eruption

1. Geol.

Lurrazalaren gainazalera material bolkanikoa (laba, piroklastoak, arroka-zatial eta gas bolkanikoak) kanporatzea. Kanporatzea jaurtitze-leku puntual batetik gerta daiteke (erupzio zentrala) edo hausturetatik (arrakala-erupzioa).

Erupzioen sailkapena
Erupzioen sailkapena

2. Med.

Larruazalean gorritasun edo irtenguneak agertzea, sukarrarekin edo sukarrik gabe.


1. Geol.

Lurrazalaren gainazalera material bolkanikoa (laba, piroklastoak, arroka-zatial eta gas bolkanikoak) kanporatzea. Kanporatzea jaurtitze-leku puntual batetik gerta daiteke (erupzio zentrala) edo hausturetatik (arrakala-erupzioa).

Erupzioa Edit

Egilea: Fernando Sarrionandia, Miren Mendia

ERUPZIOA

Erupzioen iraupena aldakorra da, egun batzuetatik hainbat urtetara iraun dezakete; denbora-tarte horretan produktu bolkanikoak metatzen joaten dira, eta erregistro geologikoan segida bat sortzen dute. Jaurtitze-zentro berberetik gertatzen diren bi erupzio ezberdinen artean denbora-tarte nahiko handia pasatu behar du, lurzoruak eratzeko edo/eta higadura-prozesu ez-bolkanikoak gertatzeko. Ondorioz, erupzio bakoitzean metatu den segidaren mugak higadurazko gainazalek edo sortu daitezkeen lurzoruek adieraziko dute.

Erupzioa gertatzeko, lurrazalaren barruan dagoen ganbera magmatikoan, edota magma gainazaleraino bideratzen duen elikadura-hodian, kokatutako magmaren presioak gainean dituen arroken zama eta erresistentzia gainditu behar ditu. Magmaren presioa bi modutan handitu daiteke: 1) arruntena, magma gehiago heltzen delako ganbera magmatikora edo elikadura-hodira; eta 2) magman disolbaturiko gai lurrunkorren (H2O, CO2, S, Cl, F) presioa handitzen delako. Magmaren igoerarekin batera, presio litostatikoa jaisten doa eta honekin batera magman disolbaturiko gai lurrunkorrak fase likidotik banatzen dira, gas-burbuiletan kontzentratuz eta magmaren barruko presioa handituz.

Erupzio-jarduera era desberdinetakoa izan daiteke. Kasu batzuetan, leherkorra, bortitza izaten da; besteetan, aldiz, lasaia, efusiboa. Izaera honen arrazoia magmen ezaugarri fisiko-kimikoetan eta inguruko kondizioetan (ura agertzea, arroken egiturak eta gainazalaren geomorfologia) dago. Erupzio efusiboetan (erupzio hawaiiarra), magmaren irteera modu jarraituan eta leherketarik gabekoa izaten da, eta metakin arruntenak laba-koladak izaten dira. Estilo honetako erupzioa magmaren gai lurrunkorren kantitatea txikia denean eta horiek likidotik erraz bereizten direnean gertatzen da (berez, hasieratik gas-kantitatea txikia zelako edo magmak aurretik gai lurrunkorrak galdu dituelako). Normalean, biskositate txikiko magma basikoetan gertatzen da.

grafikoak1

Erupzioen sailkapena

Erupzio leherkorretan, magma zatikatu egiten da eta, askotan, honekin batera, hodi bolkanikoaren hormak apurtu daitezke. Leherketan sortutako zati hauek guztiak gasekin batera kanporatzen dira, eta gainazalean metakin piroklastikoak sortzen dituzte. Leherketen indarra eta ezaugarriak hainbat faktoreren menpe daude; besteak beste, magman disolbaturiko gas-kantitatea eta hauek likidotik banatzeko erraztasuna, biskositatea, jaurtitako magma-kantitatea denbora unitateko (erupzio-tasa) eta hodi-jaurtitzailearen itxura eta tamaina. Hori dela eta, erupzio leherkorretan era desberdinetako erupzio-jarduerak bereiz daitezke:

  • Erupzio stromboliarra: lasaiena da, bertan leherketak txikiak dira, segundo batean edo ordu gutxiren buruan suertatzen dira; jaurtitako piroklastoek ibilbide balistikoa marrazten dute.

  • Erupzio vulkaniarra: leherketak bortitzak dira eta jaurtitako piroklastoak, magma likido tantak eta gasek 20 km altuerako erupzio-zutabeak sortzen dituzte; leherketek aurreko labek eragindako hodiaren itxierarekin lotuta daude, itxitako hodia bat-batean askatzen denean leherketa suertatzen da.

  • Erupzio pliniarra: leherketa bortitzenak dira eta sortutako erupzio-zutabeek 30 km altuerak gainditzen dituzte.

grafikoak2

Pinatubo sumendiaren erupzioa (1991ko ekaina)

Bestalde gainazaleko (lakuak, ibaiak, itsasoa) edo lurpeko (akuiferoak) urek magmekin elkarreragin dezakete, eta erupzioen leherketa-indarra nabarmenki handitzen da. Magmaren eta uraren arteko zuzeneko kontaktua gertatzen bada, erupzio hidrobolkanikoak gertatzen dira. Akuifero baten ura bada magmarekin zuzenean kontaktuan jartzen dena, eta zabaldutako hodi baten bidez erupzioa garatzen bada, erupzio freatomagmatiko deitzen da. Azkenik, batzuetan, magmaren beroak eroapenez akuifero konfinatu bateko urak nahiko berotzen baditu, nahiz eta kontaktuan ez jarri, leherketa bat gerta daiteke. Kasu honetan, erupzio freatikoa suertatzen da eta inolako magma-osagairik jaurti gabe, arroka-zatiak (litoklastoak) soilik jaurtitzen dira.

Hala ere, azpimarratzekoa da, gehienetan, erupzio bakar batean era desberdinetako erupzio-jarduerak txandakatzen direla.