erregai fosilen eta deribatuen errekuntzak, ordea, ingurumen-arazoak dakartza berekin; nagusia berotegi-efektuko gasak (CO2 bereziki) aireratzea da, baita sufre-oxidoak eta nitrogeno-oxidoak ere, berotegi-efektuaz gain eragin kutsatzailea ere badutenak. Hori dela eta, erregai fosilen ustiapena eta kontsumoa murrizteko bideak garatzen ari dira. Batetik, errekuntza-teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak garatzea komeni da; bestetik, erregai garbiak eta ordezko erregaiak erabiltzea, horretarako behar den teknologia sortzearekin batera; eta, azkenik, energia aurrezteko kontsumo-ohiturak bultzatzea.