ecology
- 1. Biol.
Bizidunen eta ingurunearen arteko harremanak aztertzen dituen zientzia.
- 1. Biol.
- Bizidunen eta ingurunearen arteko harremanak aztertzen dituen zientzia.
Ekologia Edit
Egilea: Arturo Elosegi
Ekologia hitza Ernst Haeckelek sortu zuen, 1870 aldera, grekozko oikos (“etxea”) eta logos (“ikertu”) erroetatik abiatuta. Ekologo askoren hitzetan, ekologia naturaren ekonomia litzateke, alegia, bizidunek beren ingurune organiko zein ez-organikoarekin dituzten harremanen ikerketa. Hain zuzen, Haeckelek bizidunon etxearen (munduaren) funtzionamendua gure etxearen kudeaketarekin (ekonomiarekin) parekatu nahi izan zuen. Parekatze hori oso handia izan ohi da askotan: ekonomialariek enpresa baten balantzea aztertzen duten era berean, diru-sarrerak eta -irteerak neurtuz, ekologo batzuek ere ekosistemen balantzea aztertzen dute, energia-sarreren eta -irteeren bitartez.
Ekologia oso modu desberdinetan definitu izan da, garaian garaiko moden, eta autore bakoitzaren joeren arabera. Adibidez, Ramón Margalef katalanak ekosistemen biologia gisa definitu zuen ekologia; Charles J Krebs ingelesak, berriz, garai bertsuan, ekologia bizidunen banaketa eta ugaritasuna mugatzen duten elkarrekintzen ikerketa zientifikoa dela esan zuen. Ekologiaren ikuspuntu desberdinak islatzen dira bi definizioetan, baina hitzen aukeraketan dago alderik handiena, ez esanahian.
Zientzia ekologikoaren funtsa, beraz, bizidunek ingurunearekin duten harremanaren ikerketa da. Ingurunea bizidun baten arrakasta (bizirik irautea eta ugaltzea) mugatzen duten faktore guztiak dira: faktore klimatikoak, fisikoak eta kimikoak, beste espezieetako harrapari, lehiakide eta izurriak, eta espezie bereko gainerako izakiak (kideak zein etsaiak). Horrek ez du esan nahi, noski, ekologiak dena aztertzen duenik, faktore horien guztien garrantzia ez baita beti berdina. Esate baterako, gizakia bezalako espezie sozialetan, ingurunearen alde garrantzitsua, askotan garrantzitsuena, taldekideak dira, haiek mugatzen baitute gehienbat norberaren arrakasta. Alga planktoniko batentzat, berriz, uraren ezaugarri fisiko-kimikoak izan litezke mugarri.
Azken urteotan, ekologia hitzari askotan egokitu zaio beste esanahi bat, zientziarekin baino gehiago politikarekin edo gizarte-antolaketarekin zerikusia duena. Alde horretatik, ekologia ingurumenarekiko begirunea bultzatzea litzateke, gizarteak ingurumenean duen eragina murriztea.
Natura hainbat mailatan antolatuta ageri da: partikula subatomikoak, atomoak, molekulak, zelulak, ehunak, organoak, banakoak, populazioak, ekosistemak, eta biosfera bera antolaketa hierarkiko baten mailak besterik ez dira. Naturaren funtzionamendua, hortaz, maila horietako edozeinetan azter daiteke: fisikari batzuek partikula subatomikoak aztertzen dituzte, kimikariek molekulak, zitologoek zelulaketa abar. Ekologia banakoez, populazioez eta komunitate edo ekosistemez arduratzen da gehienbat. Izan ere, izakiek beren inguruneekin dituzten harreman horiek isla izan dezakete, bai banako bakoitzean (tenperatura-aldaketak animaliak arrautza gutxiago errutea eragin dezake), bai populazioan (arrautza gutxiago errun denez, populazioak behera egin dezake) bai eta komunitatean ere (populazioa apaldu denez, beste espezie bateko populazioa nagusitu egin daiteke, eta lehenengoa suntsitu).
Ekologo gehienek ingurune- edo bizidun-talde batera mugatzen dute beren jarduera. Hala, besteak beste diziplina hauek aipatzen dira gehien: itsas ekologia, limnologia, goi-mendietako ekologia, saguzarren ekologia eta ekologia bakterianoa. Baina, sailkapen horretaz aparte, bada beste bat ikergaiari baino gehiago ikerketaren ikuspuntuari begiratzen diona. Horren arabera, hauek dira ekologiaren esparru nagusiak:
Autoekologia (ekologia fisiologikoa)
Banakoak ingurunearekin dituen harremanak aztertzen ditu autoekologiak; banakoaren arrakasta mugatzen duten faktoreak bilatu, eta egoera horiei nola egiten dien aurre aztertzen du batez ere. Inguruneak bizidunen iraupena eta ugalketa mugatzen ditu. Tenperaturak, argiak, lurzoruak, gazitasunak eta beste bizidunek hainbat muga ezartzen dizkiete. Hautespen naturalari esker, bizidunak eboluzioan zehar hainbat ingurunetara moldatuz joan dira, eta haien fisiologia, portaera eta morfologia oso lotuta daude ingurune-mota bakoitzarekin.
Populazioen ekologia (ekologia demografikoa)
Landare- eta animalia-populazioen neurriak eta haietan eragiten duten prozesuak aztertzen ditu. Populazioen neurria (banako-kopurua) eta egitura (ar/eme proportzioa, gazte/heldu/zahar proportzioa...), jaiotza- eta heriotza-tasaren eta immigrazio eta emigrazioaren ondorio dira, eta, horien gainean, ingurunearen ahalmen biologikoak, beste populazio batzuekiko lehiak, harraparitzak eta antzeko indarrek eragin dezakete. Populazioen ekologiak prozesu horien eragina aztertzen du batez ere, eta, ahal den neurrian, eredu matematikoak erabiltzen ditu, horiei esker populazioen etorkizuna igarri, eta populazioei buruz dakiguna modu kritikoan analizatu baitaiteke. Ekologia demografikoak, adibidez, populazioak katastrofe baten ondoren nola suspertzen diren, edo ustiaketak haietan zer eragin duen aztertzen du. Populazioen ekologiak aplikazio praktiko ugari ditu, batez ere basogintzan, arrantzan edo ehizaren kudeaketan, baina baita izurrien kontrolean eta naturaren kontserbazioan ere.
Sinekologia (komunitatearen ekologia)
Komunitateak espezie ugariz osatutako multzo konplexuak dira, eta sinekologiak haien funtzionamendua aztertzen du. Komunitatearen osaera (bertan bizi diren espezieak) eta egitura (espezie horien ugaritasun erlatiboa) ingurunearen arabera aldatzen dira. Adibidez, oso leku gogorretan komunitate txiroak eratzen dira, espezie gutxikoak, eta leku eroso eta egonkorretan, berriz, espezie ugariko komunitateak. Sinekologiak aplikazio praktiko ugari ditu, batez ere biodibertsitatearen kontserbazioaren arloan, komunitateen egonkortasuna eta dibertsitatea bultzatzen duten faktoreak ezagutu behar baitira horretarako. Adibidez, intsektu polinizatzaileak ezinbestekoak dira landare askorentzat; komunitate-ekologo batzuk ikertzen ari dira polinizatzaileak suntsitzeak zer ondorio izan lezakeen landare-komunitateetan, alegia, zein landare-espezie murriztu eta zein ugaritzen den intsektu jakin bat desagertzean.
Ekologia energetikoa
Ekologia energetikoak energia- eta materia-garraioaren ikuspuntutik aztertzen du ekosistemen funtzionamendua. Ekosistema guztiek energia-iturri bat dute (gehienetan eguzki-argia), eta, etengabeko energia-kontsumoari esker, materia birziklatzeko gai dira: landareek mantenugai ez-organikoak xurgatzen dituzte, herbiboroak landarez elikatzen dira, karniboroak animaliaz, eta bizidun horiek hildakoan deskonposatzaileen esku geratzen dira, azken horiek materia organikoa guztiz degradatzen duten arte. Ekologia energetikoarentzat, beraz, garrantzitsua da zenbat argi iristen den ekosistemara, zein den ekoizleen eraginkortasuna, zenbatekoak diren materia organikoaren inportazio eta esportazioak, zenbat materia kontsumitzen duten herbiboroek, edo zenbat doan zuzenean deskonposatzaileetara. Ekologiaren adar honentzat, ekosistemako bizidunak sailkatzeko orduan garrantzitsuena haien maila trofikoa da; landareek lehen maila osatzen dute, herbiboroek bigarrena, karniboroek hirugarrenaeta abar. Gisa horretan, izaki batzuk besteez elikatzen direnez, landareek finkatutako energia bazka-sareetan zehar garraiatzen da.
Ekologia estekiometrikoa
Ikusi dugunez, energia bazka-sareetan barrena garraiatzen da, bizidun batzuk beste batzuk janda elikatzen diren heinean. Baina energiarekin batera materia (bazka) ere garraiatzen da, eta bazka horren elementu bakoitzak bere bidea egiten du. Hori dela eta, bizidunen osaera kimikoa haien bazkaren araberakoa da, neurri batean. Ekologia estekiometrikoak bizidunen osaera kimikoa aztertzen du, bazka-sareen egitura ulertu ahal izateko, alegia, zein espezie zeinetan bazkatzen den.
Ekosistemen ekologia
Izenak dioen bezala, diziplina honek ekosistema osoak aztertzen ditu, haien egitura eta funtzionamenduaren arteko loturak bilatuz. Esate baterako, azter dezakegu nola eragiten duen ibilguaren formak ibaiek mantenugaiak atxikitzeko (autoarazteko) gaitasunean, edo nola eragiten duen landare-dibertsitateak oihanen ekoizpenean.
Ekologia globala
Ekologia globala ekosistemen ekologia da, baina mundu mailara zabalduta. Materiaren ziklo biogeokimikoak nola aldatzen diren aztertzen du, edo klima-aldaketak zein ondorio ekarriko lukeen ekosistemen funtzionamenduan. Populazioaren hazkuntza etengabearen ondorioz gizakiaren eragina munduko bazter guztietara iristen denez, aldaketa global baten aurrean gaude, eta horrek piztu du ekologia globalaren interesa, mundu osoa esperimentu erraldoi bilakatu baitugu. Klima-aldaketa globala horren adibide bat besterik ez da.
Ekologia ebolutiboa
Gaur egungo ekosistemak eta haiek osatzen dituzten landare eta animaliak milaka milioika urteko eboluzioaren ondorio dira, eta, beraz, haien funtzionamendua ezin uler daiteke eboluzioaren mekanismoak kontuan hartu gabe. Ekologia ebolutiboak, hain zuzen, bizidunek inguruneari aurre egiteko bilatu dituzten moldaera eta estrategiak aztertzen ditu. Horien artean sartzen dira moldaera morfologikoak, baina baita jokabideak, ugaltzeko estrategiak, lurraldekoitasuna eta abar ere. Ekologia ebolutiboaren xedea moldaera horien kostuak eta etekinak ezagutzea da, jakin ahal izateko zer baldintzatan diren mesedegarri eta zer baldintzatan diren eragozpen.
Paisaiaren ekologia
Naturan gertatzen diren prozesu asko ulertzeko, ezinbestekoa da espazioa kontuan hartzea, ingurunearen egitura nabarmen alda baitaiteke lekuaren arabera. Hain zuzen, eremu bateko baldintza geologiko, klimatiko, biologiko, kultural, eta politikoen arteko elkarrekintzen ondorio dinamikoa da paisaia. Paisaiaren ekologiak atal horiek guztiak modu integratuan aztertzen ditu, ingurunea planifikatu, kudeatu, kontserbatu eta garatzeko.
Historia ekologikoa
Historia ekologikoak leku bateko komunitate eta paisaia modelatu duten gertaerak aztertzen ditu. Gertaera horien artean batzuk naturalak dira. Adibidez, kontinenteen jitoak leku desberdinetako biotak elkarrekin kontaktuan jarri ditu; beste batzuk berriz, elkarrengandik isolatu. Baina, gertaera natural horiez gain, garrantzi handia hartzen dute gizakiak sortutakoek: leku batetik bestera eramandako espezieek eta historian zehar etnia (eta kultura) desberdinen artean izandako gatazkek arrasto nabarmena utzi dute gaur egungo ekosistemetan.
Giza ekologia
Gizakia oso espezie berezia da, ingurunean eraginik handiena izan duen espeziea baita. Giza ekologiak gizakia aztertzen du, haren oinarri biologikoak eta kulturak ingurunean duten eragina.
Ekologia sakona
Zientzia-arloa baino gehiago, ekologia sakona ikusmolde etiko edo filosofikoa da. Ekologia sakonaren helburua da jendeak ingurunearekiko errespetuan bizitzeko behar diren jarrera eta irizpide etikoak garatzea, gizartearen eraldaketaren bidez.