earthquake
- 1. Geol.
- sin. seism
Lurrazalaren higidura edo astinaldi bortitza, lurrazalaren barneko puntu batean (hipozentroan) gertatutako perturbazioaren ondorioz sorturiko uhinak hedatzean eragina.
- eu lurrikara, seismo, sismo
- es movimiento sísmico, sismo, terremoto, seísmo
- fr tremblement de terre, séisme
1. Geol.
-
Aldatutako Mercalli eskalaren oinarria eta Richter eskalarekin duen gutxi gorabeherako baliokidetasuna -
Leherketa baten ondorengo aurreuhina norabide guztietan zabaltzen da. Aurreuhinak hedatzen den energiaren kanpo-estalkia eratzen du. Pultsu sismikoa aurreuhinaren ostean neurtzen den energiaren pilaketa da -
Txinako Sichuan mendietako errepide baten egoera 2008ko maiatzaren 12an izandako lurrikararen ondoren
- 1. Geol.
- Lurrazalaren higidura edo astinaldi bortitza, lurrazalaren barneko puntu batean (hipozentroan) gertatutako perturbazioaren ondorioz sorturiko uhinak hedatzean eragina.
Lurrikara Edit
Egilea: Koldo Nuñez-Betelu
Inguru geologikoetan metatutako tentsioaren bat-bateko askatzeari eta horren ondoriozko lurrazalaren astinaldi azkarrari lurrikara, seismo edo sismo esaten zaio. Lehorrean izan beharrean, seismoa itsasoan gertatzen bada, itsasikara izenarekin ezagutzen da. Energiaren askatze hori sortzen den lekutik ingurura oso azkar barreiatzen da, eta uhin sismikoak sortzen ditu.
Lurrikara zein itsasikara gehienak oso ahulak dira, eta sismografo edo sismometro deritzon neurgailuaren bitartez soilik antzematen dira. Hala ere, bakan batzuk gizakiok hautemateko modukoak dira, eta oso noizean behin indar handi edo oso handikoak. Antzematen diren sismoak lurraren astindu dardaratsu gisa sentitzen dira lehorrean; itsasoan, aldiz, oso energia eta abiadura handiko olatuen bitartez, alegia tsunamien bitartez, zabaltzen dira sismoak indar handia dutenean. Orain arte neurtu den lurrikararik handiena Txilen gertatu zen 1960ko maiatzaren 22an, eta 9,5eko magnitudea izan zuen. Itsasikara eta tsunami izugarri handiak 2004ko Eguberrietan gertatu ziren Indiako Ozeanoan, eta hondamendi ikaragarria eragin zuen Indonesia, Tailandia eta beste herrialde batzuetako kostaldeetan, tartean 200.000 hildakotik gora.
Gertatu den lurrikara baten ezaugarriak zientifikoki adierazteko era zehatzak badaude ere, hedabideetan Richter eskala erabiltzen da jendeari lurrikararen indarra jakitera emateko. Eskala hori logaritmikoa da, eta zerotik gora doa, mugarik gabe. Horrela, hiru magnitudetik gorako sismoak soilik antzematen ditugu gizakiok, eta zazpitik gorakoak oso suntsitzaileak izan daitezke. Hondamendia, magnitudeaz gain, ingurune geologikoaren araberakoa da, besteak beste, luiziak, ibaien tokialdatzeak eta ibilbidea behin-behinekoz ixteak, lakuen bat-bateko gainezka egiteak eta suteak eragin baititzakete sismoek. Gainera, gizakioi dagokigunez, ingurunearen ezaugarri geologikoez gain, eraikitakoaren kalitatearen eta aldez aurretik hartutako neurrien araberakoa izan daiteke suntsidura. Horrela, magnitude bereko sismo batek, zona aberatsean edo eskualde pobrean jo ondoren, oso ondorio desberdinak ekar ditzake, eta kalte txikia sortu edo milaka hildako eragin.
Aldatutako Mercalli eskalaren oinarria eta Richter eskalarekin duen gutxi gorabeherako baliokidetasuna (iturria: Arturo Apraiz, Plaka-tektonika, UEU 2005)
Lurrikaren jatorria tektonikoa edo bolkanikoa izan daiteke, baina lehenengoa da gehiengoaren sorburua nabarmen. Gure planetaren lurrazala zurruna da, eta hainbat zatitan dago banatuta, plaka tektonikoetan alegia. Plakok elkarrengana hurbildu, elkarrengandik urrundu edo elkarren ondoan mugitzen dira, kontrako noranzkoan. Plaken mugimenduak lurrazalaren etengabeko zatitzea ekartzen du, eta zartadura edo failak sortzen ditu. Plaken arteko edo plaken barneko bultzadak azkenean failaren bi aldeen kontrako noranzko mugimendua eragiten duenean, igurztea leuna ez denez, lurrikara sortzen da. Lurrikara, beraz, energia baten askatzea da, eta puntu batean gertatzen da. Puntu edo foku hori hipozentroa da, eta, bertikalki gora egiten badugu, lurrazaleko kanpoaldea jotzen duen tokiari epizentro esaten zaio. Hipozentrotik abiatzen diren uhinak era desberdinekoak dira, eta balio izan dute Lurraren barneko egituraketa ezagutzeko. Sumendien inguruetan gertatzen diren sismoek erupzio bat hurbiltzen ari dela adieraz dezakete, batez ere, gero eta sarriagoak eta gero eta indartsuagoak badira.
Leherketa baten ondorengo aurreuhina norabide guztietan zabaltzen da. Aurreuhinak hedatzen den energiaren kanpo-estalkia eratzen du. Pultsu sismikoa aurreuhinaren ostean neurtzen den energiaren pilaketa da (iturria: Arturo Apraiz, Plaka-tektonika, UEU 2005)
Lurrikara gehienek 70 kilometro baino sakonera txikiagoetan dute hipozentroa, baina badaude 70 eta 300 kilometroko sakoneretan abiatzen diren sismoak ere, eta baita 300 eta 700 kilometroko sakoneretan abiatzen direnak ere. Lehenengoei azaleko fokuko sismo esaten zaie, bigarrenak erdi-mailako fokukoak dira, eta, azkenik, hirugarrenak foku sakonekoak. Behin lurrikara abiatzen denean, ondoren magnitude txikiagoko sismoak, erreplikak, gertatzen dira. Hasierako sismoa oso indartsua izan bada, milaka erreplika gerta daitezke hurrengo egun zein hilabeteetan.
Bestalde, munduan lurrikara gehienak Pazifikoko plakaren inguruan sortzen dira, eta ia etengabe ari dira gertatzen Alaskan, Kalifornian, Guatemalan, Perun, Txilen, Zeelanda Berrian, Indonesian eta Japonian. Beste herrialde sismiko batzuk Italia, Grezia, Turkia, Iran eta Pakistan dira. Euskal Herrian, Pirinio aldean gertatzen dira lurrikara gehienak, hor jazotzen baitira Iberiar eta Europar plaken arteko talka eta ondoriozko mugimendu tektoniko eta failak. Faila horietan, ehunka sismo txiki gertatzen dira urtean, gehien-gehienak hiruko magnitudetik beherakoak, baina inoiz gutxitan kalteak eragin dituzte, batez ere Zuberoan eta Erronkari aldean. Bestalde, Itoizko urtegia eraiki zenetik, bertatik igarotzen diren failak ari dira sismologoak gertutik kontrolatzen eta lurrikara txiki asko antzematen. Mugimendu sismikoak areagotzen badira eta magnitude handiagoa hartzen badute, urtegiaren zamagatik izan edo ez, arriskutsua izan daiteke urtegiaren egiturarentzat berarentzat.
Txinako Sichuan mendietako errepide baten egoera 2008ko maiatzaren 12an izandako lurrikararen ondoren (iturria: U.S. Geological Survey)