forestry

1. Nekaz.
sin. silviculture

Basoa ustiatzeko edota babesteko egiten diren lanen multzoa.

Oihan tropikala
Oihan tropikala

1. Nekaz.
Basoa ustiatzeko edota babesteko egiten diren lanen multzoa.

Basogintza Edit

Egilea: Olate Arrarte

BASOGINTZA

Definizioz, basogintza, basotiko ondasunak eta zerbitzuak etengabe lortzeko helburuaz, hura landatzeko, zaintzeko eta ustiatzeko lanek osatzen duten jarduera da, betiere haren kontserbazioa bermatuz egiten dena.

Zentzu zabalean, berriz, basogintzak, lur-eremu batean zuhaitz eta zuhaixkak landatuz eta zainduz, basoen askotariko funtzioak eta iraunkorrak lortzea du helburu. Baso-sistemen funtzioa, nagusiki, alde batetik, ingurumenari babesa ematea da, eta, bestetik, ondasun ekonomikoa eskaintzea;  horrez gain, gero eta garrantzi handiagoa duten zerbitzuak lortzea ere bada.

Basoak kliman eta mikrokliman eragina du, lanbroaren eta euriaren hezetasuna harrapatu, haizearen indarra moteldu eta tenperatura epeltzen duelako, baina karbono-zikloa erregulatuz berotegi-efektua murrizten duelako ere bai. Basoak uraren zikloa erregulatzeaz gain, lurra sortu eta higadurari aurre egiten dio; ondorioz, lur azpiko eta gaineko urak kantitatean eta kalitatean bermatzen ditu. Basoak lurralde bateko faunaren eta floraren aniztasuna kontserbatzen du bere barnean, eta paisaia ezberdinak osatzen ditu. Basoak aisialdirako aparteko eremuak dira gaur egun. Basoak ekonomikoki balore handia duen produktu bat eskaintzen digu, batik bat egurra, baina ez bakarrik hori, fruituak, onddoak, ehiza, etab. ere eskaintzen digu. Herrien kulturaren eta historiaren parte handi bat dira basoak.

Munduko basoak

Klimaren arabera

Egoera  klimatikoek eragina dute basoen eraketan. Hain zuzen ere, egoera klimatiko hauek eraginda, hainbat eremu ezberdin sortzen dira; eremu horiek ondoren sailkatutako eskualde biogeografikoak dira:

  • Poloetako eskualdea: itsasoa eta lurra izotzez estalita daude. Egoera honetan oso landare eta animalia gutxi bizi daiteke.

  • Tundra: neguak oso hotzak, ilunak eta luzeak dira; udak, berriz, laburrak eta hotzak. Ez dago zuhaitzik; udan dirauten loredun landare txiki batzuk soilik hazten dira.

  • Hosto iraunkorren basoa: udak epelagoak dira eta bertan koniferoen baso handiak agertzen dira.

  • Hosto erorkorren basoa: urtaroak ondo ezberdinduak dira, eta garai batean ia Ipar hemisferioko azalera osoa hartzen zuten.

  • Baso hezea: klima epela eta hezea da, eta bertan koniferoak hedatzen dira.

  • Basamortua: izan daitezke beroak (gehienak tropikoetan kokaturik daude), edo hotzak, eta ez dagoenez ia euririk edo hezetasunik, landaredi eskasa izaten dute.

  • Mediterraneoa: uda beroak eta lehorrak; neguak, berriz, laburrak eta hotzak. Zuhaixkaz eta hostoiraunkorrez osatutako basoak aurkitzen dira bertan.

  • Landa tropikalak eta epelak: euriteak lehorteekin tartekatzen dira; ondorioz, landaredi gutxi aurkitzen da; sabana deitzen da Afrikan eta panpa, Ameriketan.

  • Baso lehorra: zuhaixkak eta zuhaitzak hazten dira, baina dentsitate baxuan.

  • Baso tropikal hezea: beroa eta euri asko izaten da urte osoan. Bertan izaten da landarediaren eta animalien dentsitate eta aniztasun handiena.

grafikoak1

Oihan tropikala

  • Mendiak: beheko magalek baso trinkoa izan dezakete, baina altueran igo ahala, zuhaixkak eta bestelako landaredia baino ez da hazten.

  • Hezeguneak: normalean itsasoaren mailaren azpitik dauden eremuak dira; padurak, aintzirak eta marearen zona. Batzuk oso hezeak eta emankorrak dira; beste batzuek, berriz, sakonera txikia dute eta oso azidoak dira eta, horregatik, ez dute ia bizitzarik ahalbidetzen. Beraz, egoera bakoitzera egokitua den landaredia hazten da.

Basoak, bizi izan dituzten aldaketen arabera

Basoak, izan dituzten aldaketen arabera ere sailka daitezke:

  • Baso primitiboak edo jatorrizkoak: gizakiek edo ez dituzte sekula baso hauek ukitu, edo ukitu badituzte, oso era mugatuan izan da, aldaketarik eragin gabe. Egoera onean kontserbatzen dira, eta klimax-sasoian aurkitzen dira, hau da, ekosistema bateko floraren ordezkapen naturalaren azken fasean. Baso hauetan zuhaitz zaharrak tartekatzen dira, jauzitakoekin, bizirik daudenekin eta zuhaitz gazteekin. Baso hauen dinamikak oreka lortu du.

  • Baso primarioak: klimax-sasoian daude edo fase honetara heltzeko bidean. Baso hauek ez badira ustiatu, baso primitiboak direla ere esan daiteke eta, berriz, ustiatuak izan badira, bere ordez hazten den basoak ere, zehazki primitiboa bezalakoa ez izan arren, klimax-fasea lor dezake.

  • Baso sekundarioak: baso primitibo edo primario bat ustiatu ondoren edo, adibidez, suak suntsitu ondoren, hazitako basoa da. Ez dago klimax-sasoian eta, beraz, hainbat ordezkapen jasango ditu klimaxera heldu aurretik.

  • Baso artifizialak: ez du zerikusirik baso primitibo, primario edo sekundarioekin. Baso hauek gizakiak landatuak dira, gehienetan labore bakarreko ereduan, eta nagusiki egurra lortzeko ustiatzen dira.

Munduko baso primitiboak edo primarioak

Munduko baso primitibo edo primario handiak desagertzen ari dira modu itzulezinean. Baso hauen % 80 suntsitua edo aldatua izan da azkeneko urteetan, eta gainontzeko % 20 zenbait jardueraren mehatxupean dago: baso- edo petrolio-ustiaketa, meatzaritza, urtegien eraikuntza, errepideak, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak eta abar.

Baso hauek indigena askoren bizileku dira. Ia 150 milioi pertsonek behar dituzte baso hauek euren biziraupenerako. Antzina-antzinatik bizi dira bertan.

Duela 8.000 urte, azken glaziazioaren ostean, baso primitiboak edo primarioak munduko lurrazalaren erdia ziren; egun, baso primitibo edo primarioak munduko lurrazalaren % 7 dira, eta bere baitan munduko animalien eta landarediaren espezie-aniztasunaren erdia aurkitzen da.

Baso primitibo edo primarioen % 75 baino gehiago aurkitzen da Kanadako eta Alaskako baso borealetan, Errusiako baso borealetan, eta Amazonasko eta Guyanako baso tropikaletan. Europan, berriz, baso primitibo edo primarioen % 0,3 baino ez da geratzen, hain zuzen ere Finlandian eta Suedian.

Munduko azken zazpi baso primitibo edo primarioak

Amazonasko baso tropikala

Lurrazaleko baso primitibo edo primario handiena da. Baso honen azalera handiena Brasilen dagoen arren, Ekuador, Peru, Guyana, Venezuela, Surinam, Kolonbia eta Guyana Frantsesean ere hedatzen da. Planetako floraren eta faunaren biodibertsitatearen erdia bertan aurkitzen da; hor daude 60.000 landare-espezie, 1.000 hegazti-espezie, 300 ugaztun-espezie baino gehiago, eta 2.000 arrain-espezie eta itsas ugaztun-espezie. Aipatzekoa da, ugaztunen artean, jaguarra.

Basoaren ia % 15 suntsitua izan da 1970 urteaz geroztik, Brasilgo Amazonas basoko egurraren ustiaketaren % 80 legez kanpokoa baita.

Asiako hego-ekialdeko oihana

Indonesiako eta Papua Ginea Berriko baso tropikalak Paradisuko basoa izenaz ezagutzen dira. Baso hauek, nagusiki, hosto iraunkorrekoak dira, hots, mangladiak eta hezeguneetako basoak. Hala ere, montzoi-basoak ere badaude, eta toki lehorretan eta mendialdean hosto erorkorreko basoak aurkitzen dira.

Paradisuko baso hauetan, beste inon agertzen ez diren espezie asko daude; hots, 500 ugaztun-espezie, 1.600 hegazti-espezie, eta 30.000 landare (tartean, 2.000 orkidea-barietate). Aipagarriak dira Indonesiako Rafflesia lore erraldoia, paradisuko hegaztia eta orangutana.

Azken hamarkadetan, baso hauen % 65 suntsitua izan da; kasu honetan ere, baso hauetan egiten den egur-ustiaketa gehiena legez kanpokoa da.

Afrikako erdialdeko oihan tropikalak

Tximino handien baso afrikarra edo Afrikako erdialdeko lautadako oihan ikusgarria, Kamerun, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ekuatore Ginea eta Gabon herrietan hedatzen da. Azaleran, Amazonas basoaren ondorengoa da. Biodibertsitate handiena daukan Afrikako zona da; hots, 1.000 hegazti-espezie eta 400 ugaztun-espezie aurkitzen dira. Aipagarrienak gorila, txinpantzea eta bonobooak dira, eta basoetako elefante eta okapiaren habitata ere bada.

Baso honen % 85 suntsitua izan da egur-ustiaketaren ondorioz, eta etorkizunean joera horrek segituko duela uste da.

Amerikako hegoaldeko baso epelak

Baso hauek Txilen eta Argentinan hedatzen dira. Lurrazaleko baso epel primitibo edo primario handiena da. Baso honetako espezie dominanteak pagoak, zumarrak eta ereinotzak dira, eta beste espezie esklusibo askorekin bizi dira, besteak beste Araucaria zuhaitza, Chilote azeria, Pupu oreina eta Darwin igelarekin.

Txileko baso epelean, zehazki, egurretarako egokiak diren 50 zuhaitz-espezie eta 700 landare-espezie dago.

Baso epel hauen eremu ia guztia dagoeneko suntsitua izan da eta geratzen den apurrak, kontserbazio-ikuspegitik behintzat, etorkizun iluna du.

Amerikako iparraldeko baso primitibo edo primarioak

Mota askotako basoak dira: Ternua eta Alaska bitartean baso boreala dago, Alaska eta Kanadako mendebaldearen bitartean, berriz, baso epel-euritsua eta hainbat baso epel txatal.

Garai batean kontinente osoan hedatuta zeuden Grizzly hartza eta otso grisa ugaztun handien bizilekua da egun. Kanada osoko 140.000 landare, animalia eta mikroorganismo-espezieen bi herenak aurkitzen dira baso primitibo edo primario honetan.

Estatu Batuek euren baso primitibo edo primarioen % 94 galdu dute eta, hala ere, ez dute Aniztasun Biologikoaren Hitzarmena sinatu, planetako aberastasun biologiko eta kulturalari uko egin diote, beraz.

Europako azken baso primitibo edo primarioak

Egun, Europan dirauten baso primitibo edo primarioak Eskandinavia eta Errusiako baso borealak dira. Baso hauek, landare- eta animalia-espezie askoren biziraupena ziurtatu dute, tartean hartza eta hain bitxia den urtxintxa hegalaria. Bada hemen aipamen berezia merezi duen jarduera bat, Sami elur-oreinaren artzaintza, Suediako iparraldean, Finlandian, Norvegian eta Errusiako Murmansk herrialdean hedatuta dagoena.

Finlandiak bere baso primitibo edo primarioaren % 1 soilik kontserbatzen du, Suediak, berriz, % 3; Errusiak, ordea, azalera handia kontserbatzen du, baina ustiaketa industrialaren mehatxua ere badu.

Siberiako taigako basoak

Eskualde honetan badira ukitu gabeko baso primitiboak. Iparraldean, Sakha zona artikoan hasi, eta hegoaldean, berriz, Amur eta Ussuri erreketako zona subtropikaletaraino hedatzen dira. Basoak lurralde honen % 45 hartzen du, eta baso-mota ezberdinak aurki daitezke, hots, tundra eta baso epelak. Baso-aniztasun honek landare- eta animalia-espezie askori bizilekua eskaintzen dio, baita desagertzeko arriskuan diren Siberiako tigreari, Ekialde Urruneko lehoinabarrari, Himalaiako hartzari eta orein musketadunari ere. Amur-Sakhalin eskualdeak munduko beste edozein baso epelek baino espezie-mota gehiago ditu, eta bertan beste inon aurkitzen ez diren espezie asko bizi da.

Errusia ekialdeko baso elurtuen kontserbazioaren mehatxu handiena baso-ustiaketa eta meatzaritza da.

Baso-ustiaketa

1960. urtean egur-ustiaketa, -ekoizpena eta -kontsumoa 732,8 milioi m3-koa zen eta 2.000. urtean, berriz, 1.818,5 milioi m3-ra igo zen. Egur horren % 73,25 koniferoek emandakoa zen eta gainontzekoa, berriz, hostozabalek emandakoa.

2005. urtean, basoetatik 3.000 milioi m3 egur atera ziren; hauetatik % 40 erregai gisa janaria ontzeko, eta berogailu gisa, batik bat Afrikan, Karibean, Erdialdeko Amerikan eta Asiako hegoaldean eta hego-ekialdean, eta gainontzeko % 60 eraikuntzan, altzariak egiteko, etab., batik bat Ipar Amerikan eta Erdialdeko Amerikan, Asiako ekialdean, Errusian eta Ozeanian.

2005. urtean, baso-landaketak, hau da egurra ustiatzeko gizakiak landatutako zuhaitzak, baso-azalera guztiaren % 2,8 besterik ez ziren izan. Txinak, Estatu Batuekin eta Errusiarekin batera, munduko baso-landaketen erdia baino gehiago batzen du. Azalera txikienak, berriz, Afrika, Karibe, Erdialdeko Amerika eta Asiako ekialdea eta erdialdea dira.

Baina, basoetatik, egurraz gain, beste gai batzuk ere lor daitezke: fruituak, onddoak, landare jangarriak, ehiza, ganaduarentzako bazka, sendabelarrak, etab. Gai hauek guztiak ezinbestekoak dira populaziorako eta ez bakarrik zuzenean basotik bizi direnentzat, baita beste guztiontzat ere. Adibidez, Txinak basotik hartzen duenaren % 74 bere elikadura hornitzeko da, Indiak, berriz, % 50 baino gehiago botikak eta lurrin usaintsuak egiteko erabiltzen du, eta Europako herri askok lore apaingarriak lortzeko erabiltzen dute.

Euskal Herriko basoak

Historiaurrea

grafikoak2

Pagadia

Egun ezagutzen ditugun Euskal Herriko basoak ez dira beti halakoak izan; pagadiak dauden tokian, duela milaka urte batzuk, beste zuhaitz-mota batzuk hazten ziren. Hots, duela 125.000 urte, garai epelean, gure basoak pinuz, gaztainondoz, haritzez, intxaurrondoz... osaturik zeuden. Gero, K.a. 68.000 eta 13.000 urte bitartean, azken glaziazioan hain zuzen, gure basoak desagertzeko zorian izan ziren. Baina azken 10.000 urteetan, eguraldiak epelera jo zuenean, aurrenetakoak diren baso-espezieak ezarri ziren (urkiak, pinuak eta haritz gutxi batzuk), eta, aurrerago, harizti mistoari utzi zioten tokia (haritza, hurritza, lizarra, ezkia, zumarra, haltza).

Nekazaritza-erabileraren aurretik, Paleolitoan eta Mesolitoan, ehiztari-biltzaileek basa baliabideak ustiatzen zituzten, basa fruituez elikatzen ziren, eta pinu gorriaren, zumarraren, haltzaren, urkiaren, lizarraren eta haritzaren egurra, eta, zuhaixken artean, nagusiki elorri beltzaren egurra, erabiltzen zuten erregai gisa. Hariztiak ia desagertzear zirenean, haginaren eta ezpelaren egurra erabiltzen hasi ziren.

Neolitoaren garaian, garia, garagarra eta lekarien laboreak landuz nekazaritza hedatuz joan zen, baina oraindik ere ehiztari-biltzaileak ziren, eta elikaduran berezko garrantzia zuten ezkurrek (haritza) eta hurrek (hurritza). Brontze Garaian, berriz, pago-egurra erabiltzen zen, nagusiki, erregai gisa; haritzaren eta elorri zuriaren urritasunak bigarren maila batean utzi zuen hauen erabilera.

Historia

Euskal Herrian, Europan, Amerikan eta Asian baino zuhaitz-espezieen aniztasun murritzagoa dago, mendilerroen kokagune eta norabidearen ondorioz. Baina antzinako idazkietan, hala ere, garai erromatarrekoetan hain zuzen, topa ditzakegu haritzaren, ametzaren, pagoaren eta pinu gorriaren aipamenak.

Gure lurraldea hain aldapatsua izanik, nekazaritza, abeltzaintza eta baso-jarduerak, lurra erabiltzeari dagokionez, lehian bizi izan dira, eta hala adierazten dute XV. mendetik aurrera, hainbat Lege eta Ordenantzatan, lursailen erabilpena antolatzeko idazten ziren arauek.

XVII. eta XVIII. mendeetan ontzigintzarako bideratzen zen egurra; gero, XIX. mendean, meategietako egiturak, trenbideetako trabesak, produktuak merkaturatzeko ontziak eta kupelak, etxeen egiturak, argindar-, telefono- zein telegrafo-sareko posteak, e.a egiteko bideratzen zen. Erabilera hauek guztiak hornitzeko, egur asko behar izan zen, eta nola ez, baita burdinolak ere, eta, oro har, industrializazioaren garapenak ikatz-kontsumoa areagotu zuen. Orduko egur-aprobetxamenduek eragin zuten gaur egun oraindik dirauten baso askoren itxura, hau da, zuhaitz lepatuez osatutako basoen itxura.

Baso-jabetzari dagokionean, Konbentzio Gerrak (1794), Independentzia Gerrak (1808-1813) eta, batez ere, I. Karlistaldiak (1833-1839) diru-zor handiak eragin zituzten eta, jakina, ondasun handiena basoek zeukatenez, zor honi aurre egiteko ondasun publikoak saltzeari ekin zioten, herri-basoak pribatuen esku utziz, 1837 eta 1855eko Desamortizazio Legean oinarriturik; ezagunena, Mendizabalen desamortizazioa izan zen. Nolanahi ere, lege honek aipatzen zituen saldu ezin ziren ondasun batzuk, eta 1862ko Errege Dekretuak Herri Onurako Mendien katalogoa sortu zuen. Katalogo honek irizpide nagusitzat zuhaitzei eustea eta basogintzaren iraupena hartzen zituen; gaur egun dirauen katalogoa da.

grafikoak3

Pinudia

XX. mendeaz geroztik, Bigarren Mundu Gerrak markatuta hain zuzen, munduak beste norabide bat hartu zuen; egur-premia handia zegoen, eta garatze-bidean ziren herrialdeetan, lugorri ziren eremuetan, zuhaitzak sartzen hasi ziren. Helburua, basoari egurra etengabe ateratzea zen, eta, gainera, geroz eta bizkorrago. Modernitatearekin batera, europarren kolonizazio-espedizioekin batera, heldu zen zuhaitz-mota berriak sartzearen ekimena. Hain zuzen ere, Euskal Herrian garai hartan, Lekeitioko Zubietan hasita, Adan de Yarzak sartu zuen intsinis  pinua (Pinus radiata D.Don), gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko baso-azaleraren erdia baino gehiago estaltzen duena, eta basogintza-eredu bat markatu duena, hots pinuaren monolaborantza.

Hazkuntza azkarreko zuhaitz honek, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, biziro indarra hartu zuen klimak lagunduta; Araban eta Nafarroan, ordea, zuhaiztirik gehienak herrietakoak ziren eta, hala erabakita, zuhaitz hostozabalei eutsi zieten, gaur egun arte.

Hego Euskal Herriko basoa zifratan

2007. urtean, nekazaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren % 0,7 islatzen zuen eta basogintzaren ekarpena nekazaritzaren % 21,89 zen. Hala ere, ekonomia orokorrean atal txikia hartzen duen arren, sektore honek lurraldearen % 55 kudeatzen du, eta ia 7.000 lanpostu betetzen ditu, haren garrantzia nabaria da, beraz. Nafarroan, berriz, nekazaritza BPGaren % 5,58 da.

2005. urteko baso-inbentarioaren arabera, Bizkaiko baso-lurrak herrialdearen % 56 hartzen du, eta pinuaren monolaborantzak baso-azaleraren % 66; Gipuzkoakoak % 60, eta honetan ere pinuaren monolaborantzak % 55 hartzen du; Arabakoak, berriz, % 47, baina honetan pagoa da nagusi, baso-azaleraren % 23 hartzen baitu, eta hurbiletik pinu gorria aurkitzen da. Nafarroako 1996-2006 baso-inbentarioaren arabera, baso-lurrak lurraldearen % 56 izanik, pagoa da nagusi baso-azaleraren % 20arekin.

Basoaren antzinako ustiaketatik gaurko ustiaketara

Lehengo baso-ustiaketa, oraingoarekin alderatuta, oso bestelakoa zen; batik bat, hiru motatako ustiaketa gauzatzen baitzen:

  • Hesolak edo hagak, kimuak emateko ahalmena duten zuhaitz-espezieak oinarritik moztuta, lortzen ziren.

  • Tamaina ertaineko egurra lortzeko, ordea, zuhaitzak 2-3 m-ra lepatuz egiten zen. Ustiaketa-mota honetan basogintza eta abeltzaintza ongi uztartzen ziren.

  • Tamaina handiko egurra lortzeko, berriz, zuhaitza hazten utzi eta enborraren tamaina egokia lortutakoan, oinarritik mozten zen.

Egungo ustiaketa murriztu egin da, batez ere baso pribatuetan tamaina handiko egurra lortzea baita helburua, eta herri-basoetan, berriz, nagusiki, herritarrentzako erregaia lortzea. Helburuak murriztu egin direlako, basogintza-eredua guztiz aldatu da, eta egun gauzatzen diren zuhaitz-landaketak hazkunde arineko espezie bakarrez egiten diren landaketa intentsiboak dira (gehienetan pinuaren familiakoak), nahiz eta maila txikiagoan hostozabalekin ere egiten diren. Azkeneko hauek dituzten ezaugarri tekniko eta estetikoengatik, balio handiko espezieak direla esaten da.

Aipamen berezia merezi duten Euskal Herriko basoak

Euskal Herriak baditu baso interesgarriak, kontserbazio ikuspegitik, espezieen aniztasunagatik, azaleragatik eta abar... aipamen berezia merezi dutenak:

  • Irati: oihana bere izendapenaz ezagutzen den Euskal Herriko baso bakarra da, eta bertako pagadi-izeidi basoa Europako bigarrena da azaleran, 17.000 hektarea baititu.

  • Urdaibai: artadiak dira azpimarratzekoak eremu honetan.

  • Izki: Europako ametz-baso handienetako bat da, 3.500 hektareako azalerarekin, eta bertan Euskal Herriko gaztainondo zaharrenak aurkitzen dira.

  • Urkiola: berezko basoa urkia da.

  • Gorbeia: pago, haritz, urki, pinu, txilar eta erkametzek osatzen dituzte basoak.

  • Urbasa: mendi hauetan pagadiak dira baso handienak.

  • Aralar: pagadiak nagusi diren arren, arte- eta erkametz-basoak ere badaude.

  • Aiako Harria: hariztiak eta pagadiak dira baso aipagarrienak.

Hainbat zuhaitz-espezieren antzinako erabilerak

Antzina, zurak edo egurrak arlo askotan erabilera anitz zituen. Egun, material ezberdin asko sortu dira, hura ordezkatzen dutenak eta, ondorioz, haren erabilera nabarmen murriztu da. Taula honek erabilera horien berri ematen digu:

grafikoak4