fault

1. Geol.

Bi blokeren arteko mugimendua xurgatzen duen eten-gainazala.

Faila-motak
Faila-motak

1. Geol.
Bi blokeren arteko mugimendua xurgatzen duen eten-gainazala.

Faila Edit

Egilea: Pablo Puelles

FAILA

Failak bi blokeren arteko desplazamendu erlatiboaren osagai nagusia xurgatzen duten eten-gainazalak dira. Gorputz geologikoek era hauskorrean jokatzen dutenean garatzen dira, eta arrokaren trinkotasuna baldintzatzen dute. Beraz, haien deskribapen eta neurketa zehatza garrantzi handikoak dira hainbat kasutan, obra zibiletan eta mineral-ustiapenean, esate baterako.

Orientazioa eta anatomia

Failak, haustura-gainazalak izan arren, askotan planotzat hartzen dira. Kasu horietan, orientazioa zehazteko, faila-planoaren norabidea (planoaren horizontala), okerdura eta okerduraren noranzkoa (planoaren malda handieneko lerroaren murgildura eta murgilduraren noranzkoa) ezagutu behar dira. Faila-planoa bertikala ez denean honako elementu hauek bereizten dira: (1) gaineko blokea, faila-planoaren gainean dagoen blokea; (2) oin-blokea, faila-planoaren azpian dagoena; eta (3) faila-jauzia, desplazamendu-bektorea, hain zuzen ere.

Failen sailkapena

Failari buruzko nomenklatura oso zabala da eta terminologia zuzentasunez erabiltzeko beharrezkotzat jotzen da sailkapen-irizpideak argi adieraztea. Horietariko nagusia blokeen arteko desplazamendu erlatiboan oinarritzen da. Desplazamendua lau motatakoa izan daiteke:

  • Faila-planoaren malda handieneko lerroarekiko (mhl) paraleloa.

  • Faila-planoaren horizontalarekiko paraleloa.

  • Horizontalarekiko eta mhl-rekiko zeiharra.

  • Biraketa angeluarra.

Lehenengo kasuan gaineko blokea erlatiboki jaisten bada (desplazamendu normala) faila normala izango da; bestela, (alderantzizko desplazamendua) alderantzizko faila izango dugu. Bigarren kasukoak urratze-failak dira; destroak, faila-planoaren parean kokatuta, eskumako blokeak guregana jotzen badu eta senestroak, kontrako kasuan. Hirugarren kasuan, desplazamendua zeiharra bada, kasuz kasu, faila senestro-normala, senestro-alderantzizkoa, destro-normala edo destro-alderantzizkoa izan daiteke. Azkenik, failaren bitartez bloke bat bestearekiko biratzen bada, failari birakor edo errotazio-faila deritzo (ikus irudia).

Faila-planoaren okerdura irizpidetzat harturik, failak okerdura handikoak (> 45°) edo txikikoak izan daitezke (< 45°). Dena den, bitarteko terminoak ere badaude (horizontalak: 0°, subhorizontalak: 0-10°, okerdura baxukoak: 10-30°, bitarteko okerdurakoak: 30-60°, okerdura altukoak: 60-80°, subertikalak: 80-90° eta bertikalak: 90°).

Okerduraz gain desplazamenduari ere erreparatuz, honako termino hauek bereizten dira:

  • Laga: okerdura txikia eta desplazamendu normala.

  • Zamalkadura: okerdura txikia eta alderantzizko desplazamendua.

  • Faila normala: okerdura handia eta desplazamendu normala.

  • Alderantzizko faila: okerdura handia eta alderantzizko desplazamendua.

Failen, esfortzuen eta deformazioaren arteko erlazioa azpimarratu nahian, oro har, esan dezakegu faila normalak okerdura handikoak direla eta tentsioak eragindako luzaketa egokitzen dutela. Alderantzizko failak, ostera, okerdura txikiagokoak dira, eta konpresioarekin erlazionatutako laburketa egokitzeko garatzen dira.

grafikoak1

Faila-motak

Failak dauden seinaleak

Failaren agerpenaz jabetzeko, faktore batzuei erreparatuko diegu. Seinalerik nabariena eten-gainazalak edo egituren aldaketa morfologikoak dira, arroka-gorputzaren kohesio-galtzearen adierazle. Kasu horietan, deformazioa faila-gainazalean kontzentratuta dago, eta faila-blokeak ez daude deformatuta. Materialaren jarraipena galduta, alderantzizko failen bitartez ebaketa bertikal batean materialaren errepikapena ikus daiteke, eta faila normalen bidez, aitzitik, material falta. Faila-planoetan ere egitura berezi batzuk ager daitezke: faila-ispiluak, faila-ildaskak, faila-artekak, faila-koskak, estilolitoak eta narras-tolesak. Horietako batzuek desplazamenduaren berri ematen dute. Azkenik, failekin batera, faila-arrokak ere aurki daitezke.

Faila-arrokak

Faila-arrokak askotan deformazio-prozesuei buruzko informazioa ematen dute. Sailkapen-irizpide nagusiak hiru hauek izaten dira: (1) arrokaren kontsolidazioa, (2) barneko antolamendua eta (3) klastoen tamaina eta matrizearen proportzioa. Horren arabera, azaleko arrokak kontsolidatu gabeak izango dira eta ez dute barneko antolamendurik erakutsiko. Sakonera handiagotzen den neurrian, ostera, arrokaren trinkotasuna handiagoa izango da eta lehentasunezko orientazioa nabarmenduko da.

Eskema sinple batean, termino orokorrak hauek izaten dira: faila-bretxak, faila-irinak, kataklasitak, milonitak eta pseudotakilitak. Azaleko arrokak (1-4 km bitarteko sakoneran) faila-bretxak eta irinak dira. Begi hutsez ikus daitezkeen klastoen proportzioa altua izanez gero, arrokari faila-bretxa deritzo, baina pikor fineko bada (< 0,1 mm) eta talko-hautsaren antza badu, faila-irina. Eratze-sakonera 4 eta 10 km bitartekoa bada, apurketa eta xehatzearen bidez egoera hauskorrean eraturiko arrokak kataklasitak dira. Arroka hauen kohesioak eta gogortasunak arrokak jasandako presio- eta tenperatura-baldintzen berri ematen dute. Sakonera handiagoetan (> 10 km) etengabeko birkristaltzearen edota jarioaren bitartez sortutako arrokei milonita deritze; gogorragoak dira, eta itxura marradura edo xafladuna dute. Azkenik, pseudotakilitak edozein sakoneratan eratu daitezke. Faila-blokeen arteko mugimendu erlatiboa oso azkarra bada, eragindako marruskadura-beroa nahikoa izan daiteke materialaren proportzio bat urtzeko. Urtzearen ondorioz agertzen den substantzia berria beirakara izaten da, eta arroka bolkanikoetan gertatzen den moduan, sarritan esferulitak izaten ditu.