eye
- 1. Anat./Zool.
Animalietan, ikusmenaren organoa. Polifiletikoa da, alegia, behin baino gehiago sortu da historia ebolutiboan. Eredu garatuenak ornodunetan, artropodoetan eta zefalopodoetan ageri dira.
- 2. Elik.
- 3. Meteorol.
- 1. Anat./Zool.
- Animalietan, ikusmenaren organoa. Polifiletikoa da, alegia, behin baino gehiago sortu da historia ebolutiboan. Eredu garatuenak ornodunetan, artropodoetan eta zefalopodoetan ageri dira.
Begia Edit
Egilea: Jon Irazusta
Argia hautematen duen organoa eta ikusmenaren oinarria da. Animalietan asko dira argiarekiko sentikorrak diren egiturak. Sinpleenek soilik argiaren presentzia edo absentzia igarri dezakete. Begi konplexuagoek formak eta koloreak bereiz ditzakete. Artropodoek begi konposatuak dituzte. Begi hauek unitate berdin askoz osaturik daude eta irudi pixelatuak ematen dituzte. Gizakiaren begia, aldiz, bakuna da.
Gizakiaren begiaren egitura
Gizakiaren begia gutxi gorabehera 25 mm-ko diametroa eta 7,5 gramoko pisua duen globo-itxurako egitura da. Globoa hiru geruzak estaltzen dute.
Kanpoko geruza
Geruza hau esklerotikak eta korneak osatzen dute. Esklerotika ehun konjuntiboz osatutako geruza gogor eta zuria da, eta kornea, odol-hodirik gabeko mintz gardena da. Sei muskulu estraokularrek kontrolatzen dute begiaren mugimendua esklerotikan.
Tarteko geruza
Ubea edo geruza baskularra da. Hiru atal ditu: koroidea, irisa eta gorputz ziliarra.
Koroideak begi-globoaren barneko zatia betetzen du eta odol-hodi jori ditu; erretinaren kanpoko atala elikatzeaz arduratzen da.
Irisa begiari kolorea ematen dion mintza da. Irisak ere odol-hodi eta muskulu ugari ditu. Irisaren erdian hutsune bat dago, pupila. Hortik kanpoko argia begi barrura sartuko da. Zenbait muskuluk pupilaren diametroa erregula dezake, begira sartzen den argi-kantitatea kontrolatzeko.
Gorputz ziliarrak kristalinoaren kurbadura erregulatzen duten muskuluak dira.
Barneko geruza
Barneko geruza erretina da. Hor, argiarekiko sentikorrak diren zelulak (makilak eta konoak) daude, eta nerbio-zuntzen geruza konplexua. Zelula horiek guztiek irudiak prozesatzeko unean garrantzi handia dute. Erretinaren erdiko zatian, aurrera begira gaudela irudia eratzen den puntuan, makula luteoa dago, koloreekiko oso sentikorra den zatia. Erretinan jasotako informazioa garunera eramateaz nerbio optikoa arduratzen da. Nerbio honen inguruan papila optikoa dago; zati honek ez du argi-hartzailerik eta, horregatik, zati itsua deitzen zaio. Erretinan zenbait zelula-mota dago: argi-hartzaileak (konoak eta makilak), amakrinoak, horizontalak, ganglionarrak, bipolarrak eta interplexiformeak.
Begiaren barnean, kristalinoa deitutako lente elastikoa dago. Lente honen errefrakzio-ahalmena aldagarria da, lenteak bere kurbadura alda baitezake. Lotailu batzuk mantentzen dute egitura hau bere lekuan.
Begi-barneko likidoak
Korneak eta kristalinoak eratzen duten hutsunean, aurreko ganberan, humore urtsua deitutako likidoa dago. Likido honek begi-barneko tentsioa mantentzen du, eta kristalinoaren hezetasuna mantentzeaz eta elikaduraz arduratzen da.
Humore urtsuaren jariapena etengabea da eta, horregatik, haren kanporaketa egokia, begi-barneko tentsioa gehiegi ez handitzeko, oso prozesu garrantzitsua da.
Kristalinoaren atzean, eta begi-globoaren zatirik handiena hartuz, gelatinakara den humore beirakara dago.
Begiaren ebakidura
Begiaren optika
Begi emetropea (errefrakzio-akatsik ez duena), kristalinoa egokitu gabe dagoela, 59 dioptria inguruko lente konbergentea da. Egoera honetan urrutitik datozen argi-izpiak erretinan fokuratzen dira. Gertuagotik datozen argi-izpiak dibergenteak dira eta horiek ere erretinan fokuratu daitezen, muskulu ziliarren uzkurketak kristalinoaren kurbadura handitzen du. Horrela, begiaren errefrakzio-ahalmena handitzen da. Erretinan alderantzizko irudi erreala sortzen da, eta gure garuna irudi horri buelta emateko gai da. Miopia (lentearen errefrakzio-ahalmen handiegia), hipermetropia (lentearen errefrakzio-ahalmen gutxiegia), astigmatismoa (lentearen bi ardatzen kurbadura aldagarria) eta presbizia edo ikusmen nekatua, begiko lenteen akatsen ondorioz gertatzen diren patologiak dira.
Ikusmenaren fotokimika
Argiaren hartzaile diren zelulak konoak eta makilak dira. Lehenak, argitasun handia dagoen egoeretako ikusmenaren arduradunak dira. Koloreen bereizmena ere haiei esker gertatzen da. Makilak, aldiz, argitasun baxuko egoeretako ikusmenaren arduradunak dira.
Makiletan errodopsina deitutako pigmentua dago. Pigmentu honen eraketan A bitaminak garrantzi handia du. Argiak makilan eragiten duenean, errodopsinak zenbait erreakzio kimiko jasotzen ditu. Aldaketa kimiko horien ondoren, makilan, fosfodiesterasa entzimak cGMPa GMP bihurtzen du. Iluntasunean, cGMP-mailak altuak dira eta honek zelula barrurako sodio-sarrera baimentzen du, eta zelula nahiko despolarizatua mantendu. Argiak cGMPa desagerrarazten du eta horrek sodio-kanalen itxiera dakar; ondorioz, zelula negatibo bihurtzen da (hiperpolarizatu).
Konoetan antzeko prozesuak gertatzen dira, baina zelula hauetan hiru errodopsina-mota daude, bakoitza uhin-luzera tarte batekiko sentikorra dena. Konoen sentikortasuna makilena baino baxuagoa da.
Erretinan, konoekin eta makilekin harremanetan zelula horizontalak, bipolarrak eta amakrinoak daude. Konoetan eta makiletan argiaren ondorioz sortu diren aldaketa elektrikoak zelula horietara doaz, batzuk aktibatuz eta besteak, aldiz, inhibituz. Azkenean, informazioa zelula ganglionarretan elkartzen da. Zelula hauen axoiek nerbio optikoa osatzen dute, eta erretinako informazioa garunera eroaten dute.