flower
- 1. Bot.
Gimnospermoek eta angiospermoek garatzen duten ugalketa sexualerako dispositiboa, hosto eraldatuez (antofiloz eta esporofiloz) eta adabegi laburrez (brakiblastoz) osaturiko hazkunde mugatua duen ardatza (adarra).
- 1. Bot.
- Gimnospermoek eta angiospermoek garatzen duten ugalketa sexualerako dispositiboa, hosto eraldatuez (antofiloz eta esporofiloz) eta adabegi laburrez (brakiblastoz) osaturiko hazkunde mugatua duen ardatza (adarra).
Lorea Edit
Egilea: Arantza Aldezabal
Ikuspuntu botanikotik, lore kontzeptua, adiera zabalean, gimnospermo eta angiospermoen ugalketa sexualerako aparatua da. Definizioz, espermatofitoek (Spermatophyta dibisioko landareek) garatzen duten antofiloz (erakarpenerako eta babeserako hosto eraldatuak) eta esporofiloz (ugalketarako hosto eraldatuak) osatutako brakiblastoa da, eta bere funtzioa ugalketa sexuala burutzea da. Beraz, funtsean, lorearen funtzio biologikoa da gameto arrek obozelula (gameto emea) ernal dezaten eta hazia gara dadin bermatzea. Prozesu hori polenaren barreiapenarekin (polinizazioa) hasten da, ondoren, ernalketa gertatzen da, eta, azkenik, hazia eratu eta sakabanatzen da.
Gimnospermoen kasuan (Cycadophytina eta Coniferophytina subdibisioetako landareak), lore hitza erabili baino, ohikoagoa da kono edo estrobilo gisa izendatzea, unisexualak izaki: horrela, Pinus generoko landareetan, ugaltze-egitura arrak dituen konoari mikrostrobilo deritzo, eta ugaltze-egitura emeak dituenari, megastrobilo edo pinaburu. Angiospermoetan (Magnoliophytina subdibisioko landareak), ordea, lore hitza erabiltzen da, eta datozen azpiataletan angiospermoen lore-ereduan oinarrituko gara. Sarritan, loreak ez dira bakarka garatzen, multzo antolatuetan baizik. Lore-multzo horiei infloreszentzia (lore-elkartea) deritze.
Bestalde, gizakiak beste erabilera batzuetarako erabili ditu loreak, hala ingurunea apaintzeko nola elikagai modura kontsumitzeko.
Angiospermoen lorearen morfologia
Loreen morfologia oso aldakorra da, baina, familia eta genero mailan iraunkorra (ezaugarri egonkorra) denez, sistematikan oso erabilia da.
Angiospermoak heterosporikoak dira, eta bi motatako ugaltze-esporak garatzen dituzte bizi-zikloan. Polena (espora arrak edo mikrosporak) eta hazi-hasikinak edo obuluak (espora emeak edo megasporak) organo desberdinetan eratzen dira, polena estamineetan eta obuluak obarioan (obulutegian), eta espazialki bereizita daude. Angiospermoen loreen egitura hau da:
Lorearen simetria
Lore ziklikoak (simetrikoak) dira piezak bertizilotan kokatuta eta simetria-planoak dituztenak, eta bi motatakoak izan daitezke: aktinomorfoak, simetria erradiala dutenak, hots gutxienez 3 plano simetrikodunak (adibidez, San Jose lorea, Primula acaulis); eta zigomorfoak, simetria dortsibentrala edota bilaterala dutenak (adibidez, asun faltsua, Lamium maculatum). Lore azikliko edo hemiziklikoek (asimetrikoak), berriz, piezak ez dituzte bertizilotan ezarrita, espiralean baizik (pieza guztiak edo batzuk, adibidez, magnoliaren lorea eta urre-botoia, Ranunculus ficaria).
Lore osoaren egitura:
Lore-ardatza
Pedunkulua eta errezeptakulua bereiz daitezke. Obarioaren kokapenaren arabera, hiru mota daude: batetik, lore hipoginoa, goi-obarioa duena; bestetik, lore periginoa, erdiko obarioa duena; eta, azkenik, lore epiginoa, behe-obarioa duena.
Periantoa (antofilo-multzoa)
Lorearen lehen bi bertiziloetako antofiloek osatzen dute, kaliz eta korola deritzenak. Kaliza sepalo-multzoa da, eta bere funtzioa lorearen ugaltze-egiturak babestea da (batez ere, lore-kimua); gehienetan, kolore berdea izaten du (salbuespena, kardilauna). Korola, petalo-multzoa da, eta polinizatzaileak erakartzea da bere funtzio nagusia. Horregatik, petaloak deigarriak, koloretsuak eta aromatikoak izaten dira gehienetan. Korola-eredu ugari daude: kruziformea (Brassicaceae), papilionazeoa (Fabaceae), ezpainbikoa (Lamiaceae), tubularra (Ericaceae), etab. Kaliza eta korola ongi bereizita dituzten loreak heteroklamideoak dira; alabaina, bi bertiziloen artean desberdintzapenik ez dagoenean, lorea homoklamideoa da, eta piezak, tepaloak (adibidez, Magnolia eta Tulipa generoak). Periantoko bertiziloren bat desagertzen bada, lorea monoklamideoa (haploklamideoa) da (esaterako, Urtica generoa), eta, biak desagertzen badira, aklamideoa (kasurako, Salix generoa).
Androzeoa (ugaltze-egitura arra)
Estamineen (lorezilen) multzoa da. Estaminean, harizpia eta anterak bereiz daitezke, eta antera bakoitzak bi teka ditu. Teka bakoitzean, bi mikrosporangio edo polen-zaku garatzen dira, eta horietan mikrosporak eta, ondoren, polen-aleak ekoizten dira. Estaminoideak (edo estaminodioak) anterarik gabeko estamine ez-funtzionalak (antzuak) dira, hots, polenik ekoizten ez duten luzakinak (harizpiak). Batzuetan, nektario gisa funtziona dezakete, beste batzuetan, petaliforme bihur daitezke.
Ginezeoa (ugaltze-egitura emea)
Pistiloa da ginezeoaren unitatea. Zati hauek bereiz daitezke: obarioa (obulutegia, barruan hazi-hasikinak dituena), estiloa (pistiloaren lepoa, gehienetan orratz antzekoa) eta estigma (lorexakia, pistiloaren goialdea, polena harrapatzen duena). Obarioa hosto karpelarrez (edo karpeloz) osaturiko barrunbe itxia da, eta obuluak edo hazi-hasikinak garatzen dira hor. Ginezeoa zenbait pistiloz osatuta dagoenean, pistilo bakoitza monokarpelarra denean (hots, hosto karpelar bakarretik eratutakoa) eta lorearen errezeptakuluan aske ezarrita daudenean, apokarpikoa dela esaten da (adibidez, Helleborus viridis espeziearen ginezeoa). Ginezeoa pistilo bakarrekoa denean, bi motatakoa izan daiteke: karpelobakarra (adibidez, Fabaceae familiarena) edo plurikarpelarra (zenbait hosto karpelarretik eratorria), hots, zenokarpikoa. Eboluzioan zehar, hosto karpelarrez eraturiko pistiloek lotzeko eta fusionatzeko joera azaldu dute. Ginezeo zenokarpikoak unilokularrak (barrunbe bakarrekoak) edo plurilokularrak (zenbait barrunbetakoak) izan daitezke. Unilokularren kasuan, plazentazioaren arabera, bi mota bereiz daitezke: parakarpikoak (hosto karpelarrak modu irekian lotu direnean, paretako plzentazioa da; adibidez, ihiak —Juncus generoa— eta orkideoak —Orchis generoa—) eta lisikarpikoak (sinkarpikotik eratorriak direnean, erdiko plazentazioa da; adibidez, Pulmonaria generoa eta San Jose lorea —Primula generoa—). Plurilokularrak sinkarpikoak dira, hau da, zenbait hosto karpelar modu itxian lotuta dituzte, eta plazentazioa ardatzekoa dute (adibidez, Pulmonaria eta Lamium generoak).
Angiospermo baten lorearen eskema
Ugaltze-organo sexualen kokapenaren arabera, bi lore-mota bereiz daitezke: bisexualak edo hermafroditak (organo ar eta emeak adar edo brakiblasto berean garatzen direnean) eta unisexualak (organo sexualak brakiblasto bereizietan garatzen direnean). Azken kontzeptuari erreparatuz, landare-espeziea dioikoa (ale unisexualak, hots, ale arrak eta ale emeak garatzen dituena) edo monoikoa (ale bisexualak, hots, ale berean lore arrak eta lore emeak garatzen dituena, espazialki bereizia) izan daiteke.
Polinizazio-estrategiaren arabera, lore anemofiloak (polenaren sakabanatzea haizearen bidez burutzen duten landareena) eta zoofiloak (polenaren sakabanatzea animalien bidez burutzen duten landareena) bereiz daitezke. Azken horien artean, gehienetan intsektuak (entomofilia) edo hegaztiak (ornitofilia) izaten dira polinizatzaileak.
Lore anemofiloetan, lore-egitura sinplifikatuta dago, loreak tamaina txikikoak eta ikusezinak dira, eta landarearen zati irekienetan eratzen dira; gehienetan, infloreszentzia trinkoetan elkartzen dira (adibidez, Fagazeoen gerbak). Periantoa oso murriztuta dago, eta ez du pieza erakargarririk eta nektariorik. Estamineek harizpi luzeak dituzte, edo antesian luzatuko zaizkie. Ekoizten duten polen-ale kopurua oso handia da, polen-tamaina, berriz, oso txikia eta pareta leunekoa, haizeak errazago garraiatzeko. Estigma baterakorretara heltzeko probabilitatea txikia izaten da; horregatik, estigma tamainaz handitzen da, eta lumakara bihurtu. Probabilitate baxu horren adierazgarria izan daiteke behatzea lore bakoitzeko hazi-hasikinen kopurua gutxitzen doala eta askotan bakarra izaten dela. Landare anemofiloak lore unisexualak garatzen ditu gehienetan. Polinizazio-mota hori ohikoa da populazio trinko eta hedatuak garatzen dituzten taldeetan. Angiospermoetan, aldiz, mekanismo hori sekundariotzat hartzen da.
Lore anemofiloak
Lore entomofiloek erakarpen-mekanismoak garatu dituzte, hala usaimenezkoak (substantzia usaintsuak jariatuz) nola ikusmenezkoak (koloreekiko sentikortasun desberdinekin jokatuz). Hala, intsektu polinizatzaileak selektiboki erakartzea lortzen dute. Hortaz, gorotz-kiratsa darien loreek intsektu koprofiloak (diptero eta koleopteroak) erakarriko dituzte; lurrin gozoa jariatzen dutenek (esate baterako, Ulex eta Viola generoek), aldiz, himenopteroen (erleak) eta lepidopteroen (tximeletak) arreta lortuko dute. Erakarpen optikoa ere oso garrantzitsua da, adibidez, erleak sentikorrak dira kolore laranja-ultramoreko espektroarekiko; aldiz, hegaztientzat kolore gorria da deigarriena. Korolan agertzen diren koloreak, batzuk guretzat ikusezinak izan arren, ikusgaiak dira intsektuentzat, eta, nektarren presentzia adierazten dietenez, “gida” funtzioa betetzen dute. Beste batzuetan, loreak “etekinak” edo “sariak” eskaintzen dizkie polinizatzaileei: polena (sari primitiboena) eta nektarra (eboluzioan geroago sortu zena). Zenbait kasutan, amarru-mekanismoak garatu dituzte, eta, horien bidez, intsektua “engainatuz” erakartzea lortzen dute. Adibidez, Orkideazeoen Ophrys generoan, labeloak (atzeko petaloak) erle eme bakarti baten abdomenaren itxura hartzen du erle arra erakarri eta kopulatzeko. Horren ondorioz, polena buru gainean itsatsita geratzen zaio.